219. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

34/2021 FORU AGINDUA, irailaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatu eta hein batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 01:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan biltzen ahal zen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena zuten taldeak, aldatzen zen foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egoera jakin batzuetarako.

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduaren bidez, abuztuaren 12ra arte luzatu zen (egun hori barne) ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia. Horrez gain, aldatu egin zen gaueko zirkulazioa mugatzeko neurria (egun eta ordu jakin batzuetan) aplikatzekoa zaien udalerrien zerrenda. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abuztuaren 4ko 113/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 29/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia, abuztuaren 19ra arte, egun hori barne, eta aldatu egin zen udalerrien zerrenda. Era berean, aldaketa puntual batzuk egin ziren kirolaren arloan, kirol instalazioen erabilerari dagokionez, eta zezen-ikuskizunen arloan. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2021eko abuztuaren 12ko 114/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 18ko 30/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz ere luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia, hain zuzen, abuztuaren 26ra arte, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak horretarako baimena eman zuen abuztuaren 18ko 115/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 24ko 31/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz ere luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia, hain zuzen, irailaren 2ra arte, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak horretarako baimena eman zuen abuztuaren 25eko 117/2021 Autoaren bidez.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 31ko 32/2021 Foru Aginduaren bidez, neurriok irailaren 16ra arte luzatu ziren, eta hein batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua (horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz). Aldaketa horren helburua zen 40. puntua indarrik gabe uztea. Puntu hura honi buruzkoa zen: gaueko mugikortasuna murriztea zenbait egunetan eta ordutan, intzidentzia metatuaren arrisku handia edo oso handia zuten udalerrietan.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren irailaren 9ko 33/2021 Foru Aginduaren bidez, hein batean aldatu zen 22/2021 Foru Agindua, honela: kultura- eta kirol-sektoreei buruzko neurriak malgutu ziren (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko txostenaren arabera, intzidentzia metatuak behera segitzen du: irailaren 12an, 14 egunekoa 151 kasukoa zen 100.000 biztanleko (arrisku ertainerako bidean), eta 7 egunekoa, 56,6koa 100.000 biztanleko (arrisku ertainean); eta ratioa 2,67koa zen, hau da, beheranzko joera du.

Zirkulazio epidemikoaren intentsitateak behera segitzen du, hala erakusten baitu intzidentzia-tasen jaitsierak, azken aste honetan eguneko 50 kasu izan baitira batez beste.

Aurreko bi asteetan zentro soziosanitarioetan izandako agerraldien ondorioz, 64 urtetik gorakoen artean 14 eguneko intzidentzia metatua 117,33 kasukoa da 100.000 biztanleko (arrisku handiko maila), baina 7 egunekoa jada 50,61 kasuetan dago 100.000 biztanleko, eta horrek adierazten du arrisku ertainerako trantsizioa.

Positibotasuna beherantz doa, eta % 4,7koa da orain: antigenoen test azkarretan, % 4,2koa, eta PCR probetan, % 5,1ekoa. Arrisku maila dagoeneko txikia da, % 5eko mugaren azpitik.

Rt indizea 0,74koa da, azken asteotako beheranzko joera berreskuratu du.

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren % 78k dosi bat dauka jadanik, eta % 75,7k pauta osoa. 40 urtetik gorako pertsonen txertaketa prozesua osatzeko ahaleginari eutsi zaio: talde horretan, % 90 baino gehiago dira pauta osoa hartu dutenak, 40 urtetik 49 urtera bitartekoen taldean izan ezik, non % 86,6 baitira pauta osoa hartu dutenak. Aurrera doa, orobat, 30-39 urtekoen eta 20-29 urtekoen txertaketa (hurrenez hurren, % 73,5ek dosi bat hartu dute, eta % 72,7k pauta osoa hartu dute), eta 12-15 urtekoen taldean % 79k dosi bat hartu dute, eta % 66,7k pauta osoa.

Une honetan, biztanleria osoaren % 75era iritsi da pauta osoarekin txertatuta daudenen kopurua, eta intzidentzia metatuak behera segitzen du: 7 egunean dagoeneko 75 kasutik behera dago 100.000 biztanleko, hortaz, arrisku ertainean; eta 14 egunean 150 kasutik oso gertu dago 100.000 biztanleko, adierazle horretan arrisku maila ertaina adierazten duen kopurua. ZIUen okupazioari dagokionez, 20 paziente daude, eta 20tik behera (arrisku ertaina) jaisteko helburua lortzeko bidean da. Hortaz, oro har, trantsizio batean gaude: alerta maila handitik alerta maila ertainera.

Oraindik garrantzitsua da herritarrek prebentzio neurriak sendotzea: tarte fisikoa, maskara behar bezala erabiltzea, eskuen higienea, aireztapen egokia eta kontaktu mugatuak, bai eta txertaketaren eskaintzari erantzutea ere.

