226. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

371E/2021 FORU AGINDUA, irailaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita 2021. urterako, desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren Nafarroako Foru Komunitateko gizarte ekimeneko irabazi asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko, ekipamenduak, produktu teknologikoak eta/edo programa informatikoak eros ditzaten. DDBN kodea: 583715.

Otsailaren 19ko 68E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsi zen adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako 2021. urterako “Adinekoen Programa Globala” izeneko dirulaguntzaren deialdia. Deialdi hori interes sozialeko beste xede batzuetara bideratutako “IRPFaren % 0.7 Funtsa” izeneko bi partiden bidez finantzatzen da.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ekainaren 25ean emandako 149E/2021 Ebazpenaren bidez ebatzi zen, “Adinekoen Programa Globala” dirulaguntzaren 2021. urterako deialdia, adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeetara bideratua, eta baimendutako gastu osotik. 346.170,36 euro esleitu gabe geratu ziren.

Hala xedatzen baitu bere 7. artikuluan ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzekoak, behar adina deialdi egiten ahalko dira, harik eta unean uneko ekitaldian egokitzen den PFEZaren %0,7ko funts guztia agortu arte.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren arabera, dirulaguntzen deialdi hau ez dago Europar Batasuneko estatuen laguntzen araubidearen mende. Deialdia desgaitasunen arloan zerbitzuak ematen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeetara bideratua denez, merkatuan ez du eragin ekonomikorik; izan ere, ekipamenduak, produktu teknologikoak eta/edo programa informatikoak, eta orobat telefoniakoak erostetik ez da inongo etekinik lortzen, eta beraz, ez ditu, ez merkatua, ez lehia distortsionatzen.

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 5. artikuluaren arabera, Nafarroako administrazio publikoek arreta berezia eskaini beharko diote desgaitasunak dituzten pertsonen babesari, besteak beste komunikazioaren eta informazioaren arloan, eta informazioaren eta komunikazioen irisgarritasuna bermatzeko neurri egokiak hartu beharko dituzte, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak. Xedea da sustatzea desgaitasuna duten pertsonek modu askean bizitzeko eta bizitzako arlo guztietan bete-betean parte hartzeko duten eskubidea.

Aipatu legearen 10. artikuluan adierazten da administrazio publikoek ekintza positiborako neurriak hartuko dituztela

desgaitasuna duten pertsonen alde. Ekintza positiborako neurri horiek laguntza osagarriak izan daitezke, bai eta arau, irizpide eta jokabide onuragarriagoak ere. Laguntza osagarriak honakoak izaten ahalko dira: laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, laguntza-zerbitzu pertsonala, zerbitzu espezializatuak eta komunikaziorako zerbitzu osagarriak.

Orobat, foru lege horren V. kapituluan aipatzen da administrazio publikoen zeregina dela desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko bideak bultzatzea, eta bermatzea informazioa eta informazioaren eta komunikazioen sistema eta teknologiak eskura dituztela, era horretan aukera izan dezaten bizitzarako eta gizarte garapenerako trebetasunak ikasteko, eta erraztasunak emateko bizitzako arlo guztietan berdintasunez eta bete-betean parte har dezaten, komunikatzeko modu, bitarteko eta formatu handigarri eta alternatibo egokiak baliatuz, horiei laguntzeko teknika eta material egokiekin batera.

Administrazioek, gainera, desgaitasuna duten pertsonentzako teknologia eta gailu lagungarrien eskuragarritasuna, ezagutza eta erabilera bultzatu behar dituzte, haien gaikuntza eta errehabilitazioa lortuko bada.

Nafarroako 2019-2025 Desgaitasun Planak 7.4 ildo estrategikoa nabarmentzen du, Berrikuntza sozial eta teknologikoa izenekoa. Bere berariazko helburua da berrikuntza soziala eta teknologikoa bultzatzea desgaitasunarekin zerikusia duten zerbitzu, baliabide eta esku-hartze praktiketan, desgaitasuna duten pertsonei ematen zaien arreta hobetze aldera.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. “Bermatu gabeko prestazioak” izeneko II. eranskinean, 16. puntuko C) apartatuan, desgaitasuna duten pertsonen arloko ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen, baliabidearen helburua dela desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak gauzatzea eta horrelako programak garatzen dituzten erakundeetan elkartegintza sustatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honako hau joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2021. urterako deialdi bat, desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren Nafarroako Foru Komunitateko gizarte ekimeneko irabazi asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko ekipamenduak, produktu teknologikoak eta/edo programa informatikoak eros ditzaten.

