220. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

65/2021 EBAZPENA, irailaren 7koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, lanbide heziketako graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onesten duena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Atalean aritzeko, Erriberrin (Nafarroa). DDBN identifikazioa: 582888.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Aipatu foru dekretuaren 11. artikuluak Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren barnean sailkatzen du Mahastizaintza eta Enologia Atala, eta 14. artikuluak, berriz, ezartzen du zein diren Mahastizaintza eta Enologia Atalaren eskumenak, hor zehazten baita ezen “foru dekretuan bertan ardogintzaren arloko esperimentazioari eta ikerketari buruz adierazitako eskudantziak izanen dituela, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere”.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 19ko 179/2020 Foru Aginduak, zeinaren bidez onartzen baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak, haien eginkizunak ezartzen ditu eta Mahastizaintza Bulegoa eta Enologia Bulegoa Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Mahastizaintza eta Enologia Atalari atxikitzen dizkio.

Mahastizaintza eta Enologia Atalak proposatu du lanbide heziketako graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia, atalak Erriberrin (Nafarroa) dituen instalazioetan aritzeko, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa izandakoan. Instalazio horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikita daude. Eskatzen den titulazioa Nekazaritzaren eta Elikagaien Industrien arloetako lanbide heziketako titulazio hauetako bat da: Mahastizaintzako eta Ardogintzako goi mailako teknikaria, Elikagaien Industriako Prozesuetako eta Kalitateko goi mailako teknikaria, Paisajismoko eta Landa Inguruneko goi mailako teknikaria, Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpeneko teknikaria, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ekoizpeneko teknikaria eta Oliba-olioetako eta ardoetako teknikaria.

Beka honen helburua da mahatsaren ekoizpenerako eta ondoren ardo bihurtzeko behar diren lanak antolatu, garatu eta betetzeari buruz ikastea. Gero eta ohikoagoa da Nafarroako mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean mahastizaintzako ustiategia duen upategiaren eredua, non gero eta gehiago eskatzen baitira mahastizain eta ardogileen lanbide profil mistoak edo konbinatuak.

Erriberriko instalazioetan 12 hektarea inguru mahasti daude eta upategi esperimental eta instituzional bat, urtean 100.000 litro egiteko ahalmenarekin; toki ezin hobea da sektoreko profesionalak trebatzeko, izan dezaten etorkizunerako nekazaritzako eta elikagaien industrietako jardueren konbinazioa biltzen duen profil hori, hainbeste eskatzen dena gaur egun. Uste da bekadunei agintzen zaizkien lanek haien esperientziarako eta lanbide heziketarako osagarri baliotsua ekarriko dietela, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen direla departamentu honentzat.

Horregatik guztiagatik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak proposatu du Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Mahastizaintza eta Enologia Atalean aritzeko prestakuntza beka bat sortzea lanbide heziketako graduatu ondokoentzat eta horren deialdia egitea.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

258/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen deskontzentrazioari buruzkoan, araututakoaren arabera, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, haren eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari dirulaguntzen arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lanbide heziketako graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean jaso direnak. Beka Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Atalean aritzeko da, Erriberrin.

2. 9.580,92 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko ordainketa-konpromisoei aurre egiteko. Horietatik 3.193,64 euro 2021eko gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 70000070110-4809-411100 partidaren kargura ordainduko dira, eta 6.387,28 euro, berriz, 2022ko ekitaldikoan gaitzen den partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Informazio Kudeaketaren Atalera eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB).

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko irailaren 7an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

ERANSKINA

Beka bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Atalean aritzeko, Erriberrin (Nafarroa). Deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Lanbide heziketako graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikitako Mahastizaintza eta Enologia Ataleko instalazioetan aritzeko, Erriberrin (Nafarroa). Beka honen helburua da mahatsaren ekoizpenerako eta ondoren ardo bihurtzeko behar diren lanak antolatu, garatu eta betetzeari buruz ikastea.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete iraunen du gehienez, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte. Atalak eskatuz gero, beka luzatzen ahal da, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

1. Bekaren zenbatekoa 9.580,92 eurokoa da, “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

–2021eko ekitaldi ekonomikoa: 3.193,64 euro, 2021eko gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura; 750 euroko lau hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 48,41 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2022ko ekitaldi ekonomikoa: 6.387,28 euro, 2022an horretarako gaitzen den partidaren kargura, hots, 2021eko gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2022. urtean). 750 euroko zortzi hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 48,41 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

2. Betiere, bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Elikagaien Industrien eta Nekazaritzaren lanbide arloetako titulu hauetako bat izatea, Espainiako agintaritzek emana edo homologatua: Mahastizaintzako eta Ardogintzako goi mailako teknikaria, Elikagaien Industriako Prozesuetako eta Kalitateko goi mailako teknikaria, Paisajismoko eta Landa Inguruneko goi mailako teknikaria, Nekazaritza Ekologiko Ekoizpeneko teknikaria, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ekoizpeneko teknikaria eta Oliba-olioetako eta ardoetako teknikaria.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Eskatutako tituluaren fotokopia, deialdi honen laugarren oinarriaren e) letraren arabera.

e) Seigarren oinarriko 2.II puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

f) Jaiotza agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen hori egiten ez badu ulertuko dela eskaerari uko egin diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Ana Sagües Sarasa, Mahastizaintza eta Enologia Ataleko burua.

Batzordekidea: Félix Cibriáin Sabalza, Mahastizaintza Bulegoko burua.

Idazkaria: Alfredo Rueda Diez, Enologia Bulegoko burua.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.I.–Ikasketa espedientea:

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.

2.II.–Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloko prestakuntza:

Ikastaroak. Bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.III.–Lan esperientzia.

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.

2.IV.–Hizkuntzak.

Hizkuntzak baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiko zaio. Ebazpen horrek euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezarri zituen, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,75 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,5 punturekin baloratuko dira. B1 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,3 punturekin baloratuko dira. A2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,2 punturekin baloratuko dira. Izangaiak hizkuntza bakoitzean lortu duen maila altuena baino ez da baloratuko.

Berdinketa izanez gero, egiaztatutako titulazioaren ikasketa espedientean nota altuena duenaren eskaera lehenetsiko da. Berdinketak badirau, hizkuntzetan puntuaziorik handiena duen eskaera. Azkenik, behar izatera, zozketaz ebatziko da.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunari jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Beka emateari buruzko jakinarazpenean zehaztuko da zer baldintza ezarriko zaizkion onuradunari.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute lanean, edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean, gehienez ere. Horrela egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek bete beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea.

2. Jarduerak hasten diren unean, bekadunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

3. Jarduerak hasteko unean Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak zerga-betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, baita zinpeko adierazpen edo agindu bat ere, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio, entitate publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

4. Beka emateak zehazten duen prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren jarduketaren xedearekin eta eremuarekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute Departamentuaren instalazioetara (Valle de Orba kalea 34; 31390 Erriberri, Nafarroa).

5. Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

6. Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

7. Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

8. Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

9. Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

10. Onuradunak prestakuntza jarduera bera egiteko beka edo dirulaguntza bateragarri bat baino gehiago metatzen badu, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren zainduko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean beste batzuei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2113482