22. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Lankidetza-hitzarmena, Berriobeitiko Udalaren eta Artikako Kontzejuaren artean. Onespena

Berriobeitiko Udalak, 2020ko azaroaren 3an egindako bilkuran, onetsi zuen Udalaren eta Artikako Kontzejuaren arteko Lankidetza-hitzarmena, eta 2020ko abenduaren 16an sinatu zuten alderdiek.

Eta argitaratzen da, bat etorriz 40/2015 Legearen 48. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa), apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Berriobeitin, 2020ko abenduaren 17an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

LANKIDETZA-HITZARMENA, BERRIOBEITIKO UDALAREN ETA ARTIKAKO KONTZEJUAREN ARTEAN

Berriobeitiko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 2020ko abenduaren 16ko 11:00ak izanik.

Bildu dira:

Alde batetik:

Raúl Julio Bator Pérez, Berriobeitiko alkate udalburua, hala dela agertzen baita 2019ko ekainaren 15eko osoko bilkurak haren izendapenaz hartutako erabakiaren ziurtagirian, Udal hura ordezkatuz, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 40. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak), eta ahalmena izanik hitzarmen hau sinatzeko, hala erabaki baitzuen Udalak, 2020ko azaroaren 3ko osoko bilkuran, aholkulari duela Udal idazkaria, Idoia Suárez Urrutia, zeinak egintzaren fede ematen baitu.

Beste aldetik,

Cristina Recalde Vallejo, Artikako Kontzejuko lehendakaria, hala dela agertzen baita Kontzejuko Batzarrak 2019ko ekainaren 15ean haren izendapenaz hartutako erabakiaren ziurtagirian, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 40. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak), eta ahalmena izanik hitzarmen hau sinatzeko, hala erabaki baitzuen Batzarrak, 2020ko azaroaren 18an.

Bi alderdiak ordezkari diren aldetik, bere dituzten eskudantziak erabiliz, eta elkarri aitortuz lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko gaitasuna, oinarri harturik honako klausula hauek eta honako hauek aldez aurretik aitortuta,

Aurrekariak

Lehenbizikoa.–Berriobeitiko Udalak, 2004ko urtarrilaren 7ko osoko bilkuran, erabaki zituen Berriobeitiko Zendeako kontzejuetako buruekin (Artikako Kontzejua barne) adostutako irizpideak, Udalak bere gain harturik 2004an eta hurrengo ekitaldietan honako eskumen hauen kostu osoa, osoko bilkuraren erabaki horren 2. apartatuan espresuki adierazten den moduan:

a) Herriko argiteriaren mantentze-lanak eta kontsumoaren ordainketa.

b) Bideak garbitzea.

c) Hilerrien garbiketa eta sastrakak kentzea.

d) Udalak esleitutako eta udal aholkulariaren bidez gauzatutako kontzejuentzako aholkularitza-gastua ordaintzea.

Erabaki hori partez aldatu zen 2007ko maiatzaren 24an, 2008ko abuztuaren 5ean eta 2010eko azaroaren 30ean.

Bigarrena.–Artikako Kontzejuak, bere aldetik, 2011ko ekainaren 30eko batzarraren erabakiaren bidez, onetsi zituen osoko bilkuraren erabaki horren baldintzak.

Hirugarrena.–Artikako Kontzejuak, 2018ko azaroaren 6ko batzarrean erabakia hartu zuen, eta erabaki hori Berriobeitiko Udalari jakinarazi zitzaion 2018ko azaroaren 8an, eta 239. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 13an.

Laugarrena.–Berriobeitiko Udalak, bere aldetik, 2018ko azaroaren 6an onetsi zuen eskumen-gatazka negatiboa planteatzea bideen garbiketen eta argiteria publikoaren gaineko eskumenez Nafarroako Gobernuaren aurrean.