2. 346.170,36 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko honako partidaren kargura: 920005 93100 7819 231B03 PFEZaren %0,7ko funtsa. Gizarte erakundeentzako dirulaguntzak desgaitasunen arloko inbertsioetarako.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2021eko irailaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarriak, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan desgaitasuna duten pertsonen arloan sektoreko erakundeek egiten duten lana errazteko elkarteei eta federazioei ekipamenduak, produktu teknologikoak eta/edo programa informatikoak erosteko 2021 urterako dirulaguntzak emateko deialdiarena

1. 1.–Dirulaguntzaren xedea eta programa.

Deialdi honen xedea da desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten erakundeei hainbat material teknologiko ematea haien eguneroko lana errazte aldera, profesionalei bitarteko, tresna eta programa informatiko egokiak eskura jarriz, dela kudeaketa lanetarako, dela artatzen dituzten pertsonen gaikuntza eta errehabilitaziorako programetan erabiltzeko.

2. Deialdiaren helburuak.

Deialdi honen helburu orokorrak honako hauek dira:

–Berrikuntza teknologikoa eskura jartzea, dirulaguntzen kudeaketa administratiboa hobetzeko.

–Bultzada ematea informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotutako ororentzako diseinua kontzeptuarekin bat egiten duten produktu eta zerbitzuei.(1).

(1) Ororentzako diseinua da, inguru, produktu eta zerbitzuen gainean esku-hartzea, pertsona guztiek gozatu ahal izan dezaten eta berdintasunean parte har dezaten gure gizartea eraikitzen, haien adina, generoa, gaitasunak edo kultur jakinduria edozein izanik ere.

–Teknologien garapena bultzatzea, dagoeneko existitzen diren produktu eta zerbitzuak, ahal dela osagarri estandarrak eta laguntzako teknologiak baliatuz egokitzeko, desgaitasuna duten pertsonen funtzio galera orekatze aldera.

–Aurrerabide teknologikoak aplikatzea desgaitasuna duten pertsonen beharrei erantzuteko erakunde bakoitzak diseinatu dituen programak aplikatzeko garaian.

–Komunikazio-trabak ezabatzea eta informazioaren irisgarritasun unibertsala ahalbidetzea.

–Pertsona horien bizi-kalitatea hobetzea, eta desgaitasuna duten pertsonen arrakala digitala eta lanbide arrakala txikiagotzea.

3. Modalitateak.

Deialdi honen ondorioetarako hauek izanen dira dirulaguntza eskatzeko modalitateak:

a) Ekipamendu informatiko eta telefonikoak erostea; ekipamendu horiek desgaitasuna duten pertsonen arloan lan egiten duten federazio eta elkarteetako langileek eskura izan eta erabil ditzaten izanen dira.

b) Material eta produktu teknologikoak erostea; zuzeneko esku-hartzean eta sektoreko erakundeek desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala garatzeko eta/edo mantentzeko prestatzen dituzten programak gauzatzen erabiltzeko izanen dira.

Produktu diruz lagungarritzat hartuko dira 2021eko abuztuaren 1etik deialdian ezarritako mugaegunera bitarte erositakoak.

4. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

4.1. Honako hauek izaten ahalko dira dirulaguntza hauen onuradun: Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen arloan lan egiten duten irabazi asmorik gabeko elkarte eta federazioak, baldin eta ekipamendu, produktu teknologiko eta/edo programa informatiko zein telefonikoen beharra badute dela kudeaketa arlorako, dela desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko programak gauzatzeko.

4.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden erakundeak.

5. Kontzeptu diruz lagungarriak.

5.1. Diruz lagunduko diren erosketak a modalitatean: ekipamendu eta/edo programa informatiko eta telefonikoak, desgaitasuna duten pertsonen arloan lan egiten duten federazio eta elkarteetako langileek erabil ditzaten.

–Ekipamendu informatikoa (mahai gaineko ordenagailua, ordenagailu eramangarria, tabletak, inprimagailua, teklatuak, saguak eta pantaila).

