227. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUNETA

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Munetako Kontzejuak, 2021eko martxoaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 30ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Munetan, 2021eko irailaren 10ean.–Kontzejuko burua, Francisco Javier López de Dicastillo Echeverria.

ORDENANTZA, MUNETAKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Munetako kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, deustan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

6. artikulua. Munetako Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, antolatzeko eta haien aprobetxamendua arautzeko, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

7. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Munetako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke, herri-lurretako ondasun gisa. Itzultzea eginen da hasierako prezioari adjudikazioaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gehikuntza aplikatuta.

Prozedurari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

8. artikulua. Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

9. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

10. artikulua. Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

11. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

12. artikulua. Kontzejuak, ahalmen hertsatzaileez baliatuz, administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

13. artikulua. Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

14. artikulua. Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak egikaritzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

15. artikulua. Debekatuta dago herri-lurretan edozein eraikuntza egitea, edo ordenantza hau indarrean jarri aurretik zeuden eraikuntzetan mantentze-lanak egitea, Munetako Kontzejuaren nahitaezko baimenik gabe, eta dagokion obra-lizentzia ordaindu gabe.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

16. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

17. artikulua. Kontzejua herri-lurrak hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

18. artikulua. Orokorrean, Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan Munetako bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez duela lau urte.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin eta Allingo Udalarekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

19. artikulua. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

20. artikulua. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu kontzeju-batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

LEHEN ATALA

Ohar orokorrak

21. artikulua. Munetako Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean udalerriaren titulartasuneko herri-lur guztiak sartzen dira.

22. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunen arabera eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

c) Kontzejuaren zuzeneko ustiapena.

23. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko. Hori dela eta, Munetako Kontzejuak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia-unitateko bizilagun titularrek beren azienda kentzen dutenean Nafarroako Gobernu animalien abeltzaintza zentsutik.

24. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan behar du, honakoa egiaztatzen duena: Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aipatu foru legean eta haren garapenetan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira. Nafarroako abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak arautu zuen erregistro hori.

25. artikulua. Debeku da zerri-azienda bazkatzea larrean.

26. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da, edozein dela ere azienda mota. Epe hori bukatutakoan, beste adjudikazio bat eginen da, legearen eta ordenantza honen arabera.

27. artikulua. Munetako Kontzejuak zehaztuko du herri-larre bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga.

Horretarako, kontuan hartuko da azienda larriko unitateen baliokidetzen taula (AzLU), martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak.

28. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, dagokion erakunde ofizialak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

29. artikulua. Munetako Kontzejuak larre guztien bostena gorde dezake urtero adjudikatzeko, onuradun berriak agertzen ote diren. Kasu horretan, alderdia mugatuko da erreserba hori erabakitzen den unean.

BIGARREN ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazio prozedura

30. artikulua. Toki-korporazioaren erabakiaren bidez, aurretik erabakia hartuta, epe bat jarriko da nahi dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten, aurretik iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

Eskabideekin batera, aurkeztu beharko dira ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

31. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udalak larreak adjudikatuko ditu behin-behinean, honako inguruabar hauek kontuan harturik:

–Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

–Larreak adjudikatuko dira lurzati bakoitzak jasan dezakeen azienda-kargaren arabera.

–Larre bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatu dakioke, abelburuek, guztira, azienda-karga gainditzen ez badute. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

32. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da iragarki-taulan, eta epe bat emanen da alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezteko.

Epe hori iragandakoan, Kontzejuak, osoko bilkuran, aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

HIRUGARREN ATALA

Enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

33. artikulua. Herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak banatu ondotik, soberako azalerarik gelditzen bada, enkante publikoa eginen da.

Horretarako, Kontzejuak, osoko bilkuran, enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du, aplikagarria den araudiari jarraikiz.

Kontzejuak iragarki bat argitaratuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kontratazio atarian eta Udalaren iragarki-taulan.

34. artikulua. Enkantea eginen da aplikagarria den araudiari jarraikiz.

Enkantea egin ondoren, lurzatia behin-behinean adjudikatuko zaio eskaintza hoberenaren egileari, sesta emanez hobetzeko epearen zain.

Epe horretan inork ez badu sesta ematen, behin betikoa bilakatuko da.

35. artikulua. Enkante hori egin ondoren herri-lurrak soberan gelditzen badira, bigarren eta hirugarren enkanteak egin daitezke, eta tasazioaren hasierako prezioa %10 eta %20 merkatuko da, hurrenez hurren, herriko ohiturari jarraikiz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

36. artikulua. Mendian aski izan, eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

37. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

38. artikulua. Epaitzak kontzesioaren urtean hartu beharko dituzte eskatzaileek zuzenean, eta ezin izanen dira saldu.

39. artikulua. Egurra banatzerakoan, Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta maila ekonomiko apalena duten familia-unitateei emanen die lehentasuna.

40. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak erabiliko ditu.

41. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

42. artikulua. Eskabide guziei erantzuteko epaitza aski ez bada, zozketa eginen da. Adjudikaziodun ez direnek nahiz eta epaitza eskatu, lehentasuna izanen dute hurrengo ekitaldian.

43. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

44. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

45. artikulua. Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena eman dakieke 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenei, baldin eta autokontsumorako hartzen den erlezaintzako ustiategi bat martxan jarri nahi badute.

Horretarako, aplikatuko da erlezaintzako ustiategiak arautzen dituen araudian xedatutakoa.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

46. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, xede hauetakoren bat duten lurretan:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak ren erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

47. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei pagatuko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

48. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki-erakundeak; aldez aurretik, hamabost egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

f) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

50. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

b) h) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

c) Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da. Balio hori zehaztu ezin bada, 60 eta 1.200 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

51. artikulua. Arestian xedatu denagatik ere, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak konfiskatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo apalagoko xedapen eta ordenantza guztiak.

Azken Xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2113594