22. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARRALDA

Trafikoa arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Garraldako Udalak, 2020ko irailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Trafikoa arautzen duen udal ordenantza (2020ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garraldan, 2020ko abenduaren 18an.–Alkatea, Gurutz Gorraiz Armendariz.

TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA.
APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua.

Ordenantza hau ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eman da, denek Udalaren eskuetan uzten baitute herriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorreko eskumena, bai eta herriko bideen erabilera arautzekoa ere, zirkulazioari buruzko udal ordenantzaren bidez: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b) artikulua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu duen martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7-b) artikulua.

Seinaleak

2. artikulua.

Manuzko seinaleak paratuko dira bereziki udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetarako, edo orokorrean, herri osorako; azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko dira.

Ez da manuzko seinalerik ez informatiborik paratzen ahalko, aitzinetik Udalaren baimenik izan gabe.

Udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra duten seinale informatiboak soilik paratzen ahalko dira.

Ez da baimenduko publizitatea paratzea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan.

Udalak berehala kenduko ditu behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak.

Oztopoak bide publikoan

3. artikulua.

Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorria eragozten ahal duen edozein oztopo edo gauza bide publikoan paratzea.

Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean, baimentzen ahalko da bide publikoa aldi baterako okupatzea trafikoari nahasmendu gutxien eragiten zaion tokietan, baldin eta okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu.

Bide publikoa okupatzen duten elementuak paratzea baimentzen duen udal ebazpenak jasoko ditu baimen hori benetan gauzatu ahal izateko bete behar diren baldintza guztiak.

Behar bezala seinalatu beharko da oinezko edo ibilgailuen joan-etorri librea zailtzen duen edozein oztopo, behin-behinekoz halakorik baimentzen denean; gauaz, argiztatuta egon beharko du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzearren. Oztopoa paratzen duen erantzulearen kontura izanen dira seinalatzea eta argiztatzea, eta baimenean agertzen diren jarraibideak beteko ditu.

4. artikulua.

Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

a) Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

b) Behar den baimenik erdietsi ez bada.

c) Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

d) Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Oztopoak kentzeak eta seinale bereziak paratzeak eragindako gastuak interesdunen kontura izanen dira.

Oinezkoak

5. artikulua.

Oinezkoek espaloietan barna ibili beharko dute. Bide publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

Aparkatzea

6. artikulua.

Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

a) Ibilgailuak ilaran aparkatzen ahal dira, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdiba-terian, zeharka.

b) Aparkatzeko manera zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

c) Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilen paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

d) Karrikek espaloirik ez badute, ibilgailu horiek galtzadaren ertzetatik ahalik eta gehien hurbilduz aparkatu beharko dira, betiere beste ibilgailuen joan-etorriak trabatu gabe eta inguruko finketako ateak, leihoak, erakusleihoak, etab. oztopatu gabe.

e) Oro har, 5.000 kg-tik goitiko BGPa duten ibilgailuek debeku dute udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea, salbu eta udal agintaritza eskudunaren baimena badute.

f) Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratzea.

g) Debeku da arras karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugartearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan, halakorik bada. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

h) Ezin izanen da aparkatu berariaz hori debekatzen duten seinaleak dauden tokietan; zirkulazioa eragotzi edo oztopatzen den tokietan; beste gidariei erregelamenduaren aurkako maniobrak egitea behartzen zaien tokietan; bigarren ilaran, eta aparkatzeko lekua ez den galtzadako beste edozein tokitan.

i) Ezin izanen da hondakinak biltzeko edukiontzietatik 2 metro baino gutxiagora aparkatu, edozein aldetatik.

j) Apartzeko gune gisa gaitzen da eskola-kontzentrazioaren ondoko plaza.

k) Desgaitasuna dutenendako erreserbaturiko tokietan apartzeko udal baimenaren titularrek aparkalekua erreserbaturik izanen dute, haiek soilik erabiltzeko, Herriko Etxearen mendebaldeko fatxadan, bertan dagoen arrapalatik Jakeseina etxerantz.

l) Ez badago desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko erreserbaturiko gunerik gidari horien helmugatik gertu, zirkulazioa ahalik eta gutxien oztopatzen den tokietan aparkatzen ahalko dute.

Neurri bereziak

7. artikulua.

Herriguneko bide publikoetan ibiltzeko gehieneko abiadura 20 kilometro ordukoa izanen da.

