216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, plan berezi hau gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia, Iruñeko Udalak sustatua.

Eslava kaleko 7. zenbakiko jabeen erkidegoak eskaturik, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2019ko abuztuaren 12an, hasiera batez onetsi zuen Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia.

Iruñeko Udalak 2020ko azaroaren 5ean egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen plan berezi hori eta, horrekin batera, haren onura publikoa deklaratu zen, baita beheko solairuan dagoen lokala okupatu beharra ere. Horrekin desjabetze prozedurari hasiera eman zitzaion, administrazio jardule gisa, eraikin horretako jabeen erkidegoaren mesederako.

Iruñeko Udalak 2021eko martxoaren 4an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen Eslava kaleko 7. zenbakiko erakinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Bereziaren behin betiko onespenak ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza, desjabetze eta guzti.

Erabaki hori jakinarazi eta argitaratu ondoren, osoko bilkurak 2021eko ekainaren 3an hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta erabaki zen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara zezala desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidego baten onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegietarako erabiltzen diren eraikuntzetan. Horrelakoetan, proiektua plan berezi baten bidez tramitatuko da, txosten teknikoa eta justifikazio memoria behar dituena. Iruñeko Udalak tramitaturiko espedientean agiri horiek jaso dira.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, presako okupazioak arrazoitu behar dira, prozedura hori salbuespenezkoa baita. Horregatik, Iruñeko Udalak aurkeztu ditu ukitutako atarian bizi diren pertsonei buruzko dokumentazioa eta txosten medikoak, non justifikatzen baita presakoa dela desjabetuko diren ondasunak okupatzea.

Era berean, espedientean bada Udaleko idazkari teknikoaren ofizio bat, non adierazten baita ezen frogatuta dagoela Eslava kaleko 7. zenbakiko jabeen erkidegoak baduela balio justuaren zenbatekoa ordaintzeko beharrezkoa den kreditua.

Horrenbestez, Iruñeko Udalak eskaturik, txosten juridikoa ikusirik, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakiko eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa. Plan berezia Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2112994