225. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

344/2021 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.

Arte Ikasketen Atalak 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onesteko txostena aurkeztu du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak, ikasketak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibide horiek eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte Ikasketen Atalera, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegora eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2021-2022 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Aurretiazko kontsiderazioak.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko araudi berariazko bat, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitua, garatu bitartean, gobernu eta koordinazio organoek gaur egun indarra duten izen berberak izanen dituzte.

I.–Kontserbatorioaren urteko programazio orokorra

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorio Profesionalak, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, Kontserbatorioaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (LOE) ezartzen duenari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

B.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

C.–LOEn araututako goi mailako musikako arte irakaskuntzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak kasuan kasuko ikasketa planetarako.

D.–Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

F.–Memoria administratiboa.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

H.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

I.–Kontingentzia Plana.

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

2021-2022 ikasturtean zehar, 2020-2022 aldirako bi urteko hobekuntza planaren bigarren urtea gauzatuko da.

Kontuan hartuko dira aurreko ikasturtearen bukaeran zuzendaritzak-koordinazio pedagogikorako batzordeak eta departamentuek egindako Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzen azterketatik eta barne emaitzen azterketatik ateratako hobekuntza proposamenak, ikastetxearen bi urteko hobekuntza plana berrikusteko helburuarekin.

B.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Kontserbatorioaren ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, Kontserbatorioaren ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Kontserbatorioa zein ordutan egonen den irekita hezkuntza-komunitatearentzat.

b) Ikasleen eskola ordutegia.

c) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu banaketa.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 15a baino lehen, Kontserbatorioak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxearen ordutegi orokorra prestatzeko orduan, klaustroak adierazitakoaz eta Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarritako jarraibideez gain, honako irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:00ak arte. Larunbatetan 09:00etatik 14:00ak arte.

–Larunbatak ikasteko eskola-egunak izanen dira Kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak sistema bat ezarriko du, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko.

–Bulegoko buruak, zuzendaritza taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan dituzten lehentasunak ezin dira inoiz izan ikasleen beharren kontrakoak edo klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak.

C.–Irakaskuntza jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, Kontserbatorioaren irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, kontuan hartuko da zer irizpide erabili den ordutegiak prestatzeko, eta, gutxienez, honako hauek bilduko dira: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, diziplinarteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktikoen programazioak.

D.–Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana.

Irakasleentzako prestakuntza instituzionalaren eta indibidualaren barruko ikastaroak zehaztuko dira, honako alderdi hauei jarraikiz:

a) Prestakuntza instituzionala: ikastetxeko zuzendaritza taldeak prestakuntza instituzionalaren planaren edukia finkatuko du, honako hauek zehaztuta: prestakuntza ekintzak, helburuak, hura egiteko tokia, egutegia, haren iraupena (ordu kopurua) eta ebaluatzeko adierazleak. Plana prestatuko da kontuan harturik zein diren ikasturterako prestakuntza beharrak, epe laburrekoak zein epe ertainera begirakoak. Behar horiek zehaztuko dira aztertu ondotik ikastetxeak Departamentuko zer planetan, proiektutan eta eraldaketa orokorrerako programetan parte hartzen duen, horietan izan dituen emaitzak eta horietan proposatu diren jarduketa lerroak.

b) Prestakuntza indibiduala: irakasleek beraiek ezartzen dutena. Ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, eta zuzendaritza taldeak gainbegiratuko du zenbateraino bete den, ikasturte bukaerako memorian.

Ikasturtean zehar, prestakuntzaren, instituzionalaren zein banakakoaren, jarraipena eginen da, eta ikasturte bukaerako memorian baloratuko da.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken finean, irakasleen lanbidea garatuz Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea baita helburua.

Ildo horretan, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Zuzendaritza taldeari dagokio finkatzea eta antolatzea programa horren edukia eta ikasturtean zehar nola banatzen den, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa prestatzeko orduan, kontuan hartuko dira bai ikastetxea hobetzeko urteko planaren helburuak, bai Hezkuntza Departamentuak prestakuntza arloan ezarritako lehentasunei buruzko jarraibideak. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Izan ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

Prestakuntza instituzionalerako 35 orduez gain, irakasleek, borondatez, banakako prestakuntzarako eskubidea baliatzen jarraitzen ahalko dute.

Ikasketa burutzak koordinatuko du prestakuntza plana.

Edonola ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Kontserbatorioak programatzen dituen jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek irakaslana osatu edo garatzeko asmoa izanen dute.

F.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du eta bertan, besteak beste, Kontserbatorioa antolatzeko dokumentua sartuko da.

