216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartua, zeinaren bidez tramitatzen hasten baita Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, II. banaketa area berrantolatzeari buruzkoa. Sustatzailea Pamplona Distribución SA enpresa da.

I.–AURREKARIAK

2020ko maiatzaren 14an, Lurraldearen Antolamenduko eta Hirigintzako Batzordeak txostena egin zuen “Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala” aldatzeko espedientearen gainean, hura hasiera batez onetsi aurretik. Espediente hori II. banaketa area berrantolatzeari buruzkoa zen, eta Pamplona Distribución SA enpresak sustatu zuen.

Txosten horren bukaeran, batzordeak zenbait proposamen egin zituen. Proposatu zuen, esaterako, espedientea tramitatzen has zedin, eta bete zitezen, aldi berean, espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitea. Horrez gain, adierazi zuen espedientea ebatzi aurretik sustatzaileak hura osatu egin behar zuela, bete behar baitzuen txosten sektorialetan xedatutakoa, baita lurraldearen eta hirigintzaren arloko zenbait kontsiderazio ere.

2020ko abenduaren 19an, aipatutako aldaketa espedientearen sustatzaileak erantzun bat aurkeztu zuen, zeinetan eskatzen baitzion Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari aurkeztutzat jo eta onar zitzala idazkia eta erantsitako dokumentuak. Eskatu zion, era berean, horien edukia kontuan izanik, aurkeztutzat jo zezala ‘2020ko maiatzaren 7ko txosteneko errekerimenduei erantzuna’ dokumentua; sar zezala Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala II. banaketa arean aldatzeko prozeduran eta, hala zegokionean –nahitaezko txostenak eta tramiteak egin ondotik, betiere–, helaraz ziezaiola Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari, txostena egin zezan. Eskatu zion, azken batean, bidera zezala Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala II. banaketa arean aldatzeko prozedura, bat etorriz bai proiektuan proposatutako baldintzekin bai prozedura bideratzean aurkeztutako dokumentuetan ezarritakoekin ere.

2021eko ekainaren 18an, sustatzaileren erantzuna aztertu ondotik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak txostena egin zuen “Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala” aldatzeko espedientearen gainean. Espediente hori II. banaketa area berrantolatzeari buruzkoa zen, eta Pamplona Distribución SA enpresak sustatu zuen.

Batzordeak txosten horretan aztertu zuen zer erantzun eman zion Pamplona Distribución SA enpresak, “Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala” aldatzeko espedientearen sustatzaileak, hura hasiera batez onetsi aurreko txosteneko errekerimendu bakoitzari. Azterketa hori egin ostean, batzordeak honako hau ondorioztatu zuen:

“Aurrekoa ikusirik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari proposatzen zaio espedientea sar dezan hurrengo bilerako gai zerrendan, eta berrazter dezan hasierako txostena, zeina Lurraldearen Antolamenduko eta Hirigintzako Batzordeak aztertu baitzuen 2020ko maiatzaren 14an eginiko bileran. Proposatzen da, horrenbestez, beste txosten bat egitea, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginean ezarritakoarekin, honako proposamen hauek eginez:

1. Sustatzaileari errekeritzea dokumentu berri bat aurkez dezala, aurrekoa aldatuta eta osatuta, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean, zeinetan bilduko diren bai Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenean jasotako kontsiderazioak bai espedienteari buruzko txosten sektorialetan jasotakoak; eta, ondoren, espediente hau jartzea, aldi berean, informazio publikoaren tramitean eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitean.

2. Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenean adierazitako epean eta baldintzetan errekerimendua bete eta gero, tramitatzen hastea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, II. banaketa area berrantolatzeari buruzkoa, Pamplona Distribución SA enpresak sustatutakoa. Proposatzen da, era berean, espedientea jar dadila, aldi berean, informazio publikoaren tramitean eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitean, bete dadin Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginean ezarritakoa”.

2021eko abuztuaren 10ean, sustatzaileak dokumentazioa aurkeztu zuen, aurreko testua bateginda eta batzordearen 2021eko ekainaren 18ko txostenari emandako erantzunak txertatuta.

II.–ALDAKETAREN DESKRIBAPENA

Aurkeztutako aldaketaren helburua da II. banaketa arean %70 murriztea eraikigarritasuna eta hirugarren sektoreko erabileratarako tipologiak, eta sartzea bizitegi kolektibotarako erabilera.