Telefoniako ekipamendua (smartphone-a).

Ekipamendu guztiak desgaitasuna duten pertsonen arloko elkarte eta federazioetako langileek erabiltzeko izanen dira.

Dirulaguntza hori gehienez ere 3.000 eurokoa izanen da elkarte edo federazio bakoitzeko.

5.2. Diruz lagunduko diren erosketak b modalitatean: sektoreko erakundeek desgaitasuna duten pertsonen gaikuntzan eta errehabilitazioan erabiltzen dituzten material eta produktu teknologikoak.

–Ekipamendu informatikoa (tabletak, ordenagailu eramangarria, 3D inprimagailua, ukipen pantailak, marrazketarako tableta grafikoak...).

–Aplikazioak/ programa informatikoak: (pantaila handitzailea, ahotsa/testua ezagutzekoak, ahotsa testu bihurtzekoak, errealitate birtualekoak, estimulazio kognitibokoak, eta memoria eta goiko edo beheko gorputz-adarren mugikortasuna bizkortzekoak...)

–Ordenagailua edo mugikorra erabiltzeko gailuak: (Hatzen, eskuen, buru-aho-ezpainen bidez kontrolatzeko egokitutako saguak, begirada bidezko sarbidekoak, tabletetarako euskarriak + erauzi eta orientatzen ahal diren besoak...)

–Ahotserako gailu elektronikoak: laringofonoak; komunikazio alternatiboko gailuak: piktograma bidezkoak...

Modalitate horretarako gutxieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izanen da elkarte edo federazio bakoitzeko.

Ez dira diruz lagunduko ekipamendu informatiko edo telefonikoetarako babesgarriak, estalkiak edo zorroak.

6. Eskaerak aurkeztea.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Nafarroako desgaitasuna duten pertsonen arloko irabazi asmorik gabeko elkarte eta federazio interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa. Eredua Nafarroako Gobernuaren web-orrian eskura daiteke.

Horrez gain, honako proiektu hauek aurkeztu beharko dituzte:

–a modalitatean: idazki bat, deskribatuko dituena erakundeak eskatzen duen ekipamendua, zenbat langilek erabiliko duten, helburuak eta beharraren nondik norakoak.

–b modalitatean: idazki bat, azalduko dituena, erakundeak eskatzen dituen material eta ekipamendu guztiak, argi adierazita zer programa edo programetarako behar diren, programen hartzaileak nor izanen diren, eta zenbat pertsonak jasoko duten horien erabileraren onura. Argi adierazi beharko da eskatutako produktu eta ekipamenduen erabilgarritasuna eta horiek erosteko beharra.

Eskabideak eta proiektuak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Telematika bidez aurkeztuko dira eskaerak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Interesa duen erakundeak honako hauek aurkeztu beharko ditu: dirulaguntzaren eskaera, proiektua edo proiektuak, eta 2021eko abuztuaren 1etik deialdiaren mugaegunera bitarte erositako ekipamendu, produktu teknologiko eta/edo telefoniako guztien fakturak eta ordainagiriak.

6.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerarekin batera nahitaezko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

7. Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

8. Arau orokorrak: dirulaguntzak emateko prozedura, lehentasunak eta balorazioa.

8.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Zein bere aldetik baloratu eta ebatziko da modalitate bakoitza, deialdi honen 8.3 puntuan zehaztutako balorazio-irizpideen arabera.

Deialdi honen xede den dirulaguntza emanen da aurkeztutako eskaerak baloratu ondoren.

Dirulaguntzaren zenbatekoa modalitate bakoitzean aurreikusten den gehieneko dirulaguntzaren eta eskatzen den dirulaguntzaren arabera esleituko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira bi modalitateetan.

Dagoen finantzaketa ez bada aski eskabide guztiei erantzun ahal izateko, deialdiaren oinarrietan hainbanaketa aurreikusi beharko da; izan ere, deialdiaren xedea da desgaitasuna duten pertsonen beharrei erantzuten dieten erakundeak mota askotako material teknologikoz hornitzea, haien kudeaketa ahalbidetzeko, bai lanean, bai desgaitasuna dutelako artatzen dituzten pertsonen gaikuntza eta errehabilitazioan. Beraz, deialdiaren zenbateko osoa hainbanatu beharko da dirulaguntza dagokion proiektu bat bera ere gera ez dadin finantzaketarik gabe.

