229. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

195E/2021 FORU AGINDUA, irailaren 10ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 424 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Uztailaren 18ko 52/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2018ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langileentzat, hain zuzen ere, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari zegokion, eta haren barnean zeuden, besteak beste, erizainen 206 lanpostu.

Abenduaren 12ko 100/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2018ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langileentzat, hain zuzen ere, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren gaineko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari zegokion, eta haren barnean zeuden, besteak beste, erizainen 80 lanpostu.

Abenduaren 11ko 333/2019 Foru Dekretuaren bidez, 2019rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langileentzat, hain zuzen ere, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari zegokion, zeina luzatu baitzen 2019rako, eta haren barnean zeuden, besteak beste, erizainen 67 lanpostu.

Abenduaren 16ko 95/2020 Foru Dekretuaren bidez, 2020rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langileentzat, hain zuzen ere, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari zegokion, zeina luzatu baitzen 2020rako, eta haren barnean zeuden, besteak beste, erizainen 71 lanpostu.

Osasuneko kontseilariaren apirilaren 26ko 96E/2021 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen Osasun Departamentuko erakunde autonomoetan erizainen 494 lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako proposamenak, erizainen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea erizainen 424 lanpostu betetzea sarrera prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 424 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzea, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, foru agindu honen eranskin gisa ageri dena.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2021eko irailaren 10ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINA

Erizainen 424 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko lanpostuak.

Deialdi honen xedea da erizainen 424 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea; lanpostuok dagokien lan publikoaren eskaintzan sartu ziren, eta Osasuneko kontseilariaren apirilaren 26ko 96E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdiaren baitako lekualdatze-lehiaketan hutsik geratzen direnak izanen dira (deialdia 2021eko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 13koan).

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatzea ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.

1.2. Lanpostuen banaketa txandaka.

Aintzat harturik deialdiko azken lanpostua igoera txandakoa izan zela, honela banatuko dira deialdiko lanpostuak txanden arabera:

• 33 lanpostu, desgaitasuna dutenentzako txandan.

• 8 lanpostu, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan.

• 192 lanpostu, txanda irekian.

• 191 lanpostu, igoera txandan.

Igoera txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, hutsik geldituko balitz desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandako plazaren bat, bidezkoa den txandan metatuko dira, igoera txandatik hasita.

Baldin izangai gehiagok gainditzen badituzte probak igoera txandako edota desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandako lanpostuen kopurua baino, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek erizainen lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.

103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Gainerako arau osagarriak.

1.5. Publiko egitea.

Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

• Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

• Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean O-NOZ) organo zentralen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

• O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), “Oposizioak” atalean, dagokion kategorian. Argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.6. Lanpostuaren sailkapena.

Deialdiko lanpostua B mailakoa da, eta honela dago sailkatua: “Osasun arloko diplomadunak” estamentua eta “Erizaintza orokorra” espezialitatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).

1.7. Ordainsaria.

Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.8. Lanaldia.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Irakaskuntza.

Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.10. Erizain lanpostua lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, hala ezartzen baitu 1. artikuluan azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duenak.

1.11. Nafarroako edozein administrazio publikotan, euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten lanpostuetan, sartzen direnek gerora bakar-bakarrik parte hartzen ahalko dute beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2. Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekia.

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako gradudun/diplomadun titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori aitortzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txanda.

Txanda irekian adierazitakoez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dira:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Erreserba-txanda, desgaitasuna dutenentzat.

Txanda irekirako adierazitako baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik goitiko desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Erreserba-txanda, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

Txanda irekirako adierazitako baldintzak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan direla aitortua izan beharko dute.

2.2. Kontrakoa adierazten ez badute, txanda irekian onartuko dira igoera txandetan, desgaitasuna dutenen erreserba-txandetan eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandetan parte hartzen dutenak, txanda horietan eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.

2.3. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.

Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.4. Lanpostu batean aritzeko derrigorrezkoa bada erradioterapiako eta/edo medikuntza nuklearreko instalazio erradioaktiboetan lan egiteko lizentzia edukitzea, kasuaren arabera, izangaiak plaza aukeratzeko epea ireki baino lehen frogatu beharko du baduela dagokion lizentzia.

2.5. Aurreko azpiatalean ezarritakoa galarazi gabe, betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3. Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Inskripzio epea.

