222. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

466/2021 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako XXXV. Kirol Jokoetarako deialdia egin, txapelketaren garapena eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza hitzarmenen testua arautzen duten oinarrizko irizpideak onetsi, eta garatu beharreko jarduerari aurre egiteko gastua onesten duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotzen da zer helburu dituen Nafarroako administrazio publikoen kirol politikak; horien artean, hauek nabarmentzen dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko kirol-jarduera fisikoetan, kirola modu jarraian egin ahal izateko, atsegin hartuz, jostatuz eta osasuna hobetuz.

b) Begiratzea gehienik adingabeentzako edo adingabeek parte hartzeko diren kirol jarduerak bidera daitezela pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzera, eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezela. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola-umeen artean bultzatuko da, josteta edo lehia xede duen ariketa fisikoa eta kirol jarduera sustatuz.

c) Oinarrizko kirola eskola garaitik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g) artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolaldian dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea; eta 14.1 artikuluan, berriz, ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatearen betebeharra dela eskola-umeentzako kirola sustatzeko programak egitea, lankidetzan jardunez toki-erakundeekin, Nafarroako kirol entitateekin eta, hala balegokio, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, hala nola kirol federazioekin.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kirol Jokoen programa antolatzen eta arautzen du Nafarroako Foru Administrazioak, eskola-umeentzako kirola sustatzeko eta kirol eta kategoria bakoitzean Nafarroako txapeldunak nor izanen diren erabakitzeko, hori baita Nafarroako txapelketa ofizial bakarra adin horietako umeentzat.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak –ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatuak– onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura eta Kirol Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago ondokoa: Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol erakunde batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunak dira, orobat, Nafarroako Kirol Jokoak bultzatzea, koordinatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa, kirolaren balio hezitzaileak sustatuz, genero berdintasuna, kirol inklusiboa eta kiroltasuna bereziki, elkarlanean jardunez Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin, eta, halaber, eskola-umeek kirol jarduerak egin ditzatela sustatu eta bultzatzea.

Azken hogeita hamalau ikasturteetan, “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko kirol programa garatu da: Nafarroako eskola-umeei zuzendutako eskaintza bateratua da, non parte-hartze librea bermatu baita beti. Haren antolaketan Nafarroako Kirolaren Institutuarekin elkarlanean aritzen dira Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten modalitateetako Nafarroako kirol federazioak.

Azaldutakoak kontuan harturik, bidezko da Nafarroako XXXV. Kirol Jokoetarako deialdia egitea eta joko horiek arautzeko oinarrizko irizpide orokorrak finkatzea, parte-hartzaileek eskola denboratik kanpo kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan oro har egiten dituzten kirol jarduerak batuz eta Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa ofizial gisa bateratuz.

Aurreko edizioetan ere halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen deialdia Kultura eta Kirol Departamentuari dagokio, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera.

1.250.000 euroko gastua aurreikusten da, guztira, Nafarroako XXXV. Kirol Jokoen antolamendu orokorreko gastuei aurre egiteko.

Horietatik, 419.460,60 euro Nafarroako Gobernuaren 2021erako Aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partidaren kargura izanen dira. Zenbateko horretatik, 110.000 euro daude erreserbaturik autobus garraiorako, eta 4.460,60 euro, berriz, Nafarroako Kirol Jokoen istripu-aseguruaren poliza kontratatzeko. Geratzen diren 830.539,40 euroak Nafarroako Gobernuaren 2022rako Aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partidaren edo partida baliokidearen kargura izanen dira. Horietatik, dagoeneko 230.000 euroko kontabilitate-erreserba egin da autobus garraiorako, eta beste 26.992,08 euro, garaikurren, dominen eta txapelen hornidura-kontraturako.

Eta erreserba hauek sortzea:

–305.000 euro, kirol federazioen antolamenduko gastuei dagozkienak, partida honen kargura izanen dira: 2021erako aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partida ekonomikoaren kargura.

–Horietatik 3.000 euro NKJen Memoria digitala argitaratzeko izanen dira, 35.000 euro kirol ekitaldien finalen emankizunetarako eta 535.547,32 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako, 2022rako aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partida ekonomikoaren kargura, edo Nafarroako Gobernuaren 2022rako Aurrekontuetako partida baliokidearen edo baliokideen kargura.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko akordioen testua onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako XXXV. Kirol Jokoen deialdia onestea, baita txapelketa arautzen duten oinarrizko irizpideak ere, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen den araudiarekin bat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko lankidetza hitzarmenaren testua onestea (II. eranskina).

3. 419.460,60 euroko gastua baimentzea, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002 A5110 2269 336102 partidaren kargura: horietatik 110.000 euro autobus garraiorako izanen dira, 305.000 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako eta 4.460,60 euro Nafarroako Kirol Jokoen istripu-aseguruaren poliza ordaintzeko.

4. 803.547,32 euroko gastua baimentzea Nafarroako Gobernuaren “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partida ekonomikoan edo Nafarroako Gobernuaren 2022rako aurrekontuetako partida baliokidean edo baliokideetan: 230.000 euro autobus garraiorako izanen dira, 3.000 euro NKJen Memoria digitala argitaratzeko, 35.000 euro kirol ekitaldietako finalen emankizunetarako eta 535.547,32 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honek Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea deusetan galarazi gabe.

6. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 1ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

XXXV. Kirol Jokoen araudia

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, Nafarroako XXXV. Kirol Jokoetarako deia egiten du, 2021-2022 ikasturte honetarako. Deia egiten da ziurgabetasuneko une batean, COVID-19aren osasun-krisia dela eta. Pandemiaren egoeraren bilakaerak baldintzatuko du programatutako kirol jarduerak egitea.

Oinarrizko irizpide hauek hartuko dira kontuan Nafarroako Kirol Jokoen Programako XXXV. edizioaren araudi orokorrean:

1.–Eremua.

Nafarroako Kirol Jokoak (aurrerantzean, “NKJ”) Nafarroako txapelketa ofizial bakarra dira deialdi honetan sartutako kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzeko. Adin horietako haurrei Nafarroako kirol federazioetatik beste edozein jarduera eskaintzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuaren (“NKI” hemendik aitzina) oniritzia beharko da.

NKJen programa Nafarroako Foru Komunitatean eginen da, eta, oro har, larunbat goizetan.

2.–Parte-hartzea.

