222. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUBIETA

Herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Honen bidez aditzera ematen da Zubietako Udalak, 2021eko ekainaren 24an egindako osoko bilkuran, erabaki zuela Herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza hasiera batean onartzea.

Aipaturiko akordioa 2021eko uztailaren 9ko 160. NAOn argitaratu eta erakustaldi publikoan ez denez erreklamaziorik aurkeztu, onespena behin betiko bihurtzen da Nafarroako Toki Administrazioen 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua aplikatuz.

Zubietan, 2021eko irailaren 10ean.–Alkatea, Ernesto Domínguez Olea.

ZUBIETAKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artíkulua. Zubietako udal mugapeko herrilurretako aprobetxamenduak arautzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Zubietako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Goizuetako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Zubietako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapean edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultzea gertatzen bada, ondasunak Zubietako Udalaren ondarera itzuliko dira, herrilurretako ondasun gisa. Hasierako prezioari esleipenaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gorakada aplikatuta eginen litzateke itzultzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluak ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Zubietako Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Zubietako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Zubietako Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurren mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien inguruan Goizuetako Udalbatzaren akordioa beharrezkoa da.

Herrilurren eskualdatzerik egin nahi izanez gero, Zubietako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du.

10. artikulua. Entitate lokalen katastroko orrietan iraleku bat sartzeak ez du jabetzaren gainerako ezer aurrerizten, baina berez Udalak lurra eta ustiapenak bere esku dauzkala frogatzen du. Horregatik, jabetza adierazteko ohizko epaiketan garaituak izaten ez badira, horiek edukiko dituzte aurrerantzean ere.

11. artikulua. Zubietako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Zubietako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Zubietako Udalak ez duenean ondare komunalaren aldeko bidezko ekintzarik gauzatzen, herritarren ekintza bideratu ahalko da, 6/1990 Foru Legeak aurreikusitako eran. Herritarren ekintza horrek aurrera egiten badu, sortutako gastuak ordaindu beharko dizkie Udalak herritarrei.

14. artikulua. Herrilurretan debeku dira eraikuntza mota guztiak. Lehendik ere eraikitakoen kasuan Udal Plan Orokorraren arabera jokatuko da, betiere Zubietako Udalak aldez aurretik baimena emanda, eta dagokion obra-baimena ordainduta.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

15. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herrilarreen aprobetxamenduak.

b) Zur eta egur aprobetxamendua.

c) Landaketak herrilurretan

16. artikulua. Zubietako Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

17. artikulua. 1. Orokorrean, Goizuetako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabe izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunaz.

c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

18. artikulua. Zubietako Udalak zuzenean esleitutako lur guztien erregistroa eramanen du eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokapena eta izandako aldaketak.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

19. artikulua. Zubietako Udalaren herrilurretako larreek ustiapen unitate bat bakarra osatzen dute, udalerriko herrilur guztiak harrapatzen dituena.

20. artikulua. Herrilurretako larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

21. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak diren eta ganadua Zubietako Udalean inskribatua duten herritarrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak.

22. artikulua. Herrilurretako larreen esleipenean, Zubietako Udalak erabiliko dituen irizpideak nekazari-abeltzaintza eta gizarte arlokoak izanen dira. Lehentasuna izanen dute nagusiki nekazaritzan edo abeltzaintzan aritzen diren abeltzain edo nekazariek -Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren erregimen bereziaren barruan daudenean- eta indarrean dagoen foru legediaren arabera lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategiek ere.

Europar Batasunaren Nekazaritza Politika betetzeko beharrezkoa den herrilurren azalera besterik ez da esleituko, eta indarrean dauden arauek ezartzen duten abere-zamaren inguruko xedapenak beteko dira.

Herrilurraren banaketa bakoitzaren abere-kargaren arabera eginen da. Horretarako, abeltzaintzako errolda eskatuko da eta bakoitzari dagozkion UGMen arabera kalkulatuko da.