Bosgarrena.–Aurrekoa ikusirik, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 59. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Administrazioak), toki-erakundeek elkarrenganako harremanak artikulatzen eta bultzatzen dituzte erabiliz halako lankidetzarako eta elkarlanerako teknikak zeinek ekartzen baitituzte efikazia eta errentagarritasun handiagoak gestioan, eta lege berak, 70. artikuluan, lankidetzarako teknika gisa aurreikusten ditu bai hitzarmenak bai bestelako akordioak, xede dutenak –manu horretan aurreikusitako beste xede batzuen artean– zerbitzuak ematea.

Ikusirik aurreko guztia, eta efizientzia handiagoa izan dadin baliabideak kudeatzeko, komeni da Berriobeitiko Udalak parte hartzea Kontzejuaren eskumen diren zerbitzuen ematean, hala jarraipena emanik oraingo egoerari, non Udalak ematen baititu zerbitzu horiek.

Horregatik, integra daitezen Artikako Kontzejuak azpiegituretan dituen gabeziak, mekanismoak arbitra daitezen zerbitzuaren eraginkortasuna bermatzeko Artikako mugarte guztian, eta lor dadin herritarrek zerbitzu horiek jasotzea intentsitate eta kalitate berberarekin, baliabide ekonomikoak modu eraginkorrean eta optimoan exekutatuz eta kudeatuz, komeni da lankidetza-esparru bat gauzatzea Berriobeitiko Udalaren eta Artikako Kontzejuaren artean, Kontzejuaren eskumeneko zenbait eginkizun betetzeko eta zerbitzuak modu integralean emateko.

Elkarlan horren lege bermea dira administrazioen arteko elkarlan, lankidetza eta laguntza printzipioak, jaso direnak, besteak beste, arau hauetan: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 140. artikulua eta hurrengoak (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa), 7/1985 Legearen 25. artikulua eta hurrengoak (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak) eta 6/1990 Foru Legearen 70 eta 30.2 artikuluak (foru lege horrek hizpide du Toki Administrazioa). Horiek denak gauzatzen dira hitzarmen honen bidez.

Horrenbestez, bi administrazioek, hitzarmen honen bidez, ituntzen dute eskuordetzan ematea ondoko eskumenak, zeinak Artikako Kontzejuarenak baitira, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluarekin, Berriobeitiko Udalaren alde, hitzarmen honen bidez eta bat etorriz Sektore Publikoaren 40/2015 Legearen 47.2.a), 48., 49. eta 50. artikuluekin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 27. artikuluarekin. Hori dena, oinarri harturik honako hauek

Klausulak

Lehenbizikoa.–Hitzarmen honen xedea da Berriobeitiko Udalari eskuordetzan ematea Artikako Kontzejuaren eskumen hauek:

a) Poligonoetako argiteriaren mantentze-lanak eta kontsumoaren ordainketa.

b) Bideak garbitzea.

c) Hilerria garbitzea, kanpoko eta barneko aldeetatik.

d) Udalak esleitutako eta udal aholkulariaren bidez gauzatutako kontzejuentzako aholkularitza-gastua ordaintzea.

Bigarrena.–Egun, Berriobeitiko Udalak gauzatzen ditu eskumen horiek, eta konpromisoa hartzen du, Artikako Kontzejuarekin, hitzarmen hau sinatzeko, zeinaren bidez arautuko baita nola eskuordetu honako eskumen hauen kudeaketa eta ordainketa osoa:

a) Poligonoetako argiteriaren mantentze-lanak eta kontsumoaren ordainketa.

b) Bideak garbitzea.

c) Hilerrien garbiketa eta sastrakak kentzea.

d) Udalak esleitutako eta udal aholkulariaren bidez gauzatutako kontzejuentzako aholkularitza-gastua ordaintzea.

Hirugarrena.–Artikako Kontzejuak eskuordetzan uzten dizkio Berriobeitiko Udalari honako zerbitzu hauen ematea:

3.1. Bideak garbitzea.

Bideen garbiketa honela ematen da eskuordetzan:

a) Oinezkoen eta ibilgailuen bide guztiak garbitzea.

b) Bide publikoak garbitzea, hots, honako hauek denak garbitzea: espaloiak, galtzadak, pasealekuak, igarobideak, erdibitzaileak, biribilguneak, plazak, lurgaineko aparkaleku publikoak, eremu publikoetako kirolguneak, erabilera publikoko gune pribatuak (egoki denean), parkeak, lorategi-eremuak, eta abar. Honela eginen da:

–Erratza eskuz pasatzea.