NKJen programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolari guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan (Kirol Entitateen Atala) inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

–“Ki” Kimua: 11-12 urte. 2010-2011n jaiotakoak

–“H” Haurra: 13-14 urte. 2008-2009an jaiotakoak

–“K” Kadetea: 15-16 urte. 2006-2007an jaiotakoak

–“G” Gaztea: 17-18 urte. 2004-2005ean jaiotakoak

Aipatu adin eta kategoriak kirol modalitateen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira, betiere NKIri jakinarazten bazaio eta haren oniritzia jasotzen badu.

2011, 2012 eta 2013an jaiotakoen 8, 9 eta 10 urteko Benjamin kategoria gehitzen ahalko da, baldin eta aurkezten bada parte-hartzaileen garapen pertsonal eta sozialean oinarritutako kirol-hasierako proiektu bat, NKJen araudiak kategoria honetarako ezartzen dituen helburu espezifikoekin bat etorriz. Kategoria horretako jarduerak eskualdeka antolatuko dira, hurbiltasun geografikoaren arabera. Hortaz, ez da joan-etorrietarako gasturik aurreikusi. Salbuespen gisa, autobusez programatutako joan-etorriak erabil daitezke, baldin eta horrek ez badakar aldaketarik programazioan eta kostua handitzerik ere ez badakar. Kategoria honetan ez da argitaratuko emaitzarik, ezta sailkapenik ere.

Oro har, NKJek ez dute inolako kategoriarik aurreikusten 2014. urteaz geroztik jaiotakoentzat.

Salbuespeneko arrazoiengatik ezin badira programatutako kirol jarduera guztiak egin, lehentasuna emanen zaie gazte, kadete eta haur kategorietakoei, hurrenkera horretan.

NKIk bere gain har dezake federazioak baimenak edo lizentziak emateko duen eskumena, baldin eta kirol federazioek, beren arautegi teknikoetan oinarriturik, eragozten badute arau honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirolari eskatzaileek izena ematea.

Filialtasun hitzarmenak dituzten klubek aukera izanen dute beren taldeekin kategoria/talde berean parte hartzeko eta elkarren aurka jokatzeko, baldin eta eremu geografiko bereko kategorian talde bat baino gehiago ez badago. Hala ere, gertatuko balitz talde/kategoria berean egotea, jokoan modu independentean funtzionatuko dute, eta, hortaz, klub babesleak ezin izanen ditu klub filialeko jokalariak bere taldeko zerrendan sartu txapelketan zehar. Dagokion kirol federazioak horren berri emanen dio NKIri, eta bi taldeetako jokalarien zerrendak kontrolatuko ditu: talde filialekoa eta talde babeslekoa.

Araudi orokorraren puntu honetan jaso ez diren alderdietan, kasuan kasuko kirol federazioen arautegi teknikoei jarraituko zaie.

Nafarroako Kirol Jokoen modalitate desberdinak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakuntzak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ahalko ditu, eta ondoren NKIren eta kirol federazio parte-hartzailearen webguneetan eta sare sozialetan argitaratzen ahalko dira. Kirol federazioek NKJetan izena-ematean jakinarazi beharko diete parte-hartzaileei irudiak hartu eta zabalduko direla.

3.–Helburuak.

a) Aukera ematea Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko, eta hezibiderako izaera eta kirolaren balioen sustapena nabarmentzea, zeinak kiroltasunaz arduratzen diren pertsonek koordinatuko baitituzte.

b) Kirol jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak baztertu gabe sexua, etnia, ideologia, sexu orientazioa, dibertsitate funtzional edo kognitiboa, erlijioa eta errendimendu maila dela eta.

c) Kirol jarduera fisiko anitzak eskaintzea, emakumeen kirola sustatzen dutenak eta berdintasun irizpideekin antolatzen direnak.

d) Gutxi errotutako kirol edo josteta modalitateak bultzatzea adin horietan.

e) Txapelketako proba eta kirol jarduera mistoak sustatzea.

f) Joko garbi, errespetu, inklusio, berdintasun, hobekuntza eta lagunartekotasunaren portaerak eta keinuak sustatzea eta saritzea.

Kirol federazioek 8, 9 eta 10 urteko haurrentzako proiektuak, kirolean hastekoak, aurkezten ahalko dituzte, helburu hauek betetzen badira:

–Mugimendu egoera berriei erreparatzea eta mugimendurako oinarrizko trebeziak garatzea.

–Abilezia sozialak eta kirolaren balioak garatzea, hala nola errespetua, zintzotasuna, joko garbia, lagunartekotasuna eta hobetu nahia.

–Kirolaren alderdi ludikoa sustatzea, ahaleginari garrantzi handiagoa emanez emaitzari baino.

Proposatzen diren helburuak kontuan harturik, joko-arauak egokitzea proposatzen da (joko-eremua, denbora, kideen edo aurkarien kopurua, materiala, arauak), eta kirolaren balioak, alderdi ludikoa, berdintasunean parte-hartzea eta ekitatea sustatzeko jarduerak ezartzea. Jardueren garapenak bidea emanen du joko garbiaren eta kiroltasunaren agerraldiak atzemateko.

4.–Antolaketa.

a) Alderdi orokorrak:

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa NKIri dagokio, eta horrek Nafarroako kirol federazioen esku uzten du antolaketa orokorra.

Kontuan izanik zein den oraingo osasun egoera eta zer bide har dezakeen, Nafarroako Kirol Jokoen programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, egin beharreko modalitateei eta jarduerei dagokienez, txapelketarako hasieran programatutako iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XXXV. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, finkatzen diren gastuen beste kontzeptu batzuei dagokienez, NKIri jakinarazi eta horrek baimendu ondoren. Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke NKIren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek, txapelketa hasi baino 15 egun lehenago, garatu beharreko kirol proiektu behin betikoa aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituena: programaren helburuak, kiroltasunaz arduratzen den pertsona, arautegi teknikoa, txapelketaren araudia, inskripzio prozedurak, txapelketaren edo kirol jardueraren egutegia, hori guztia kirol kategorien edo espezialitateen arabera. Jardunaldi guztiak NKJen XXXV. edizioari dagokion aldian egin behar dira.

NKIri finalen berri emanen zaio posta elektronikoz, jdn@navarra.es helbidera idatzita. Jakinarazi beharko da jardueraren egutegian, arautegian edo kirol programan egiten den edozein aldaketa, eta NKIren oniritzia izan beharko du.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuari jarraituz (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), adingabeekin lotura duten langile guztiek, NKJen programa gauzatzeko lanak egiten badituzte, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute. Parte hartzen duten kirol federazioek bermatu behar dute federazioetako pertsona guztiek edo haiek kontratatutakoek, NKJen programarekin lotura duten eginkizunak badituzte eta adingabeekin harremana badute, izan behar dutela Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa. Kirol federazioak ez du baimenduko inolako talderen izen- ematea edo parte hartzea, parte hartzen duen klubak betebehar hori betetzen ez duen bitartean.