Inskripzio-orria aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Inskripzio-orria eta tasak.

Inskripzioa eta tasen ordainketa telematika bidez eginen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunearen bidez (www.empleosalud.navarra.es/eu), “Oposizioak” izeneko estekan dagokion deialdia aukeratuz.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

• Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

• Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori frogatzeko, baimena eman dakioke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen enplegu-eskatzaile gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.3. Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Inskripzioa telematikoki egiten denean, tasa ordaintzetik salbuesteko dokumentazioa eskaneaturik erantsi beharko da, bai eta jarraian adierazten dena ere, kasuen arabera.

3.3.1. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan parte hartzen duten emakumeek agiri hauetakoren bat aurkezten ahalko dute egoera hori frogatzeko:

• Kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, adierazten duena badirela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak.

• Gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena.

3.3.2. Baldin eta igoera txandan parte hartzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko badira:

• Ziurtagiri bat, zeinean agertuko baitira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

3.3.3. Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soila aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da erizainen aldi baterako kontratazioen zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa.

3.7. Egokitzapenak.

Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

4. Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautaketa-prozedurako ondorengo jardueretan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartu nahi duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu automatikoan esleituko zaiona parte hartzeko eskaera aurkezten dutenean, hargatik eragotzi gabe publizitate- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita hamar egun balioduneko epea izanen da erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin bada, horiek zuzentzeko. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela foru agindu honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Beatriz Schulz Pérez andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Kirurgikoen Zainketen eta Baliabide Materialen zuzendariordea.

Ordezko epaimahaiburua: Marta Ancín Pagoto andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen zuzendaria.

Batzordekidea: María Ozcáriz Zabaleta andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Milagros García López andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Batzordekidea: Coloma Ángela López Gastón andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Paula Lacarra Saso andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Batzordekidea: Idoya Valencia Venys andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Sergio Arrondo Garrido jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Idazkaria: Ana Isabel Salcedo Condón andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Garapen eta Parte-hartzerako Zerbitzuko burua.

Ordezko idazkaria: Jesús Villanueva Durántez jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Garapen eta Parte-hartzerako Zerbitzuko erdi mailako teknikaria.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoak.

6.1. Deialdi honetako aldiak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2022ko otsailean hasiko da. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, azterketa egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira. Egoera epidemiologikoa dela-eta ez bada gomendagarria azterketa hilabete horretan egitea, organo deitzaileak atzeratzen ahalko du egoera epidemiologikoak horretarako bide eman arte, deialdiaren Interneteko fitxan argitaratu ondoan, www.empleosalud.navarra.es/eu helbidean, “Oposizioak” atalean.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian proba bat eginen da: test motako 100 galdera eta erreserbako 10 galdera erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, eta bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko bi ordu izanen dira gehienez.

Galdera guztiak I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoak izanen dira.

6.3.2. Oposizioaldian, guztira, 60 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 30 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Prozedura garatzen den bitartean, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasuna aitortua izanik hala eskatu duten izangaientzat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketa kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan argitaratuko ditu izangaiek lorturiko puntuazioak, eta 10 egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak egiteko (telematikoki). Zerrenda hori deialdiaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak oposizioaldiko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralen iragarki-taulan. Era berean, deialdiaren web-orrian ikusten ahalko dira puntuazio horiek.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Merezimenduak telematikoki aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bidez, hamar egun balioduneko epean, oposizioaldiko behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

• Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

• Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik O-NOZeko deialdien datu basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan, kontuan hartuko da deialdiko lanpostua “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan eta “Erizaintza orokorra” espezialitatean sailkaturik dagoela (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

• Lantokia.

• Estamentua eta/edo espezialitatea.

• Zerbitzu-ematearen iraupena, egunetik egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitaratuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 10 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak aurkezteko (telematikoki).

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralen iragarki-taulan. Era berean, deialdiaren web-orrian ikusten ahalko dira puntuazio horiek.

Lehiaketaldiaren emaitza eta banakako balorazioa ikusteko, deialdiaren web-orrira eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralen iragarki-taulara jotzen ahalko da.

7. Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen dituzten puntuazioen arabera ordenatua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan (deialdiaren web-orrian ere kontsultatzen ahalko da). Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortzen duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, deitutako lanpostuak adina izangai, hain zuzen.

8. Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroa izendapen proposamena argitaratu baino lehen hautatu eta esleituko da, probak gainditu eta deitutako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiek egindako eskaerei jarraikiz, parte hartzeko txandaren arabera, lortutako hurrenkeraren arabera, eta baldin eta oinarri hauetan lanpostu horiek eskuratzeko ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

8.2. Lehenik eta behin, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek hautatuko dute; ondoren, igoera txandan parte hartzen dutenek eta, azkenik, txanda irekian parte hartzen dutenek, horren barnean direla genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, bere desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

• Lanpostua aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien zerrenda eta aukeratu beharreko zentro eta lanpostuena argitaratuko dira. Informazio hori organo zentralen iragarki-taulan argitaratuko da eta deialdiaren web-orrian kontsultatzen ahalko da.

• Parte-hartzaileek telematikoki, deialdiaren web-orriaren bidez, eginen dituzte eskaerak, 10 egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita, eta eskaera horietan adieraziko duten zer lanpostu hautatu nahi dituzten, lehentasun-ordenan.

8.4. Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza, eta emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.

9. Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak izendapen proposamena eginen du, lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua eskuratu duten izangaien aldekoa. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Proposatutakoek 30 egun naturaleko epea izanen dute, izendapen proposamena argitaratzen denetik, jarraian adierazten diren agiriak (kasuen arabera) O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean aurkezteko, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta f) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

9.2.4. Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

10. Izendapena eta karguaz jabetzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario, erizainen lanpostuetan jardun dezaten, eta lanpostua esleituko die.

10.2. Lanpostuaz jabetzeko epea hilabetekoa izanen da, izendapena jakinarazi eta biharamunetik. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Izendatzen diren izangaietako bat lehendik montepio baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: sartzen den Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek uko egiten badu, baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu dagokion epean eta moduan, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo, borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.

Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostuen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.

11. Zerrendak prestatzea aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Erizainen aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, jarraikiko zaio Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa). Bestela, hala badagokio, jarraikiko zaio zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari.

11.2. Aldi baterako kontratazio zerrendetan parte hartu nahi dutenek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

11.3. Hamar egun balioduneko epea ezarri da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu eta aukerak egiteko:

11.3.1. Titulazioa.

Deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da, bide telematikoz, esteka honetan: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion. Ikusten baduzu zure titulazioa web-orrian agertzen dela, ez duzu berriro erantsi beharko.

11.3.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizioaldia gainditu ez dutenek bakarrik aurkeztu beharko dituzte.

Agiriak bide telematikoz aurkeztuko dira, esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion. Web-orri horretan ikusten baduzu agiri horiek hortxe ageri direla, ez dituzu berriro erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan eta/edo haren erakunde autonomoetan eman badira (Administrazio Erroa, Osasuna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua, Hezkuntza Departamentua), ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz aurkeztuko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak luzatutako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Frogagirietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.3.3. Kontratazio esparruak aukeratzea eta aldatzea

Deialdiaren inskripzio-orrian berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak.

Hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaltzen ahalko dira, telematikoki, esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak lan eremu guztietako zerrendetan egonen dira, kontratazio luzeko zerrendetan, salbu eta eskatzen badute eremu/aukera batetik edo batzuetatik ateratzea.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak iraupen laburreko zerrendetan badaude, hasierako eskabidean egindako aukera zabaltzen ahalko dute, eta nahi dituzten eremu/aukera guztiak hautatzen ahalko dituzte.

11.3.4. Kontratazio-zerrendetatik baztertzea.

Interesa dutenek bere burua baztertzen ahalko dute deialditik eskaintzen den kontratuaren lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

Aldaketa hori telematikoki egin beharko dute, web-orri honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion, dagokion kategorian sartuta.

11.4. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontrataziorako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.5. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.6. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

12. Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Erizainen lanpostuetan aritzeko zerrendak, aldi baterako barne igoera bidezkoak, prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean, eta baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoa izatea –eta izaera horri eustea– nork bere esparruan gora egin ahal izateko, sailkatua egotea erizainen lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiko hautaproba gainditu behar da.

Hautaprobaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko, kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortzen den zerrendak indarra hartuko du lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honek eta deialdiko oinarri eta egintzek ez dute administrazio bidea amaitzen, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Gai orokorrak.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I., II. eta III. kapituluak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena.

4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

5. gaia.–41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan dituen eskubide eta betebeharrei buruzkoa, eta 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Arloko Eskubide eta Betebeharrei buruzkoa.

6. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: Atariko Titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

7. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua.

8. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua, eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

Berariazko gaiak.

1. gaia.–Osasun arloko dokumentazioa. Gaixoaren historia klinikoa. Kodetzea. DGMO. Datuen gutxieneko multzo oinarrizkoa (1093/2010 Errege Dekretua, irailaren 3koa, Osasun Sistema Nazionaleko txosten klinikoetako datuen gutxieneko multzoa onesten duena: Erizaintzako zainketa txosteneko datu multzoa).

2. gaia.–Lan-osasuna: kontzeptua. Laneko baldintza fisikoak eta ingurumenekoak. Arrisku biologikoak, fisikoak, kimikoak eta ergonomikoak. Prebentzio neurriak. Segurtasun araudia.

3. gaia.–Osasun zerbitzuen finantzaketa, kudeaketa eta hornidura. Ekitatea. Eraginkortasuna, efizientzia eta efektibitatea. Kudeaketa klinikoa: kontzeptu orokorrak. Asistentzia prozesuen araberako kudeaketa.

4. gaia.–Osasuneko kostuak: kontzeptua. Kostu motak. Kostuen kalkulua: Case Mix. Osasun teknologien ebaluazio ekonomikoa: kontzeptu orokorrak.

5. gaia.–Osasuneko plangintza. Plangintza-mailak. Osasun-adierazleak. Osasun programak. Zainketen adierazleak.

6. gaia.–Osasun arretaren kalitatea. Asistentziaren kalitatearen osagai kontzeptualak. Asistentziaren kalitatearen osagaiak. Asistentziaren kalitatearen ebaluazioa. Kalitatearen nazioarteko ereduak.

7. gaia.–Pazientearen segurtasunaren estrategia. Segurtasunaren kultura. Jardunbide kliniko seguruak. Arriskuaren kudeaketa eta jakinarazpen eta ikaskuntza sistema.

8. gaia.–Bioetika: funtsezko printzipioak. Intimitatea eta konfidentzialtasuna. Giza duintasuna eta zainketa aringarriak. Erizaintzako deontologia. Osasun asistentziaren etika batzordeak.

9. gaia.–Harreman klinikoaren ereduak. Baimen informatua. Aurretiazko borondateak.

10. gaia.–Komunikazioa: teknika eta trebetasunak. Erizaintzako lanbide harremana pazientearekin eta ahaideekin. Entzute aktiboa. Laguntza-harremana.

11. gaia.–Osasun zientzietako ebidentzia zientifikoa: ebidentzian oinarritutako erizaintzaren funtsak. Datu-base bibliografikoak, dokumentu-iturriak eta bibilografiaren berrikuspena. Ebidentziaren azterketa kritikoa.

12. gaia.–Ikerketa kuantitatibo eta kualitatiborako metodologia. Diseinua, datuen bilketa eta analisia. Lan zientifiko baten egitura metodologikoa eta haren faseak.

13. gaia.–Estatistika osasun zientziei aplikatua. Oinarrizko kontzeptuak: biztanleria, lagina, aldagaiak. Zentrorako joeraren neurriak, sakabanatzearenak, formarenak eta posizioenak. Probabilitatea eta probabilitate-banaketa.

14. gaia.–Inferentzia estatistikoa, hastapenak: korrelazioa, erregresioa eta taldeen konparazioa. Neurriaren baliozkotasuna eta fidagarritasuna.

15. gaia.–Praktika klinikorako gidak. Bide klinikoak. Jarduteko protokoloak.

16. gaia.–Erizaintzako ereduak eta teoriak: metaparadigma, teoria eta ereduen sailkapena eta teoria nagusiak.

17. gaia.–Erizaintzako arreta-prozesua: ezaugarriak eta faseak. Virginia Hendersonen beharren araberako balorazioa, eta Marjory Gordonen patroi funtzionalak. Eskalak. Erizaintzako diagnostikoak eta NANDA taxonomia. Plangintzak: NOC eta NIC taxonomia. Gauzatzea eta ebaluazioa.

