220. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

458/2021 EBAZPENA, irailaren 16koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, deialdi hau aldatzen duena: “COVID lerroa, laguntza zuzenak emateko Nafarroako autonomoei eta enpresei, kaudimena babesteko eta sektore pribatuaren zorpetzea murrizteko”. DDBN identifikazioa: 570886.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 342/2021 Ebazpenak onetsi zituen “COVID lerroa, laguntza zuzenak emateko Nafarroako autonomoei eta enpresei, kaudimena babesteko eta sektore pribatuaren zorpetzea murrizteko” deialdia eta haren oinarri arautzaileak. Deialdi hori 2021eko 166. NAOn argitaratu zen, uztailaren 19koan (akatsen zuzenketa, 2021eko 176. NAOn, uztailaren 29koan; eta eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 20ra arte luzatzea, 2021eko 194. NAOn, abuztuaren 19koan).

Une honetan komenigarria da deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea, berariaz jasotzeko laguntza horiek galerak konpentsatzeko aplikatu ahal izateko aukera. Ulertzen da galera horiek estali gabeko kostu finkoak direla; hain zuzen, hemen aipatzen diren kostu finkoak: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko enpresa kaudimena laguntzeko aparteko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluaren 1. eta 3. apartatuetan eta bosgarren xedapen gehigarrian. Bai eta laguntzak estaltzeko epea lau hilabeteko luzapenari (2021eko maiatzaren 31tik irailaren 30era arte) egokitzeko ere, 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 1.3 artikulua aldatua izan ondoren (irailaren 14ko 17/2021 Errege Lege-dekretuaren bidez egin zen aldaketa hori).

Horrenbestez, aldaketa honen xedea da zehaztea laguntzen helburua ez dela mugatzen zorrak kitatzera eta ordainketak egitera, baizik eta dirulaguntzari dagokion aldian –2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean– izandako kostu finkoek eragin dituzten kontabilitate galerak ere konpentsatzera.

Halaber, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 3.1.d) artikuluan aurreikusitakoaren babesean, egokia da onuradunen izaera honako subjektu hauei ere zabaltzea:

2019an emaitza garbi negatiboak izan arren, 2018an emaitza garbi positiboak izan dituzten pertsonei eta erakundeei. Izan ere, egoera horrekin ulertzen ahal da onuradunek, laguntza hauen bidez, beren jarduera eta enplegua babestu ahalko dutela. Arrazoi berberengatik, aipatu izaera honako enpresa hauei ere ematen zaie: 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean alta eman zaien edo sortu diren enpresei.

Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan profesional gisa inskribatuta dauden ustiategien titularrei ere ematen zaie. Erregistro hori araututa dago uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. Horretarako, deialdiaren II. eranskina aldatu behar da, ustiategi horiei dagozkien nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduerak sartzeko.

Era berean, deialdiaren 6. oinarriko 1.2 apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, egoki jotzen da aldatzea 2020ko ekitaldi osoan beren jarduera garatu duten onuradunen enplegatu kopurua kalkulatzea. Kalkulu hori eragiketa hauek egin ondoren ateratzen den zenbatekorik txikiena izanen da: batetik, zenbait enpresa eta lanbide jardueratako lan-atxikipenen informazio ereduan kontsignatutako lanaren diru-etekinen hartzaileen kopurua 2020an, eta, bestetik, 2020ko soldatak 26.600 euroko kopuruaz zatituta lortzen den emaitza (26.600 euro da otsailaren 4ko 231/2020 Errege-dekretuak 2020rako ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi: Nafarroako urteko batez besteko soldata gordinaren pareko kopurua).

Azkenik, aldaketa horien ondorioz, laguntzak eskatzeko epea 2021eko urriaren 14ra arte luzatuko da, bai eta horiek justifikatzeko epea ere, aurtengo azaroaren 30era arte.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaile hauek aldatzea “COVID lerroa, laguntza zuzenak emateko Nafarroako autonomoei eta enpresei, kaudimena babesteko eta sektore pribatuaren zorpetzea murrizteko” deialdian:

1.1. 1. oinarria, “Xedea” izenekoa. Bigarren paragrafoa honela idatzita geldituko da:

“Laguntza zuzen hauek finalistak izanen dira, eta erabiliko dira zorrak kitatzeko, ordainketak egiteko hornitzaileei eta beste hartzekodunei, finantzarioak izan ala ez, bai eta Nafarroako enpresen eta langile autonomoen galerak konpentsatzeko”.