Kirol federazioek ezarriko dituzte NKJen programan parte hartzeko inskripzio prozedurak, behar den gaikuntzaren bidez. Kirol federazio bakoitzak ezarriko du prozedura. Kirol federazioak inskripzioa egiteko epea ireki baino lehen esan beharko du ezarritako prozedura zein den, eta beharrezkoa izanen da NKIren oniritzia.

Inskripzioen gastuak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren baimena eskuratu.

NKJei buruzko informazio eta jakinarazpen orotan, programaren logotipoak erabiliko dira, eta antolatzaileak eta kolaboratzaileak zein diren adieraziko da.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Kirolaren Institutuak zehaztutako marka erabiltzeko paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitateko euskarrietan eta instalazioetan, Nafarroako Kirol Jokoen programari erreferentzia eginez betiere, batez ere finalak jokatzen direnean.

Parte hartzen duten kirol federazioek azken faseetan kirol egokituak egotea lagundu beharko dute.

Parte hartzen duten kirol federazioek bermatu beharko dituzte pertsona guztien hizkuntza-eskubideak, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera.

Era berean, komunikazio eta kudeaketa guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira.

b) Batzordeak.

–Antolaketa Batzordea: batzorde bakar bat izanen da kirol guztietarako. Kide hauek izanen ditu:

  • NKIko lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako 2 teknikari.
  • Kirol federazioen bi ordezkari: bata bakarkako kirolak ordezkatuz, eta bestea taldekako kirolak ordezkatuz. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.
  • Toki-erakundeen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak.

Besteak beste, eginkizun hauek izanen dituzte:

  • NKJen antolaketa orokorra begiratzea.
  • Jokoen araudia prestatzen laguntzea.
  • NKJen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.

–Jarraipen Batzordea: kirol modalitate bakoitzerako Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Honako hauek egonen dira haietako bakoitzean: NKIko hiru ordezkari (Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako teknikari bat), eta kasuan kasuko kirol federazioaren bi ordezkari.

Jarraipen Batzordeek ondoko eginkizunak izanen dituzte, besteak beste:

  • Kirol modalitate bakoitzaren antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea, baita txapelketa sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea ere, adinari egokituak eta kirol federazioek proposatuak, eta kiroltasunez jarduten dela eta hura programan aintzat hartzen dela bermatzea.
  • Laguntzaileak izendatzea programa ikuskatu eta jarraipena egiteko, baita hobetzeko proposamenak mahairatu eta argibideak emateko ere. Jarraipen Batzordea eta laguntzaileak baimenduak egonen dira, eta gaitasuna izanen dute NKJen helburuak eta kirolaren balioak betetzen diren begiratzeko.
  • Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
  • Joan-etorriak direla-eta, partidak jokaleku neutral batean joka daitezela baimentzea.
  • Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea, programa behar bezala eta kalitate hoberenarekin egin dadin.

c) Lekualdatzeak:

NKIk sistema bat zehaztuko du kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarri eta inguruabarretara egokitutako joan-etorrietarako, eta horren berri emanen die parte-hartzaileei kirol federazioen bitartez, inskripzioa egiten dutenean.

Hauek dira joan-etorrietarako arau aipagarrienak:

1) Talde edo klub bakoitzeko, klubak baimendutako adin nagusiko arduradun bat egonen da bederen joan-etorria hasten denetik bukatu arte.

2) Kluba/Taldea behartuta dago, astero, joan-etorrietarako ezarritako planaren berri jasotzera, ezartzen diren baliabideak erabiliz.

3) Parte-hartzaileek ezarritako bidaia plana bete behar dute.

4) Antolakuntzak programatutako garraioa erabili behar ez duten taldeek kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, partida eguna zehaztu baino bost egun lehenago, gutxienez. Antolakuntzak programatutako garraioa izanez gero, taldeek hori erabiliko dute bai joateko bai itzultzeko.

5) Ibilgailu partikularretan egindako joan-etorrietako kalte-ordainak emanen dira, bakar-bakarrik, garraio antolatuaren programazio orokorrean sartzerik ez dagoen kasuetan.

6) Alde horretatik, joan-etorriei buruzko araudia betetzen ez duen taldeak eskubidea galduko du antolatutako garraioa erabiltzeko eta ibilgailu partikularretan joateagatik jaso daitekeen kalte-ordaina kobratzeko.

7) Programaren kudeatzaileek unean-unean eta pandemiaren bilakaeraren arabera ezarriko dute NKJetako autobus garraiorako osasun higieneari eta prebentzioari buruzko protokoloa.

Joan-etorrietako araudiaren urraketatzat hartzen dira:

–Bidaien programazioa argitaratu ondoren jakinaraztea garraioa ez duela erabili behar, bidezko arrazoiren bat izan ezean.

–Joateko autobusa erabiltzea, baina itzultzekoa ez.

–Programatutako bidaiaren autobusa ez erabiltzea, behar bezala jakinarazi gabe.

–Kalteak egitea edo errespeturik gabe jokatzea zerbitzuan.

–Osasun higieneari eta prebentzioari buruzko araudia ez betetzea.

Salbuespenez, joan-etorrien araudiaren urraketa dela-eta alegatzen diren arrazoiak baloratzen ahal ditu Jarraipen Batzordeak.

Ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrien kasuan, 0,12 euro ordainduko dira kilometroko, joan-etorria 30 kilometro baino luzeagoa bada, eta, bakar-bakarrik, baimentzen diren kirol modalitateetarako.

Ez dira sartzen arbitroen eta teknikarien edo kirol federazioko kargudunen joan-etorrietako gastuak. NKIk antolatutako garraio zerbitzua erabiltzen ahalko dute aurrez eskatuta, tokia baldin badago.

d) Instalazioak:

Kirol instalazioek kasuan kasuko kirol modalitatea egiteko behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte eta osasun agintarien eta NKIkoen arauetan xedatutakoa bete beharko dute.

Parte hartzen duten erakunde guztiek lagunduko dute programan, hura garatzeko behar diren instalazioen erabilera erraztuz.

Parte hartzen duten taldeen eta kirolarien erantzukizuna izanen da instalazioak behar bezala erabiltzea.

e) Osasun laguntza eta aseguruak:

NKJetako kirol modalitate guztietako parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, norberak duen osasun asegurura jo beharko du, oro har.