18. gaia.–Zainketen normalizazioa. Zainketa estandarizatuen planak.

19. gaia.–Erizaintzako prozedurak

20. gaia.–Barne-ingurunearen homeostasia: likidoen nahasmenduen fisiopatologia, elektrolitoak, azido-base oreka. Erantzun inflamatorio sistemikoa eta lokala. Erizaintzako arreta-prozesua aplikatzea NANDA, NOC, NIC taxonomiak erabiliz (EAP–NNN) homeostasian nahasmenduak edo hanturazko erantzuna dituzten pazienteekin. Zerikusia duten prozedurak: fluidoterapia ematea eta fluidoterapiako zainketak, balantzeen kalkulua, zainetako kateterrak sartzea, arterietako eta zainetako odol laginak lortzea, benabarneko eta muskulubarneko botikak ematea, etab.

21. gaia.–Prozesu kirurgikoa: estresaren aurreko erantzun neurobegetatiboa. Anestesia: motak, emateko modua eta gorabeherak. Ebakuntzaren aurreko egoeran, ebakuntzan eta ebakuntzaren ondoko egoeran dauden pazienteentzako EAP–NNN: berehalakoa, goiztiarra, berantiarra. Zerikusia duten prozedurak: pazientea prestatzea kirurgiarako, ebakuntzako langileak prestatzea (ebakuntzarako garbitzea, janztea eta eskularruak jartzea), esterilizatutako materialaren erabilera, ebakuntzako zaurien eta drainatzeen erabilera, etab.

22. gaia.–Arnas sistemaren anatomo-fisiologiako problemak dituzten pazienteei arreta ematea. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: arnasketa prozesu akutuak eta kronikoak. EAP–NNN, arnasketa prozesu akutuak eta kronikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: oxigenoterapia, arnas fisioterapia, arnasbideak gailu bidez mantentzea (Guedel kanula, hodi orotrakeala, trakeotomia), arnasketa mekaniko ez-inbaditzailearen erabilera (modalitateak eta zainketak), inhalagailuen erabilera, etab.

23. gaia.–Sistema kardiobaskularra: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: prozesu kardiologiko akutu eta kronikoak, gaixotasun baskular akutuak eta kronikoak. EAP–NNN, prozesu kardiologiko edo baskularrak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: zaineko kateter zentrala sartzea, hartarako zainketak eta hura mantentzea, presio benoso zentrala neurtzea, EKGa egitea, EKGaren nahasmendu nagusien interpretazioa, datu hemodinamikoen monitorizazioa.

24. gaia.–Sistema hematologikoa. Anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: anemiak eta koagulazioko nahasmenduak. EAP–NNN, funtzio eritrozitarioan edo koagulazio sisteman nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Haiekin erlazionatutako prozedurak: hemoderibatuen transfusioa.

25. gaia.–Digestio sistema: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu akutuak eta kronikoak daudenean honako hauetan: digestio hodi altua, gibela eta behazun-bideak, eta pankrea. Orobat, heste mehar eta lodiko nahasmenduak daudenean. EAP–NNN, ahoratzea, digestioa edo absortzioa nahasten duten digestio prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: zunda gastrikoa edo sudur-hesteetako zunda sartzea eta mantentzea, nutrizio enterala edo parenterala, enemak, elikadurako edo digestio-kanporaketako ostomien zainketak, laginen bilketa, etab.

26. gaia.–Sistema nefro-urinarioa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostikoa eta tratamendua, giltzurruneko gaixotasun akutu edo kronikoetan eta gernubideetako gaixotasunetan. EAP–NNN, giltzurruneko prozesuak edo gernubideetako prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: maskuriko zunda eta gernu-biltzaileak sartzea eta mantentzea, gernua kanporatzean ostomia dagoenerako zainketak, odola arazteko sistemak, laginen bilketa, etab.

27. gaia.–Nerbio-sistema zentrala eta periferikoa. Anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, nerbio-sistema zentraleko prozesuetan (baskularrak, toxikoak, infekziosoak, immunologikoak, degeneratiboak edo traumatologikoak), edo nerbio-sistema periferikoko prozesuetan. EAP–NNN, nerbio-sistema zentraleko edo periferikoko prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: drainatze bentrikularrak, ziztada lunbarrerako zainketak, laginak biltzea, monitorizazio neurologikoa, etab.