Nahiz eta oraindik bosgarren olatuaren aurretik zegoen egoerara ailegatu ez garen, zazpi eguneko intzidentzia metatua ekainaren azken astean zegoenaren gertu dugu jadanik. Egoera horrek eta ospitaleen okupazio maila hobetzeak ahalbidetzen dute neurriak malgutzea, alerta maila horri egokitzeko. Adierazle nagusiak kontrolatzen segituko dira, egoera epidemiologikoaren eboluzioa baloratzeko eta horren arabera neurriak gomendatzeko.

Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen txostenak adierazten du azken asteko ospitaleratze kopurua 29tik 24ra pasatu dela, eta 65 urtetik gorakoen kasuan, ospitaleratze kopurua 6tik 15era pasatu dela, eremu soziosanitarioko eraginarekin lotuta eta 65 urtetik gorakoen artean. Ospitaleratze kopurua handitu den arren, alta kopuruak ekarri du ospitaleratuta dagoen pertsona kopurua gutxitu izana. Ekainaren 21eko astean zeuden 5 ospitaleratze berrien oso gainetik segitzen dugu, bai eta egun horietan COVID-19aren ondorioz Nafarroako osasun sareko ospitaleetan zeuden 20 pertsonen oso gainetik ere.

Ospitaleratuta dauden hiru pertsonatatik bat ZIUetan dago. Irailaren 13an, 20 dira ZIUetan ospitaleratuta dauden pertsonak; horrek arrisku ertainean gaudela adierazten du. Zainketa intentsiboetako unitateetako batez besteko egonaldiek iradokitzen digute aste batez edo bi astez ZIUak okupatuak izateko arriskua handia izanen dela, eta osasun sistemaren erantzun-gaitasuna arriskuan egonen dela, olatu berri bat bada.

Delta aldaerak ospitaleratze kasu asko ekarri ditu, batez ere ZIUetan; horietako asko txertaturik ez dauden kolektibokoak dira, edo arrisku faktoreak dituztenak eta, horrenbestez, immunitate-erantzuna baldintzatua daukatenak.

Azken bi asteotan, COVID-19ari lotutako ospitaleetako heriotza-tasa nabarmen jaitsi da.

Birusak mundu osoan duen zirkulazio maila ikusita, txertoek edo aldez aurreko infekzioak ematen duten babesa hondatzen ahal duen aldaera bat agertzea arrisku erreala da.

Nafarroan, bosgarren olatuak arintzera egin du eta joera hori egonkortzen ari da. Dena dela, adierazle horiek ekainaren bukaeran genituenetik urrun daude oraindik, bai ospitaleratze eta ZIUetako ospitaleratze kopuruari dagokionez, baita SARS-Cov-2 birusak kutsatutako pazienteek ospitaleetan okupatzen dituzten oheen kopuruari dagokionez ere.

Irakaskuntza jarduera berriro martxan jarri ondoren, beharrezkoa da adi egotea, batez ere txertaturik ez dauden kolektiboekin, edo beren immunitate-sistemaren ahalmenaren ondorioz denborarekin txertoen eraginkortasuna txikiagoa izateko arriskua duten kolektiboekin.

Txosten teknikoen arabera, egoerak hobera egin du, hala intzidentzia metatuetan nola ospitaleratzeetan. Hala ere, txostenek adierazten duten moduan, oraindik erne egon behar da, batez ere ikastetxeetan eta unibertsitateetan ikasturtea hasi delako eta interakzio sozial handian ematen ari delako. Horregatik, foru agindu honek indarrean dauden neurriak luzatzen ditu, baina horietako batzuk malgutzen dira, osasun publikoaren interesak jarduera ekonomiko eta sozialarekin bateragarriak egiteko zenbait alorretan. Esate baterako, ostalaritzan (bertan ordutegiak zabaltzen dira eta mahaikideen arteko distantziak gutxitzen), edo bingo eta joko aretoetan zein garraioetan (edukiera % 75era handitzen da). Halaber, bide publikoetan hamar pertsonako muga kentzen da, eta “aisialdiko etxabeen”, “pipoteen” edo antzekoen irekiera ordenatuari ekinen zaio. Horiek baldintza batzuk bete beharko dituzte ireki ahal izateko, eremu horietan zailago baita kontrola eta, beren ezaugarriak direla-eta, kutsatzeko arriskua handiagoa baita.

Neurri horiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea 2021eko irailaren 30era arte, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua eta hari egin zaizkion aldaketa guztiak, baldintza berberetan, salbu eta foru agindu honen bigarren apartatuan aldatzen diren puntuak. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

1.–2.1 puntua aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“2.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioak ez du gaindituko baimendutako gehieneko edukieraren % 75, ordu-tarte guztietan, baldin eta flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu”.

