23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 15ekoa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, Kideak programa esperimentala ezartzea onesten duena, Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta osoa emateko.

Nafarroako Gobernuak, 2020ko abuztuaren 1ean egindako bilkuran, Nafarroa Suspertu Plana onetsi zuen. Planeko “Babes sozialaren sarea sendotzea” 22. lehentasunak dio, beste neurri batzuen artean, programa bat garatuko dela babesgabetasun-egoeran dauden adingabe atzerritarrak adinez nagusi izatera igarotzen direnerako.

Bestalde, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan, seigarren xedapen gehigarrian, programa esperimentalak ezartzeko aukera agertzen da, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren arabera, departamentu honi dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak esleituak dituen eskumenak erabiltzea migratzaileei Nafarroan harrera egiteko eta horiek integratzeko.

Arau horietan ezarritakoa betetzeko, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du Kideak programa esperimentala ezartzea, bi urterako, Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei laguntza emateko eta arlo ezberdinetan lagun egiteko, haien autonomia eta emantzipazio prozesuetan, helduen bizimoduan integra daitezen. Programa amaitu aurretik, baloratuko da hura luzatzea, eta sartzea Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kideak programa esperimentala ezartzea onestea, Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta osoa emateko. Programa eranskin modura ageri da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 15ean.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

ERANSKINA

“KIDEAK” PROGRAMA ESPERIMENTALA, NAFARROAN FAMILIA LAGUNTZARIK EZ DUTEN MIGRATZAILE GAZTEEI ARRETA OSOA EMATEKO

1. Justifikazioa.

Azken urteotan erreferentziako pertsona heldu positiborik ez duten adingabeak Espainiako Estatura iristea erronka bat izan da babes sistementzat, eta baliabideak eta prozedurak egokitu egin behar izan dira haien behar zehatzetara. Halaber, adinez nagusi bihurtzeak eta horrek babes sisteman dituen ondorioek erronka berri bat dakarte, bai administrazio publikoentzat, bai gizartearentzat. Erronka horri aurre egiteko, baliabide nahiko eta programa berritzaileak erabili behar dira helduarora berme osoz igaro ahal izateko.

Nerabe eta gazte migratzaileak agente berri bat dira migrazioetan; ikerketa askok diotenez, helduen ibilbide geografiko berberak erabiltzen dituzte migratzeko, baina ezberdinak dira motibazioak, helburuak, izaera eta dinamikak.

Haien migrazio prozesu eta proiektuak heterogeneoak dira. Genero rolen desberdintasunek, bai jatorriko gizarteetan bai destinokoetan, eragina dute bidaia egitera bultzatzen duten arrazoietan, erabakiak hartzeko erantzukizunetan, ibilbideetan eta lan merkatuan sartzeko eta zerbitzuak edo oinarrizko baliabideak lortzeko aukeretan.

Gazte horiek agentzia-gaitasun handia dute eta, askotan, lekuz aldatzea aberasbide eta ikasbide gisa bizi dute. Bakarrik migratzeko arrazoia ez da bat bera, faktore pertsonal, familiar, komunitario eta testuingurukoek baitute eragina. Oro har, faktore ekonomikoa da nagusi. Halere, badira beste zenbait elementu, hala nola etorkizuneko aukera sozial eta kulturalen hobekuntza, arrazoi politiko, etniko eta erlijiosoek bultzatzea irteera, sexu esplotaziotik eta/edo pertsonen salerosketaren mafietatik eta ezkontza behartuetatik ihes egitea, sexu orientazioa, generoa eta sexu identitatea askatasunez adierazi ezina jatorriko tokietan eta familia egoera gatazkatsuetatik aldentzea.

Migratzaile gazte gehienak mutilak dira. Neska gutxik migratzen dute, alde batetik egiturazko desberdinkeriengatik, eta, bestetik, migratzen duten emakume asko ikusezinagoak direlako, pertsonen salerosketa, trafiko eta prostituzio sareen biktimak diren aldetik; beraz, arreta berezia eman behar zaie neska gazteak iristeko bideei.