Gizarte segurantzakoak diren kirolariek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen die (maiatzaren 15eko 64/2003 FA)

Aseguru erregimen bereziren batekoak (MUFACE, MUGEJU, ISFAS eta beste batzuk) diren kirolarien osasun laguntzari dagokionez, parte-hartzaileek egiaztatu beharko dute beren polizak osasun laguntza emanen diela kirol arloko istripuren bat edukitzen badute. Beren polizak ez badu osasun laguntzarik ematen, kontratatu beharko dute egokien iruditzen zaien moduan.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea estaltzen dute bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

Osasun laguntzarako metodologia:

ospitaleetako arreta zerbitzuen aurre-fakturazioak saihesteko, honako arau hauek bete beharko dira:

1. Kirol praktikaren ondorioz ospitale zerbitzuak erabiltzen dituzten parte-hartzaileek, osasun zentrora iristen direnean, frogatu beharko dute NKJetako parte-hartzaile direla, inskripzio-orria edo kirol federazioak parte hartzeko aurkeztu duen gaikuntza erakutsiz.

2. Kirol federazioek laukitxo bat jarriko dute inskripzio-orrian, kirolariaren aseguru mota adierazi ahal izateko (Gizarte Segurantza, MUFACE, etab.).

3. Kirol federazioek zuzeneko sarbide bat izanen dute beren webgunearen hasierako pantailan, NKJetako osasun laguntzaren berri emateko. Toki horretan argi eta garbi adieraziko da NKJetako parte-hartzaileek zer egin behar duten istripua izanez gero.

4. Kirol federazioek araudi honetan biltzen den osasun laguntzaren prozeduraren berri emanen diete klubei, eta klubek parte-hartzaileei.

NKIk istripuetarako aseguru poliza izanen du kontratatua, heriotza eta/edo istripuko galera anatomikoak zein funtzionalak estaltzeko. Programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila sartuta dago Nafarroako Gobernuak ezarritako erantzukizun zibilaren estaldura orokorrean (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 67. artikulua).

Ez da nahitaezkoa izanen osasun-azterketa egitea NKJetan parte hartzen duten kirolariei, non ez duen kirol federazioak hala eskatzen; halakoetan, federazioaren batzar nagusiak onetsi beharko du, eta NKIk oniritzia eman.

f) Garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak:

NKIk proposatuko du zenbat eta nolako garaikur, domina, txapel eta aitortza emanen diren NKJetako finaletan, baita protokoloa eta haien berariazko dekorazioa ere. Kirol federazioek zenbat behar dituzten eskatuko diote NKIri posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eta ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago.

Oro har, taldekako modalitateetan/espezialitateetan lehenbiziko kategoriako lehenbiziko hiru talde sailkatuei emanen zaizkie garaikurrak eta dominak. Salbuespen kasuetan, NKIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako taldeei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Banakako modalitateetan/espezialitateetan, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko hiru kirolari sailkatuei emanen zaizkie dominak. Salbuespen kasuetan, NKIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako kirolariei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Orobat, kontuan hartuko da kirol modalitate batzuetan, hau da, pilotan, txirrindularitzan, herri kiroletan eta beste batzuetan, irabazleei aurrekoak ez bezalako berariazko jantziak ematen zaizkiela (txapelak...).

Aurreikusitako kirol programa bukatu ezean, dominak ematea eska daiteke, hau guztia aurkeztu ondoan: txosten bat, zehaztuko duena zenbat jardunaldi egin diren programan aurreikusitako guztietatik, podiuma zehazteko araudia, parte hartu duten kluben eta NKIren oniritzia.

Arbitroek eta epaileek jasotzen ahal dituzte kirol proben akta eta erregistro-agirietan eredugarritzat jotzen dituzten kiroltasun keinuak.

g) Kirol diziplina:

Programaren izaera hezigarria kontuan hartuta, kirol federazio bakoitzeko diziplina-batzordeek irizpide hezigarriak eta prebentziokoak aplikatuz ezarriko dituzte zehapenak. Horrez gain, kontuan hartu beharko dira araua urratu duen kirolariak ordain gisa egiten ahalko lituzkeen ekintza posibleak. Ahal dela saihestu eginen dira lehiaketatik behin betiko kanporatzea lekarketen zehapenak.

Zehapenak ez dira inoiz ekonomikoak izanen, salbu eta aztertutako hutsegite edo arau-hausteak eragindako gastuak konpentsatu behar direnean, kasu horretan zehapenaren dirua sortutako kalteak ordaintzeko bideratuko baita.

h) Kirol programa:

Modalitateak/Espezialitateak:

1. Urpeko jarduerak (igeriketa hegalekin).

2. Xakea.

3. Atletismoa (krosa eta pista).

4. Automobilismoa (karting-a).

5. Badmintona.

6. Saskibaloia.

7. Eskubaloia.

8. Beisbola (beisbola eta sofbola).

9. Txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista).

10. Kirol egokituak.

11. Neguko kirolak (iraupen-eskia).

12. Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, ibilaldi arautuak eta eskalada).

13. Eskrima (floretea, ezpata).

14. Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola).

15. Gimnastika (NGA, GGA, GE).

16. Golfa (Pich and Putt eta zelaikoa).

17. Halterofilia.

18. Herri kirolak (proba konbinatua, sokatira eta trontza).

19. Hipika. (Heziera klasikoa).

20. Judoa eta gisako kirolak.

21. Karatea (kumitea eta kata).

22. Kick-Boxing-a (Kick Light-a).

23. Borroka.

24. Igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa sinkronizatua).

25. Padela.

26. Irristaketa (abiadura, artistikoa eta hockeya).

27. Pilota (esku-pilota, zesta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza, trinketea, frontballa eta frontenisa).

28. Arrantza (COUP erako arrantza, hondoko arrantza).

29. Piraguismoa (kayaka eta kanoa).

30. Arraunketa (iolak eta arraunketa olinpiarra).

31. Errugbia.

32. Taekwondoa. (borroka eta poomsae teknika).

33. Tenisa.

34. Mahai-tenisa.

35. Arku-tiroa (Aretoa eta aire zabala).

36. Triatloia (triatloia, duatloia, akuatloia).

37. Bela (Optimist eta laser klaseak).

38. Boleibola.

Kirol modalitateak alda daitezke gomendagarria denean inguruabarrengatik. Beharrezkoa izanen da aldez aurretik eskatzea, eta NKIko Kirolaren Zuzendariordetzak baimentzea.

