228. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69/2021 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Energia Jasangarriaren gaineko II. Diseinu Lehiaketaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an onetsitako 2030erako Nafarroako Energia Planak jasotzen ditu, 9.2.1 atalean, komunikazio eta partaidetza publikoari, prestakuntzari eta sentsibilizazioari lotutako helburu estrategikoak eta, horien artean, honako hauek daude: “Energiaren inguruko kultura berri bat zabaltzea herritarren artean” eta “Komunikazio eta partaidetza publiko onak sustatu eta bermatzea”.

Helburu horiekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusi honek Energia Jasangarriaren gaineko II. Diseinu Lehiaketaren oinarriak onesten ditu. Lehiaketa Nafarroako erdi mailako heziketa ziklo guztietako ikasleei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. ikasmailetako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei eta Batxilergoko modalitate guztietako 1. eta 2. ikasmailetakoei zuzentzen zaie 2021-2022 ikasturtean.

Lehiaketaren goiburua “Diseinatu zure ekoenergia” da, eta Europar Batasuneko 2021eko Aste Jasangarriaren goiburuan oinarritzen da: “Birmoldatu Europako energia sistema”. Goiburuaren helburua da aurkeztu beharreko lanean modu sortzailean azaltzea ikastetxean, etxean, herrian, hirian edo beste edonon energia modu arduratsuan eta jasangarrian egunero erabiltzearen alderdietako bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Energia Jasangarriaren gaineko II. Diseinu Lehiaketaren oinarriak, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak. Lehiaketaren goiburua “Diseinatu zure ekoenergia” da.

2. 1.500 euroko gastua onestea 2021eko Gastuen Aurrekontuko “Jasangarritasuneko eta energia hezkuntzako sariak” izeneko 820001 82500 2268 425200 partidaren kargura, lehiaketako sarien gastuetarako.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea bukatzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da: 00001121-2021-0048.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ENERGIA JASANGARRIAREN GAINEKO II. DISEINU LEHIAKETA: “DISEINATU ZURE EKOENERGIA”

Oinarriak

1. oinarria.–Xedea.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak Energia Jasangarriaren gaineko II. Diseinu Lehiaketa antolatu du “Diseinatu zure ekoenergia” goiburupean, eskolako gazteen artean sormena eta kontzientziazioa sustatu eta bultzatze aldera. Lehiaketak zerikusia du trantsizio energetikoarekin, energia biltegiratzearekin, autohornikuntzarekin, baliabide energetikoen erabilera arduratsu eta eraginkorrarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planak agertzen duen eredu energetiko jasangarri berriarekin.

Lehiaketan aurkeztuko diren lanak sormen grafikokoak izanen dira, eta honako gai hauen inguruko mezua helarazi behar dute: energia garbietaranzko trantsizioa, energia aurreztu beharra eta, azken batean, nola txikiagotu gure aztarna ekologikoa energia eraginkortasunez erabilita. Hau da, lanean ikastetxean, etxean, herrian, hirian edo beste edonon energia modu arduratsuan eta jasangarrian egunero erabiltzearen alderdietako batzuk azal daitezke edo lehiaketako “Diseinatu zure ekoenergia” goiburua modu sortzailean adierazten duen beste edozein. Gainera, lan grafikoak azalpen testu labur bat eramanen du erantsita.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak eta lanen formatua.

1. Nafarroako ikasle hauek parte hartzen ahalko dute, 2021-2022 ikasturtean, “Diseinatu zure ekoenergia” Energia Jasangarriaren gaineko Diseinu lehiaketan: bigarren hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. ikasmailetakoak, erdi mailako heziketa prestakuntza ziklo guztietakoak, Oinarrizko Lanbide Heziketakoak eta Batxilergoko 1. eta 2. ikasmailetakoak.

2. Aurkezten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.

3. Onartutako fitxategiaren formatua JPGa edo PDFa izan daiteke, gehienez 20 MB duena, gutxienez 300 ppp-ko bereizmenarekin. Paperean ere aurkez daiteke, A3 tamainan.

3. oinarria.–Lanak non eta noiz aurkeztu.

1. Lanak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Lanak aurkez daitezke Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan (Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko izapideen katalogoko “Energia Jasangarriaren gaineko II. Diseinu Lehiaketa” izeneko fitxaren bidez: www.nafarroa.eus), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Jarraian, lana aurkezteko zehaztasunak agertzen dira, hautatutako erregistroaren araberakoak:

a) Aurrez aurre: eskabide orokorra beteko da, eta bertan honako hauek jasoko dira:

–Egilearen izena eta bi deitura.

