218. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

197/2021 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruan Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko hautapen prozedurako praktikaldia arautzen duena. Prozedura hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 22ko 313/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 22ko 313/2020 Ebazpenaren bidez, onetsi zen Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko hautapen prozedura, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan.

Aipatutako ebazpenaren I. tituluaren bederatzigarren eta hamargarren oinarrietan ezartzen da aukeratutako izangaiek praktikaldia egin beharko dutela, irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzeko.

Bidezkoa da, beraz, deialdiko oinarri horiekin bat, praktikaldia arautu eta praktikak baloratu behar dituen Kalifikazio Batzordeko kideak zehaztea.

Horiek horrela, erabiliz Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Arautzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruan Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko hautapen prozedurako praktikaldia. Prozedura hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 22ko 313/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita www.nafarroa.eus helbidean ere, deialdiaren fitxan.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Idazkaritza Tekniko Nagusira; Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera;Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura.

4. Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke ebazpen honen eta eranskinen kontra, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren aholkulariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN KUDEAKETA ESPARRUKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAKO IRAKASLEEN KIDEGOAN SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURAKO PRAKTIKALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

Lehena.–Praktikaldiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 22an eman zuen 313/2020 Ebazpenaren bidez, onetsi zen Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia”. Praktikaldiaren xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzea, eta ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eginen da.

Halaber, gutxienez ere ikasturte bat karrerako irakasle funtzionario gisa eman dutela frogatzen duten izangaiak salbuetsi eginen dira praktikaldiaren ebaluaziotik.

Bigarrena.–Lekualdatze lehiaketan parte hartzea.

Praktiketako funtzionario izendatutako izangaiek nahitaez parte hartu beharko dute lanpostuak betetzeko Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen prozeduretan, hautapen prozedura zein espezialitate eta hizkuntzatan gainditu duten, espezialitate eta hizkuntza horietan.

Praktiketan izendatutako langile funtzionarioek praktikak hurrengo ikasturtera luzatu badituzte, izendatuak izan direnetik deitzen den lehen lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko dute eta, hala behar denean, lehiaketa horretan esleitutako destinoan egin beharko dituzte praktikak. Destino hori behin betiko bihurtuko da karrerako funtzionario izendatzen dituztenean.

Hirugarrena.–Kalifikazio batzordea.

3.1. Praktikaldirako Kalifikazio Batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordeturiko ikuskatzaile bat.

–1. batzordekidea: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikitako ikuskatzaile bat.

–2. batzordekidea: Hizkuntza Eskola Ofizial bateko zuzendari bat, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

–3. batzordekidea: Hizkuntza Eskola Ofizial bateko zuzendari bat, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua edo hark eskuordetutako teknikaria.

3.2. Kalifikazio Batzorde bakarra 2021eko urriaren 1a baino lehen eratu beharko da. Batzordearen eraketak balioa izateko, nahitaezkoa izanen da kide guztiak bertan izatea, salbu arrazoi justifikatuak daudenean; halakoetan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak baloratuko ditu arrazoi horiek. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari dagokio batzordeko kideak ordezteko baimena ematea, baldin kide horiek batzordea uzteko arrazoi justifikatuak edo ezinbestekoak badituzte.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusi gabeko guztietarako, Administrazio Publikoko kide anitzeko organoen funtzionamendurako araudi orokorrari lotuko zaio Kalifikazio Batzorde bakarra.

3.3. Kalifikazio Batzorde bakarrak prozesua bukatutakoan ebaluatuko ditu izangaiak.

Batzordeak ezin izanen du idatzi kalifikazioak (“gai” eta “ez gai”) jasotzen dituen behin betiko akta baldin eta bertan gutxienez ere burua, idazkaria eta kideen erdiak ez badaude.

Kalifikazio Batzorde bakarrak betiere ahaleginak eginen ditu praktikaldia zorroztasunez eta eraginkortasunez egin dadin. Horretarako, praktikaldiaren ebaluazioan diharduten guztiei argibideak eskatzen ahalko dizkie.

3.4. Komunikazioaren ondorioetarako eta gainerako gorabeheretarako, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan izanen du egoitza praktikaldiaren Kalifikazio Batzorde bakarrak (Iruñeko San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña). Ondorio horietarako posta elektronikoko helbide hau gaituko da: practicasfun@navarra.es.