Arlo honetan lan egiten duten erakunde adituek diotenez, bakarrik bidaiatzen duten adingabe gehienek 16 edo 17 urte dituzte, eta horrek asko baldintzatzen ditu esku-hartze eredua eta gizarteratzeko aukerak. Batzuetan, gazteak adingabeak dira migratzen hasten direnean, baina adin nagusikoak, berriz, hona heltzen direnean, ibilbideko beste herri batzuetan denbora asko eman ondoren, mugak zeharkatzea zaila baita. Horren ondorioz, zaila dute erabiltzea haurrentzako babes baliabideak eta tutoretzapean bizi izandako gazteentzako zerbitzuak eta laguntzak. Beste batzuetan, babes sisteman sartu bezain pronto betetzen dituzte 18 urte, eta ez dira burutzen Administrazioak tutoretza bere gain hartzeko prozesuak. Horren ondorioz, oso zaila da gauzatzea bizimodu independenterako bidean lagun egiteko prozesu osoa.

Kolektibo horren zaurgarritasun sozial, instituzional eta juridikoak gizartetik baztertzeko arrisku larria dakar. Ia guztiak egoera administratibo irregularrean daudenez, ezin dira lan merkatuan sartu, eta horrek zailtasun ekonomikoak dakartza autonomia pertsonaleko prozesu bat bermeekin hasteko. Horri gehitu behar zaio ez dutela harreman-multzo garrantzitsurik oraintsu iristeagatik, hizkuntza ez ezagutzeagatik, bereizkeriagatik edo beren arazo sozialen ondoriozko egoerengatik. Generoaren aldagaiak ere areagotu dezake migratzaile gazteen zaurgarritasun soziala, emakumea izateak zailtasun handiagoak ekar ditzakeelako enpleguari, prestakuntzari, etxebizitzari edo beste baliabide batzuk eskuratzeari begira.

Gazte horiek autonomia prozesuetan duten zailtasun handi bat da etxebizitza eskuratzea. Alternatiba faltagatik, askotan, egoitza batean badaude, luzatzen da egonaldia, eta hortik ateratzen direnean, aldi baterako bizitoki prekarioetan bizi dira haietako gehienak. Alde horretatik, Kideak programak egonaldi laburreko edo ertaineko ostatua eskainiko die hori behar duten gazteei.

Askotan, ez dituzte ezagutzen dauden baliabideak, edo bederen ez behar bezala, eta neurri txiki-txikian hartzen dute parte ingurunean (migratzaileei buruzko aurreiritziek eta estereotipoek baldintzatzen dute parte-hartzea, bereziki gazte horien artean gehiengoa diren jatorri magrebtarrekoei buruzkoek).

Azaldutakoagatik guztiagatik, Administrazio honek arreta eman nahi die zaurgarritasun eta gizarte-bazterketa egoeran daudenei, Kideak programa esperimentalaren bidez, biztanle horiei laguntza emateko autonomia eta emantzipazio prozesuetan. Abian jartzen denetik bi urte igaro ondoren, baloratuko da programa luzatzea, urtez urte, bai eta Gizarte Zerbitzuen Zorroan sartzea ere.

2. Hartzaileak.

18tik 23 urte bitarteko migratzaileak dira programaren hartzaileak, baldin eta Nafarroan familia laguntzarik ez badute. Gazte horiek adingabe gisa sartzen dira babes sistemara, baina esku-hartzean zehar egiaztatzen da egiazki adin nagusikoak zirela, edo sartu eta hilabete batzuetara betetzen dituzte 18 urte, eta ez dira burutzen Administrazioak tutoretza bere gain hartzeko prozesuak. Horren ondorioz, haurrak eta nerabeak babesteko sistematik kanpo gelditzen dira. Nafarroako Gobernuak adingabeak babesteko duen sisteman identifikatutako gazte talde horrez gain, beste batzuk gure babes sisteman sartu ere ez dira egiten, edo bestelako arrazoiengatik sistematik atera ondoren Nafarroan bizi dira. Oinarrizko gizarte zerbitzuek bideratuko dituzte horiek guztiak programara.

Beraz, hauek dira programan sartzeko baldintzak:

–Jatorriz atzerritarra izatea, eta 18 eta 23 urte bitarteko adinekoa.

–Nafarroan familia laguntzarik ez izatea.

–Zaurgarritasun handiko egoeran egotea.

–Konpromisoa hartzea zerbitzuetan aktiboki eta probetxuz parte hartzeko.