Herriko alde bateko ezaugarri bereziak kontuan hartuz, udal administrazioak debekatzen ahalko du osoki edo partez ibilgailuak zirkulatzea edo aparkatzea, edo biak batera.

Halakoetan, karrikek behar diren seinaleak beharko dituzte sarreran eta irteeran, eta gainera, delako aldean ibilgailuen joan-etorriak eragotziko dituzten elementu mugigarri nahiz finkoak erabiltzen ahalko dira.

Murrizketa horiek herriko alde horretako bide guztiei eragiten ahal diete, edo soilik batzuei, eta aitzinetik ezarritako ordutegi batera mugatuak izaten ahalko dira edo ez.

Zein den ere mugapenaren izaera eta norainokoa, ez dute eraginik izanen ibilgailu hauek zirkulatu eta aparkatzeko:

a) Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzukoak, poliziarenak, anbulantziak, autotaxi-ibilgailuak, hileta-autoak eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

b) Alde horretako eraikin batetik eri edo ezinduak garraiatzen dituztenak.

c) Alde horretako hotel-establezimenduetan, sartzeko nahiz ateratzeko, bidaiariak eramaten dituztenak.

d) Alde horretan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

e) Salgaien zamalanetarako baimena dutenak.

Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo herriko sarbideak halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

Udalak aldi baterako debekatzen ahalko du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Zehapen prozedura

8. artikulua.

Ordenantza honetan araututako gaian jarraitu beharreko prozedura izanen da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen erregelamenduan ezarritakoa.

Ordenantza honetan araututakoaren aurkako arau-hausteengatik irekitako espedienteak instruituko ditu alkate udalburuak izendatzen duen pertsonak. Hura burututa, alkate udalburuak bidezko ebazpena emanen du.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, baldin eta zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, tramitatu eta ebatziko dituzte egiteko hori duten udal organoek eta ondotik, zehapena irmoa denean, agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik, eta hala behar badu, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ezar dezan edo gidabaimenaren edo gidatzeko lizentziaren titularrari puntuak kentzekoa.

Jakinarazpenetarako, gidariaren eta ibilgailuaren titularraren helbidetzat hartuko da interesdunak espres adierazitakoa; bestenaz, gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, agertzen dena.

Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

9. artikulua.

Ordenantza honetan eta bere eranskinetan ezarritakoaren aurkako arau-hauste guztiak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen eta hura garatzen duen erregelamenduaren aurka eginikoak bezala hartuko dira.

Arau-hausteak honela kalifikatuko dira:

a) Arau-hauste arinak: 100 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 200 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunak: 500 eurora bitarteko isuna.

Hori guztia ezertan ukatu gabe ezartzen ahal diren zehapenen graduazioa, Trafikoa, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna arautzen dituen araudian ezarritako irizpideetan oinarrituz, eta, kasua bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz.

Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteen eta dagozkien zehapenen kalifikazioari dagokionez, jarraituko zaio urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 74. artikuluan eta hurrengoetan xedatuari (LED horren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina).

10. artikulua.

Ordenantza honetan araututako arloan jarraitu beharreko zehapen-prozedura urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoa izanen da; berariaz ezartzen da isuna borondatez ordaintzen baldin bada (jakinarazi eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean), zehapen prozedura amaituko dela, ondoko ondorio hauekin:

a) Zehapenaren %50 murriztea.

b) Alegazioak egiteari uko egitea. Eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

c) Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

d) Administrazio bidea amaitzea; administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalean soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa.

e) Administraziorekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea hasiko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik sortuko ditu ondorio guztiak.

f) Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik sortuko ditu ondorio guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

I. ERANSKINA

1. Garraldako karrika zenbaitetan trafikoaren noranzkoa finkatzeko eta aparkatzeko neurri zehatzak.

A) Ondoren adierazten diren tokietan eta bide-zatietan herrian bizi direnek soilik zirkulatu ahal izanen dute:

–Antonio Aróstegui plaza.

  • Petra Machín karrika, Gintoina etxearen bihurgunetik abiatuta Antonio Aróstegui plazaraino.
  • Petra Machín karrika, Larreinteina etxetik hasita Antonio Aróstegui plazaraino.

Karrika zati horietan eta Antonio Arostegui plazan debekatua da aparkatzea.

B) Debekatua izanen da aparkatzea Herriko Etxearen mendebaldeko fatxadan dagoen arrapalaren ondoan eta fatxadaren gainerako tartean plazara bidean.

–Herriko bide publikoak noranzko bikoak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L2015769