229. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

992/2021 EBAZPENA, irailaren 13koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira zezenketetarako behi aziendaren abeltzainen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, 2021. urterako. DDBN identifikazioa: 583628.

COVID-19ak eragindako osasun publikoaren larrialdi egoerak modu orokorrean nahastu du zezenketetarako aziendaren arloko jarduera, ez baita kontraturik egin eta, horren ondorioz, nabarmen jaitsi dira diru-sarrerak.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Aipatu foru agindu hori luzatu eta aldatu zuen Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduak. Azken horrek ezartzen du, 35. artikuluaren 5. puntuan, ez dela baimentzen, ezein kasutan, zezen ikuskizun herrikoiak egitea, hala nola entzierroak, entzierro txikiak, jokatzeko behi azienda libratzea edo antzekoak.

COVID-19aren osasun krisiak behartu du bertan behera uztera, 2020ko eta 2021eko denboraldietan, zezen plazetan izaten diren zezenketak eta zezen ikuskizun herrikoiak. Diru-sarreren beheititze horren eraginez, abeltzainek abere azienda murriztu egin behar izan dute, aurre egin ahal izateko animalia horiek elikatzeko eta mantentzeko gastuei.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste du laguntza eman behar zaiela Nafarroako zezenketetarako abereen abeltzaintza-ustiategiei, animaliak mantentzeko laguntza-neurriak emanda COVID-19a dela-eta ezarritako murriztapenen eraginez diru-sarreretan beherakada nabarmena izaten ari diren ganadutegiei.

Egoera berezi honetan, laguntzak baliabide garrantzitsua dira, administrazio publikoek erabil dezaketena leuntzeko osasun arloko krisi honek gizartean, ekonomian eta ingurumenean duen inpaktua. Laguntza honen xedea da estaltzea abeltzainek abereak mantentzeko ordaindu beharreko gastuen zati bat, batez ere honako hauekin lotutakoak: abereen elikadura; haien haragiaren errentagarritasun urria, arraza horiek ez direlako haragi salmentarakoak; mantentze kostu altuak, zainketa bereziak behar dituztelako; eta osasun arrazoiak direla medio, haiei egin beharreko jarraipen berariazkoa eta ofiziala.

Azaldutako egoerari aurre eginen dioten neurriak hartzea premiazkoa denez eta kontuan hartuta sinplifikazio administratiboaren eta zamak gutxitzearen printzipioa, Administrazioak laguntza horiek emanen ditu, hau da, ordainketa bakar bat eginen zaie zezenketetarako abereen ustiategiei, baldin eta ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Proposatzen da gehienez ere 80 euroko laguntza ematea Nafarroako abeltzaintza-ustiategietan dauden eta zezenketa-arrazakoak diren animalietatik 8 hilabete baino gehiago dituen animalia bakoitzeko. Laguntzaren helburua da elikadura-gastuen zati bat estaltzea, eta ustiategiek animaliak hil ditzaten saihestea. Horrela, ekoizpen-egiturari eutsi ahal izanen diote, eta jarduna berreskuratu ahal izan dute COVID-19agatiko murrizketak kentzen direnean.

Ebazpen honi aplikatuko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz, zeinak esleitu baitzaizkit bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan, bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuan,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea zezenketetarako behi aziendaren abeltzainen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, 2021erako. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Onestea 2021ean zezenketetarako aziendarentzat emanen den laguntzaren deialdia.

5. 600.000 euroko gastua baimentzea 2021eko Nafarroako Gastu Aurrekontu Orokorren 710004 71310 4700 412213 partidaren kargura, “COVID-19. Krisian diren abeltzaintza-sektoreentzako laguntza” izenekoa.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko irailaren 13an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Zezenketetarako behi aziendaren abeltzainen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak 2021erako. Oinarri arautzaileak.

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea eta aplikazio-eremua.

1. Ebazpen honen helburua da oinarri batzuk ezartzea, arautuko dituztenak zezenketetarako behi aziendaren abeltzainen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak 2021. urterako. Neurri honen xedea da zezenketetarako behi azienda mantentzeko abeltzainek ordaindu beharreko gastuen zati bat estaltzea, ekonomian asaldura larria eragin duen egoera honetan likidezia emanez; bestela, animalia horiek sakrifikatu egin beharko lituzkete, eta horrek ondare genetikoa galtzea lekarke, arraza horien berezitasunagatik; gainera, abere horien larratze estentsiboak mesede handia egiten dio ingurumenari.