Laugarrena.–Praktikaldiaren iraupena.

4.1. Praktikaldiak sei hilabete iraunen du. 2021eko irailaren 1ean emanen zaie hasiera praktikei, eta 2022ko martxoaren 1ean amaitutzat emanen dira, hurrengo paragrafoetan adierazitakoekin bat luzapenen bat ematen ez bada.

Kalifikazio Batzorde bakarrak 2022ko ekainaren 30a baino lehen prestatu beharko du azken akta. Beharrezkotzat jotzen badu, bere jarduketaren gaineko txosten osagarri bat prestatzen ahalko du.

4.2. Praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezgaiturik badago, amatasun bajan edo eszedentzia berezian edo beste edozein egoeratan bada eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea eragozten badu, Kalifikazio Batzorde bakarrari eskatzen ahalko dio praktikaldia luza dezala, ebaluazioa egin ahal izateko. Kalifikazio Batzorde bakarrak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du, baldin eta izangaiak ebazpen honetan eskatzen den praktikak egiteko 6 hilabeteko aldia 2022ko ekainaren 1a baino lehen egiterik badu.

4.3. Praktiketako funtzionarioak lanaldia 1/8, 1/6 edo 1/4 murrizturik badauka, praktikak 2022ko martxoaren 1ean bukatuko dira. Lanaldiaren murrizketa 1/3koa, 2/5ekoa, % 45ekoa edo 1/2koa bada, 2022ko maiatzaren 31ra arte luzatzen ahalko dira praktikak.

4.4. Funtzionarioak salbuespenezko zergatiengatik ezin badu praktikaldia 2021/2022 ikasturtean bukatu, Kalifikazio Batzorde bakarrak hurrengo ikasturtean egin dezala proposatzen ahalko dio, eta, halakoetan, erabaki dezake 2021-2022 ikasturtean praktiketan benetan emandako denbora kontuan hartzea hurrengo ikasturterako.

Bosgarrena.–Irakasle-tutorea.

5.1. Izangai bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, ikastetxeko zuzendariak izendatua, praktikaldian diharduen ikastetxean destinoa duten izangaiaren espezialitate bereko irakasle funtzionarioen arteko bat ahal dela, eta katedradunen kidegokoa, aukera izanez gero. Halakorik ezin bada, izangaia zein departamentutara atxikita dagoen, haren buru den irakaslea izendatuko da irakasle-tutore, edo destinoa ikastetxe horretan duen beste edozein irakasle funtzionario, kontuan hartuta irakasle bakarra ere izan daitekeela praktiketako zenbait funtzionarioren tutore. Beste aukerarik ezean, beharrezkoa bada, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko ikuskatzaileak eginen ditu irakasle-tutoreari dagozkion zereginak.

Ikastetxeko zuzendariak izendapenaren berri emanen die irakasle-tutoreari, izangaiari eta Kalifikazio Batzorde bakarrari, 2021eko urriaren 1a baino lehen. Kalifikazio Batzorde bakarrari EVACOMPRO aplikazioaren bidez eginen zaio jakinarazpena (https://appseducacion.navarra.es/EvaComPro/home.xhtml).

Praktikaldi garaian gorabeheraren bat dela kausa ezinezkoa bada tutoretza-lana egitea, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat izendatuko du aipatu diren irizpideei jarraituz, eta izendapen hori Kalifikazio Batzorde bakarrari jakinaraziko dio.

5.2. Irakasle-tutoreak eginkizun hauek izanen ditu: tutoretzapekoaren irakasle lanari eta lan instituzionalari buruzko txostenak eta aholkuak ematea eta haiek zuzentzea, betiere aintzat hartuz ikastetxeko urteko programazio orokorreko, bizikidetza planeko, hezkuntza proiektuko, hobekuntza eta kalitate planetako, memoria administratiboko eta hezkuntza arloan Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen legeriako irizpide eta edukiak. Halaber, arreta berezia jarriko du gelako programazioan eta ikasleen ebaluazioan, hala nola ikastetxeko gobernu, partaidetza eta koordinazio didaktikoko organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko informazioan.

