229. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2021 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, irailaren 22koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31. bis artikuluak ezartzen du ezen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une horretan indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahal ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahal ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkideko aldaketa batek behartzen badu estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatutako legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnei, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie, 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Gas eta elektrizitatearen txikizkako merkatuetan gas naturalaren prezioen igoerak duen inpaktua apaltzeko presako neurriei buruzko irailaren 14ko 17/2021 Errege Lege-dekretuak beste hiruhileko batez luzatu du energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren aldi baterako etendura, ekainaren 24ko 12/2021 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarria; izan ere, arau horren bitartez presako neurriak hartu ziren fiskalitate energetikoaren esparruan eta energiaren sorkuntzaren arloan, bai eta ura erregulatzeko kanonaren eta erabiltzeko tarifaren kudeaketaz ere.

Labur esanda, tributu hori etenda geldituko da 2021eko bigarren seihileko osoan.

Horregatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergari dagokionez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko irailaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehaztea 2021eko zergaldirako.

1. 2021eko zergaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria hau izanen da: energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta hirugarren eta laugarren hiruhileko naturaletan sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak.

2. Hirugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldian ekoiztutako energia elektrikoaren balioaren arabera, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta hiruhileko horretan sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak, Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehen artikuluko zortzigarren apartatuan aurreikusitako zerga-tasa aplikatuta, kenduta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa.

3. Laugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldian ekoiztutako energia elektrikoaren balioaren arabera, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta hirugarren eta laugarren hiruhileko naturaletan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsariak, aurreko paragrafoan aurreikusitako zerga-tasa aplikatuta, kenduta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehaztea.

Tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu honen artikulu bakarrean aurreikusitako indarraldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta tributu horri dagozkion ordainketa zatikatuak zehazteko, kontuan hartuko da irailaren 14ko 17/2021 Errege Lege-dekretuaren III. tituluan ezarritako murrizte tresnaren ondorioz zergadunak diru-sarrera txikiagoak jaso izana. 17/2021 Errege Lege-dekretu horren bidez presako neurriak hartu ziren gas eta elektrizitatearen txikizkako merkatuetan gas naturalaren prezioen igoerak duen inpaktua apaltzeko.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen ondorioekin.

Iruñean, 2021eko irailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2114051