Kontserbatorioa antolatzeko dokumentua betetzeko erabiliko dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Kontserbatorioari bidaltzen dizkion inprimakiak. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuan honako hauek biltzen dira:

a) Bere ezaugarriak.

b) Hezkuntzako helburuak.

c) Antolaketa orokorra.

d) Ezarritako helburuak errazago lortzeko erakunde publiko eta pribatuekin aurreikusi diren harremanak.

Zuzendaritza taldeak eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak, irailean, jarduketa plana eginen dute, eta Kontserbatorioko organo guztiek hori bete beharko dute 2021-2022 ikasturtean, era koordinatuan prestatu edota berrikusteko musikako goi mailako ikasketen proiektua eta curriculum proiektua.

Plan horretan, gutxienez honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Kontserbatorioko hezkuntza programa garatzeko ikasturtean zehar egin beharreko lanak zehaztea.

–Zeregin eta lan horiei ekiteko antolaketa-neurriak aurreikustea.

–Jarduketa horiek denboran antolatzea eta horietako bakoitzean erantzukizuna norena den zehaztea.

–Eskaintzen diren espezialitateen programazio didaktikoak prestatzea eta berrikustea.

–Jarduketa plana ebaluatzeko irizpideak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Kontserbatorioak egiten duen jarduketa planaren proposamena berrikusiko du, indarrean dagoen araudian ezarri denari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du eta era egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

Zuzendaritza taldeak prestatu eta berrikusiko du Kontserbatorioaren hezkuntza proiektua. Horretarako, kontuan izanen ditu irakasleen klaustroak egindako proposamenak. Onetsi ondoren, jendaurrean jarriko da.

H.–Curriculum proiektua.

Kontserbatorioak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu musikako goi mailako irakaskuntzak. Agiri horietan, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 22ko 34/2014 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez musikako goi mailako arte irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko).

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza-behar profesionalei erantzun nahi die, betiere Kontserbatorioaren beraren errealitatetik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Musikako goi mailako ikasketen gaitasunak Kontserbatorioaren eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

2.–Hezkuntza Departamentuak baimendutako aukerako irakasgaien eskaintza, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 22ko 34/2014 Foru Aginduan xedatuarekin bat.

3.–Tutoretza planaren ezarpena.

4.–Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

5.–Kontserbatorioaren ikerketa programak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestaketa-lana koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa-plana, hezkuntza-proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta departamentuei dagokie horiek prestatzea.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaskuntza jarduera. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko programazio bateratuan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

LOEren ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza berrietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera modu objektiboan har daitezkeen eta neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpideak eta prozedurak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak, baliabide didaktikoak eta errepertorioa.

g) Beste departamentuekin batera antolatuko diren jardueren programazioa, espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago ukitzen diren kasuetan, esate baterako, Ganbera Musika.

h) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak.

Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, hezkuntza-komunitateko kide guztiek horren berri izanen dutela bermatzeko.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Kontserbatorioko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

6.–Urteko programazio orokorra prestatzea, onestea eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra prestatzeko, haren jarraipena egiteko eta hura ebaluatzeko orientazio gida eskuragarri egonen da Educa kudeaketa sisteman.

Urteko programazio orokorra, ahal dela, telematika bidez prestatuko da, eta Educa aplikazioan idatzi eta argitaratuko.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du urteko programazio orokorra, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Zuzendariak urteko programazio orokorra onetsiko du, irakasleen klaustroak txostena egin ondoren. Errespetatuko dira, betiere, klaustroaren eskumeneko irakaskuntza alderdiak. Programazio hori ikastetxeko erreferentziako ikuskatzaileari igorriko zaio, ahal dela telematika bidez, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan, dagozkien adostasun agiriak soilik sartuko dira; ez dira sartuko, beraz, irakasgaien programazio didaktiko osoak. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, ikastetxeko ikasleen eta irakasleen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, urteko programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko du ikastetxeko zuzendaritza taldeak. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura telematika bidez Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, uztailaren 10a baino lehen.

I.–Kontingentzia Plana.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak hezkuntza jarduera antolatzeko eta prebentziorako kontingentzia plana eguneratuko du, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien garatzen dela bermatzeko.

Plan horrek bete beharko ditu Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran ezarriko dituen berariazko jarraibideak.

Nolanahi ere, planak atal hauek izanen ditu:

a) Sarrera.

b) Aurreikusitako aukerak.

Eskola jarduera presentzialerako balizko aukerak. Egoera batetik beste batera igaroz gero zer neurri hartzea aurreikusten den; neurriok malgutasunez ezarriko dira, agintaritzek xedatzen dutenaren arabera, era murriztaileagoan edo malguagoan.

c) Sektore blokeagarriak eta bizikidetza talde egonkorrak.

