217. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZPARREN

Herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat etorriz, jarraian aipatuko diren ordenantzen testu osoa argitaratuko da, Azparrengo Kontzejuak 2021eko maiatzaren 29ko ohiko bilkuran behin betiko onetsi baititu; indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, jendaurrean egon dira erregelamenduzko epean, eta ez da haien aurkako alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu; hortaz, erabaki da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Azparrenen, 2021eko maiatzaren 30ean.–Kontzejuko burua, Fernando Urtasun Garde.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Azparrengo Kontzejuko herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzea, bat etorriz ezartzen denarekin indarra duen legerian eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1999 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian.

2. artikulua. Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak arautuko dira bertan jasotako xedapenen arabera.

3. artikulua. Ordenantza honetan herri-lurretako aprobetxamendu hauek arautzen dira:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

d) Bestelako aprobetxamenduak.

4. artikulua. Oro har, kontzeju honetako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia-unitateak, baldin titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urte lehenagotik.

c) Gutxienez urtean bederatzi hilabetez Azparrenen (Artzibar) benetan eta modu jarraituan bizitzea.

d) Abeltzainen elkarte edo kooperatiben kasuan, bazkide guztiek Azparrenen erroldatutako bizilagunak izan beharko dute, eta abeltzaintza-ustiategia kontzeju horretan inskribatua egon beharko da.

e) Artzibarko Udalean eta Azparrengo Kontzejuan ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Zalantza sortuz gero, Kontzejuak zehaztuko ditu herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izanen diren familia unitateak.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamenduak

Herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

1. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

2. Enkante publikoan adjudikatuz.

LEHEN ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez

Azparrengo (Artzibar) herri-larreen aprobetxamenduak zuzenean adjudikatuko zaizkie 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagun abeltzainei, abereak katastroan haien izenean baldin badaude jasota. Debeku dira azpierrentamendua edo lagapena. Honi dagokionez, ulertuko da herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen baldin familia-unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte dagokien udalerriko Abere Aberastasunaren Katastrotik, kasu honetan Artzibarkotik.

Larreetan bi eremu ezarri dira:

1. Mugarte hauetako eremuak: Luro, Zurazkun, Astaibe, Maices, Baigura, Sagasa, Ollartze, Belka, Zaburri eta Bizkai. Zuzenean adjudikatuko zaizkie bizilagun abeltzainei.

2. Artozki deritzon eremua, zeinak hartzen baitu Peña de Lareki eta Oloziko muga arteko eremua eta Ekiza - Uliberriko mugen arteko mugartea, Itoizko Urtegiaren uraren xaflaraino.

Azparrengo Kontzejuak erabakita eginen da herritarrendako adjudikazioa eta 10 eguneko epea ezarriko da abeltzainek larreen adjudikazioa eska dezaten, horretarako eskubidea dutela uste badute, betiere apartatu hauei jarraituz:

a) 4. artikuluko baldintzak beteko ditu.

b) Azparrenen erroldaturiko abelburuak, aprobetxamenduaren titularraren identifikatzailea, bazkatuko den azienda mota eta abelburuen kopurua eta horiek ordezkatzen dituzten azienda larriko unitateak (AzLU).

–Artozki larreen eremua:

Larreen balorazioa: Azparrengo Kontzejua da mugarte horretako herri-lurren jabea eta gainera badu akordio bat antzinako Artozkiko Kontzejuko jabe partikularrekin: horiek libreki eta borondatez lurrak laga ditzakete (Nagoren 2005eko martxoaren 8an sinatutako agirian jasotzen den bezala) eta lagatako azaleraren arabera Kontzejuak konpentsatuko ditu.

Gaur egun Kontzejuak 6.600,00 euroko diru-sarrerak lortzen ditu Artozkiko mugarteko herri-lurren aprobetxamenduagatik; zenbateko horren zati batekin ordaintzen zaie jabeei, emandako lurren ehunekoaren arabera.

Zenbateko horri urtero aplikatzen zaio Nafarroako kontsumoko prezioen indizea (KPI).

Eskatzaileei emandako epea bukatu eta 10 eguneko epean, Azparrengo Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du.