XXXV. Nafarroako Kirol Jokoen jarduerak 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean garatuko dira, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

Modalitate edo kategoria berriren bat gehitzen ahalko da, zehaztuko den moduan, Kirolaren Zuzendariordetzak oniritzia ematen badu.

i) Izen-emateak:

Klubek eginen dituzte inskripzioak, bakoitzak bere kirol federazioan, horretarako ezarritako prozedurak kontuan hartuta, xede horretarako prestatutako inprimakien datu guztiak beteta eta kirol federazioei NKJetan parte hartzeko gaikuntzak lortzeko diru-kopurua ordainduta. NKJetan izena emateak bidea ematen du programan kirolari, delegatu, kiroltasun-arduradun, entrenatzaile edo arbitro aritzeko. Horregatik behar-beharrezkoa da klub bakoitzak inskripzioetan jartzea delegatuen, kiroltasun-arduradunen eta entrenatzaileen izenak eta datuak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko.

Erregelamendu horren 13. artikuluaren arabera, inskripzio-orrietan oinarrizko informazioa jaso beharko da datuen babesari buruz, eta adierazi tratamenduaren arduraduna NKIko zuzendari kudeatzailea dela, eta tratamendu-eragilea, berriz, kasuan kasuko federazioa. Horretaz gain, honako hau ere jaso behar da: datu-bilketaren helburua, legitimazioa, hartzaileak, eskubideak eta informazio gehigarria kontsultatzeko esteka bat, II. eranskineko hemezortzigarren klausulan ezarritakoari jarraikiz.

Talde mistoek parte hartzen ahalko dute, hala komeni bada. Gazte kategorian, beharrezkoa izanen da NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren eskaera eta oniritzia, aurrez NKJen Antolaketa Batzordearen balorazioa jasota.

Era berean, desgaitasunen bat duten eskola-umeek aukera izanen dute adinez dagokien kategoria baino beheragoko batean parte hartzeko, baldin eta horrek dena delako txapelketara egokitzen eta hartan parte hartzen laguntzen badu; horretarako, aurrez eskaera egin beharko da, Antolaketa Batzordeak balorazioa egin beharko du eta NKIk baimena eman beharko du.

NKIk NKJetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzea baimentzen ahalko du, baldin eta horien klubak, Nafarroakoak izanda ere, beste autonomia erkidego batzuekiko eskualde mugakideetan badaude eta, horrela, horiek parte hartzen laguntzen bada. Dagokion federazioak egoera horretan dauden jokalarien zerrenda eta jokalari horien osasun laguntzaren eta istripuen asegurua jakinarazi beharko dizkio NKIri.

Parte-hartzaileei dagozkien kategorian eta adinean emanen da izena NKJetan. Kirol maila bikaina duten taldeek urte bat zaharragoak diren parte-hartzaileen lehiaketa talde batean izena ematea eskatzen ahalko dute, baldin eta aurreko denboraldiari dagokion txapelketan lehenbiziko hiru sailkatuen artean egon badira. Eskaera dagokion federazioari eginen zaio, NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin.

Kimu, haur eta kadete kategorietan, kirolariek izena ematen ahalko dute adinaren arabera dagokien kategoria ez den batean, beraiek baino urte bat zaharragoak direnen kategorian, hain zuzen, baldin eta klubak ezin baditu kirolari horiek sartu haien adinari dagokion talde batean. Klubaren eskaerarekin batera, idazki sinatu bat aurkeztu beharko da, taldeak edozein sailkapenetan sartzeari berariaz uko egiten diola adierazten duena. Kimuen F8ko eta Haurren Futbol 11ko kategorietan, joko-eremuan ezin izanen dute aldi berean elkartu dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 3 kirolarik baino gehiagok. Kadeteen Futbol 11ko kategorian, joko-eremuan ezin izanen dute aldi berean elkartu kategoriari dagokion adina baino urte bat zaharragoak diren 2 jokalarik baino gehiagok.

Aretoko futboleko, saskibaloiko, eskubaloiko modalitateetan, eta irizpide horri jarraituz taldeko beste kirol batzuetan ere, ezin izanen dute joko-eremuan aldi berean elkartu kategoriari dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 2 jokalarik baino gehiagok. Klubak jokalari horiek aurreko edizioan klubean zeudela frogatu beharko du. Urte bat zaharragoak diren jokalariek ezin izanen dute partida osoan egon joko-eremuan, non eta ez den gertatzen kategoriari dagokion adineko jokalari nahikorik ez dagoela haiek ordezkatzeko.

NKJen programan sartutako modalitateetan parte hartzen duten haur eta kadete kategorietako taldeetako entrenatzaileek frogatu beharko dute inskripzioa egitean hasierako mailako ikastaroa behintzat egina dutela. Ezinezkoa bada, entrenatzaile tituludun baten babesaren pean egon beharko dute, eta NKJen XXXV. edizioan zehar Kirolean hasteko prestatzaileentzako ikastaroa egin beharko dute, gutxienez. Kirol guztietan, gomendatzen da titulurik ez duten entrenatzaileak titulua duen entrenatzaile baten babespean egotea. Prestakuntza horren frogagiria kasuan kasuko kirol federazioek egiaztatu beharko dute.

Kirol jokoetan parte hartuko dutenen entrenatzaileek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute. Programan parte hartzen duten klubek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiria eta kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, inskripzioa egiten den une berean. Ez da onartuko taldeak izena ematea, betekizun hori bete ezean.

j) Tasak eta gordailuak:

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako, Nafarroako kirol federazioak elkarte gisa antolatutako erakunde pribatuak dira, irabazi-asmorik gabekoak, haiei berez dagozkien eginkizunak izateaz gainera, eskuordetzaren ondorioz, Nafarroako txapelketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko lizentziak edo gaikuntzak emateaz ere arduratzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin koordinatuta eta haren babespean. Kontuan harturik NKJak direla deialdi honetan agertzen diren kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarrak, eta haietan parte hartzeko beharrezkoa dela NKJetan kasuan kasuko lizentzia edo gaikuntza edukitzea, gaikuntza hori emateko tasak kirol federazioei ordaindu beharko dizkiete parte-hartzaileek (behin baizik ez).