Guneak zonakatzea (blokea daitezkeenak eta ezin blokea daitezkeenak) eta pertsonen fluxuak mugatzea.

d) Segurtasun eta higiene neurriak.

aireztapena, maskarak erabiltzea, eskuen higienea (ura eta xaboia edo gel hidroalkoholikoa), garbiketa eta desinfekzioa...

e) Antolaketa neurri orokorrak.

Sarrerak eta irteerak; eraikinaren barruko joan-etorriak; gelen erabilera; komunen erabilera eta abar.

f) Jarduera eta zerbitzu osagarrien antolaketa arauak.

Jarduera osagarriak.

g) Pertsonen kudeaketa.

Ikastetxeko langileak; ikastetxekoak ez diren langileak...

h) Protokoloa COVID-19aren sintomak izanez gero.

i) Irakasle eta ikasle zaurgarriak.

j) Ikastetxeko COVID-19 arduraduna.

Ikastetxeko zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2021-2022 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

Ikastetxeko zuzendaritzak zenbait bilera ezarriko ditu ikasturte hasieran kontingentzia planaren berri emateko. Arreta berezia emanen zaie ikasleei eta, kasua bada, familiei eman beharko zaien informazioari buruzko bilerei.

II.–Kontserbatorioaren funtzionamendua

1.–Alderdi orokorrak.

Kapitulu honetan aipatzen diren organo guztien zeregina da eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea, bidera daitezen, modu eraginkorrean bideratu ere, Kontserbatorioaren hezkuntza helburuak lortzera.

2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.

Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak honako gobernu organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:

a) Gobernu organoak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

b) Kide anitzeko organoak: Kontserbatorioko eskola kontseilua eta irakasleen klaustroa.

Gobernu organoen eta kide anitzeko organoen ardura da Kontserbatorioko jarduerak Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin bat egiten direla begiratzea, hezkuntzaren helburuak lortu eta hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.

Gobernu organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, betetzen direla ikasleei, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei aitorturiko eskubideak, eta zainduko dute dagozkien betebeharrak betetzen direla. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.

2.1. Zuzendaritza taldea.

Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza taldea: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

A.–Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.

Zuzendaritza taldearen eginkizunak, eta kide bakarreko kargu bakoitzaren eskumenak, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa. Zuzendariaren kasuan, eskumenak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.

2.2. Kide anitzeko organoak.

2.2.1. Eskola kontseilua.

Hezkuntza komunitateak eskola kontseiluaren bidez hartuko du parte Kontserbatorioaren kontrolean eta kudeaketan. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreetatik ikasleek eta irakasleek baizik ez dute izanen ordezkaritza eskola kontseiluan.

Hutsik gelditzen diren postuak eskola kontseiluen urteroko deialdien bidez berrituko dira.

Eskola kontseiluaren eskumenak honako hauetan daude ezarrita: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. apartatuan eta Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan, betiere 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoari aurka egiten ez badio.

2.2.2. Irakasleen klaustroa.

A.–Alderdi orokorrak.

Klaustroa arduratuko da, irakasleek Kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa den aldetik, Kontserbatorioko irakaskuntza jardueraren alderdi guztiak planifikatzeaz, koordinatzeaz, haren gaineko erabakiak hartzeaz eta, hala behar denean, txostenak egiteaz.

Klaustroa osatuko dute ikastetxean irakaskuntza zerbitzuak ematen dituzten irakasle guztiek, eta zuzendaria izanen da haren burua.

B.–Klaustroaren eskumenak.

Hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Zuzendaritza taldeari eta eskola kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.

b) Curriculumaren zehaztapena onestea eta ebaluatzea eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntzako alderdi guztiak.

c) Orientatzeari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

e) Eskola kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea eta zuzendariaren hautaketa prozesuan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.

f) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera eta ebaluazioen emaitzak (ikastetxeak parte hartzen duen barneko zein kanpoko ebaluazioen emaitzak).

h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta zer zehapen ezarri diren jakitea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezen begiratzea.

j) Ikastetxean bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntzako Administrazioak edo kasuan kasuko antolaketa eta funtzionamendu arauek ematen dizkioten gainerako guztiak.

l) Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badiete.

3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak Kontserbatorioan: koordinazio didaktikoko departamentuak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.

Organo horien zeregina eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, Kontserbatorioaren helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.

A.–Alderdi orokorrak.

Departamentu didaktikoak irakasleak Kontserbatorioko bizitzan integratzeko bidea ematen duten lantaldeak dira, eta haien ardura da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien irakaskuntzak antolatu eta garatzea, bai eta dagozkien eskumenen esparruan agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.

Irakasleek irakaslanaren antolaketan parte hartzeko daukaten ohiko bidea dira departamentu horiek, eta, halaber, haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako etengabeko baliabidea. Kideen aldizkako bilera sistemaren bidez jarduten dute.

Departamentu bakoitzaren zuzendaritza eta erantzukizuna departamentuburuari dagozkio, eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.