Sustatzaileak, proposamen hori justifikatzeko, adierazi du erabilerak egokitu egin behar zaizkiola merkatuaren egungo eskaerari, halako moldez non epe laburrean posible izanen den hura urbanistikoki garatzea. Sustatzaileak bere proposamena justifikatzen du, uste duelako indarrean den hirigintza antolamendua ez datorrela bat ez merkatuaren egungo eskaerarekin ezta merkatuan epe ertain edo laburrean izan daitekeen eskaerarekin ere, eta iritzi dio hargatik dagoela haren garapena erabat geldiarazirik. Horrez gain, uste du antolamenduak hiri esparrua aberasten duela, hainbat erabilera dituelako. Erabilera nahasketa hori, bidenabar, bat dator area horrekin muga egiten duen I. banaketa arearen antolamenduarekin.

Sustatzaileak merkataritza zona bat ezartzea proposatu du, hirugarren sektorekoa eta espazio publikoari lotua, eta uste du esparru hori integratzen dela bai lehendik dagoen hiri bilbean, bai proposatzen den bilbe berrian ere. Azken horrek murrizten ditu eguneroko gaiak erosteko egin beharreko joan-etorriak, eta askotariko erabilerak eta tipologiak dauzka. Era berean, beste eremu bat proposatzen du, zeinetan nagusi baitira, hein handi batean, beheko solairuetan merkataritzako eta hirugarren sektoreko erabilerak dituzten bizitegi erabilerak. Erabilera horiek plaza handi baten inguruan antolatuko dira, zeinak, sustatzailearen iritziz, hiriko bizitza eta jendea elkartzea bultzatuko baitu. Horrez gain, erantzuna emanen die egun auzoan bizi diren herritarren eskarien zati bati.

Proposamen horren oinarrian da, sustatzaileak emandako arrazoibidearen arabera, zuzeneko salmentako merkataritzak egun bizi duen krisialdia; merkataritza gune handiena, bereziki. Krisialdi horren atzean dira, alde batetik herritarren jokamolde aldaketa, merkataritza elektronikoaren aldeko joera hartu baitute, non, askotan, auzoko dendetan baino merkeago aurkitzen baitituzte produktuak; eta, bestetik, merkataritza guneetako eskaintza aski dela merkatuaren egungo eskaerari erantzuteko.

Aurkeztutako antolamendua plaza publiko baten inguruan egituratzen da. Plazak ekipamendu publikoa du, eta inguraturik dago beheko solairuetan lokalak dituzten etxebizitza blokeez. Lurzati bat du merkataritza ekipamendurako eta hirugarren sektoreko erabileretarako, eta bi lurzati ditu hirugarren sektoreko erabileretarako edota ekipamendu pribaturako.

471 etxebizitzetako bizitegi eskaintza bat planteatzen da; horietatik 117 etxebizitza libre izanen lirateke, eta 354, babes publikoren bat duten etxebizitzak. Planteatu da horiek guztiak bloketan eraikitzea, zeinen garaiera B+4tik B+9ra bitartekoa izanen baita.

Hirugarren sektoreko eraikinek B+2 solairu izanen lituzkete gehienez ere, eta azalera desberdineko hiru lurzatitan kokatuko lirateke. Dokumentuaren arabera, hirurek merkataritza zona bat eratuko lukete irisgarritasun baldintzarik onenak dituen espazioan. Merkataritza zona horrek izanen lituzke supermerkatu bat (neurri ertaineko supermerkatu bat jartzea aurreikusi da, “E.Leclerc” konpainiakoa) eta merkataritzako beste eraikin batzuk, zuzkidurako eraikin pribatuak edota ostalaritzako eraikin txikiak.

III.–TXOSTEN SEKTORIALAK

2019ko azaroan, txosten sektorialak eskatu zitzaizkien departamentu eta organismo hauei:

–Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzua. Eskubide Sozialetako Departamentua.

–Iruñerriko Mankomunitatea.

–Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia.

–Etxebizitza Zerbitzua.

–Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. Osasun Departamentua.

–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia.

–Biodibertsitatearen Zerbitzua. Ingurumen Eraginaren Atala.

–Babes Zibilerako Zerbitzua.

–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentua. Azpiegiturak Kudeatzeko Atala.

–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzua.

Unitate horiek igorritako txostenak sustatzaileari bidali zaizkio, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzaten.

IV.–KONTSIDERAZIOAK

Apartatu honetan baloratuko dira batzordeak 2021eko ekainaren 18an egindako bileraren azken txostenean jasotako kontsiderazioak. Hona hemen kontsiderazio horiek, labur-labur:

• Jarduketa jotzea urbanizazioa eraberritzeko edo berritzeko jarduketatzat.