23. artikulua. Herritar abeltzainek zuzenean erabiliko dituzte larreak, ez baita zilegi besteri errentan eman edo lagatzea. Horri dagokionez, Zubietako Udalak kontsideratuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte udalerriko abere aberastasunaren katastrotik eta Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritza Ustiategien Erregistrotik.

24. artikulua. Zubietako Udalak, herrilurren defentsari eta erabilera egokiari begira, herrilurren erabileran esku hartzeko ahalmena izanen du osoko bilkuraren akordioaren bitartez; bai artzaintzarako denborari dagokionez, bai abere-zamari dagokionez, eta baita herrilurrei dagokien beste edozein alderdiri dagokionez.

25. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legeak eta aplika litezkeen bestelako arauek eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

26. artikulua. Debeku da larreak zerri- eta ahuntz-aziendarentzat erabiltzea.

27. artikulua.

1. Larreen onuradunek ordaindu behar duten saria larreen aprobetxamenduko hektarea bakoitzeko 0 euro izanen da. Sari hau urtero berritu ahal izanen da. Udalak jarri ahal izango ditu sari desberdinak nekazari abelzaintzara bakarrik jarduten dutenentzat eta nekazaritza abelzaintza bigarren jarduera edo ta jarduera osagarria dutenentzat.

2. Urte bakoitzari dagokion saria epe bakarrean ordainduko da.

3. Zubietako Udalak herrilarreen aprobetxamenduko hektarea bakoitzeko 0 euroko kanona kobratuko du, herrilarreen aprobetxamenduaren gainean Europako Batasunaren Nekazaritza Politika betetzeko luzatzen dituen ziurtagiriengatik. Kanon hori urtero berritu ahalko da.

28. artikulua. Zubietako Udalak aldez aurretik hala erabakita, eta udaletxeko iragarki-taulan iragarrita, 15 egun balioduneko epea irekiko da horretarako eskubidea dutela uste dutenek herrilurren esleipena eska dezaten.

29. artikulua. Aprobetxamendurako eskabideekin batera honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Eskatzailea Zubietako bizilaguna dela egiaztatzen duen ziurtagiria, gutxienez 2 urteko antzinatasunez. Antzinatasun hori ziurtagiria igorri baino lehenagokoa izanen da.

b) Udal honekin onuradunak zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

c) Organo eskudunaren ziurtagiria, honakoa jasotzen duena: azienda buruen kopurua, horien espeziea eta osasun ziurtagiria.

30. artikulua. Eskaerak ikusi ondoren, Zubietako Udalak aprobetxamendu bakoitzerako onartutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta esleitu beharreko aprobetxamendu-lotea eta haren kokapena zehaztuko ditu.

31. artikulua. Behin-behineko zerrenda hori udal honen iragarki-taulan argitaratuko da, 15 egun balioduneko epean, egoki juzgatzen diren alegazioak aurkez daitezen. Alegaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

32. artikulua. Alegaziorik edo akats-zuzenketarik egonez gero, Zubietako Udalak horiek ebatziko ditu, eta aprobetxamenduen nahiz haien esleipendunen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta baita aprobetxamendu-lotea edo haren kokapena ere.

III. KAPITULUA

Zur eta egur aprobetxamenduak

33. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak diren eta gainera aurreko urteetako zur eta egur aprobetxamenduaren zergak eguneratuak izatea,

34. artikulua. Aprobetxamendu-eskabideak Udalaren bulegoetan aurkeztuko dira Udalak ezartzen duen epean.

35. artikulua.

1. Etxerako egurra banatzeko garaian, betiere eskaera adina egur lotea (kamioi erdia) dagoenean, Zubietako Udalak honako irizpidea erabiliko du: etxerako egur lotea emanen zaie eskaera egin eta horretaz gain ordenantza honetako 35.1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiei.

Emandako adjudikazioen zerrenda Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.