28. gaia.–Sistema endokrinoa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu endokrinologiko akutu edo kronikoetan. EAP–NNN, nahasmendu endokrinologikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: laginak biltzea, gluzemia kapilarra, intsulina ematea, etab.

29. gaia.–Sistema muskuloeskeletikoa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu muskuloeskeletiko akutu eta kronikoetan (traumatologikoak, infekziosoak, degeneratiboak, immunologikoak). EAP–NNN, nahasmendu muskuloeskeletikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: immobilizazio sistemen erabilera eta zainketa (ferulak, igeltsuak, bendajeak, kanpo-finkatzaileak), aldakako/belauneko protesia duen pazientea nola mugitu.

30. gaia.–Zentzumen organoak: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, zentzumen organoen problema akutu eta kronikoetan. EAP–NNN, zentzumen organoen nahasmendu prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: tapoiak ateratzea; botika otikoaren eta oftalmologikoaren instilazioa, etab.

31. gaia.–Farmakologiaren printzipio orokorrak: farmakozinetika. Botikak ematea eta norberak absorbitzea. Botikak banatzea. Botikak ezabatzea. Botiken eragin-mekanismoa. Botiken arteko eragina eta botiken toxikotasuna.

32. gaia.–Farmakozaintza sistemak eta ondorio kaltegarriak jakinarazteko sistemak.

33. gaia.–Botiken sailkapen orokorra: elikadura traktua eta metabolismoa, odola eta organo hematopoietikoak. Sistema kardiobaskularra. Dermatologikoak. Sistema genitourinarioa eta sexu-hormonak. Prestakin hormonal sistemikoak (salbu sexu-hormonak eta intsulinak). Antiinfekziosoak. Antineoplasikoak eta immunomodulatzaileak. Sistema muskuloeskeletikoa. Nerbio sistema Arnas sistema. Zentzumen organoak.

34. gaia.–Botikak ematea: botika bat eman aurretik kontuan izan beharrekoak. Botikak emateko moduak: definizioa eta motak. Aukera egiteko puntuak, teknikak eta problema ohikoenak. Dosia kalkulatzea. Medikamentuak kontserbatzeko baldintzak. Medikamentuak zentzuz erabiltzea.

35. gaia.–Nutrizioaren alderdi orokorrak: Mantenugai motak eta haien nutrizio-ezaugarriak.

36. gaia.–Egoera nutrizionalaren balorazioa. Dietetika: dietetarako gidak eta ebaluatzeko sistemak. Dieta terapeutikoak: dietoterapia, zenbait patologiatan. Elikadura enterala edo parenterala duten pertsonen zainketak eta balorazioa.

37. gaia.–Elikadura higienea. Elikagaien ondoriozko toxiinfekzioa.

38. gaia.–Osasun publikoa eta komunitate-osasuna. Osasun demografia. Informazio iturriak eta adierazle demografikoak. Osasunaren eta bizitza estilo osasungarrien prebentzioa eta sustapena.

39. gaia.–Transmititzen ahal diren eritasunak. Kate epidemiologikoa. Gaixotasun kutsakorrak kontrolatzeko eta prebenitzeko neurriak. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak.

40. gaia.–Neurri higieniko orokorrak eta aurreneurri unibertsalak. Garbiketa eta desinfekzioa. Antiseptikoak. Desinfektatzaileak. Desinfekzioa, esterilizazioa (material esterila kontserbatzeko, erabiltzeko eta esterilizatzeko metodoak). Osasun hondakinak kudeatzea.

41. gaia.–Infekzio nosokomiala: kontzeptua eta kate epidemiologikoaren ezaugarriak. Infekzio nosokomial nagusiak: gernubideetako infekzioa, bakteriemiak, zauri kirurgikoa eta pneumoniak. Intzidentzia eta prebalentzia. Prebentzio eta kontrol neurriak.

42. gaia.–Immunizazioa: kontzeptua eta sailkapena. Txertoak. Txerto motak. Nafarroako Foru Komunitatean haurren eta helduen txertoetarako indarrean dagoen egutegia. Indikazioak, kontraindikazioak eta ondorio kaltegarriak. Hotz-katea.