1.2. 3. oinarria, “Onuradunak” izenekoa”. 4.1 apartatua honela idatzita geldituko da:

“4.1. Enpresaburuak edo profesionalak, entitate eta talde kontsolidatuak, PFEZaren aitorpenen emaitza garbi negatiboa aitortu dutenak 2019an, aurreko apartatuetan ezarritako baldintzak beteta, baldin eta zenbatespen zuzeneko metodoa aplikatu badute beren jarduera ekonomikoengatik, edo, kasua bada, ekitaldi horretan negatiboa izan bada sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa eta kapitalizazio erreserba aplikatu baino lehen.

Dena den, onuradunak izaten ahalko dira ondoko egoeretako batean daudenak:

a) PFEZaren aitorpenen emaitza garbi positiboa aitortu dutenak 2018an, baldin eta zenbatespen zuzeneko metodoa aplikatu badute beren jarduera ekonomikoengatik, edo, kasua bada, ekitaldi horretan positiboa izan bada sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa eta kapitalizazio erreserba aplikatu baino lehen.

b) 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean alta eman zaien edo sortu diren enpresak”.

1.3. 5. oinarria, “Gastu diruz lagungarriak eta ordainketa-agindua” izenekoa. 1. apartatuko b) letra honela idatzita geldituko da:

“b) 2020ko martxoaren 1etik eta 2021eko irailaren 30era arte sortzea eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratuetakoak izatea, egun horretan hartu baitzuen indarra 5/2021 Errege Lege-dekretuak”.

1.4. 5. oinarria, “Gastu diruz lagungarriak eta ordainketa-agindua” izenekoa. 4. apartatua gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

“4. Halaber, laguntzak bideratzen ahal dira estali gabeko kostu finkoek eragindako kontabilitate galerak konpentsatzera, dirulaguntzari dagokion aldian –2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean– eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratuen ondoriozkoak badira. Laguntzaren intentsitatea ez da inola ere estali gabeko kostu finkoen % 70 baino handiagoa izanen.

Estali gabeko kostuak dira enpresek dirulaguntzari dagokion aldian jasan beharreko kostuak, etekinei egindako ekarpenaren bidez estalita ez daudenak aldi horretan (hau da, diru-sarrerei gastu aldagarriak kenduta) eta beste diru-iturri batzuekin estalita ez daudenak, hala nola aseguruak, denbora esparru nazionalak estalitako aldi baterako laguntza neurriak edo beste batzuk. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira zorrak edo ordainketak eragin dituzten kostuak, baldin eta zor edo ordainketa horiek laguntzari egotzi bazaizkio, oinarri honen 1. apartatuarekin bat.

Kostu finkoak estaliko dira hornitzaileei ordainketak egin eta finantza-zorraren nominala murriztu ondoren, oinarri honen 3. apartatuan zehazten den moduan”.

1.5. 6. oinarria, “Laguntzen zenbatekoa” izenekoa. 1.2 apartatua honela idatzita geldituko da:

“1.2. Enpresaburuen, profesionalen eta entitateen urteko eragiketa bolumena, aitortua edo administrazioak egiaztatua izan, % 30 baino gehiago jaitsi bada 2020an 2019aren aldean, honako hau izanen da gehieneko laguntza:

a) 2020an 2019aren aldean % 30 hori baino handiagoa den eragiketa bolumenaren jaitsieraren % 40, PFEZean zenbatespen zuzenaren araubidea aplikatzen duten enpresaburuen edo profesionalen kasuan eta gehienez 10 enplegatu dituzten entitate eta establezimendu iraunkorren kasuan.

b) 2020an 2019aren aldean % 30 hori baino handiagoa den eragiketa bolumenaren jaitsieraren % 20, gehienez 10 enplegatu dituzten entitateen, establezimendu iraunkorren eta enpresaburuen edo profesionalen kasuan.