–Erratza mekanikoki pasatzea.

–Kaleak urez eskuz garbitzea. Urtean bitan eginen da, galarazi gabe zehazten duena Gobernu eta Koordinazio Batzordeak, zeina arautzen baita zazpigarren estipulazioan. Behin abenduan, Eguberri aurretik, eta bigarrenez, apirilean.

c) Paperontziak mantentzea, hustea, garbitzea eta berritzea.

d) Hostoak joateko garaian hostoak garbitzea.

e) Lurpeko igarobideak garbitzea.

f) Parkeak, lorategiak eta aisiarako guneak garbitzea.

g) Garbiketa bereziak: grafitiak, pintaketak, kartelak kentzea eta antzekoak.

Nola gauzatu

Gutxieneko kalitate estandarrak betez garbituko dira bideak, eta hitzarmen honen zazpigarren klausulan aurreikusitako Gobernu eta Lankidetza Batzordeak zehazten duen bezala eta zehazten duen jarraipenarekin.

Bereziki, eta hobeki kudeatzeko eta lehenesteko, Gobernu eta Jarraipen Batzordeak Artika zenbait mailatan banatuko du, eta bakoitzari egokituko zaizkio tratamendu eta aldizkakotasun gutxieneko batzuk, honako hauei erreparatuz batez ere:

–Ibilgailuen eta oinezkoen trafikoaren garrantzia.

–Nagusi izatea jolas eta ostalaritza jarduera.

–Hondakin motak eta arrazoiak.

–Biztanleriaren dentsitatea.

Paperontziak hustea, garbitzea eta berritzea, zakurrentzako zaborrontziak, paperontziak garbitzea eta desinfektatzea.

Hitzarmen honen bidez, Udalaren esku uzten da Artikako paperontzi guztien mantentze-lan eta huste iraunkorra (oraingoak eta etorkizunekoak, baita zakurrentzako zaborrontziak ere). Orobat, behar diren lanak eginen ditu elementuak ongi mantentzeko eta zaintzeko: behar diren konponketak eginen ditu, eta konpondu ezin diren edo desagertu diren paperontziak berrituko ditu.

Orobat, zerbitzu honen xedea da paperontziak kanpotik eta barnetik garbitzea, eta horietan egiten diren pintaketak, jartzen diren pegatinak etab. kentzea. Eta gauza bera paperontzien ondoko guneekin, eremu publikoan badaude, betiere.

Hostoak joateko garaian hostoak garbitzea.

Udazkenaldean bilduko dira hostoak, edo zerbitzuak eskatzen duenean, eta, horretarako, egoki diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak erabiliko dira, kontuan harturik zenbat hosto pilatzen diren espaloietan, galtzadetan, pasealekuetan, lorategietan eta, oro har, Artikako hiriguneko eremu publikoan.

Lurpeko igarobideak edo pasadizoak garbitzea.

Garbituko dira Artika herria eta urbanizazioa lotzen dituzten igarobideak, baita trenbidearen gaineko igarobideak ere (Kirol Hiriaren eta Usain Gozoen parkearen aldea): garbituko dira eremu publikoko eskailera guztiak, lurpeko igarobideak eta, oro har, igarobide horietako elementu guztiak.

Parkeak eta aisiarako guneak garbitzea.

Honetan datza: Udalaren eta/edo erabilera publikoko parkeak eta haurren jolasguneak baldintza higienikoan edukitzeko lanak.

Garbiketa bereziak: grafitiak, pintaketak, eta garbiketa zerbitzuek, aldian behin eta/edo aldi baterako, kartelak kentzea.