43. gaia.–Transmititu ezin diren eritasunak. Epidemiologia. Arrisku faktoreak. Prebentzio estrategia. Gaixotasun baskularrak. Arnasbideetako gaixotasunak. Minbizia. Eritasun mentalak.

44. gaia.–Erizaintza komunitarioa. Komunitateari laguntza ematea. Erizainen balorazioa eta esku-hartzeak komunitatean.

45. gaia.–Osasun hezkuntza, indibiduala, taldekakoa eta komunitarioa: kontzeptua, metodologia eta teknika didaktikoak. Osasunerako hezkuntzari buruzko teknikak. Osasunerako hezkuntza-programak prestatzea.

46. gaia.–Paziente aktiboaren ahalduntzea. Pazientea erabakiak hartzerakoan.

47. gaia.–Erizaintzako arreta mendekotasuna duten pertsonentzat. Autonomia sustatzea.

48. gaia.–Arreta etxean ematea: kontzeptua eta motak. Zainketak etxean. Zaindariarentzako arreta.

49. gaia.–Familiari arreta egitea. “Familia” kontzeptua eta familia-egitura motak. Genograma. Familia-arreta berebiziko gertaeren aurrean. Normaltasuna eta familiaren disfuntzionaltasuna.

50. gaia.–Emakumezkoen ugaltze-aparatuaren anatomo-fisiologia. Arazo ginekologikoak dituzten emakumeentzako zainketak. Ziklo menstrualaren alterazioak. Ugalketa sistemaren prozesu infekzioso eta inflamatorioak. Patologia ginekologikoa. Erizaintzako arreta larrialdi ginekologikoari.

51. gaia.–Emakume haurdunarentzako erizaintzako zainketak: aldaketa fisiologikoak, elikadura eta higienea. Haurdunaldian maizen izaten diren arazoak. Ama izateko hezkuntza.

52. gaia.–Emakumearentzako arreta erdiberriaroan eta erdiberriaroko arrisku egoerak. Zainketa plana haurdunaldirako, erditzerako eta erdiberriarorako.

53. gaia.–Jaiotzan eta Edoskitzean ematen den Asistentzia Humanizatzeko Ekimena. Arreta eta doluaren tratamendua fetua hiltzen denean umetokiaren barrenean edo erditu ondoren.

54. gaia.–Emakumearentzako zainketak klimaterioan: aldaketa fisiologikoak, ohitura osasungarriak sustatzea, arriskuen prebentzioa eta kontrola. Osasun hezkuntza, indibiduala eta taldekakoa.

55. gaia.–Familia plangintza. Hezkuntza eta aholkularitza afektibo-sexuala. Antisorgailuak. Sexu-transmisiozko infekzioen prebentzioa. Genero-indarkeria goiz detektatzea eta hari heltzea.

56. gaia.–Jaioberria: jaioberriaren balorazioa. Zainketak jaiotzatik beretik.

57. gaia.–Arrisku handia duten jaioberriak: Patologia nagusiak, eta honako hauek dituen jaioberriaren eta bularreko haurraren balorazioa eta erizaintzako zainketak: sortzetiko gaixotasunak, arnasbideetako gaixotasunak, gaixotasun kardiobasularrak, metabolikoak, digestioko gaixotasunak, gaixotasun hematologikoak, gaixotasun infekziosoak, neurologikoak eta giltzurruneko gaixotasunak eta gernubideetakoak.

58. gaia.–Jaioberrien baheketarako programak Nafarroan (sortzetiko metabolopatiak eta hipoakusiak).

59. gaia.–Haurtzaroko zainketak: hazkuntza eta jaiotzetiko garapena. Hazkuntzaren berrikusketen eta kontrolen programa oinarrizko osasun laguntzan. Txertoak.

60. gaia.–Edoskitzaroa, elikadura eta nutrizioa. Ohitura osasungarriak. Haurren obesitatearen prebentzioa eta istripuen prebentzioa. Osasunerako heziketa-programak. Garapen psikomotorraren gorabeherak goiz detektatzea.

61. gaia.–Haurraren patologia nagusiak: gaixotasun infekto-kutsagarriak. Arrisku sozialeko egoeran dagoen haurra. Haurra eta ospitalizazioa.