Behin eskaerak baloratuta, diruz lagungarriak diren bi kontzeptuetako baterako aurrekontuko kredituan gerakinik geldituz gero, beste modalitaterako dagoen kreditua handitzeko erabiltzen ahalko da, modalitate bakoitzerako aurreikusitako gehieneko kopurua handitu gabe.

8.2. Balorazioa.

Aurkeztutako eskaera guztiak baloratuko dira, aintzat hartuta 5. puntuan adierazitako baldintzak betetzen direla, eta balorazio irizpide hauei jarraikiz:

a modalitatean, 40 puntu gehienez ere:

–Jendea hartzeko ordutegia (10 puntu):

  • Ordutegi etena, goiz eta arratsaldekoa, astean 3 egun baino gehiagotan: 10 puntu.
  • Goizeko edo arratsaldeko ordutegia, astean 3 egun baino gehiagotan: 7 puntu.
  • Goizeko eta/edo arratsaldeko ordutegia, astean 2-3 egunetan: 5 puntu.

–Jendea hartzeko ordutegia (harremana bazkideekin eta desgaitasunen baten gaineko informazioa ezagutu nahi duten pertsonekin) (10 puntu):

  • Aurrez-aurreko arreta, telefono bidezkoa, posta elektroniko bidezkoa, eta horiez gain taldeko bideo-dei, online bideokonferentzia eta online bilera bidezkoak, eta abar: 10 puntu.
  • Aurrez-aurreko arreta, telefono bidezkoa eta posta elektroniko bidezkoa: 7 puntu.
  • Aurrez aurreko arreta eta telefono bidezkoa: 5 puntu.

–Erakundearen eraginpeko lurralde-eremua (10 puntu):

  • Nafarroako Foru Komunitatea: 10 puntu.
  • Eskualdekoa: 5 puntu.
  • Tokikoa: 3 puntu.

–Enplegu egonkortasunaren irizpidea, erakundearen kudeaketa administratiboan eta ekonomikoan diharduten langileei dagokienez (10 puntu):

  • Erakundearen plantillaren %50 baino gehiagok du kontratu mugagabea: 10 puntu.
  • Plantillaren %20-%49k du kontratu mugagabea: 5 puntu.
  • Plantillako inork ez du kontratu mugagabea: 0 puntu.

b modalitatean, 40 puntu gehienez ere:

–Erakundearen eraginpeko lurralde-eremua (10 puntu):

  • Tokikoa: 3 puntu.
  • Eskualdekoa: 5 puntu.
  • Nafarroako Foru Komunitatea: 10 puntu.

–Esperientziaren egiaztapena desgaitasunaren esparruan (10 puntu):

  • Urte osoko epean zenbait programa gauzatzea: 10 puntu.
  • Programak noizbehinka gauzatzea: 5 puntu.
  • Programarik ez gauzatzea: 0 puntu.

–Erakundeak ekipamendu berriaren beharra justifikatzeko eginiko proiektua (10 puntu):

  • Behar bezala justifikatuta dago: 10 puntu.
  • Hein batean justifikatu da: 5 puntu.
  • Ez da justifikatu: 0 puntu.

–Programen onuradun diren bazkideen kopurua (10 puntu):

  • Bazkideen %50-%100: 10 puntu.
  • Bazkideen %11-%49: 7 puntu.
  • Bazkideen %10 baino gutxiago: 0 puntu.

Gehieneko puntuazioa 40 puntukoa da a modalitatean, eta 40 puntukoa b modalitatean. Puntuetan berdinketarik gertatuz gero, zerrenda egiteko ondorioetarako eskaeren dokumentazioa Erregistroan zein egunetan sartu zen aintzat hartuko da.

Behin balorazioa eginda eta modalitate bakoitzean lortutako puntuen arabera, honela banatuko dira dirulaguntzak:

  • 31tik 40 puntura bitarte, ekipamenduaren prezioaren %100 diruz lagunduko da*.
  • 21etik 30 puntura bitarte, ekipamenduaren prezioaren %75 diruz lagunduko da*.
  • 11tik 20 puntura bitarte, ekipamenduaren prezioaren %30 diruz lagunduko da*.
  • 0tik 10 puntura bitarte, ez da dirulaguntzarik emanen eskatutako ekipamendurako.