Besteak beste, hauek: pintaketak eta grafitiak garbitzea, pankartak nahiz kartelak kentzea, eta antzekoak, baldin Berriobeitiko Udalak ez badu horietarako baimenik eman.

Pintaketak eta grafitiak garbituko dira eraikin, horma, pareta, zoru eta hiri altzarietatik (farolak, zutoinak, seinaleak, markesinak eta hiri-elementuak, oro har), baldin Berriobeitiko Udalaren eta Kontzejuaren ustez apain eduki behar badira.

Hilerriaren garbiketa.

Hilerriaren garbiketa honetan datza: hilerri barneko zaborra eta hondakinak kentzea, eta urtean bitan bederen eginen da. Artikako Kontzejuari dagozkio barnealdeko gainerako igarobideak mantentze-lanak.

Artikako Kontzejuak antolatutako festa eta ekitaldi publikoetarako garbiketa.

Kontzejuaren eskumen esklusiboa da hau, bera baita festa horien antolatzailea. Hortaz, berak kontratatuko du, eta kudeaketaz arduratuko da, behar diren egunetan.

Garbiketa, presazko premietarako.

Presazko premia edo alarma egoera dagoenean, Berriobeitiko Udalak behar diren garbiketa neurriak hartuko ditu prebentziorako, ez dadin kalterik izan osasungarritasunean, higienean eta txukuntasunean, eremu publikoan, une oro indarrean dauden arau eta jarduketa-protokoloen arabera, administrazio eskudunek horiek erabakita. Artikako Kontzejuak Berriobeitiko Udalari eskatzen ahal dio behar diren jarduketak egin ditzala berma daitezen hitzarmen honetan aipatutako eremu publikoen osasungarritasuna, higienea eta txukuntasuna. Udalerriko gainerako tokien baldintza berberetan.

3.2. Kaleko argiak.

Artikako Kontzejuak Berriobeitiko Udalaren esku uzten du kaleko argien mantentze-lanak, alderdi hauei dagokienez:

a) Piztea kontrolatzea.

b) Kontrol energetikoa.

c) Ikuskapen zerbitzuak eta anomaliei antzematea.

d) Zerbitzu honi dagozkion instalazioak zaintzea (besteak beste, aginte zentroak, luminariak, instalazio elektrikoa, kanalizazioak, matxura arinak konpontzea, aldian behin lanparak aldatzea, instalazio elektrikoko aldizkariak, inbentarioa eguneraturik izatea).

e) Argiteriaren kostuari dagokionez, Udalak bere gain hartzen du Artikako Kontzeju guztiaren kontsumo elektrikoa, honako hauek biltzen dituena:

–Poligonen argiteria publikoa.

–Artikako Kontzejuaren argiteria publiko guztia.

Orobat, argiteria publikoa sei hilean behin ordainduko da (urtean bitan), eta, horretarako, aurrekontuko 1650-46800 partidatik zenbateko bat gordeko da horretarako.

Udalak ez du inola ere bere gain hartuko bere kontroletik kanpo, bere argibideei jarraitu gabe edo berak ontzat eman gabe egin diren sareen ardura.

3.3. Haur parkeen mantentze-lanak.

Haur jolasetan prebentziozko mantentze-lanak egiteko, beharrezkoa da egiaztatzea zer egoeratan dauden haur-jolastokiak, haur-jolastokiak ikuskatzeko jarraibideen arabera, honako arauekin bat: UNE-EN 1176 eta 1177 Araua, eta une oro indarrean diren araudia eta legeria. Haurrentzako ekipamenduen egoerari jarraipena egiteko, behar diren kontrol-fitxak egoki beteko dira. Ardura eta behar bezalako kualifikazioa dituzten langileek eginen dituzte lanak.

3.4. HIrigintzako lizentzien eta kontularitzaren arloko aholkularitzaren eskumenak.

Artikako Kontzejuak aitortzen du Berriobeitiko Udalak ematen duela kontabilitate zerbitzua eta kontabilitate aholkularitza, eta berronesten du hark eman dezala, haren langileen bitartez edo kanpoko zerbitzuen bitartez.