B.–Departamentu didaktikoen osaera.

Kontserbatorioan departamentu didaktiko hauek izanen dira:

–Kantua eta Taldeak.

–Konposizioa.

–Harizko Instrumentuak.

–Haizezko eta Perkusiozko Instrumentuak.

–Teklazko Instrumentuak.

–Jazzeko Instrumentuak.

–Jazzeko Konposizioa eta Taldeak.

–Musikologia

–Pedagogia.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalean ere eskolak ematen dituzten irakasleak, horren ondorioz, kontserbatorio horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Horrelakoetan, irakasleek bi kontserbatorioetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.

C.–Departamentuen eginkizunak.

Honako hauek dira departamentu didaktikoen eginkizunak:

1. Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai edota espezialitateen irakaskuntzak garatuta.

2. Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoa egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.

Departamentu guztiek indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte beren programazioak.

3. Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, haien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.

4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.

5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

7. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari proposamenak egitea Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren araberako ikasketa planen hezkuntza garapenari buruz.

8. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari ikastetxean onartu, sartu edo mailakatzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.

9. Jarduera osagarriak eta ikasketez kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bat etorriz bidezko organoek ezartzen dituzten irizpideekin eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkezten dizkion proposamenekin.

10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, ikasketaburuarekin koordinatuta.

11. Liburutegiaren Ekintza Planaren diseinuan eta garapenean parte hartzea, eta aktiboki laguntzea zerbitzu horrek jardun ahal izateko zehazten diren lanetan.

12. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.

13. Departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

14. Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

Ikasturte bukaerako memoriak atal hauek izanen ditu:

a) Emaitzen balorazioa.

–Kalifikazioen estatistika.

–Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak adierazita.

b) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioaren garapena.

–Eskumenen, edukien eta egindako jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere. Azalduko da zein izan daitezkeen agertutako desbideraketen zergatiak, baldin horrelakorik badago, egoki diren zuzenketak ezarriko dira eta hurrengo ikasturterako hobekuntzak proposatuko.

–Baldin eta programazio berezirik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietako bakoitzerako, eta konparazio azterketa bat egin.

–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.

–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak, eta abar.

c) Kontserbatorioko curriculum proiektuak prestatu, berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.

15. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.

16. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun hori aurrera eramateko, departamentuak, besteak beste, irizpide hauei begiratuko die: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien aberastasuna, errealitatearekin izandako harremana eta ikaskuntza prozesuaren esperientzien antolaketa.

17. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.

D.–Departamentu didaktikoen bilerak.

Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.

Irakasleak behartuak daude partaide diren departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joatera.

Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.

Eskola garaian, gutxienez ordu bat erreserbatuko da astean departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen ikastetxeko ordutegiaren barruan; ordu hori ikastetxeko eskola ordutegiaren barruan agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.

Bilera horietako bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko erabiliko da, eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plangintzaren eta lorpenen analisia egiteko eta hurrengo ikasturterako behar diren zuzenketak aztertzeko; gainera, ikasturte bukaerako memoria idatzi, eta Kontserbatorioko zuzendaritzari emanen diote, ekainaren 30a baino lehen, urteko programazio orokorrari buruzko memorian txertatu, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igor dezan uztailaren 10a baino lehen.

Departamentu didaktikoen bilkura guztien akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Akta liburuaz gainera, departamentuek inbentarioaren liburua ere eguneratu beharko dute, non material inbentariagarri guztia agertuko den.

Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gorde beharko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.

E.–Departamentuburuaren izendapena eta eginkizunak.

Departamentu didaktikoetan elkarlanean jarduten da, talde lanean, kide guztiek lagundu eta parte hartzen baitute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta haren esku egonen da departamentuaren ardura; hura izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.

Kontserbatorioko zuzendariari dagokio departamentuburuak izendatzea. Irailean izendatuko ditu, eta karguak ikasturte bat iraunen du.

Zuzendariak buru bat izendatuko du departamentuko kideen artetik, haiei entzunaldia eman ondoren. Honako irakasle hauek lehenetsiko dira: departamentuko espezialitateetakoak izanik, Musika eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegokoak direnak eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenak. Katedradunik ez badago, zuzendariak Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasle bat izendatuko du. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.

Departamentuburuak departamentuaren jardunaren ardura du, eta eginkizun hauek:

a) Departamentuko lana zuzentzea, oro har.

b) Bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akta liburuan jasoko da nahitaez.

c) Akta liburua zaintzea eta inbentarioaren liburua eguneratzen dela bermatzea.

d) Curriculum proiektuak prestatu beharraren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, baita departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar dituen ekarpenetan ere, eta, orobat, honako hauek erredaktatzea: departamentuan biltzen diren irakasgaien programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta kasuan-kasuan egin beharreko curriculum egokitzapenak.

e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.

f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

g) Ikasketaburutzarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntza jardueren plangintzan.

h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordetzea.

j) Departamentuan aurkitzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta ongi mantentzen direla begiratzea.

l) Departamentuak berariazko material eta ekipamendua eskuratzeari buruz egiten dituen proposamenak bideratzea.

m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.

n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikaren aldetik eguneratzeko.