–Zer ikastetxe, ikasmaila eta gelatan dagoen.

–Harremanetarako telefono-zenbakia.

–Aurkezten den lana originala eta argitaragabea dela.

Eskabide horri CD/DVD bat erantsiko zaio, JPG edo PDF formatuan ezarritako diseinuarekin, gutxienez 300 ppp-ko bereizmenarekin, eta gehienez 300 karaktereko testu bat PDF formatuan, obraren edukia azaltzeko. Egileak edo ikastetxeak ez dute diseinua sinatuko inola ere.

b) Telematikoki (izapideen katalogoko fitxa zehatzaren bidez, non esteka bat dagoen Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko):

Eskabide telematikoa beteko da, eta bertan honako hauek jasoko dira:

–Egilearen izena eta bi deitura.

–Zer ikastetxe, ikasmaila eta gelatan dagoen.

–Harremanetarako telefono-zenbakia.

–Aurkezten den lana originala eta argitaragabea dela.

Eskabide horrekin batera, lanaren diseinua aurkeztuko da 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin eta JPG edo PDF formatuan; gehienez 20 MBkoa izanen da. Egileak edo ikastetxeak ez dute lana sinatuko inola ere.

4. oinarria.–Diseinu irabazlearen hautaketa.

1. Epaimahaiak zortzi lan hautatuko ditu gutxienez, jasotako lan guztien artean. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia.

–Nazioarteko Proiektuen Bulegoko burua.

–Arte eta diseinu alorretako profesional bat.

–Energia berriztagarrien eta jasangarrien profesional bat.

2. Hautaketa horri begira epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat:

–Sormena, originaltasuna eta konposizioa: 50 puntu.

–Mezuaren egokitasuna eta indarra: 30 puntu.

–Obraren azalpen testua: 20 puntu.

Ez dira aintzat hartuko epaimahaiaren iritziz lehiaketaren goiburuarekin zerikusirik ez duten lanak.

3. Epaimahaiak finalistak hautatutakoan, herritarrek parte hartzeko aldi bat irekiko da, gutxienez 10 egun baliodunekoa, Nafarroako Gobernuaren Educa atariaren helbide honetan: https://ikasnova.digital/w/webinar-votaciones-escolares-educavote. Educa hezkuntza ataria erabiltzen duten ikasleek eta senitartekoek bozketan parte har dezakete, eta lan bozkatuena lehiaketaren irabazlea izanen da.

4. Bai epaimahaiaren epaia bai lan irabazlea izapideen katalogoko fitxa zehatzean, Nafarroako Gobernuaren sare sozialetan eta egokitzat jotzen diren hedabideetan argitaratuko dira, lanaren egilea eta ikastetxea ere adierazita.

5. oinarria.–Saria.

Honako hau izanen da lehiaketako saria:

a) Irabazten duen ikaslearentzat: bizikleta elektriko bat eta diploma.

b) Irabazi duen ikaslearen ikastetxearentzat: energiaren aurrezpen eta efizientziarako elementuen multzoa, 500 eurorainoko balioa duena (konparaziorako, LED lanparak, goritasun-lanpara, fluoreszente edo deskarga-lanparen ordezko, edo energia berriztagarria sortzeko instalazio txiki bat eta abar).

Bere beharrizanekin neurri handienean bat datozen elementuak zehazteko, ikastetxeak Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko Plan Energetikoaren Atalaren aholkularitza izanen du eskura.

6. oinarria.–Administrazio dei-egilearen eskubideak.

1. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak beretzat gordetzen du oinarri hauetan xedatutakoa betetzen ez duen edonor lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea.

2. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari lagatzea lan irabazlea, bai eta lehiaketan aurkeztu diren lan guztiak kopiatzeko, banatzeko eta komunikazio publikorako eskubideak ere, haien egileak adierazita.

Lan irabazlea kopiatzean, Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuaren eta 2030erako Energia Planaren logoak txertatzen ahalko ditu.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak jendaurreko erakusketa bat antola dezake.

7. oinarria.–Datuen babesa.

Parte hartzeak berekin dakar lehiaketa honetan parte hartzen duten pertsonen datuak tratatzeko baimena ematea, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalen bermeei buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren esparruan.

8. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea, baita epaimahaiak edo Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak hartzen dituen erabakiei men egitea ere. Oinarri hauek ez betetzeak lehiaketan parte hartzeko ezintasuna ekarriko du, epaimahaiaren eta zuzendaritza nagusiaren irizpideari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2113160