Artikako Kontzejuarena da hirigintzako lizentziak emateko eskumena, eta Berriobeitiko Udalak gauzatzen du eskumen hori, bat etorriz Kontzejuko Batzarrak 1998ko urtarrilaren 21eko bilkura arruntean hartutako erabakiarekin, zeinaren bidez eskuordetzan eman baitzuen eskumena, eta Berriobeitiko Udalak 1998ko martxoaren 7an egindako osoko bilkura arruntean hartutako erabakiarekin, zeinaren bidez onartu baitzuen eskumen hori eskuordetzan hartzea.

3.5. Festak.

Ez dago inolako eskuordetzarik puntu honetan.

Artikako Kontzejuko mugartean ikuskizunak nahiz jarduerak baimentzeko baldintzen araubidea bat etorriko da martxoaren 2ko 44/1990 Foru Dekretuaren 2. artikuluarekin (foru dekretu horren bidez baldintzak arautzen dira toki publikoetako ikuskizunen baimenetarako).

Laugarrena.–Administrazio publikoen arteko lankidetza.

Bai Berriobeitiko Udalak bai Artikako Kontzejuak agertzen dute elkarrekin aritzeko borondatea, hainbat proiektutan, eta konpromisoa hartzen dute lankidetzarako bideak bilatzeko.

Bosgarrena.–Udal langileen lankidetza

Berriobeitiko Udaleko idazkariak aholkularitza emanen dio Artikako Kontzejuari, Artikako Kontzejuko lehendakariaren bidez, eskatzen denean.

Seigarrena.–Aipatutako zerbitzuak gauzatzeko, Kontzejuak honako eskumen hauek uzten ditu Udalaren esku:

a) Aipatutako zerbitzuak ematearekin lotutako administrazio-prozedurak tramitatzea, ebazpen-proposamenetik hasi eta guztiz bukatu arte, eta, horretarako, behar diren ebazpen guztiak ematea, eta, bereziki, loturik daudenak zerbitzu-emate horiek aitortzearekin, eskuratzearekin, etetearekin eta/edo eskubidea azkentzearekin, arauei eta indarreko arau orokorrei dagokienez.

b) Zerbitzuak behar bezala emateko behar diren jarraibideak eta aplikazio-irizpideak ematea.

c) Kudeatzea, likidatzea eta ikuskatzea zerbitzuak emateagatik sortzen diren tributu izaerako eta tributu izaerarik gabeko eskubide publikoko diru-sarrerak, ordenantza fiskalean ezarritakoak, toki ogasunei buruzko araudiarekin bat.

d) Zerbitzu arloko zehapen-ahalmena gauzatzea, eta legez behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egitea.

e) Eskuordetutako eskumenak erabiliz emandako egintzen kontra jarritako errekurtso administratiboak ebaztea. Berriobeitiko Udalak bere gain hartzen ditu, eta hartuko, eskuordetzan emandako eskumenak.

f) Zerbitzuak kudeatuko dira zuzenean edo zeharka, legez ezarritako moduan eginez kontratazioa, eta iraupena ez da izanen hitzarmen honen indarraldia baino luzeagoa.

Zazpigarrena.–Hitzarmen honetako estipulazioen betetzea bultzatzeko eta jarraipena, kontrola eta interpretazioa egiteko, Gobernu eta Koordinazio Batzordea sortzen da.

7.1. Honako hauek osatuko dute Gobernu eta Koordinazio Batzordea: Berriobeitiko Udaleko alkatea edo alkateak eskuordetzen duen pertsona; Berriobeitiko Udaleko kontzejuen batzordearen lehendakaria; Artikako Kontzejuko bi ordezkari, horietako bat izanik lehendakaria edo lehendakariak eskuordetzen duen pertsona; eta Berriobeitiko Udalak egokitzat jotzen duen teknikaria, azkeneko horrek botoa emateko ahalmenik ez duela.