ñ) Departamentuak ikasturterako izanen duen lanerako plana egitea eta aurkeztea.

Lan plangintza hori, curriculuma osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien adostasun dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari erantsiko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

Lanerako planak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan, bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren jarraipena eginen dute, etenik gabe. Horretarako, departamentuko kide guztiekin bilduko dira, astean behin, horretarako duten bi orduko tartean, eta bilera horien aktak idatziko dituzte.

3.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

A.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eratzea.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendaria, batzordeko burua izanen baita, ikasketaburua eta departamentuburuak.

Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artetik hautatuta.

B.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Curriculum proiektuaren prestaketa zuzendu eta koordinatzea, bai eta egiten ahal zaizkion aldaketak ere, eta hura idazteaz arduratzea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua prestatzeko jarraibide orokorrak ezartzea, departamentu didaktikoek gero garatuko dituztenak. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia bermatzea.

d) Klaustroari curriculum proiektua eta haren aldaketak aurkeztea, ebaluatu eta onetsi ditzan.

e) Curriculum proiektua Kontserbatorioko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta haren ebaluazioa egiten den ere.

f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburutzarekin bat.

g) Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

h) Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum proiektua, hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren irakaskuntza alderdiak, errendimendu akademikoaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

i) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.

j) Ezarritako espezialitateetan dauden aukerako irakasgaien eskaintza koordinatzea.

k) Kontserbatorioko liburutegiaren funtzionamendua egokia izan dadin laguntzea, Kontserbatorioak berak ezartzen dituen baldintzetan, eta dagokion Ekintza Planaren garapena sustatzea.

l) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena eskola kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturte bukaerako memorian txertatuko da.

3.3. Tutoreak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko tutoreak izendatzeko bete eginen da LOEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoa.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioen etengabeko jarraipena egitea.

4. Beste eginkizun batzuk.

4.1. Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du, eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan. Plana urteko programazio orokorrean sartuko da, “Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa” atalean. Lan plan horretan, ikastetxeko orkestrak ikastetxearen ordezkari gisa urtean eskainiko dituen emanaldi batzuk jaso beharko dira. Emanaldi horiek zuzendaritza taldeak eskatuta edo Hezkuntza Departamentuak eskatuta eginen dira. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria prestatu beharko du, ikastetxearen ikasturte bukaerako memorian sartu beharko dena.

Orkestraren arduraduna espezialitateko irakasle bat izanen da, eta hura izendatzeko, eranskin honen IV. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez gero.

Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren proba saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilera hori irakasgaien helburu didaktikoetarako bideratuko dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.

4.2. Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta gainbegiratzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea. Laguntza emanen die bai zuzendaritza taldeari, ikastetxearen aldaketa digitala gauza dezan, bai irakasleei, teknologia berriak aplika ditzaten musika irakastean, baita garapen eta sustapen artistikoaren arduradunari ere, optimizatu ditzan ikastetxeak edukiak sortu eta hedatzeko dituen baliabide teknologikoak.

4.3. Mugikortasun programen arduraduna (Erasmus +).

Mugikortasun Programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Eskolako ikasle eta irakasleek aurreikusiak edo eginak dituzten joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.4. Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxeko jarduera artistikoak eta osagarriak programatu, antolatu eta garatzea.

b) Klaustroarekin eta departamentu didaktikoekin koordinatzea proposatzen diren jarduera eta kontzertuak programatzeko.

c) Ikastetxeko baliabide materialak ezarri eta banatzea, ikuskizunak ongi atera daitezen, guneei, instrumentuei, ikus-entzunezko materialari eta abarrei dagokienez.

d) Hezkuntza komunitateari jakitera ematea ikastetxearen barruan eta kanpoan egiten diren jarduera guztiak.

e) Kontserbatorioaren jarduera artistikoa eta kulturala aditzera ematea Iruñeko, Nafarroako eta beste erkidego batzuetako biztanleei.

f) Irakasleek eta ikasleek proposatzen dituzten ekimenak sustatzea eta bultzatzea, baita kanpoko erakundeetatik datozenak ere.

g) Kontserbatorioan eta beste toki batzuetan egiten diren ikuskizunen publizitatea egitea ikastetxeko webgunean, sare sozialen bidez eta hedabide batzuen bitartez.

h) Ikasturtearen bukaeran, memoria zehaztu bat egitea egindako jarduera guztiei buruz.