(*) Gailu, material edo produktu teknologiko bakoitzerako gehieneko zenbatekoa aintzat hartuko da, deialdi honen 8.3 oinarrian adierazi bezala. Gailuaren, materialaren edo produktu teknologikoaren prezioa diruz lagundutako gehienekoa baino txikiagoa bada, produktuaren prezio erreala aintzat hartuko da.

8.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Erositako gailu bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

a) Erakundeko profesionalek erabiltzeko ekipamendu informatikoa (3.000 euro gehienez):

  • 200 euro telefono mugikorretarako (smartphone).
  • 600 euro mahai gaineko ordenagailuetarako edo ordenagailu eramangarrietarako (softwarea barne).
  • 200 euro tabletetarako.
  • 20 euro saguetarako.
  • 30 euro teklatuetarako.
  • 90 euro pantailetarako.
  • 150 euro koloretako inprimagailuetarako, laser-inprimagailuetarako edo funtzio anitzekoetarako.

b) Erakundeek desgaitasuna duten pertsonentzako programak gauzatu ahal izateko material eta produktu teknologikoak (7.000 euro):

  • 200 euro tabletetarako.
  • 600 euro ordenagailu eramangarrietarako (softwarea barne).
  • 3.000 euro 3D inprimagailuetarako.
  • 230 euro ukipen pantailetarako.
  • 260 euro marrazketarako tableta grafikoetarako.
  • 1.200 euro pantaila handitzeko programetarako.
  • 249 euro ahotsa ezagutzeko programetarako.
  • 380 euro errealitate birtualeko ekipamendu osorako (errealitate birtualeko betaurrekoak, Pico all in one eta Sensor biofeeback)
  • 1.908 euro errealitate birtual bidezko tratamendurako programa profesionalaren urteko tarifa ordaintzeko.
  • 1.440 euro, estimulazio kognitiboa, memoria eta mugimenduak eta abar hobetzeko programaren urteko kosturako.
  • 450 euro kokotserako egokitutako sagurako.
  • 341 euro bururako egokitutako sagurako.
  • 341 euro putz egiteko egokitutako sagurako.
  • 1.500 euro ordenagailura begirada bidez sartzeko gailuetarako.
  • 25 euro tabletetarako euskarri erauzgarrietarako eta pantailak orientatzeko euskarrietarako.
  • 132 euro egokitutako teklatuetarako.
  • 690 euro laringofonoetarako.
  • 150 euro komunikazio alternatiborako.

9. Prozeduraren gaineko ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, behin betiko balorazioa eginen da. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren artean, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da ekipamendu, produktu teknologiko eta/edo programa informatiko bakoitzerako gehieneko zenbatekoaren arabera.

Balorazio negatiboa jaso duten eskaerek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Instrukzio-organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, adierazita ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ezesteko arrazoiak. Laguntza ematen bada, esleituriko zenbatekoa azalduko da.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Erakundeek, halaber, egoki jotzen dituzten bitartekoen bidez eginen dute publizitatea.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11. Dirulaguntzaren ordainketa.

Laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira, deialdia ebatzi ondoren eta egiaztatu ondoren gailuak erosi direla; horretarako, gailu bakoitzari dagozkion faktura eta ordainagiria helaraziko dira.

Dirulaguntza ordaintzeko, beharrezkoa izanen da kasu guztietan irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzea, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 12. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

12. Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntza justifikatzeko, 2021eko abuztuaren 1etik deialdi honen mugaegunera arte erositako ekipamendu eta/edo programa informatikoen eta telefonikoen fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

II. ERANSKINA

Erosi behar diren ekipamendu informatiko eta telefonikoek izan behar dituzten ezaugarriak

Mahai gaineko ordenagailuak.