5.3. Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxeari lotuta dagoen praktiketako funtzionarioen jarraipena eginen du, arlo hauei dagokienez: eginkizunak betetzea, ikastetxearen antolaketan parte hartzea eta integratzea, irakaskuntzako gaitasuna eta lanbide jarduna. Ikastetxe batean praktiketako irakasle kopuru handia badago, ikastetxeko zuzendariak zuzendaritza taldeko beste kide baten esku uzten ahalko du zeregin hori.

Seigarrena.–Ikasgelako esku-hartzeari eta eskola emateko moduari buruzko txostena eta irakas-praktikari buruzko txostena.

6.1. Irakasle-tutoreak praktiketako funtzionarioak emanen dituen eskola saioetatik bitara joan beharko du gutxienez ere, eta txosten bat eginen du, ikasgelako parte-hartzeaz eta saioaren garapenaz. Txostena 2022ko martxoaren 1a baino lehen igorriko dio Kalifikazio Batzorde bakarrari, EVACOMPRO aplikazioaren bitartez. Txosten horiek ebazpen honen I. eranskineko ereduaren eta jarraibideen arabera eginen dira.

Era berean, ikastetxeko zuzendariak, edo hark eskuordetutako zuzendaritza taldeko kideak, praktiketako funtzionarioak emanen dituen eskola saioetatik bitara joan beharko du gutxienez ere, eta txosten bat egin beharko du praktiketako irakasleen irakasteko gaitasunaz eta jardun profesionalaz. Txostena 2022ko martxoaren 1a baino lehen igorriko dio kalifikazio batzordeari, EVACOMPRO aplikazioaren bitartez. Txosten hori bat etorriko da ebazpen honen II. eranskinean ageri diren adierazleekin.

6.2. Praktiketako funtzionarioa departamentuburua bada, espezialitate bereko edo antzeko espezialitate bateko karrerako beste irakasle funtzionario bati esleituko zaizkio tutore zereginak.

6.3. Irakasle-tutorearen eta ikastetxeko zuzendariaren txostenetan 1. mailatik 4. mailara baloratu beharko dira izangaiak, I. eta II. eranskinetan aipatzen diren adierazleetako bakoitzean. Gutxienez 2. maila lortzen ez duten kalifikazio guztiak negatiboak izanen dira. Txostenak “egokitzat” joko dira horietako bakoitzean balio negatiboa (1) duten adierazleen kopurua ≤ % 10 bada, araudia betetzeari dagokionean izan ezik, kasu horretan positiboen kopurua % 100 izan beharko baita.

Maila horietako puntuazioa 1etik 4ra bitartekoa izanen da, eta ez da dezimalik onartuko.

Kalifikazio batzordeak baliozkotzat hartuko ditu soilik EVACOMPRO aplikazioaren bitartez bidalitako txostenak.

Seigarrena.–Hasierako prestakuntza.

7.1. Praktikak egiten ari diren funtzionarioek prestakuntza jarduera hau egin beharko dute: Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko praktiketako irakasle funtzionarioendako hasierako prestakuntza”.

Prestakuntza horrek gutxienez ere 25 ordu iraunen du, eta 2022ko apirilaren 1a baino lehen bukatu beharko da.

Honako ezaugarri hauek izanen ditu:

1) Praktiketako irakasle funtzionario guztiek prestakuntza modulu bat eginen dute Lan Osasunari eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruz, 9 ordu iraunen duena.

2) Praktiketako irakasle funtzionarioek, orobat, irakasleen etengabeko prestakuntzako jardueretan parte hartuko dute (modalitate presentzialean), hain zuzen ere 2021-2022 ikasturteko Irakasleen Prestakuntzarako Planean aipatzen direnetan eta/edo Irakasleen Prestakuntza eta Kalitate Atalak prestatzen dituenetan, praktiketako irakasle funtzionarioei laguntzeko berariazko helburuarekin. Prestakuntza jarduera horiek gutxienez ere 16 ordu iraun beharko dute. Parte-hartzaileek bereziki espezialitatearekin duten loturaren arabera hautatuko dituzte prestakuntza jarduerak.

3) Praktikak egiten ari den irakasle funtzionarioak 2021eko urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du prestakuntza proposamena, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian xede horretarako argitaratuko den online inprimakia erabiliz. Praktiketako irakasleek kontuan hartu beharko dute, lehenik, destinoko ikastetxearen arabera dagokien ILZren prestakuntzarako eskaintza.