7.2. Gobernu eta Koordinazio Batzordeari dagokio bere antolaketa eta funtzionamendu erregelamendua egitea.

7.3. Hitzarmen honetan eta hitzarmenaren antolaketa eta funtzionamendu erregelamenduan aurreikusi gabekoan, Gobernu eta Koordinazio Batzordeak men eginen die urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako ezarritako funtzionamendu arauei (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Zortzigarrena.–Gobernu eta Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Hitzarmen honen plangintza, koordinazioa, jarraipena, kontrola, txostengintza eta interpretazioa egitea.

b) Hitzarmen honen era guztietako berrikuntza eta berritzeei buruzko txostena egitea.

c) HItzarmen honetan berariaz bildutako eskudantziak erabiltzea.

Gobernu eta Koordinazio Batzordeak urtero jasoko ditu txostenak honako hauei buruz:

a) Hitzarmena betetzearen egoera, baita ekitaldi bakoitzean atzeman-dako gorabeherak ere.

b) Eskuordetutako zerbitzuak betetzeko, Berriobeitiko Udalak izenpetu beharreko kontratuak.

c) Erakunde sinatzaileen proposamenak, kexak edo iradokizunak.

Urtero, zerbitzuen jardueraren memoria bat aurkeztuko da.

Gobernu eta Koordinazio Batzordea urtean bitan gutxienez bilduko da, bi bilkura arruntetan, eta aukera izanen da bilkura bereziak egiteko, baldin horretarako arrazoirik badago edo hala erabakitzen badute, adosturik, Udalak eta Kontzejuak.

Bi alderdiek ituntzen dute lehenbiziko bilkura arrunta egin dadila behin hitzarmen hau onetsi eta indarra hartu eta hurrengo hilabetean.

Bederatzigarrena.–Eskumenak eskuordetzan emateak ez dakar berekin titulartasuna lagatzea; betiere, Artikako Kontzejuarena izanen da. Eskumenen erabilera bakarrik eskuordetuko da.

Artikako Kontzejuak noiznahi eska dezake informazioa Berriobeitiko Udalari eskuordetzan emandako eskumenak erabiltzeko moduaz eta zerbitzuen emateaz, idazki bat zuzenduta Udalari. Udalak hogei egun balioduneko epean igorri beharko du eskatutako informazioa, eskaera erregistroan sartu zen egunetik hasita.

Hamargarrena.–Betiere, bermatuko da gaur egungo gastu publiko arrunta erabiltzaile bakoitzeko, Berriobeitiko Udalak finantzatua.

Hamaikagarrena.–Hitzarmen hau administratiboa da. Administra-zioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako organoei dagokie bide judizialean berrikustea hitzarmen hau, baita hitzarmena betez edo hartatik eratorritako emandako egintzak eta erabakiak ere.

Hamabigarrena.–Hitzarmen kolektibo honek lau urteko indarraldia izanen du eraginkor bihurtzen denetik. Behin epea bukaturik, epe berbererako luzatzen ahal da.

Noiznahi eta ezarritako epea bukatu aurretik, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu dezakete hitzarmena lau urte gehiagorako luzatzea edo azkentzea.

Hamahirugarrena.–Hitzarmena suntsiaraz daiteke honako arrazoiren bat frogatzen bada:

a) Bi alderdiek hala adostea.

b) Bi alderdietako edozeinek salatzea, ondorioak izan beharreko eguna baino sei hilabete lehenago gutxienez formalizatuta.

c) Gobernu eta Koordinazio Batzordeko organoan desadostasuna izatea hitzarmen honen funtsezko klausulen interpretazioaz.

d) Hitzarmeneko funtsezko betebeharrak ez betetzea. Suntsiarazteko arrazoi hori aplikatzeko, hitzarmena suntsiarazteko interesa duen erakundeak aldez aurretik jakinaraziko dio suntsiarazteko arrazoi hori Gobernu eta Koordinazio Batzordeari, baita suntsiarazteko duen asmoa ere. Behin komunikazio hori eginik, dei eginen zaio Batzordeari, eta hark bilkura eginen du gehienez hamabost egun balioduneko epean, txosten bat egin dezan suntsiarazpenaren jatorriaz, beste alderdiari entzunaldia eman ondoren. Batzordeak txostena emanik, erakunde interesdunak behar den ebazpena hartuko du.

e) Bete ezina, aurreikusi gabea.

f) Indarraldiaren gehieneko epea eta luzatzeko aldia bukatzea.