Kirolari bakoitzak 5 euro ordainduko du NKJetan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasen kontzeptu gisa, 3 kirol jardunaldi edo gutxiago eskaintzen duten modalitateen kasuan, eta 7 euro, hiru kirol jardunaldi baino gehiago eskaintzen duten modalitateen kasuan. Tasa honek NKJetan parte hartzeko bidea ematen du, eta beste edozein kirol jarduera federatu alde batera geratuko da. Behin txapelketa hasita, kirol programa bertan behera uzten bada edo aldatzen bada osasun pandemiaren ondorioz, tasak ez zaizkie parte-hartzaileei itzuliko.

Arbitroek eta entrenatzaileek NKJetan izena emateak ez du ekarriko tasa ordaintzeko betebeharrik.

Inskripzioen gastuak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKIren Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia izan.

NKIk eta parte hartzen duen federazio bakoitzak sinatutako hitzarmenetan, tarifa batzuk ezartzen dira arbitraje kontzeptuengatik. NKJetako arbitrajea kasuan kasuko federazioko arbitroen batzordeko arbitro ofizialek egiten dutenean eta kostuak hitzarmenean ezarritako tarifa baino handiagoak direnean, federazioak kostuaren diferentzia kobratzen ahal die klubei, zati berdinetan, federazioaren batzar nagusiak hala onetsi badu.

Modalitate bakoitzerako inskripzio epea bukaturik, NKJen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKIra, kirol bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte, eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindu duten diru-zenbateko guztia.

Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera jarraituko dute NKJen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik baldin balitz.

Klubek ordaindu beharreko gordailuen zenbatekoak erantsi den taulan ezarritakoak dira, non ez dituen NKIk aldatzen.

KIROL MODALITATEA

GORDAILUA

Xakea (taldea)

30 euro

Saskibaloia 5x5

90 euro;
180 euro 3 talde edo gehiago badira

Eskubaloia

90 euro; 180 euro 3 talde edo gehiago badira

Beisbola

60 euro

Aretoko futbola

90 euro

Zelaiko futbola

90 euro

Emakumezkoen 8ko futbola

90 euro

Herri kirolak

90 euro

Gordailuak bakar-bakarrik ezarriko dira denboraldi osorako txapelketa-egutegi bat osatzen duten taldeen kirol modalitateetarako eta txapelketa-koadroak deiturikoen bidez antolatzen diren modalitateetarako. Gordailuen helburua bikoitza da: txapelketa behar bezala garatzen dela bermatzea eta talde batek txapelketa abandonatuta txapelketa bera aldatu eta faltsutzeko bidea saihestea; eta parte-hartzaileen erantzukizunei aurre egitea. Klub batek bi talde baino gehiago baldin baditu modalitate berean, ezarritakoa halako bi ordaindu beharko du.

Arauzko zehapenen ondorioz gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da zehatutako taldeak txapelketan jarraitu ahal izateko. Txapelketa amaiturik, kirol federazioek itzulketa egitea erabaki eta gordailua itzuliko diete elkarteei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

k) Partidak:

Ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Bi taldeak aurkezten badira eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurantzakoak betetzen badituzte, taldeek ezin dute ezer alegatu partida ez jokatzeko. Talderen batek partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da. Partida bakoitza hurrengoa hasteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu berean jokatzen bada.

Osasun pandemiak irauten duen bitartean, kirol federazioak aurreikusita izanen du COVID-19a dela-eta partidak bertan behera utzi beharra gerta daitekeela, bai eta kasu horretan antolaketaren eta sailkapenaren ondorioetarako zer jokabide hartuko den ere.

l) Atzeratzea:

Partida bat atzeratzeko, idatziz eskatu beharko da hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi kluben adostasun idatzia beharko da, ordezko data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta kirol federazioko organo eskudunak onartu beharko du. NKIk programatutako jardunaldi bat bertan behera utz dezake, guztiz edo zati batean, ezinbesteko arrazoiak direla eta. Halakoetan, parte-hartzaileei jakinarazi beharko die dagozkien federazioen bitartez.

Kirol federazioak parte hartzen duten klubei jakinaraziko die zein den, eguraldi txarra bada, segituko den protokoloa.

Osasun pandemiak irauten duen bitartean, kirol federazioak aurreikusita izanen du COVID-19a dela-eta partidak bertan behera utzi beharra gerta daitekeela, bai eta kasu horretan antolaketaren eta sailkapenaren ondorioetarako zer jokabide hartuko den ere.

m) Emaitzen eta gorabeheren jakinarazpena:

NKJen arautegi teknikoan arauturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko kirol federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, jokatzen denetik gehienez ere 48 orduko epean. Epe horretan akta igorriko da, arbitro federaturik ez badago. Ez betetzeak zehapena ekarriko du, araudi hauen “g” apartatuan (Kirol diziplina) kirol modalitate bakoitzerako ezarritakoarekin bat; errepikatzen bada, txapelketatik kanporatzea ere ekar dezake.

Klubean kiroltasunaz arduratzen den pertsonak gorabeherak nahiz gatazkak jasoko ditu, bai eta izandako kiroltasun keinu eredugarriak ere, eta, gero, horien berri emanen dio, posta elektronikoz, kasuan kasuko kirol federazioko balioen delegatuari edo NKIko Kirol Jokoen Bulegoari, helbide honetara idatzita: jdn@navarra.es.

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasunaren aldetik eredugarriak badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

n) Antolaketa Zerbitzuaren fakturazioa:

NKIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria/abendua, urtarrila/otsaila, martxoa/apirila, maiatza/ekaina eta uztaila/iraila. Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, kirol federazioek faktura elektronikoak (FAKe) aurkeztu behar dituzte hurrengo hilaren 10a baino lehen, urria-abendua eta maiatza-ekaina aldietan izan ezik, orduan aldiko azken kirol jardunaldia eta berehala aurkeztu beharko delako. Kirol federazioren batek fakturak garaiz eta behar den moduan aurkezten ez baditu, faktura horiek ez dira sartuko aldi horretako gastuen abonurako ebazpenean. Hurrengo gastuen abonurako ebazpenean sartuko dira, programaren aurrekontu ekitaldi eta edizio berekoak baldin badira.

NKIk bere gain hartuko du egin beharreko jardueraren kostua, NKIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan. Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte.

Programa abian jarri eta ohiz kanpoko eta kirol federazioekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik bertan behera utzi beharko balitz, NKIk hitzarmenean, edo partida edo jardunaldi bakoitzeko gastuen xehakapenean ezarritako administrazio eta kudeaketako gastuei dagokien partea ordaintzen ahalko dio federazioari. Ukitutako federazioak Kirolaren Zuzendariordetzari eskatu behar dio, arrazoiak emanez, bertan behera utzitako jardunaldien administrazio eta kudeaketa gastuen konpentsazioa. Programaren kudeatzaileek aurkeztu diren eskaerak eta ordaindu beharreko zenbatekoak baloratuko dituzte.