2. Neurria sartzen da Europako Batzordearen azken komunikazioan xedatutakoaren barnean (Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C (2020) 1863 Komunikazioa, zeinaren bidez arautzen baita estatuek hartutako laguntza-neurrien aldi baterako esparrua, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko).

3. Laguntza hauek sartzen dira Estatuko Aldi Baterako Esparruan, enpresentzako eta autonomoentzako laguntza neurriei buruzkoan, COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko –2020ko apirilaren 2ko C(2020) 2154 Erabakia, SA.56881 (2020/N) laguntza kodea–. Hain zuzen ere, haren babesean garatu da ebazpen honetan aurreikusten den laguntza.

4. Edonola ere, Europako Batzordeak erabaki horretan finkatutako baldintzen mende geratzen da laguntza-araubide honen aplikazioa eta interpretazioa.

5. Batzordeak komunikazio bat eman zuen bi hauek aldatzeko: batetik, Aldi Baterako Esparrua, COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko erabiliko diren estatu laguntzako neurriei buruzkoa (bosgarren aldaketa); eta, bestetik, Batzordeak Europar Batasuneko estatuei egin zien komunikazio baten eranskina (komunikazio hori zen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak epe laburrerako ustiaketarako kredituaren aseguruari aplikatzeari buruzkoa). Batzordeak, aipatu bi horiek aldatzeko eman zuen komunikazio haren 3. apartatuan, 2021eko abenduaren 31 arte luzatu zituen Aldi Baterako Esparruan ezarritako neurriak.

Bigarren oinarria.–Laguntzaren onuradunak.

Laguntza hau jasotzen ahalko dute zezenketetarako ganaduaren ustiategien titular hazleek, baldin eta ustiategi horiek Nafarroako Foru Komunitatean badaude, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean izena emanda badaude. Gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Krisialdi egoeran ez egotea 2019ko abenduaren 31n, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 14. apartatuarekin bat (erregelamendu horrek zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuan bateragarriak direnak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (2014-07-01eko EBAO, L 193) 107. eta 108. artikuluei jarraikiz), eta krisialdian egotea edo hastea data horren ostean, COVID-19ren agerraldiaren ondorioz.

b) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

Hirugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza honela emanen da: zenbateko jakin bat baldintza orokorrak eta oinarri hauetan finkatutakoak betetzen dituen abere bakoitzeko. Zehazki, laguntzaren gehienezko zenbatekoa 80 eurokoa izanen da abere hautagarri bakoitzeko.

2. Gutxienez 10 abere hautagarri izan beharko dira.

3. Laguntza hau jasotzeko eskubidea zer animaliak duten zehazteko, egiaztatuko da zer animalia hautagarri zeuden ustiategian lau egun hauetan: urtarrilaren 1ean, otsailaren 1ean, martxoaren 1ean eta apirilaren 30ean. Zenbatuko diren animalien kopurua hau da: lau egun horietan egindako azterketetan ikusitako abereen batezbestekoa.

4. Laguntza osoa dirulaguntza zuzen gisa emanen da, eta, gehienez ere, 80.000 eurokoa izaten ahal da enpresa bakoitzeko.

5. Laguntzak iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2021eko abenduaren 31n.

6. Laguntza hauek ez dira finkatuko merkaturatutako produktuen prezioaren edo kopuruaren arabera.

Laugarren oinarria.–Abere hautagarriek bete beharreko baldintzak.

1. Laguntza jasotzen ahalko dute Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean izena emanda dauden zezenketetarako arrazako behin aziendako abereek, 8 hilabete baino gehiago dituztenek, bai eta ustiategi beretako otzanek edo joaldunek ere, baldin haien sailkapen zooteknikoa bada haragi ekoizpenerako ugalketa.

2. Identifikatuta eta erregistratuta egotea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1760/2000 (EE) Erregelamenduarekin bat (erregelamendu horrek ezartzen ditu behi espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema eta behi haragiari eta horretatik eratorritako produktuei etiketak jartzeko sistema, eta indargabetzen du Kontseiluaren 820/1997 (EE) Erregelamendua), bat etorriz irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuarekin (errege dekretu horrek ezartzen du behi espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema).