2.–Lehenengo apartatuko 3.1.1 c) eta 3.1.2 b) puntuak aldatu dira, eta honela idatzita gelditu dira:

“Mahaien inguruan ezin izanen dira hamar pertsona baino gehiago elkartu”.

3.–3.1.1 h) eta 3.1.2 i) puntuak aldatu dira, eta honela idatzita gelditu dira:

“Ostalaritzako establezimenduen barnealdeak ixteko ordua hauxe izanen da, beranduenez: 02:00etan, ostatu, kafetegi eta jatetxeen kasuan; eta 03:00etan, taberna berezien eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten establezimenduen kasuan. Batean zein bestean ordutegi horren barnean dago lokala jendez hustea”.

4.–Lehenengo apartatuaren 3.2.2 c) puntua aldatu da eta honela idatzita gelditu da:

“3.2.2 c) 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita”.

5.–4. puntua aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“4. Diskotekak eta dantzalekuak.

4.1. Diskoteken eta dantzalekuen jarduera baimentzen da, barreneko aldearen edukiera % 50 bete arte, gehienez.

4.2. Mahaietan kontsumituko da, mahai bakoitzean hamar lagun gehienez, eta mahaien artean 1,5 metroko tartea utzita, mahaien ertzetatik neurtua.

4.3. Establezimendu horietako terrazak irekitzen ahalko dira, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren 3.2 puntuan ezarritako baldintza berdinetan.

4.4. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

4.5. Aurreko puntuetan zehaztu ez den ororendako, ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan zerbitzuak emateko berariaz ezarritako baldintzak aplikatu beharko dira.

4.6. 04:30ean itxiko dira beranduenez, lokala jendez husteko denbora barne.”

6.–12. puntua aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia gordetzen ahal dela bermatuko du”.

7.–Lehenengo apartatuaren 29.3 puntua aldatu da eta honela gelditu da:

“29.3. Bingoek eta joko aretoek 02:00etan itxi beharko dute eta jolas aretoek, berriz, 01:00ean. Batean zein bestean ordutegi horren barnean dago lokala jendez hustea”.

8.–31 d) puntua aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“31.d) Mahaiaren edo mahai multzoaren inguruan ezin izanen dira hamar pertsona baino gehiago elkartu”.

9.–35.4 puntua aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“35.4. Zezen plazetan eta zezenketetarako esparru eta instalazioetan, jarduerak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren % 75, eta eserlekuak aldez aurretik esleituko dira. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak. 1.000 pertsonarentzako edukiera gaindituz gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten nahitaezko eta loteslea beharko da”.

10.–Kendu egin da 39 artikulua. “Bilerak eremu publikoan eta pribatuan”.

11.–32. puntu bat gehitu da: “Aisialdiko etxabeak, pipoteak edo antzekoak”.

32. Aisialdiko etxabeak, pipoteak edo antzekoak irekirik egoten ahalko dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dagokion udalak baimena eman beharko du, administrazio ebazpen baten bidez.

b) Ireki aurretik, erabiltzaile guztiek foru agindu honen I. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpen bat igorri beharko dute honako helbide honetara: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es. Horretan adierazi beharko dute osasun arloan indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoa, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartu beharreko prebentzio neurriei dagokienez. Aldi berean adierazpen hori udalera ere igorri beharko dute.

c) Ongi ikusteko moduko tokietan jarriko dira kartel batzuk, informazioa emanez osasun agintariek gomendatzen dituzten higiene prozedurei buruz, eta adieraziz denen laguntza behar dela antolaketarako nahiz higienearen arloan hartu diren neurriak betetzeko.

d) Erabiltzaileen eskura gel hidroalkoholikoen banagailuak jarriko dira.

e) Barnean, nahitaezkoa da maskara modu egokian erabiltzea, salbu eta edateko edo jateko unean.

f) Lokalen barruan, kontsumoa mahaiaren bueltan eserita egiten ahalko da.

g) Lokalak eta barne eremuak modu egokian aireztatu beharko dira, horiek ahalik eta gehien aireztatuz. Gomendatzen da airearen kalitatea neurtzeko aukera ematen duten CO2aren neurgailuak jartzea, CO2aren kontzentrazioa 800 ppm-tik gorakoa ez izatea zaintzeko.

h) Ezin izanen da gainditu lokalerako baimendutako gehieneko edukieraren % 50.

Hirugarrena.–Indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren uztailaren 17ko 35/2020 Foru Aginduaren lehenengo eta bigarren puntuak. Foru agindu horrek neurriak ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko “aisialdiko etxabe edo pipote” deiturikoei edo antzekoei buruz, eta aldatzen du Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian.

Laugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko irailaren 17tik irailaren 30era arte, bi egun horiek barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Bosgarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Garraio Zuzendaritza Nagusira eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2021eko irailaren 17an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko irailaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, aisialdiko etxabe, pipoteak edo antzekoetarako (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113632