Sustatzaileak, aurkeztu duen testu berrian, jarduketa jotzen du urbanizazioa eraberritzeko edo berritzeko jarduketatzat. Lurra jotzen du hiri-lurzoru finkatugabetzat, eta exekuzio unitate bat ezartzen du eremu guztiarentzat: UE-AR-2 izenekoa.

Zehazten du, era berean, exekutatuko dela borondatezko birpartzelazio-jarduketa sistemaren bidez (araudiko 108. artikulua).

Horrez gain, ondoriozko lurzati bakoitza garatzeko zehaztapenak ezartzen ditu (lurzati horiei “unitate morfologiko” esaten die).

Bestalde, aurreikusten da II. banaketa arearen urbanizazioa definitzea urbanizazio proiektu bakar baten bidez, zenbait fasetan exekutatu daitekeena. Horretarako, “Kudeaketaren eta Unitate Morfologikoen Planoan [...] exekuzio unitatetik kanpoko zenbait eremu zedarritzen dira, berriro urbanizatu behar direnak haren kargura, eta horien obrak urbanizazio proiektuan sartu behar dira. Proiektu horretan ezarri beharko da unitatetik kanpoko eremu bakoitzarekin muga egiten duten espazioetako urbanizazioa. [...] Urbanizazio obren proiektuaren eremu bateratua honako hau izanen da: UE-AR-2 unitateko espazio publikoetatik I. eta II. banaketa areen urbanizazio proiektuan, dagoeneko exekutatuta dagoen horretan, sartu ez direnak, edo, sartu badira ere, berriro urbanizatu behar direnak, proposamen honek eragindako eskaera berriei erantzuteko”.

Goian aipatutako xedapenei dagokienez, zeinak araudiaren 110. artikuluan ezarri baitira, ez dago argi zer obra exekutatzen diren exekuzio unitatearen kargura, izan ere, ari denean “exekuzio unitatearen kargura berriro urbanizatu beharreko kanpo eremuen urbanizazioari” buruz, ematen du lagatako espazio publikoak uzten direla urbanizatzeko beharretik kanpo. Argiago idatzi beharko litzateke artikulu hori.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55. artikuluan ezarritako estandarrak modu arrazoituan eta haztatuan murriztearen justifikazioa. Akreditatu beharko da hautemandako behar kolektiboei arretarik onena emanen zaiela, kalitate funtzionalaren irizpideei erantzunez betiere.

Aurkeztutako memorian bada atal bat, 6.6a, “Estandar urbanistikoak. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55. artikuluan ezarritako tokiko zuzkiduretarako eta sistemetarako erreserbak betetzea” izenekoa, non banan-banan aztertzen eta kuantifikatzen baititu lagapen mota guztiak: erabilera publikorako eta hezkuntzako zein osasun arloko erabileretarako lagapenak, udalez gaindiko zuzkidura, zuzkidura publikoak, espazio libre publikoak, espazio libreak eta berdeguneak.

Horrez gain, justifikatzeko II. banaketa arean estandarrak modu arrazoituan eta haztatuan murrizten direla, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.7 artikuluarekin, I. banaketa areako ratioa hartu da erreferentziazkotzat, eta kendu dira II. banaketa areari diseinuan eta zerbitzu poligono gisa zegozkion lagapenak.

Horrela, bada, adierazten da gaur egun, I. banaketa arean, espazio publiko libreetarako eta erabilera anitzeko ekipamendurako lagapenen ratioa 0,53koa dela bizitegi erabilerako eraikitako metro koadro bakoitzeko.

Eta, II. banaketa arearako proposamenean, lagapen ratioa 0,40koa da bizitegi erabilerako eraikitako metro koadro bakoitzeko.

Sustatzaileak erabilera publikoko espazio pribatiboetarako azalera edo bideetarako azalera batzuk sartu ditu aurkeztutako ratioetan. Horri dagokionez, komenigarria izanen litzateke 55.3 artikuluan araututakoaren arabera kalkulatzea ratioak.

Edonola ere, baieztatzen da “proposatutako antolamendua bat datorrela I. banaketa arearen antolamenduarekin, haren erritmoei eusten baitie, tarte bertsua utzita eraikinen artean. Gainera, I. banaketa areako bizitegi eraikinen antzeko garaierak ditu, eta espazio urbanoen kalitatea ere haren antzekoa da, espazio libre publiko handi bat baitu, 10.000 m² inguruko plaza publiko bat, zeinak osatuko baitu Erripagañako zuzkiduren eta espazio libre publikoen sarea”.