–Hezkuntza eta gizarte laguntza behar izatea, intentsitate txikikoa, gizarteratzeko eta komunitatean bizitza autonomorako gaitasun pertsonalak bereganatu edo ez galtzeko.

–Programara bideraturik izatea adingabeak babesteko sistematik edo oinarrizko gizarte zerbitzu batetik, eta, azken kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea, eskaera aurkezten den data baino sei hilabete lehenagotik gutxienez; administrazio unitate eskudunaren txostenean egiaztatuko dira baldintza horiek.

–Egoitza batean plaza bat okupatuko bada, egonaldi laburreko edo ertaineko ostatu bat behar izatea, gizarteratzeko ibilbide bat egin ahal izateko.

3. Helburuak.

Helburu orokorra:

–Gazte horien garapen osoa sustatzea, lagun egitean eta mentoretza sozialean oinarritutako metodologiaz baliatuz eta esku-hartze orotan genero ikuspegia kontuan hartuz.

Berariazko helburuak:

–Laguntzaren xede den biztanle talde honen autonomia prozesuak bultzatzea, esku hartzeko banakako planen bidez, gazte bakoitza bere aldaketa prozesuaren subjektu aktiboa dela ulertuta.

–Baliabide instituzional eta sozio-komunitarioetarako sarbidea erraztea.

–Herritartasuna elkarrekin sortzeko prozesuak bultzatzea, erantzukizun partekatuaren ikuspegitik.

–Emakumeen ahalduntzea erraztea, genero desberdinkeriei aurka egiteko.

–Berdintasunean oinarritutako maskulinitateak landu eta trebatzea, genero desberdinkeriei aurka egiteko.

4. Programaren funtsezko alderdiak.

Gazte bakoitzaren egoera aztertuko da, autonomiaz bizitzeko eta emantzipatzeko gaitasunen aldetik. Elkarrekin diseinatuko dira lagun egiteko banakako ibilbideak, genero ikuspegia aintzat hartuz, maila ezberdinak izanen dituztenak gaztearen egoeraren eta esku-hartze fasearen arabera. Hasieran, baliabide publikoen erabilera bultzatuko da.

Lagun egiteaz gain, programak laguntza psikologiko eta emozionala ere eskainiko du, eta mentoretza soziala erabiliko da gizarteratzeko. Beharrezkoa denean, gazteen ostatu beharrak beteko ditu programak.

Esku hartzeko banakako plana osatuko da Nafarroako Gobernuaren bestelako neurri batzuekin, arlo hauetan: hizkuntza gaitasunak, hezkuntza, prestakuntza, lana, gizartea, harremanak eta etxebizitza publikoa.

5. Programan sartzea eta jarraitzea.

Programan sartzeko, adingabeak babesteko sistemak edo oinarrizko gizarte-zerbitzuek bideratuko dituzte gazteak, eta administrazio unitate eskudunak, txosten baten bidez, egiaztatu beharko du betetzen direla programan sartzeko baldintzak.

Bideratze bakoitza ebaluatuko da, eta, programan sartzeko, irizpide batzuk kontuan hartuko dira gazte bakoitzaren kasuan (adina, sexu orientazioa, sexu edo genero identitatea, egoera pertsonala, motibazioa, ezaugarri eta behar partikularrak, etab.). Zaurgarritasun handiagoa duten gazteek lehentasuna izanen dute. Emakumeek lehentasuna izanen dute programan, bereziki emakumeen kontrako indarkeriaren biktimek.

Programan sartzen diren gazteek konpromisoa hartzen dute gutxienez urtebetez aktiboki parte hartzeko.

Halere, urte bat eman gabe atera daitezke programatik, baldin eta esku hartzeko banakako planean autonomiaren arloan ezarritako helburuak betetzen badira, edo konpromisoak behin eta berriz urratzen badituzte.

Programan parte hartzeko epea luzatzen ahalko da sei hilabeterako, bi aldiz, guztira bi urte gainditu gabe.

6. Programaren edukiera.

Kideak programa aurrekontu-baliabideen arabera gauzatuko da. Espero da 50 gazteri arreta ematea, eta gehienez ere 35entzako ostatua eskaintzeko aukera.

Iragarkiaren kodea: F2100664