5.–Zaintza.

Kontuan izanik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleak adinez nagusiak direla, zaintza kontzeptua lotzen da Kontserbatorioak bere gain hartzen duen ardura honekin: zenbait espazio egon daitezen bermatzea, zeinetan, hala nahi duten ikasleek, beren ikaskuntzaren berezko eginkizunak gauzatu ahal izanen dituzten.

Kontserbatorioak izanen du, baita, haren ordezkari den aldetik, zuzendaritzak ere, eskola orduetan gerta daitekeen edozer gorabeheraren ardura. Horrela, bada, bermatu beharko du giza baliabideak antolaturik izanen direla, gerta litekeen edozein egoerari aurre egiteko.

III.–Irakaskuntzen ordu banaketa

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena egokituko zaizkio indarra duen araudian ezarri denari.

2.–”Irakasle Praktikak” irakasgaiaren antolaketa.

Irakasgaiaren arduraduna den irakasleak programa koordinatu beharko du ikasleek praktikak egiteko hautatzen diren musika ikastetxeekin eta ikastetxe horietan tutore lanak eginen dituzten irakasleekin. Gainera, programaren ardura duen irakasleak jarraipena egin beharko du praktikak egiten diren bitartean. Ikasturtean zehar, irakasleak, gutxienez, ordubeteko hamabost saio eginen ditu ikasle talde bakoitzarekin, praktikak prestatzeko, jarraipena egiteko eta praktikei buruzko memoria prestatzeko. Gainerako denbora ikastetxeekin koordinatzeko lanetan, praktiken jarraipenean eta ikasleei arreta ematen erabiliko du. Azkenik, irakasle arduradunak ikasleen ebaluazioa eta kalifikazioa egin beharko ditu. Horretarako kontuan hartuko ditu praktikak egin diren ikastetxeko tutorearen balorazioa, kurtsoaren nondik norakoak eta ikasle bakoitzak aurkeztu beharko duen memoria.

Irakasgai hau duten ikasleek programari jarraitu beharko diote, irakasle arduradunarekin egin beharreko saioei, esleitzen zaien ikastetxean praktikak egiteari eta memoria prestatu eta aurkezteari dagokienez. Ikasleek kurtso bakoitzeko gutxienez hogeita hamar ordu emanen dituzte esleitzen zaien ikastetxean, irakaslana behatzen eta hartan parte hartzen.

Praktikak musika ikastetxeetan eginen dira; ahal dela, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean.

IV.–Irakasleak

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan, irakasleek astean 25 orduko lanaldi presentziala eginen dute ikastetxean, gutxienez ere lau egunetan banatuak. Irakasleek lanegun horietarako ordutegi proposamen indibidual bakarra aurkeztu beharko diote ikasketaburuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dena.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean Kontserbatorioko jardueretan. Denbora hori eskola orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrekoak ez direnak, irakaskuntza jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta hautapen probetako epaimahai eta batzordeetan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola orduak.

Oro har, ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola ordutzat.

Astean egin beharreko eskola orduen kopurua Hezkuntza Departamentuak ezarritako araudi indardunean finkatutakoa izanen da.

Eskola orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere eskola ordutegitik gehienez ere 38 eskola ordu erabiliko ditu karguari dagozkion eginkizunetan, bere irizpidearen arabera banatuta.

Dena dela, puntu honetan xedatutakoa egokitu beharko da, bete dadin ikastetxeetako zuzendaritza taldeen funtzionamendurako antolaketa neurriak aplikatzeari buruz araudi indardunean ezarritakoa.

b) Kontserbatorioko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak bere eskola ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 3 ordu osagarri, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

c) Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia Berrien arduradunak astean 4 eskola ordu izanen ditu eginkizun horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 4 ordu osagarri, gehienez.

Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

d) Mugikortasun programen arduraduna.

Kontserbatorioko mugikortasun programen arduradunak bere eskola ordutegitik astero 3 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

e) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak astean 3 eskola ordu izanen ditu eginkizun horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 3 ordu osagarri, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

f) Instrumentalak ez diren bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Instrumentalak ez diren irakasgaien irakasleen kasuan, bostetik zazpira bitarte irakasgai ematen dituztenei ordubeteko murrizketa eginen zaie beren eskola ordutegian; zortzi edo bederatzi irakasgai ematen dituztenei bi ordu murriztuko zaie eskola ordutegia; eta hamar ordu edo gehiago ematen dituztenei hiru orduko murrizketa eginen zaie eskola ordutegian. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

g) Murrizketa adinaren arabera.

Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko dira.

h) Departamentuko burutza.

Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait eskola ordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.

i) Ikerketa.