Horrez gain, kalkulatu du 1.202,40 m²-ko aldea dagoela II. banaketa areako lur lagapenen (jatorrizko UPSaren arabera egindakoak gehi orain proposatutakoak) eta legez eska daitezkeen lagapenen artean. Hau da, 55.3 artikuluan xedatutakoaren arabera eska daitekeen azaleraren %96,13.

Horri dagokionez, defendatzen du ezen “Lagapen azaleran dagoen alde txikia justifikaturik dagoela, [...] oraingoa intentsiboagoa delako (plazak eta bulebar bat) lehengo hiri ehuna baino eta, batez ere, zenbait errekerimendu funtzional exijitzen dituelako II. banaketa arean ezarri den eremu zentralak. Beste era batera esanda, emandako lurraren kantitatea bera baino, askoz garrantzitsuagoa da [...] eremu libreen kalitatea eta funtzionalitatea, batez ere, plaza berri bat sortzea, 10.000 m² ingurukoa, hura izanen baita auzoko gune nagusia eta auzokoen zein bisitarien topagunea”.

Nolanahi ere, egokiagoa izanen zen ez sartzea jatorrizko UPSaren arabera egindako lagapenak, gauzatu baitziren II. banaketa arearen exekuzio unitatetik kanpo, eta haren, ez besteren, kalitatea eta espazio libre publikoak baloratzen ari direlako.

Azkenik, aparkalekuei dagokienez, 1.068 plaza aurreikusi dira (305 erabilera publikokoak eta 763 erabilera pribatibokoak). Kopuru hori erreferentziazko plazen %87 da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hori alde batera utzita, merkataritzako lurzatiek beren beharrak aseko dituzte lurzati pribatuen barrenean. Ezarri da erabilera publikoko bi plaza izan behar direla, lurzati pribatuaren barrenean, sestra gainean eraikitako hirugarren sektoreko erabilerako 100 m² bakoitzeko, eta bete beharko da bai Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.4 artikuluko ratio orokorra baita 10/1994 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 26.B.VI artikuluan ezarritako ratioa ere.

• Etxebizitzen gehieneko kopurua ezartzea. Gainera, araudian finkatu beharko dira, aprobetxamendu tipoarekin batera, zer aprobetxamendu esleitzen zaion tipologia bakoitzari eta zein diren homogeneizazio koefizienteak.

Aurkeztutako memorian bada beste apartatu bat, 6.5a, “Aprobetxamendu urbanistikoa, erabilerak eta intentsitateak” izenekoa, zeinetan zehazten baita, beste justifikazio batzuen artean, etxebizitzen guztizko kopurua: 471. Horietatik, 117 libreak izanen dira, 106 prezio tasatukoak eta 248 babes ofizialekoak. Gainera, homogeneizazio koefizienteak ezartzen dira, egungo merkatuko balioei begiratuta. Exekuzio unitatearen batez besteko aprobetxamendua kalkulatu da, eta adierazi da ezen Burlatako Udal Plan Orokorrean ez dela banaketa arearik mugatu hiri-lurzoru finkatugabean.

Gehieneko azalera eraikigarria eta aprobetxamendu urbanistikoa unitate morfologikotan bereizi dira.

Hirigintzako araudiak xedatzen du, 112. artikuluan, zein den exekuzio unitatearen aprobetxamendu urbanistikoa, zein den haren batez besteko aprobetxamendua eta zein diren haztapen erlatiboaren koefizienteak edo homogeneizazio koefizienteak.

Bestalde, II. banaketa arearen hirigintza araudi partikularrean unitate morfologikoen fitxak daude. Fitxa horietan adierazten da zein diren unitate horietako bakoitzaren etxebizitza kopurua eta aprobetxamendu urbanistikoa.

• Adierazi beharko da zer artikulu aldatzen diren, bai egungo idazkeran, bai proposamenean.

Kontsiderazio hori ez da azaltzen. Behin betiko testua eskatuko da (behin betiko onespena jasotzeko aurkeztutakoa).

• Proposamenaren eguzkialdiaren justifikazioa.

Memoriaren 6.14 apartatuan garatu da, zeinetan gehitu baita ondoriozko espazio publikoen eguzkialdiari buruzko azterlan bat. Proposatutako bolumenen 3D eraikuntza bat egin da, baimendutako gehieneko bolumetria aplikatuta, lerrokadurak eta gehieneko garaierak kontuan izanik.