Prozesadorea

Gutxieneko ezaugarriak

Bi nukleo, azken belaunaldikoa, bateragarria x86 arkitekturarekin

Memoria

Modulu kopurua eta edukiera

8 GB-eko modulu 1

Handitzeko aukera

16 GB bitarte

Slot libreak (derrigorrezkoa)

1

Barne memoria

Egoera solidoko unitatea SSD

1

Tamaina

2,5’’

Interfazea

SATA

Edukiera

240~256 GB

Kontroladore grafikoa

Mota

HD txartel grafikoa integratuta

Memoria

Konfiguragarria (1 GB arte gutxienez)

Euskarriaren bereizmena

1920x1080 edo gehiago

Monitorea

Mota

LED monitorea

Tamaina (hazbeteak)

19

Jatorrizko bereizmena

1920x1080 Full HD

Sare-moldagailua

Mota eta abiadura

Ethernet GB integratua

Audioa

Bozgorailuak

Integratuak

Teklatua

Ezaugarriak

102 teklako teklatu hedatua

Konexioa

USB

Sagua

Ezaugarriak

Sagu optikoa, bi botoiduna eta gurpilduna

Konexioa

USB

Web-kamera

Ezaugarriak

Gutxieneko bereizmena: 640*480 pixel

Mikrofonodun entzungailuak

Ezaugarriak

Mikrofonodun entzungailuak

USB atakak

Ezaugarriak

Gutxienez ere 3.0 USB bat; guztira, 4 USB

Lizentzia

Sistema eragilea:

W10

Ordenagailu eramangarria.

Prozesadorea

Gutxieneko ezaugarriak

Bi nukleo, azken belaunaldikoa, bateragarria x86 arkitekturarekin

Memoria

Modulu kopurua eta edukiera

8 GB-eko modulu 1

Slot libreak

1

Barne memoria

Egoera solidoko unitatea SSD

1

Tamaina

2,5’’

Interfazea

SATA

Edukiera

240~256 GB

Pantaila

Mota

LED

Kontroladore grafikoa

Mota

HD txartel grafikoa integratuta

Memoria

Konfiguragarria (1 GB arte gutxienez)

Euskarriaren bereizmena

HD

Sare-moldagailua

Mota eta abiadura

Ethernet GB integratua

Hari gabeko konexioak

Bluetooth 2.0

Integratua

Wireless 802.11

Integratua

Audioa

Bozgorailuak

Integratuak

Web-kamerak

WebCam

Integratua

Teklatua integratua

Ezaugarriak

Integratua

Sagua integratua

Ezaugarriak

Adierazi (Trackpoint, Touchpad, eta abar)

Kanpoko sagua

Ezaugarriak

Tamaina txikiko sagu optikoa, bi botoiduna eta gurpilduna. USB konexioa

Kanpoko I/O atakak

USB atakak

Gutxienez ere 3.0 USB bat; guztira, 3 USB

Audioa mikrofonoa/entzungailuak

1

Ethernet RJ45

1

Bateria

Gutxieneko iraupena jardunean

8 ordu

Pisua

Gehieneko pisua

2,3 kg, bateria barne

Lizentzia

Sistema eragilea:

Windows 10

Inprimagailua: koloretakoa, laserra edo funtzio anitzekoa.

Inprimagailua edo funtzio anitzekoa

TINTA-INJEKZIOZKO TEKNOLOGIA edo LASER TEKNOLOGIA

Konexioak

2.0 USB ataka

Gutxieneko memoria

16 MB

A4 papera automatikoki sartzeko erretiluak

Gutxieneko edukiera: 25 orri

A4 papera sartzeko erretiluak handitzeko aukerak.

Edukiera: 250 orri

Tinta-kartutxoak

4 (kolore bakoitzeko bat) tinta-zurrustazko inprimagailuetarako

A4, A5, A6 tamainako paperak, gutun-azalak eta gutuna

Paper motak

Arrunta, gardenkiak, kartoi mehea, gutun-azalak eta etiketak

Euskarria

WINDOWS 10

Tableta.

64 biteko prozesadorea, gutxieneko nukleo kopurua

4

Gutxieneko memoria

2 GB

Gutxieneko barne memoria

32 GB

Pantailaren tamaina (gutxienekoa)

8”

Konektagarritasuna

Wifi, bluetooth

Gutxieneko bereizmena

HD

Sistema eragilea

Android, IOS, Windows

Smartphone-a.

64 biteko prozesadorea, gutxieneko nukleo kopurua

4

Gutxieneko memoria

4 GB

Gutxieneko barne memoria

32 GB

Konektagarritasuna

Wifi, bluetooth

Pantailaren tamaina (gutxienekoa)

5”

Gutxieneko bereizmena

HD

Iragarkiaren kodea: F2113775