7.2. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Prestakuntza eta Kalitate Atalak txosten bat igorriko dio Kalifikazio Batzorde bakarrari. Bertan egiaztatuko da praktiketako funtzionarioek praktikaldian lehen aipatutako ikastaroa egin dutela edo praktikak bukatzeko egunean hura egiten ari direla.

Jarduera horiek egitea nahitaezkoa da azken kalifikazioan “gai” lortzeko.

Zortzigarrena.–Autoebaluazioa-bukaerako txostena.

8.1. Izangaiek beren irakaskuntzako gaitasunaren eta jardun profesionalaren autoebaluazioa eginen dute, III. eranskineko adierazleetan oinarrituta. Horretarako, behar diren ataletan deskribapen labur bat idatzi beharko dute, dimentsio bakoitzaren gainean egindako balorazioa justifikatzeko.

Praktiketako funtzionarioak aplikazioaren bitartez igorriko dio autoebaluazio-txostena Kalifikazio Batzordeari, 2022ko martxoaren 1a baino lehen.

Bederatzigarrena.–Praktiketako funtzionarioen ebaluazioa.

9.1. Kalifikazio Batzorde bakarrak ebaluatuko ditu praktiketako funtzionarioak, honako hauek kontuan hartuz:

a) Irakasle tutoreak, edo behar izanez gero haren ikuskatzaileak, praktiketako funtzionarioaren ikasgelako esku-hartzeari eta egindako lanari buruz eginiko txostenak. Txosten hori ebazpen honen I. eranskinean adierazitako ereduaren arabera eginen da.

b) Ikastetxeko zuzendaritzak irakas-praktikari buruz ebazpen honen II. eranskineko ereduaren arabera eginiko txostenak.

c) Izangaiaren autoebaluazio-bukaerako txostena, III. eranskinaren arabera.

9.2. Txostenean izangaiak 1. mailatik 4. mailara baloratu beharko dira, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan aipatzen den adierazleetako bakoitzean. 2. maila gutxienez lortzen ez duen kalifikazio oro negatiboa izanen da. Kalifikazioa negatiboa bada, zertan oinarritu diren azaldu beharko dute, baita txostena egiteko erabili duten dokumentazioa ere, eta ebidentziak agerian jarri.

Maila horietako puntuazioa 1etik 4ra bitartekoa izanen da, eta ez da dezimalik onartuko.

Kasu horretan, batzordeak txosten osagarri bat eskatuko dio ikastetxeko ikuskatzaileari, ikuskatzailearentzat aginduzkoa izanen dena, non batzordeari igorritako kalifikazioa justifikatuko baita. Ikuskatzaileak oinarritzat hartu diren datu guztiak bilduko ditu, bai eta zuzendaritzak eta irakasle-tutoreak txosten negatibo hori emateko erabili duten dokumentazioa ere. Halaber, ikuskatzaileak elkarrizketa bat izanen du interesdunarekin, non egokitzat jotzen dituen datu eta txosten guztiak eskatuko baitizkio.

Ikuskatzailearen txostena ikusirik, Kalifikazio Batzorde bakarraren ardura izanen da izangaiaren azken kalifikazioa ematea. Azken kalifikazioa ematean, Kalifikazio Batzorde bakarrak izangaiaren autoebaluazioa-txostena kontuan hartzen ahalko du.

9.3. Kalifikazio Batzorde bakarraren epaia “gai” eta “ez gai” izan daiteke. Praktiketako funtzionarioa “gai” dela kontsideratuko da irakasle-tutoreari eta ikastetxeko zuzendaritzari eskatutako txostenetan ematen zaion kalifikazioa positiboa bada, baldin eta ikastetxeko ikuskatzaileak kontrako txostenik egiten ez badu.

Hala ere, Kalifikazio Batzorde bakarrak, egoki iruditzen zaionean, txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari, jasotako txostenetako puntu eta alderdiei buruz.

9.4. Kalifikazio Batzorde bakarrak praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari igorriko dizkio.

“Ez gai” kalifikazioa lortzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen arrazoitua beharko da.

Hamargarrena.–Osasun azterketa.

Praktikaldi garaian praktiketako funtzionarioei azterketa mediko bat eginen zaie irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela egiaztatzeko.

Karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte azterketa mediko hori gainditzen ez dutenek.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 20an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu I. eranskinetik III.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113337