Nafarroako XXXV. Kirol Jokoetan jasotako modalitate guzti-guztietan aurreikusitako programazioa gauzatu ahal izateko, kirol federazio jakin batek aurreikusitako jarduera bukatu badu eta kirol federazio horri hasieran emandako kreditua eta programaren gastu orokorretarako esleitutakoa (garraioa, asegurua, dominak, txapelak eta aitortzak, memoria) agortu ez badu, beharrezkoa baldin bada, erabili gabeko diru kopurua aplikatzen ahalko da programan parte hartzen duen beste edozein kirol federaziok egindako jardueraren gastuak finantzatzeko, baldin eta kirol federazio horiek egindako gastuak hasiera batean esleitu zitzaizkienak baino handiagoak badira eta federazio horien NKJen programa garatzeko beharrezkoak diren gastuetarako bada, edo, bestela, modalitate jakin bati esleitu ezin zaizkion bestelako gastu orokorretarako. Kasu horretan, NKIk zuzenean ordainduko dizkio zerbitzu emaileari.

Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta garatzeagatik.

–Finalak antolatu eta garatzeagatik.

–Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak).

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik.

–Kirolarien joan-etorriak auto partikularretan egiteagatik (baimendutako kasuetan baino ez, araudiari jarraikiz).

–NKIrekin adostutako proiektuan parte hartzen duten federazioetan balioen delegatua izateagatik.

Joko-eremuaren barruko balioen delegatuaren figura baimendua duten kirol federazioek fakturan txertatu beharko dituzte NKIk edo kirol federazioak berak NKIren oniritziarekin hautatutako joko-eremuaren barruko balioen delegatu horiek joko-eremuan egoteari dagozkion gastuak.

Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKIren oniritziarekin. Eskaera Kirolaren Zuzendariordetzari egin behar zaio erregistro bidez, gastua egin baino lehen.

Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

Garaikur eta dominen gastua zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

NKIk ekarpenak eginen ditu, dagokion kirol federazioak kontzeptu ezberdinengatik aldi zehatz batean egindako gastuei dagokien faktura elektronikoa (FAKe) aurkeztu eta gero.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partida edo jardunaldi arruntak antolatu eta garatzea: partida edo jardunaldi kopurua, eta partidak non eta noiz jokatu diren, programan parte hartu duten kategorien arabera, kirol federazio bakoitzaren hitzarmenean jasotako gastuei dagokienez.

–Finalak antolatu eta garatzea: finalak zein tokitan eta ordutan jokatu diren adierazita.

–Osasun laguntzaren zerbitzuengatik: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriak: jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehaturik.

–Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak, honako hauek adierazita: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Aurretik NKIren oniritzia beharko da.

Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; “ordaindua” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKIk kirol federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera, salbu eta NKJetako azken faktura denean.

o) Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Eskola-umeen selekzio autonomikoek Kirolaren Kontseilu Nagusiak deitzen dituen Espainiako txapelketetan izena eman eta parte hartzeko, kirol federazioek deialdian ezarri bezala jokatu beharko dute, eta NKGIren oniritzia izan beharko dute.

Eskola-umeen selekzio autonomikoek txapelketa horietan parte hartzeko hautaketa irizpideak NKJen arautegi teknikoetan jasoko dira, eta NKGIren oniritzia izanen dute.

Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan parte hartzearen ondoriozko gastuak kirol federazioentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez finantzatuko dira.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzea estaltzen dute, bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

NKJetan txapelketa antolatzeaz gainera, Nafarroakoa baino eremu handiagoko txapelketetan ere –kirolari gisa, klub gisa edo selekzio gisa– parte hartzen duten federazioek beren arautegietan zehaztu beharko dute zein diren txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak hautatzeko irizpideak, baita txapelketarako egunak aurreikusi ere, kasuan kasuko deialdiaren arabera.

p) NKIren planak.

1.–Kirolaren balioen ekintza plana: NKIk kirolaren balioak sustatzeko kanpaina bat abiarazi du. Hona hemen kirolaren balioak: joko garbia, laguntasuna, hobetu nahia, inklusioa, berdintasuna eta errespetua. Plan honen barnean, joko-eremuaren barruko kirolaren balioen arduradun delegatuaren eta kiroltasun-arduradunaren figurak jasotzen dira. Figura horien eginkizunen artean daude, besteak beste, ordezkatzen duen kirol modalitateko txapelketa behar bezala garatu dadin laguntzea, eta agente guztien (kirolari, teknikari eta ikusleen) gorabehera eta gatazka nabarmenen berri ematea, bai eta kiroltasun jarrera aipagarrien berri ere. Klub bakoitzeko kiroltasun arduraduna lankidetzan arituko da NKIk gaitutako joko-eremuaren barruko kirolaren balioen arduradunarekin.

Parte hartzen duten klubek konpromisoa hartzen dute lankidetzan aritzeko NKIk edo dagokion kirol federazioak bultzatzen dituen balioen sustapenera bideratutako ekintza eta programa orotan. Inskripzioko unean eta/edo txapelketako arauetan klubei betebehar horren berri eman beharko zaie, eta hartutako konpromisoak ez betetzeak lekarzkeen ondorioak jakinaraziko dira.

2.–“Emakumea eta Kirola” plana: eginen diren ekintzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

a) Txapelketa egituratzea NKJen kategoria guztietan eta horretarako behar diren baliabideak ematea.

b) Ikasleen artean berdintasuna bermatzen duten eskola-umeentzako kirol jarduerak antolatzea eta/edo haiek antolatzen laguntzea.

Kontuan izanda NKJak adingabekoei zuzenduta daudela, haien helburu nagusiak hezkuntza eta prestakuntza izanen dira. Inplikatutako agente guztiek (kirol federazioek, kirol klubek, entrenatzaileek, delegatuek, arbitroek, gurasoek eta ikusleek) kirolaren balioak sustatzen lagundu behar dute.

Parte hartzen duten kirol federazioei dei egiten zaie NKJen programan parte hartzen duten klubekin lan egin dezaten eta gai honekin lotutako lan ekintza zehatzak proposa ditzaten.

q) Kalitatea.

