22. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Lan publikoaren eskaintza 2020rako

Tuterako Udaleko alkateak 2057/2020 Ebazpena eman zuen 2020ko abenduaren 28an. Hona hemen:

Udalak 2020ko martxoaren 31ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Tuterako Udalaren, Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoaren eta Castel-Ruiz enpresa-erakunde publikoaren 2020. urteko plantilla organikoa. Haren onespenari buruzko iragarkia ageri da 2020ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ekoan.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 21. artikuluari abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketaren arabera, alkatearen eskumenen artean g) paragrafoa dago: “Lan publikoaren eskaintza onestea, osoko bilkurak onetsitako aurrekontuarekin eta plantilla organikoarekin bat (...)”.

Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aukera hau aipatzen da: “Nafarroako Administrazio Publikoek lan eskaintza bat onetsiko dute urtero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dena”.

2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak (2020ra luzatua) ezartzen du bere artikuluetan zer aukera dituzten Administrazio Publikoek enplegu publikoari dagokionez.

Beraz, aipatutako eskaintza onetsi behar da, haren xede nagusienetako bat baita hautaprobetan parte hartzeko interesa dutenendako informazio tresna izatea, bertan biltzen dituelarik lanpostuak betetzeko dauden aurreikuspenak, kontuan hartuz horretarako dagokion araudi aplikagarria eta udal langileen ordezkariekin nahitaezko kontsulta eta negoziazioa egin eta gero.

Udalean hutsik dauden gainerako lanpostuak betetzeko aurreikuspenei dagokienez, aintzat hartu beharko da ea zer ezartzen den Estatuko aurrekontu orokorrei buruzko hurrengo legeetan lan publikoaren eskaintzak eratzeko aukeren inguruan, bai eta alor honetan aplikatzekoa den gainerako araudian ere.

Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba txandei dagokienez, lan publikoaren eskaintza hau gauzatzeko, jarraikiko zaio abuztuaren 10eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Horrenbestez, EBAZTEN DUT:

1.–Onestea Tuterako Udalaren 2020. urteko lan publikoaren eskaintza, honako lanpostu hauek biltzen baititu:

1.1. Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat (plantillako kodea: 0506C01801), kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez.

1.2. Gizarte langilearen bi lanpostu (plantillako kodeak: 0514B10501-701), oposizio-lehiaketaren bidez.

1.3. Hezkuntzako teknikariaren lanpostu bat (plantillako kodea: 1613B11202), oposizio-lehiaketaren bidez.

1.4. Artxibozainaren lanpostu bat (plantillako kodea: 0504A00601), oposizio-lehiaketaren bidez.

1.5. Udaltzain agentearen bost lanpostu, Udaltzaingoko ordezte tasa erantsiari dagozkionak, heldu den 2021ean erretiroa hartuko duten udaltzainen kariaz.

1.6. Ikusirik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak 2009an eginiko lanpostuen balorazioari buruzko azterlanaren emaitzak, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluaren babesean, barne igoerako hautapen prozesu hauek eginen dira:

1.6.1. C mailako pala gidari-ofizial bihurturiko lanpostua (0512D02201 zenbakikoa), era murriztuan D mailako pala gidari-ofizialen lanpostuan ari diren funtzionarioek bete dezaketena.

1.6.2. C mailako mantentze-lanetako ofizial bihurturiko lanpostua (0512D03905 zenbakikoa), era murriztuan D mailako mantentze-lanetako ofizialen lanpostuan ari diren funtzionarioek bete dezaketena.

1.6.3. C mailako informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) teknikari bihurturiko lanpostua (0509C10201 zenbakikoa), era murriztuan C mailako IKTko ofizialen lanpostuan ari diren funtzionarioek bete dezaketena.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Tuteran, 2020ko abenduaren 29an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2016294