62. gaia.–Nerabezaroko zainketak: ezaugarri orokorrak, ohitura osasungarrien sustapena, ohitura toxikoen eta istripuen prebentzioa eta sexualitatea nerabezaroan.

63. gaia.–Adinekoen zainketak. Kontzeptuak: geriatria, gerontologia, hauskortasuna. Zahartze prozesuko aldaketa nagusiak: fisiologikoak, psikologikoak, sozialak eta patologikoak.

64. gaia.–Balorazio geriatriko integrala: klinikoa, funtzionala, mentala eta soziala. Sindrome geriatriko handiak: hauskortasuna eta erorikoak, immobilismoa, inkontinentzia, mendekotasuna, inaktibitatea, narriadura kognitiboa. Arrisku faktoreak eta prebentzioa. Autonomia pertsonalaren sustapena, autozainketarako orientazioa.

65. gaia.–Osasunez zahartzea. Egoera familiarraren eta sozialaren balorazioa. Laguntza zaintzaile nagusiari eta familiari.

66. gaia.–Paziente kronikoei eta pluripatologikoei arreta emateko Nafarroako estrategia.

67. gaia.–Prozesu onko-hematologikoak. Fisiopatologia, diagnostikoa, tratamendua (kanpoko erradioterapia/brakiterapia), kimioterapia, progenitore hematopoietikoen transplantea. EAP–NNN, prozesu onkologiko edo hematologikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: kateter zentral iraunkorrak mantentzea, botikak ematea bide intratekalaren bitartez edo larruazalpeko bidearen bitartez, etab.

68. gaia.–Hil hurren den pertsonarentzako eta haren familiarentzako arreta eta zainketak. Balorazio integrala. Zainketa aringarriak. Minaren arreta, haren ezaugarriak eta Osasunaren Mundu Erakundearen eskala analgesikoa. Dolua: ezaugarriak, faseak eta haren aurreko baliabideak. Heriotzaren ondoko arreta.

69. gaia.–Psikologia eta jokabidearen oinarri neurologikoak. Informazioa hartzeko prozesua: sentsazioa eta pertzeptzioa, arreta. Informazioa hartzeko, biltegiratzeko eta sortzeko prozesua: ikaskuntza, memoria eta hizkuntza eta pentsamendua. Jokabidea modulatzeko prozesua: motibazioa, emozioa eta nortasuna.

70. gaia.–Osasun mentala: osasun mentaleko eredu kontzeptualak. Erizaina osasun mentalean eta ingurune terapeutikoa. Alderdi etiko eta legalak. Prozesu patologiko nagusiak: psikiatria haurtzaroan eta gaztaroan, nahasmendu psikotikoak (eskizofrenia), nahasmendu neurotikoak, (fobiak, antsietatea, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, egokitzeko edo konbertsio nahasmenduak), substantziak kontsumitzeak ekarritako nahasmendua, aldartearen nahasmenduak, elikadura jokabidearen nahasmenduak, nortasunaren nahasmenduak, bulkaden kontrolaren nahasmenduak, dementziak. EAP–NNN, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Osasun mentaleko modalitate terapeutikoak: psikoterapiak, psikofarmakologia, TEKa (terapia elektrokonbultsiboa).

71. gaia.–Larrialdiak: kontzeptua. Erizaintzako balorazioa eta zainketak egoera kritikoetan. Politraumatismoak dituztenen berezitasunak, erredura handiak, shockak, istripu zerebrobaskularrak, bularraldeko mina, MIA (miokardioko infartu akutua), intoxikazio akutuak. Lehentasuna eta triajea biktima asko eta hondamendiak dauden egoeretan.

72. gaia.–Oinarrizko bizi-euskarria eta bizi-euskarri aurreratua haurrarengan eta helduarengan. Berpizte ondoko zainketak.

Gai zerrendan eskatzen den araudia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo abstraketan egiten diren txostenak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Graduondoko prestakuntza:

–Ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

–Doktore gradua: 1 puntu.

–Unibertsitateko aditua: 1 puntu.

–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitate batekoa: 1 puntu.

–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da atal honetan baloratuko.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordio”en barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Ez da apartatu honetan baloratuko b) apartatuan adierazitako irakasle lana.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagiriaren arabera ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa:

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2113573