Ikerketa proiektu bat esleiturik duten irakasleek 3 eskola ordu izanen dituzte horretan erabiltzeko.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak baturik, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko. Ordutegia egiten denean, zainduko da ikasleek aukera izan dezaten tutorearekin biltzeko, Horretarako, ahaleginak eginen dira tutoreak ikasleei arreta emateko finkatzen dituen orduetako bat izan dadin ikasleek libre dituzten orduetan.

c) Astean ordu bat irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

d) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c) eta d) ataletan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Orkestrako, abesbatzako, bandako eta big bandeko arduradunei laguntzeko orduak.

b) Liburutegian, ikastetxeko aldizkarian eta webgunearen, Facebooken eta blogaren mantentze-lanetan laguntzeko orduak.

c) Irakasle taldeek Kontserbatorioak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

d) Zaintza orduak.

Behin bermaturik edozein gorabehera gertatuta ere arreta emanen dela eskola orduetan, irakasleek ikasketaburuari aurkeztu ahal izanen diote, irailean, zaintzetako orduak erabiltzeko proposamena. Zuzendaritzak berariaz onetsi beharko du, eta ikastetxeko ikuskatzaileari txostena igorri beharko zaio.

e) Beste batzuk. Irakasleek beren lanorduak erabiltzeko proposamena aurkezten ahalko dute irailean. Dagokion departamentu didaktikoak proposamen hori onetsi beharko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera, eta, horrez gain, ikastetxeko zuzendaritzak ikus-onetsi beharko du. Jarduera amaitutakoan, irakasleak memoria bat aurkeztuko dio bere departamentuburuari.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak. Era berean, lan eginen dute Hezkuntza Departamentuak ezar litzakeen lan-planetan, hezkuntzaren arloko proposamenak urratsez urrats egokitzeko ikasketa plan berrietara. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte har dezaten.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

Jarduera jakin batzuk egiteko, astean tarte komun bat gordeko da ordutegian, eta irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta, oro har, Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, Kontserbatorioaren beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.

Ordutegiak prestatzean kontuan hartuko da “Pablo Sarasate” Kontserbatorio Profesionalean ere irakasten duten irakasleen egoera, bi kontserbatorioetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.

Irakaslana, lehenbizi, espezialitate bakoitzeko katedradunen artean banatuko da. Irakaslan hori oso-osorik ezin badute bete, atal honetan aipatutako kategoriak ere sartuko dira sisteman, ezarritako ordenaren eta beharren arabera.

Antolaketak horretarako aukera emanez gero, irakaslana beteko duten katedradun, irakasle eta profesional espezialisten multzoa zehaztu ondoren, taldeak eta ikasleak hautatzeari ekinen zaio. Hautapen horretan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honako prozedura hau erabiliko da:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Zentroko zuzendaritzak departamentu bakoitzari dagozkion ordu kopuruak esleituko ditu; lehenbizi, espezialitate bakoitzeko katedradunen orduak beteko ditu. Irakaslan guztia horrela betetzerik ez badago, departamentuko gainerako orduak irakasle eta profesional espezialistei esleituko zaizkie.

–Lehentasun ordena:

Ikasleak edo ikasle taldeak hautatzeko orduan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honako prozedura hau erabiliko da:

Lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute. Aktaren kopia bat ikasketaburutzari emanen zaio.

Goian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko lehentasun-ordena honako hau izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, kasuan kasuko espezialitateko titularrak.

2. Beste espezialitate batzuetako Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, irakatsi nahi duten espezialitateko titulazioa dutenak.

3. Zerbitzu eginkizunetan dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak.

4. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak, instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta/edo musikako hizkuntza eta teknikak irakasten dutenak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Aldi baterako irakasle kontratudunak eta profesional espezialistak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko lau atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Kontserbatorioan antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan edo Administrazioan lehenik sartu izana, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

6. apartatuan, lehentasuna ezarriko da irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kide guztien eskola orduak eta derrigorrez Kontserbatorioan egin behar dituzten gainerakoak bat datozela jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta ematen zaien eta ba ote dagoen ordu guztiak bete gabe dituen irakaslerik.

Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, kontuan hartuta irakasleen klaustroak ordutegiak prestatzeko ezarri dituen irizpide pedagogikoak, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.

Irakasleen eskola ordutegia astean lau egunetan gutxienez banatuko da, lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere den, egunean 6 eskola ordu izanen dituzte gehienez.

Bestalde, Kontserbatorioko irakasle guztiek ikastetxean egon beharreko orduetatik bi gutxienez gorde beharko dituzte klaustroaren bileretan, ebaluazio saioetan, ikasleen bileretan eta Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako programatzen diren bestelako jardueretan parte hartzeko, eta ordu horiek berberak izanen dira irakasle guztientzat, batera egon daitezen.

