22. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, hilerriko administratzaile lanpostua
merezimendu lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Giza Baliabideetako zuzendariak, 2021eko urtarrilaren 12an emandako ebazpenaren bitartez, deialdia onetsi zuen hurrengoaren arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da Iruñeko Udaleko hilerriko administratzaile lanpostua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Merezimendu-lehiaketa honako hauetan xedatuari jarraikiz ebatziko da: lanpostuak betetzeko araudiaren 3. atalean, Tokiko Gobernu Batzarraren 2005eko azaroaren 22ko erabakian, zeinaren bidez merezimenduetarako baremoak ezarri baitziren, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdi honetako oinarrietan.

3.–Lanpostuaren ezaugarriak.

Lanpostuaren titularraren eginkizunak izanen dira hura sortu edo arautzeko xedapenetan kasu bakoitzean finkatzen direnak, eta/edo aldi bakoitzean organo eskudunek finkatzen dituztenak.

Deialdi honetako lanpostua eskuratzen duen funtzionarioak aldi bakoitzean indarrean dauden xedapenen eta Udaleko plantilla organikoaren arabera 307400-Hilerriko administratzaile lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

4.–Merezimendu-lehiaketa bidez lortzen den lanpostua betetzeko baldintzak.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostuan aritzeko epea gehienez ere sei urte natural bitartekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresurik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du lanpostu horretan, harik eta berriz ere merezimendu-lehiaketaren bidez betetzen den arte, deusetan ukatu gabe Alorreko titularrak duen ahalmena haren kargugabetzea eta, hala izanez gero, beste funtzionario bat bitarteko moduan izendatzea proposatzeko.

Lanpostu baten titulartasuna merezimendu-lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen beste burutza bat betetzeko inolako merezimendu-lehiaketatara, hiru urte naturaleko epea amaitu arte.

Epemuga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek izendatu zuteneko epea bete baino lehen burutzari uko egiten badio.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostu baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:

a) Sei urte naturaleko epea bukatzen denean.

b) Lanpostua kentzea, dagokion Alorreko egitura organikoa aldatzearen ondorioz.

c) Norberak espresuki uko egitea karguari.

d) Gerora sortutako zioren batengatik, dela lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen ezagatik, eta horrek lanpostuari dagozkion eginkizunak modu eraginkorrean betetzea eragozten duen errendimendu eskasa badakar, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere aurrez interesdunari entzun eta gero eta Langileen Batzordeak txostena egindakoan.

e) Zerbitzu berezien egoerara edo eszedentziara igarotzea, izan borondatezkoa, nahitaezkoa edo berezia.

f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite astun edo oso astunaren ondorioz, zehapena paratzen zaionean, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra paratzen zaionean.

g) Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen dutenean.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen dutenean, dela Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, dela beste edozein administrazio publikotan.

5.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarrean dauden legezko xedapenen arabera, merezimendu-lehiaketa honen xedeko lanpostua eskuratu ahal izateko, hautagaiek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C maila edo taldekoa izatea eta Batxilergoko edo bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo horietako baten titulu baliokidea edukitzea.

6.–Eskabideak, epea eta aurkezteko tokia.

6.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, behin deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Deialdi honen testu osoa eskuragarri egonen da NAOn ez ezik, Iruñeko Udalaren www.pamplona.es webgunean ere.

6.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.

Eskabidea I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta Bulegoetan, Interneten -www.pamplona.es webgunean- eta NAOn.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

6.3. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak -originalak edo fotokopiak (kasu horretan, behar bezala konpultsatuta)- aurkeztu behar dira.

Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu behar dituzte merezimenduak, baremoan ezarritako puntuazio-eskemari jarraituta.

7.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta zerrenda jendaurrean paratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) eta Udalaren iragarki-taulan -Udaletxean bertan, atzealdean-, zerrendan izangaien izena, abizenak eta NANa adierazita.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta erreklamazioak ebatzita, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onetsiko du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda (izena, abizenak eta NANa agertuko dira, eta baztertuen kasuan, bazterketaren zergatia), eta agindua emanen du hori argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da (izena, abizenak eta NANa adierazita) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, webgunean nahiz Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.

Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideetako zuzendariak ebatziko du aurkeztutako erreklamazioen gainean -halakorik balego-, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta agindua emanen du hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioaren eskuetan dagoena aztertzean ondorioztatzen bada ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik bereganatutako eskubide guztiak galduko dituzte.

8.–Kalifikazio-epaimahaia.

8.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Carlos Eguizabal Villanueva, Iruñeko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Fernando Nagore Ferrer, Iruñeko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

8.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorreko Giza Baliabideetako Zuzendaritzari jakinarazi hori, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, epaimahaikideek parte ez hartzeko edota haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean emanen da horren berri izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

8.3. Epaimahaia eratuko da onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda Udalaren webgunean argitaratu eta ondoko bost egun balioduneko epean.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak eginen du merezimenduen balorazioa, honako baremo honekin bat:

a) Lehiaketaren xede den lanpostuari buruzko memoria-lana: 25 puntu bitarte.

