218. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

270E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketa onesten duena Agoizko udal-mugartean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko plantaren instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Instalazioaren titularra “Fundación Aspace Navarra para el Empleo” da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak uztailaren 2ko 1273/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 19ko 281E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2021eko maiatzaren 10ean titularrak ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, eskaera zen baimena urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetara egokitzea, instalazioan kudeatzen diren hondakinen zerrendan sartzeko 200123*-41*, 160211*-41*, 200136-62 eta 160214-62 LER-AEEH hondakinak. Errege dekretu horren bidez aldatzen dira pila eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretua eta aparatu elektrikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua.

Bat etorriz urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatuarekin, baimena eguneratzen da aipaturiko hondakinak eta errege dekretu horretan ezartzen diren baldintzak ere sartuta.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketa onestea Agoizko udal-mugartean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko plantaren instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra “Fundación Aspace Navarra para el Empleo” da.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea “Fundación Aspace Navarra para el Empleo” fundazioari eta Agoizko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 18an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2112837