Aprobetxamenduen zuzeneko adjudikazioa eginen da lehentasun-ordena honi jarraituz:

a) Abeltzaintza-ustiategietako titularrak, azienda bazkatzera bota nahi dutenak.

b) Artozkiko larreek jasan dezaketen azienda-karga.

c) Azienda mugarte horretan bazkatzera sartu aurretik, abeltzain adjudikaziodun bakoitzak jakinarazi beharko du larreetara bota nahi duen abelburu kopurua.

d) Abelburu kopuruak gainditzen badu jasan dezakeen azienda-karga, banaketa eginen da abeltzain bakoitzaren abelburu kopuruaren proportzioan.

Larreen ordainketa:

a) Abeltzain interesdunei 10 urteko eperako adjudikazioa eginen zaie.

b) Abelburu kopuruaren araberakoa izanen da abeltzain bakoitzaren ordainketa.

c) Abeltzain adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute Kontzejuari urtero 6.600 euro ordaintzeko.

d) Adjudikaziodunek, dituzten betebeharrei erantzuteko, adjudikazioaren zenbatekoaren % 5eko fidantza aurkeztu beharko dute, adjudikazio egunetik hasita 15 eguneko epean. 15 egun iragaten badira prezioa ordaindu gabe, adjudikazioa deuseztatutzat joko da, eta fidantza galduko.

Gainera, abeltzain adjudikaziodunek betebehar hauek dituzte:

a) Azienda Kontzejuan erroldaturik edukitzea, adjudikazioak dirauen bitartean.

b) Adjudikatutako belarrak eta eskubideak azpierrentan ez ematea, ezta eskualdatzea ere.

c) Aprobetxamendua interesatzen ez bazaio, Kontzejuari jakinarazi beharko dio gutxienez 6 hilabete lehenago.

3. Astaibe izeneko eremuan (baso-erreserbaren barnean) ezin izanen da abelbururik bazkatu; baten bat aurkituz gero, organo eskudunak zehatuko du.

4. Udal mugarte osoan debeku da ahuntzak bazkatzea.

5. Azparrengo Kontzejuak eskubidea du erreserba eremuak egiteko, egoki baderitzo.

6. Azparrengo Kontzejuak larreen mantentze-lanak eginen ditu, sasiak garbituz edo larreak berriz ereinda, beharrezkotzat jotzen badu.

7. Abeltzain onduradunak behartuta daude parte-hartzera itxiturak eta ur puntuak mantentzen eta bideak konpontzen; Kontzejua arduratuko da mantentze-lanez eta hobekuntzez.

8. Kontzejuak beste inoren azienda sartzeko baimena eman ahalko du larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean; horretarako, adjudikaziodunak eskaera arrazoitua aurkeztu beharko du aldez aurretik. Diru-sarrera gehigarriak toki-erakundeari dagozkio, eta adjudikazioduna konpentsatuko da ordaindu behar duen urteko kanonarekin. Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.

BIGARREN ATALA

Enkante publikoan adjudikatuz

Enkante publikoa eta erakundeak zuzenean ustiatzea:

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larreak adjudikatzen, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, zortzi urteko eperako.

Adjudikatzeko prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakita, herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino % 10 eta % 20 merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamenduak zuzenean adjudikatzen ahalko dira, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

Hala ere, aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki-erakundearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan sesteoa egin daiteke, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluko zehaztapenekin.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Azparrengo Kontzejuak larreen aprobetxamenduaren antolamendu-araubidea betetzen dela zaindu eta ikuskatuko du.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazio kasuetan edo enkante publikoaren bidezkoetan, egitate hauek arau-hauste administratiboak dira:

–Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen Erregelamendua.

–Hildako abereak bertan uztea.

–Ez errespetatzea belarren adjudikazio epeak.

–Ez ordaintzea ezarritako epeen barruan.

–Beste inoren azienda sartzea Kontzejuaren nahitaezko baimenik gabe.

Jokabide horien zehapenak izanen dira:

–Emakida azkentzea, azpierrentamendua egiten bada, beste inoren azienda baimenik gabe sartzen bada, osasun-araudia betetzen ez bada, edo ezarritako epeetan ordaintzen ez bada; fidantza konfiskatuko da.

–Gainerako arau-hausteak zehatuko dira 6,01 eurotik 901,52 eurora bitarteko isunekin, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan egiten diren kalteak ordaindu behar izatea.

–Toki-erakundeak noiznahi eginen ditu egoki juzgatzen dituen egiaztapenak, adjudikazio baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

Usteko da baldintza horiek ez dituela betetzen:

–Udalean aziendari baja ematen dionak.