Bosgarren oinarria.–Eskatzailearen betebeharrak.

Eskatzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

1. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2. Martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan ezarritako xedapenak betetzea, horren bidez ezartzen baita Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorra.

3. Abere hautagarriak zer ustiategitan dauden, ustiategi hori Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean izena emanda egotea.

4. Laguntza eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan zehapen irmorik jaso ez izatea, osasunaren eta animalien ongizatearen alorretako legeren bat bete ez izanagatik.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleen kasuan.

b) Aitorpen bat, adierazten duena ezen eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, .................................................. naizen honek, nire izenean edo .............................................................. ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik / ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: zezenketetarako behi aziendaren abeltzainen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak, 2021. urterako.”

d) Goiko c) apartatuarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

e) Baldin Foru Komunitateko Administrazioak baldin dagoeneko badu agiri horietakoren bat, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek aztertzeko.

Zazpigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Laguntzaren guztirako zenbatekoak deialdi honetan finkatutako gehienekoa gainditzen badu, abelburu bakoitzeko zenbatekoa murriztuko da proportzionalki, onetsitako zenbatekoa deialdi honetan finkatutako zenbatekora egokitu arte.

Zortzigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Bederatzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Laguntza-eskaerak jaso ondoren, egiaztatuko da betetzen dituztela ebazpen honen lehenengotik bosgarrenera bitarteko oinarrietan (biak barne) xedatutako baldintzak.

Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen diren aztertuko da, azterketa administratiboak eginez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu-base ofizialetan.

2. Eskaera ebaluatu eta gero, laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen da. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

Hamargarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

Hamaikagarren oinarria.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zer ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, emandako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du betetzen dituela laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra.

Hamahirugarren oinarria.–Laguntzak metatzea.

Laguntza hauekin batera, xede bererako beste batzuk ere jasotzen ahal dira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak (erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuan bateragarriak direnak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluei jarraikiz), eta Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat emandakoak (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Betiere, erregelamendu horietan ezarritako metatzearen arloko arauak bete beharko dira, eta, guztiak batuta, ezin izanen dira gainditu Europako Aldi Baterako Esparruan edo Estatuko Aldi Baterako Esparruan finkatutako laguntza intentsitateak edo gehieneko zenbatekoak.

2. Estatuko aldi baterako esparru horretan finkatutako laguntzarekin batera, jaso daiteke Batzordearen erabaki baten bidez bateragarritzat jotako beste laguntzaren bat, edo beste edozein laguntza, Erkidegoko jarraibideekin bat, baldin eta ez badira gainditzen dagozkion jarraibideetan finkatutako intentsitateak edo gehienezko zenbatekoak.

Hamalaugarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamabosgarren oinarria.–Emandako laguntzak argitaratzea eta jakinaraztea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Laguntzaren kudeatzaileak laguntza-araubidearen eta estatuko aldi baterako esparruaren baitan 10 urtetan emandako laguntzen erregistro xehatua gorde beharko du. Erregistro horietan, ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko behar den informazioa gordeko da, eta aurkeztu egin beharko dira, Europako Batzordeak eskatuz gero.

3. Laguntzaren kudeatzaileak konpromisoa hartzen du Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioari helarazteko, 2021eko abenduaren 31 baino lehen, eta Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Atalaren bidez, laguntza onartu zaien enpresen zerrenda, adierazita zein den enpresa bakoitzari onartutako laguntzaren zenbatekoa eta estatuko aldi baterako esparruan dagokion kategoria.

4. Azkenik, laguntza hauek jasoko dira Batzordeari aurkeztu beharreko urteroko txostenetan, halaxe xedatu baita Europako Batzordearen 2004ko apirilaren 21eko 794/2004 (EE) Erregelamenduan (erregelamendu horren bidez zenbait xedapen ezartzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 108. artikulua aplikatzeko arau zehatzak ezartzen dituen Kontseiluaren 2015eko uztailaren 13ko 2015/1589 (EB) Erregelamendua aplikatzeko).

Iragarkiaren kodea: F2113666