222. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Lizentzien etendura lurzoru urbanizaezinean, eguzki-planta fotovoltaikoen instalazioetarako, instalazio fotovoltaikoetarako oro har, eta instalazio eolikoetarako (haize-sorgailuak)

Etxauriko Udalak, 2021eko irailaren 8an egin bileran, honako hau erabaki zuen:

Ikusirik udal zerbitzuek egindako txosten tekniko eta juridikoak, hizpide dutenak eguzki-planta fotovoltaikoak eta instalazio eolikoak arautzea Etxauriko udal planeamenduan.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Udalak, hirigintza planak hasiera batez onesteko eskumena duen administrazioa den aldetik, ahalmena du urtebetez eteteko partzelazio, eraikitze, eraiste edo bestelako erabileretarako lizentziak, horien eraketa edo berritzea aztertzearren.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren azaroaren 9ko 111E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako Udal Planean (araudia 2017ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 5ean) ez dago araututa bateragarria ote den edo ez bertako lurzoru urbanizaezinean jartzea energia berriztagarrien instalazioak, planta/instalazio fotovoltaikoak edo antzeko instalazioak, eta energia eolikokoak. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan; batetik, ez dagoelako argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dagoelako argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak. Beraz, lizentzien etendura da Udalak eskura duen figura juridikoa, arretaz aztertu ahal izateko horrelako instalazioak eta horiek jartzeko (edo ez jartzeko) baldintzak, arauak aldatuz.

Horregatik guztiagatik, Etxauriko Udaleko Osoko Bilkurak aho batez erabaki du:

1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluarekin bat, dekretatzea eten egiten direla Etxauriko lurzoru urbanizaezinean azpiegitura eta instalazio fotovoltaiko eta eoliko berriak ezartzeko edo exekutatzeko lizentziak, salbu lehendik dauden eraikinen estalkietan eta autokontsumorako direnak, zenbait alderdi aztertu nahi dira-eta: lurraldea, ingurumen, etnografia, konektibitate ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten eragina eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinaren barnean, eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako, hain zuzen, aldaketa bat izapidetu beharko da Planean.

2. Ezartzea etendurak iraunen duela Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denboran, aldaketa hori aztertzeko, eratzeko eta izapidetzeko behar den epean, alegia, gehienez urtebetez (testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita lurzoru urbanizaezina egoki arautzea.

Etxaurin, 2021eko irailaren 9an.–Alkatea, Idoia Aritzala Etxarren.

Iragarkiaren kodea: L2113527