–Ez dituenak aurkezten, hala eskatuta, gizarte segurantzaren ziurtagiriak, albaitariaren egiaztagiriak, aseguru entitatearen egiaztagiria...

–Jasangarria den azienda-karga osatzeko gutxieneko azienda larriko unitate kopurua sartzen ez duenak.

–Beste inoren azienda sartzen duenak Azparrengo Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.

III. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak

1. Azparrengo herritarrak izan daitezke herri-lurretako lurzatien aprobetxamenduaren onuradunak, baldin eta, osorik edo hein batean nekazaritzan lan egiten dutelarik, adjudikaturiko lurrak zuzenean ustiatzen badituzte. Herri-larreen onuradunak diren bitartean debeku dute lurrak azpierrentamenduan ematea edo lagatzea, baita bere jabetzakoak direnak ere.

2. Adjudikazioa eskabideak aurkeztu ondoren eginen da. Eskatzaile bakoitzari emanen zaion erregu kopurua zehazteko kontuan hartuko da, batetik, eskabide kopurua eta, bestetik, herri-lurretan urtero ereiteko dagoen gehieneko erregu kopurua, lehenago aipatu baita. Eskatzaileren bati nahi baino erregu gehiago adjudikatzen bazaizkio, soberako erregu horiek interesdunen eskura jarriko dira.

3. Aprobetxamendu hori baliatzeko, urtero kanon bat ordaindu beharko da lurzati bakoitzeko: 3 euro lurzati bakoitzeko.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

1. Azparrengo Kontzejuak herri-mendietako egurra etxeei lagatzea erabakitzen ahalko du, herrian bizi diren bizilagunentzat, Udal Erroldan inskribatuta badaude eta eskaera egiten badute, eta gutxienez bederatzi hilabetez jarraian bertan bizi badira.

2. Etxeetarako egurra hartuko da, ahal dela, saltzeko baso aprobetxamenduetako eta garbiketetako hondakinetatik eta egurretako enborretatik, kaltetutakoetatik edo gaixotutako zuhaitzetatik; sekulan ez zuratako erabiltzen ahal diren zuhaitzetatik.

3. Egur-loteak zuzenean eta modu pertsonalean erabili beharko dira, eta guztiz debekatua dago saldu edo eskuz aldatzea, baita bizilekura ez beste toki batera eramatea ere.

4. Menditik egurra ateratzeko gehieneko epea zortzi hilabetekoa izanen da. Epe hori iragan ondoren, egin gabeko kasko loteak eskatzaileen artean banatuko dira.

5. Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur-lotea eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin izanen du etxerako beste loterik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

6. Etxerako loteen onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu, eta arekak eta putzu txikiak garbi utziko dira uraren pasabidea ez eteteko. Zehapenak jarriz gero, ordaindu egin beharko dituzte.

7. Kontzesiodunek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

8. Nolanahi ere, aprobetxamendu mota honetarako, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da aldez aurretik, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak bete beharko dira.

9. Zuraren aprobetxamendutzat joko da ordenantzaren 4. artikuluaren arabera eskubidea duten bizilagunek pinu zuraren adjudikazioa jasotzeko eskubidea izatea, lehenengo etxebizitzetako teilatuak egite aldera.

10. Aprobetxamendu honetarako eskabidea idatziz egin beharko da, eta Kontzejuari aurkeztu, hark erabakiko baitu eskatutako zura eman edo ez. Nafarroako Gobernuko langile baimenduek seinalatu, eman eta aztertuko dituzte zuhaitzak.

V. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

23. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

24. artikulua. Onuradunek urteko kanona ordaindu beharko dute, baita barruti horrek eragindako gastu eta zerga oro ere.

25. artikulua. Era berean, onuradun horiek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haiena izanen da erantzukizun osoa, erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteei dagokienez.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

26. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea finkatutako epeetan.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Erabilera partikularrerako emandako herri-aprobetxamenduaren ondoriozko produktuak saldu edo hirugarrenei ematea, esaterako etxerako egurra eta abeltzaintzarako bazka.

f) Larratze eremuak ez errespetatzea, erabilera hori eginez horretarako aurreikusitako eremuetan.

g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

27. artikulua. Azaldutako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa azkenduko da; nolanahi ere, kalteen ordaina eta erantzukizuna eskatu ahalko dira, hala badagokio, eta modu bidegabean lortutako produktuak konfiskatu ahalko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-ondasunei buruzko foru legediak ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek behin betiko onesten den egun berean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2112506