Ordutegi orokorraren barnean, Kontserbatorioak ezartzen duen ordu tarte egokienean –egunero 4 ordu gutxienez, astelehenetik ostiralera– zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, zuzendaritzak erabakiko du irakasleak hutsik duen denbora nola erabili:

–Beste ikasle batzuei arreta emateko: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sendotzeko eta abar.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste batzuk.

Instrumentuen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da kendu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.

Zuzendariak onetsiko du Kontserbatorioko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Ikastetxearen egoera agertzen duen informazioak iragarki-taulako toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta sarbide guztietan egon beharko du denbora guztian. Informazio horretan, bereziki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, zehazki, bakoitzaren eskola orduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza Kontserbatorioan zein ordutan egonen den adieraziko da.

Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten “Pablo Sarasate” Musikako Kontserbatorio Profesionaleko irakasleek eta, orobat, “Pablo Sarasate” Musikako Kontserbatorio Profesionalean eskolak emanez ordutegia bete behar duten Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoetarako ezarritako lehenespen prozesuetan parte hartu beharko dute.

4.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.

Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak betetzeko modua arautu zen), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.

Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren Musikako eta Dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, Instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta Musikako hizkuntza eta teknikak jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.

5.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak Kontserbatorioan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean lan araubideko kontratudunak.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera joaten ez denean, ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolean Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja luzatzeko agiriak zehaztutako maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barnean daudenen kasuan; eta Mufaceren barnean daudenetan, hamabostean edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak hala adieraziz gero. Alta agiri medikorik egonez gero, igortzen denetik gehienez ere 24 orduko epean jakinaraziko da.

Hezkuntza Departamentura jatorrizko parteak bidaltzeko, ohiko posta zerbitzua erabili ahal izanen da edo aurrez aurre aurkeztu ahal izanen dira, Nafarroako Gobernuko Erregistro Ofizialetako bulegoetan edo Erregistro Orokor Elektronikoan.

Nominetan ondorioak dituzten ordezkapenen, kotizazioen eta gainerako elementuen epeak betetzeko, komunikaziorako bitarteko onena Erregistro Orokor Elektronikoa da, posible den guztietan, betiere.

Agiriak bidaltzearen gaineko gorabeheren berri emateko, aukera osagarri gisa, mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera egonen da, helbide honetara: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, lantokian kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ahalik eta azkarren, bertan zehaztasunez jakin dezaten langilea zein egunetan faltako den, bajaren garapena edota bukaera, eta, halaber, ordezkapena eskatu ahal izateko. Ikastetxeekin komunikatzeko bitartekoak bertan zehaztuko dira, zuzendaritza talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.

Alta agiriari dagokionez, baldin horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasunengatiko baja egoerak kontrolatzeaz eta jakinarazteaz gain, erditze lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia izapidetzeko jakinarazpena gehienez ere hiru eguneko epean egin behar dela, ezarritako prozeduraren arabera.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduan xedatutakoa beteko da. Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikastetxeko Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko da zer den eskoletara behin eta berriz huts egitea, eta zein diren horren ondorioak.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI.–Ikasleak onartu eta matrikulatzeko araubidea

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. Kontabilitate sistema: Ecoeduca.

Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.

Educa koordinatzea: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta ikastetxean erabil daitezen sustatuko eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Ikastetxeen erantzukizuna da langile, ikasle eta familia guztien datu pertsonalak eguneratuak izatea. Gogorarazten da ezen, Educa kredentzialak lortzeko, oso garrantzitsua dela fitxan helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea.

Zuzendaritza taldeak bideak jarri beharko ditu ikasturtean zehar lanean hasi eta kudeaketa eginkizunak esleitzen zaizkien pertsonei Educaren gaineko ezagutza eta erabilera bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei Educa plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionaltasun berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira.

2021ean, Educa Ataria argitaratu zen, Educa Familiak ordeztera datorren aplikazioa. Aplikazio horren bidez, herritarrak beren datu akademikoetan sar daitezke, eta kudeaketa telematikoak egin ditzakete; aurreinskripzioa, esate baterako.

Educaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutore lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzailearen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek kargu jakin batzuekin lotutako funtzioetarako pentsatuta daude eta ez dira ikasleei eskolak emateko erabili behar. Posta-kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Google-ko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxea menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak, hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea, eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela Educak gaiturik dituen funtzio guztiak erabiltzea; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa.

–Kontabilitate sistema: Ecoeduca.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, Ecoeduca kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.

Kobrantzak eta ordainketak horretarako gaitutako kudeaketako kontu korrontearen bidez eginen dira.

Diru-sarrerak kontabilizatu behar dira banku kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti; ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak nagusiki.

3.–Kontserbatorioaz kanpoko jendea sartzea.

Kontserbatorioan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da Kontserbatorioko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

4.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2112770