NKJen programaren helburua betetzeko eta pixkanaka bere alderdiak hobetzeko asmoz, zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien laguntza eskatzen da ezarritako arauak betetzeko eta programarekin zerikusia duen edozein iradokizun, salaketa edo ekarpen egiteko, bai jdn@navarra.es helbide elektronikoaren bidez, bai webgune honen bidez: https://www.deportenavarra.es/eu euskaraz, eta https://www.deportenavarra.es/ gaztelaniaz.

r) Hondakinen Kudeaketarako Araudia.

Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ekitaldia zer mankomunitatetan gauzatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

s) COVID-19aren gaineko araudi gehigarria.

Nafarroako Gobernuak, NKIren bidez, Nafarroako XXXV. Kirol Jokoen deialdia egiten du 2021-2022 ikasturte honetarako, pandemia egoera batean, COVID-19a dela-eta. Egoera horrek behartzen gaitu osasun protokoloak ezartzera, errazagoa izan dadin kirola segurtasun baldintzetan egitea, nahiz eta ezin den bermatu kirola guztiz arriskurik gabe egitea. Kasu guztietan, osasun segurtasuna izanen da lehenetsi beharreko gauzarik inportanteena, baita, oro har, gizartearen segurtasuna ere, eta, zehazki, kirolariekin eta haien inguruan bizi den gizartearena, kutsatzeko arrisku berezia du eta.

Kirol praktika honako hauek baldintzatuko dute: pandemia egoeraren bilakaerak, osasun agintariek ezarritako protokoloek, kirol praktika arautzeko NKIk ezarritako arauek, kirol instalazioak erabiltzeko protokoloek eta parte hartzen duten kirol federazioetako bakoitzaren berariazko protokoloek.

NKJen programan parte hartzen duen kirol federazio bakoitzak federazioko COVID arduradun bat izendatuko du. Kluben eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren arteko harremanetarako erreferentzia izanen da arlo horretan.

Eginkizun hauek izanen ditu:

–Berariazko protokolo bat prestatu, eguneratu eta ebaluatzea, federazioko kirol modalitateari edo modalitateei buruzkoa.

–Protokoloak zabaltzea parte hartzen duten kluben artean.

–COVID-19aren pandemiari buruzko protokoloak ezagutzea, osasun-agintaritzarenak nahiz NKIrenak.

–Kontrolatzea protokoloak betetzen direla.

–Zalantzak argitzea protokoloen aplikazioari buruz.

–Eskatzea eta kontrolatzea klub guztiek aurkezten dutela klubeko COVID arduradunaren ziurtagiria kasuan kasuko federazioan.

Klub bakoitzak klubeko COVID arduraduna izendatuko du. Hura erreferentzia izanen da klubeko entrenatzaileentzat, bai eta federazioaren, kirol entitateen eta osasun-agintaritzaren arteko lotura ere. Oro har, begiratuko du pandemiari buruzko araudia betetzen dela klubeko taldeek etxeko talde gisa partidak dituzten instalazio guztietan.

Hona hemen haien eginkizunak:

–Prebentzio neurriak, jardutekoak, eta, kasua bada, diziplinakoak helaraztea entitatean aritzen diren langile eta/edo boluntario guztiei eta kirolarien familiei, kirolariak adingabeak badira.

–Begiratzea kirolari guztiek sinatu dutela eta entitateari igorri diotela ezagutza, onespen eta konpromiso agiria.

–Entitatearen jarduerak begiratzea, bermatzeko betetzen direla protokoloan jasotako prebentzio eta higiene arloko neurri guztiak, baita agintaritza eskudunak ezarritako beste edozein arau ere.

–Jarduera koordinatzea eta behar diren komunikazioak izatea osasun-agintaritzarekin eta/edo ukitutako familiekin edo pertsonekin, COVID-19aren kasu bat atzematen denean edo pertsona batek sintomak dituenean kirol jarduera batean.

–Proposamenak egitea entitatearen barne-erregimeneko arautegian edo diziplina arautegian eransteko COVID-19ari aurre egiteko neurriak betetzeagatik sortutako arriskuen inguruko arau-hausteak, eta zuzendaritza organora edo gobernu organora igortzea hark onets ditzan.

–Proposatzea kasuan kasuko diziplina neurriak har ditzala entitatearen zuzendaritza organoak edo administrazio organoak, protokoloa betetzen ez denean.

–Egoki diren gestioak egitea protokoloari buruzko informazioa ager dadin eta eguneratuta egon dadin entitatearen webgunean.

–Protokoloari buruzko informazio eskaerei erantzutea.

–Protokoloaren etengabeko ebaluazioa egitea eta, kasua bada, doikuntza proposamenak igortzea entitatearen zuzendaritza organoari edo administrazio organoari.

Instalazioko COVID arduraduna. Instalazio bakoitzean, arduradun bat egonen da, taldeei eta arbitroei harrera eginen diena, jakinaraziko diena zein den instalazioaren protokoloa eta begiratuko duena protokoloak betetzen direla. Segituan emanen du edozein gorabeheraren berri. Beharrezkoa bada, bertatik bertara eta telefono bidez.

Hona hemen haien eginkizunak:

–Federazioaren protokoloak, klubarenak eta instalazioaren titularrak ezarritakoak ezagutzea.

–Begiratzea instalazioak betetzen dituela instalazioaren titularrak ezarritako baldintzak. Instalazioaren titularrari jakinaraztea atzemandako edozein gorabeheraren berri.

–Instalazioaren barneko sarbideak eta mugitzeko zirkuituak kontrolatzea.

–Kanpoko kirolariei instalazioaren berariazko protokoloaren berri ematea.

–Instalazioan sartzen diren pertsonen erregistroa kontrolatzea, osasun-agintaritzaren eskura egonen dena eskatuz gero.

–Kirol materiala eta aulkien eremua desinfektatzea, haiek erabili ondoan, instalazioaren titularrak ez badu lan hori egiten.

–Ezarritako protokoloa martxan jartzea kirolariren bat atzematen denean COVID-19arekin lotutako sintomekin. Horren berri ematea osasun-agintaritzari, federazioko COVID arduradunari eta instalazioaren titularrari.

Instalazioaren titularrak ez baditu eginkizun horiek betetzen, etxeko gisa aritzen den taldeko pertsona batek beteko ditu instalazioko COVID arduradunaren eginkizunak. Klubeko COVID arduradunak bete ditzake instalazioko COVID arduradunaren eginkizunak. Topaketen kasuan, federazio antolatzaileak hartuko ditu eginkizun horiek bere gain.

II. ERANSKINA

Lankidetza hitzarmena

Deskargatu lankidetza hitzarmena (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113262