Hitzarmena suntsiarazirik edo iraungirik, hasiera emanen zaio haren likidazioari, zeina Berriobeitiko Udalak formulatuko baitu, aurretik Artikako Kontzejuari entzunaldia emanda, eta Gobernu eta Koordinazio Batzordeak onetsiko baitu.

Baldin Artikako Kontzejuak bere aldetik bakarrik suntsiarazten badu hitzarmena, Berriobeitiko Udalak bere betebeharrak ez betetzeagatik, Berriobeitiko Udala behartuko du bere gain hartzera izan daitezkeen kalte-galeren ordaina.

Betiere, hitzarmenaren suntsiarazpen egintza guztiak ikuskatu beharko dituzte, judizialki, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako organoek.

Hamalaugarrena.–Erabiltzaileen eta haien datu pertsonalen fitxate-giaren titularra Artikako Kontzejua da, bat etorriz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, zeinak hizpide baititu datu pertsonalen babesa eta eskubide digitalen bermea.

Horregatik, Berriobeitiko Udalari ematen zaizkion datuak, datuen tratamenduaren arduraduna den aldetik, erabiltzaileak identifikatzeko eta hitzarmen honetan aurreikusten diren jarduerak egiteko eman ere, soilik erabiliko ditu indarraldiak iraun bitartean, hartutako betebeharrak betetzeko; hori dena, bat etorrita abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren V. tituluarekin (lege organiko horrek hizpide ditu Datu Pertsonalen Babesa eta eskubide digitalen bermea).

Berriobeitiko Udalak ez ditu erabiliko hitzarmen honetan agertzen ez den beste helburu baterako.

Orobat, betebehartzat hartzen du egoki diren segurtasun neurriak hartzea eta zaintzea, segurtatu ahal izateko darabiltzan datuen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna, eta, bereziki, 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritako segurtasun neurriak, eta, halaber, betebehartzat hartzen du Artikako Kontzejuari itzultzea, behin hitzarmena iraungirik, jarduera egiteko erabilitako datu pertsonalen euskarri guztiak.

Hamabosgarrena.–Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa izanen da erabakia hartzea bai Osoko Bilkurak bai Kontzejuko Batzarrak, non onetsiko baita izenpetzea, berariaz adierazita klausula guztiak onartzen direla.

Hamaseigarrena.–Behin parte hartzen duten administrazio bakoitzaren organo eskudunek onetsi ondoren, hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarra hartuko du argitaratu eta biharamunean.

Hamazazpigarrena.–Hitzarmen hau izenpetuta eta onetsita, ez da beharrezkotzat jotzen tramitatzea Iruñeko 2. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko 342/2018 errekurtsoa, ulertzen baita ez duela zentzurik Udalak planteatutako eskumen-gatazka negatiboak, eta, hala, ulertuko da errebokatu dela Alkatetzaren 2018ko azaroaren 21eko Ebazpena, zeina baita errekurtso horren xedea, eta, hala, Artikako Kontzejuak, bere aldetik, uko eginen dio administrazio-errekurtso horri.

Eta adostasunaren adierazgarri, esku hartzen duten alderdiek sinatzen dute, idazkariarekin batera, zeinak egintzaren fede ematen baitu, idazpuruan agertzen diren tokian eta egunean.

Sinatua: Berriobeitiko Udaleko alkatea, Raúl Julio Bator Pérez; Berriobeitiko Udaleko idazkaria, Idoia Suárez Urrutia; Artikako Kontzejuko lehendakaria, Cristina Recalde Vallejo.

Iragarkiaren kodea: L2015651