Deialdiaren xede den lanpostua bete nahi duten izangaiek memoria-lan bat aurkeztu beharko dute –lehiaketako izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan berariaz adierazitako epean–, eta bertan nahitaez honako eduki hauek jorratuko dituzte: lanpostuko zereginen eta betekizunen aztertzea, lanpostu horretan aritzeko baldintzak eta bitartekoak azaltzea, eta Hilerriko Zerbitzuko antolakuntza teknikoa aztertzea.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendaren argitaratzearekin batera memoria-lana egiteko argibide eta xehetasun gehiago emanen dira.

Izangaiek memoria-lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko dute Epaimahaiaren aurrean. Epaimahaiak egoki joz gero, agerraldian izangaiek aurkeztutako merezimenduak har daitezke hizpide, bai eta lehiaketaren xedea den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzen diren aztertu ere.

Memoria-lana ahoz defendatzera ez agertzeak berekin ekarriko du izangaia lehiaketatik kanpo geratzea.

Proba honetan kanpoan geratuko dira gutxienez 12,50 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba egin ondoren, izangai bakoitzaren emaitzak argitaratuko dira Udalaren webgunean eta iragarki-taulan, izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita.

Probaren emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta. Behin erreklamazioak ebatzita, proba psikoteknikoaren eguna eta tokia adieraziko dira.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 15 puntu.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, hautaprobak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan baloratuko du izangai bakoitza deialdiaren xede den lanpostuaren izaerara eta ezaugarrietara egokitzen den. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren kalifikazio-epaimahaiarentzat.

c) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez, 35 puntu.

d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez, 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak II. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimenduen balorazioaren aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Merezimendu guztiak -Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen ingurukoak ere- agiri bidez alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinduta segituz gero, adinez zaharrena den lehiatzaileari emanen zaio lehentasuna.

Merezimenduak memoria-lanari buruzko hautaproba egin ondoren baloratu eta argitaratuko dira, izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita. Oinarri hauetako a) letran jasotako proba gainditzen duten izangaiei baino ez zaizkie baloratuko c) eta d) letretan aipatutako merezimenduak.

10.–Gaindituen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

Aurkeztutako erreklamazioak epaimahaiak ebatzitakoan, izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren webgunean, eta deialdiaren 9 a) oinarrian aipatutako proba gainditu duten izangaien zerrenda igorriko dio Giza Baliabideetako zuzendariari, lehiaketaren atal guztietan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta eta izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita.

Giza Baliabideetako zuzendariak puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapena eginen du.

Izendatutako izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapenaren jakinarazpena jasotzen denetik aitzina.

Aipatutako epean lanpostuaz jabetzen ez direnek -behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu- eskubide guztiak galduko dituzte zein lanpostutarako izendapena jaso eta horretarako. Halako kasuetan, hutsuneak beteko dira oinarri honetako lehen paragrafoan aipatzen den gaindituen zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin.

11.–Izangaiek aurkeztutako agiriak.

Aurkeztutako agiriak jasotzen ahalko dira aurrez espresuki eskaturik, betiere ez bada erreklamazio edo errekurtsorik jarri. Agiriak jasotzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, behin hiru hilabete igarota izendapen-ebazpena jakinarazi zenetik.

Aurreko paragrafoan aipatutako epean agiriak jaso ez badira, ulertuko da uko egiten zaiola horiek berreskuratzeari; hortaz, horretarako eskubidea galduko da eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsorik egonez gero, aurkeztutako agiriak atxikiko dira horiek egiaztatu eta aztertze aldera. Agiriak jasotzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 12an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Javier Morrás Iturmendi.

I. ERANSKINA

Eskabidea, hilerriko administratzaile lanpostua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko (PDF).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan: puntu 1 urte bakoitzeko.

2. Edozein Administrazio publikotan egindako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan egindako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan egindako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan egindako denbora, atal honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.

5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza nahiz ikerlanak eta bestelako merezimendu batzuk:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5. Atal honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

2. Hitzaldien edo komunikazioen aurkezpena biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo saridunak egitea eta lanak aldizkari espezializatuetan argitaratzea: bi puntu, gehienez ere, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3. Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, bi puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

4. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.

5. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoaren gaineko doktore edo lizentziatura titulua: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratzekoak: besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo -egonaldiak eta parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak, b) atal osorako:

1. Atal honetan soilik baloratuko dira deialdi honen xedea diren lanpostuekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak.

2. b) atal honi dagokion puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez ere.

Iragarkiaren kodea: L2100877