Aurreko letrek aipatzen dituzten enplegatu kopurua izanen da kalkulu hauek egin ondoren ateratzen den zenbatekorik txikiena: batetik, zenbait enpresa eta lanbide jardueratako lan-atxikipenen informazio ereduan (190 eredua) kontsignatutako lanaren diru-etekinen hartzaileen kopurua 2020an, eta, bestetik, 2020ko soldatak (190 eredua) 26.600 euroko kopuruaz zatituta lortzen den emaitza.

1.2 apartatu honen onuradunentzako laguntza ezin da 4.000 eurotik beherakoa izan, ezta 200.000 eurotik gorakoa ere, ezertan galarazi gabe oinarri honen 3. apartatuan oro har ezarritako muga.

3. oinarriko 2.2 apartatuan aipatzen diren talde kontsolidatuen kasuan, aurreko mugak talde osoari aplikatuko zaizkio”.

1.6. 6. oinarria, “Laguntzen zenbatekoa” izenekoa. 2.3 apartatua honela idatzita geldituko da:

“2.3. Profesionalak edo enpresak, urtebete baino gutxiago alta emanda egon direnak 2019ko ekitaldian edo 2020ko ekitaldian.

Honako hau izanen da laguntzen gehieneko zenbatekoa berariazko kasu horietan:

ESKATZAILEA

ENPLEGATUEN KOPURUA

GEHIENEKO LAGUNTZA

PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzen du

3.000 euro

Ez du PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzen

0-3

4.000 euro

4-10

10.000 euro

11-20

20.000 euro

>=21

30.000 euro

Enplegatuen kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da lanaren diru-etekinaren zenbat hartzaile dauden 2020an kontsignatuta zenbait enpresa eta lanbide jardueratako lan-atxikipenen informazio ereduan (190 eredua)”.

1.7. 8. oinarria, “Eskaerak aurkezteko epea eta modua” izenekoa. 1. apartatua honela idatzita geldituko da:

“1. 2021eko uztailaren 20an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta 2021eko urriaren 14an bukatuko da, egun hori barne”.

1.8. 8. oinarria, “Eskaerak aurkezteko epea eta modua” izenekoa. 4. apartatuari c) letra eransten zaio eta honela idatzita geldituko da:

“c) Laguntzak eskatzen badira 5. oinarriaren 4. apartatuak aipatzen dituen kostu finkoen ondoriozko kontabilitate galerei aurre egiteko, auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da. Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona fisiko edo juridiko batek egin beharko du txosten hori, eta bertan honako hauek egiaztatu beharko dira:

1. Adierazi beharko da zenbatekoak diren galerak eta horiek 2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean sortu direla.

2. 2021eko martxoaren 13a baino lehen egindako kontratuen ondorioz direla galerak.

3. Horien barruan dauden kostu edo gastuek ez dutela eragin jadanik laguntzari egotzi zaion zor edo ordainketa diruz lagungarririk.

4. Horien barruan ez dela aldizkako balio galtzearen ondoriozko galerarik.

5. Galeren barruan aldizkako balio galtzearen ondoriozkoak ez diren horniduretarako zuzkidurak badira, txostenak adierazi beharko du ea horiek zuzenak diren ala ez, aplikatzekoa den kontabilitate araudiaren arabera.

6. Egotzi diren zenbatekoetan, aseguruek ez dituztela kostu finkoak estali, edo horietarako ez dela beste administrazio publikoen aldetik dirulaguntzarik jaso.

1.9. 10. oinarria, “Egindako inbertsioaren justifikazioa” izenekoa. 2. apartatua honela idatzita geldituko da:

“2. 2021eko azaroaren 30a baino lehenago justifikatuko da laguntzen aplikazioa, modu telematikoan, laguntzen fitxak erabiliz”.

2. Deialdiaren II. eranskina aldatzea, horren barruan sartzeko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerak, jarduera horiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan nekazaritzako profesional gisa inskribatuta dauden ustiategietako titularrek garatzen badituzte. Erregistro hori araututa dago uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten baita.

3. Ebazpen hau argitaratu aurretik laguntzen eskaera egin eta beren eskabidea osatu nahi dutenek (jardueraren galerak sartzeko eta 2021eko maiatzaren 31tik irailaren 30era bitarteko epealdiari dagozkion zorrak gehitzeko) Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren laguntzen fitxak adierazten duen moduan egin beharko dute.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko irailaren 16an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2113528