2. Haizeak bota dituen zuhaitzen kasuan, egurraren aprobetxamendurako 35.1. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta honako tramiteak beteko dira:

a) Udalak zuhaitzak arrazoi naturalen ondorioz erori direla jakiten duen unean, mendizainek markatu eta Zubietako udaletxean erregistratuko dute, kokapen zehatza adieraziz, ondoren aprobetxamendua egiteko.

Udalak subasta eginen du eta hasierako prezioa basozainak adierazitakoa izanen da.

3. Arrazoi naturalen ondorioz eroritako zuhaitzetako egurraren aprobetxamenduaren kontzesioak EZ DIRA etxerako egurraren aprobetxamendutzat hartuko.

36. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondotik, Zubietako Udalak egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

37. artikulua. Zubietako tako Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

38. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

39. artikulua. Egur loteen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak, egur lotea zehazteko garaian. Kontuan hartuko dira egur loteak markatzeko gastuak, bideak konpontzekoak, eta lanak sortutako bestelako gastuak, betiere behar bezala justifikatuta eta gastuak egur loteak zuzenean sortuak direnean.

40. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek, ezta egur lotea bera ere, ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez kale publikoetan, ez eta traba egin dezaketen lekuetan ere. Betiere Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Artikulu honetan xedatutakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua hurrengo urte batetik hiru urtera ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Landaketak herrilurretan

41. artikulua. Zubietako bizilagunek, 17. artikuluko baldintzak betetzen badituzte eta baso-landaketak egin nahi badituzte, baimena idatziz eskatu beharko diote Zubietako Udalari.

42. artikulua. Zubietako Udalak hitzarmenak egin ahal izango ditu beste interesdun batzuekin, herrilurretan baso-landaketak egiteko. Hitzarmen horiek Zubietako Udalaren Osoko Bilkurak onesten dituen klausulen arabera arautuko dira, eta ez dira Zubietako auzotar izaerari lotuta egongo.

43. artikulua. Emakidadunak edo haren ondorengoek lortzen duten guztizko salmenta-prezioaren %25a emango diote Zubietako Udalari, landaketaren onuretan parte hartzeagatik. % horrek ez du deskonturik izanen, ordaindu beharreko zerga guztiak emakidadunaren kontura izanen baitira.

44. artikulua. Zubietako Udalak eskaera onartu ondoren, memoria teknikoa egiteko aginduko du, landaketa non dagoen zehaztuz (ED 1950 30 koordenatuak, UTM), azalera, espezieak eta landaketa esparrua adieraziz.

45.artikulua. Aurreko artikuluan aipatu den landaketaren zikloaren eta basozainari egiteko eskatuko zaion txosten baten arabera, Udalak landaketa bat botatzeko premia daukala ebatzi ahalko du. Horrela bada, emakidadunak, gehienez 3 urteko epea izanen du aipaturiko landaketaren beharrezko mozketa baimena eskatzeko eta botatzeko.

46.artikulua. Debekatuta egonen da landaketak larreetan egitea, abeltzainen jarduera babestekoa helburuarekin.

V. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

47. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko araudian xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

e) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

g) Larratzeko eremuak eta epeak ez errespetatzea.

h) Edozein eraikuntza mota zutitzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

j) Egur loteak saldu edo ta besterentzea.

k) Lotearen hondakinak ez jaso eta pilatzea.

l) Egur lotea edo ta lotearen hondakinak, bide, mendi bide, kale publiko edo ta pasabide eragozten duten lekuetan pilatzea.

48. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Kontsesioa kendu ahalko zaio, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak deusetan ukatu gabe.

49. artikulua. Prozedura.

Zehapen espedientea Alkatearen ebazpen bidez hasiko da, eta egindako arau-hauste edo arau-hausteak zehaztuko ditu eta jarri daitekeen isuna.

Audientzia onartuko zaio arau-haustea egin duenari 10 eguneko epez, eta Alkateren ebazpen bidez isuna ezarriko da, salbu aprobetxamendu eskubide kentzea zeina Udalbatzako akordio bidez ezarriko den.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Toki Aministrazioko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da, eta honekin bat datozen gainerako arauak, indarra badute.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2113560