Eraikuntza horretatik abiaturik, eta eguzkiaren posizioa oinarri hartuta, ikusi ahal izan da zer itzal proiektatuko dituzten eraikinek bi solstizioetan eta bi ekinozioetan, eguneko hainbat ordutan. Horrela, bada, azter daiteke nola joko duen eguzkiak espazio publikoetan, proposatutako eraikinen bitartez, egun eta ordu jakin horietan.

Justifikatzen du ezen “eraikin guztiak ondo kokaturik daudela, ipar-ekialdera eta hego-mendebaldera begira, I. banaketa arean dauden gainerako eraikinak bezalaxe; eta banaketa eremu horretan dagoen tarte bera dagoela eraikinen artean. Horri guztiari esker, fatxadek nahikoa argi izanen dute, eguzkiak joko dielako, eta itzalguneak sortuko dira eraikinen inguruan”. Ondorioztatzen du ezen “proposatutako antolamendua egokia dela, esparru publikoen eguzkialdiari eta itzalaldiari dagokienez, bai plaza nagusian, bai ekipamendu publikoko lurzatian, bai eta A, B, C eta D unitate morfologikoen artean sortzen diren eta Erripagaña etorbidera begira dauden espazioetan ere”.

Nolanahi ere, ikusten da plaza nagusian eguzkiak ez duela jotzen neguko solstizioan eta, horrenbestez, aztertu beharko litzateke zer hobekuntza egin daitezkeen egutera izan dadin, batez ere urteko arorik hotzenetan.

• Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betetzea eta justifikatzea. Hura betetzeko hartu beharreko neurriak.

Garatu da memoriaren 6.10 apartatuan eta eranskinean (“Genero inpaktua ebaluatzeko txostena”).

Txostenean adierazi da zer irizpide erabili diren, arlo horretan, hiri diseinua egitean (kaleak hainbat puntutatik ikusteko modukoak izatea; garraio publikoaren irisgarritasuna eta segurtasuna sustatzea; sare nahiko itxia eraikitzea, halako modukoa non nahikoa jende eta jarduera izanen diren kalean; argiztatzea nahikoa izatea puntu problematikoetan...).

• Aniztasun tipologikoa deskribatzea, bizitegi eraikinen garaiera barne.

Gai hori jorratzen da memoriaren 6.4 apartatuan.

Planteatzen da “etxebizitzetarako sei eraikin lineal jartzea, angelu zuzena eginez Erripagaña etorbidearekin, hau da, etorbide horren iparraldera dagoen hiri ehuna garatzeko zer eratze irizpide erabili den, horixe bera aplikatuta.

Planta linealeko bizitegi eraikinek, plaza eta parke berriari begira izanen direnek (A, B, C eta D eraikinek) beheko solairua izanen dute eta lurgaineko zazpi solairu, gehi atiko atzeraeman bat. E eraikin linealak beheko solairua izanen du eta lurgaineko zortzi solairu. Ekialderen dagoen eraikinak, F eraikinak, beheko solairua eta lurgaineko lau solairu besterik ez ditu izanen, halaxe ondorioztatu baitzen herritarren parte hartze prozesuan.

[...] bizitegi eremua osatzeko, beheko solairua eta lurgaineko bederatzi solairu izanen dituzten hiru dorre eraikitzea aurreikusi da, [...] PA-33 bidearen parean”.

• Urbanizazio lanetarako proiektu bakar bat idaztea eta izapidetzea aldaketaren eremu guztirako, eta eraikinak exekutatzeko epeak ezartzea.

Aurreikuspen hori jasota dago bai memoriako 7.3 eta 7.4 apartatuetan, bai araudiko 110. eta 111. artikuluetan.

• Beheko solairuetan lerrokadurak ezartzea.

2.2 planoan, eraikinaren beheko solairuko derrigorrezko eta gehieneko lerrokadurak zehaztu eta zedarritu dira.

• Jasangarritasun ekonomikoari buruzko memoria sartzea, txostenean zehaztutako edukia jasota.

Bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoaren memoria sartu da memoriaren 8. apartatuan. Aztertu da jarduketak zer inpaktu duen ukitutako ogasun publikoetan, jabetzarako bideragarria den edo ez, ekonomikoki, eta erabilera produktiboetarako erabiliko den lurzorua nahikoa eta egokia den.

Azken puntu horren harira honako hau adierazten du, halaxe eskatu baitzitzaion, berariaz, batzordearen 2021eko ekaineko txostenean:

“Ondorioztatu beharra dago egokia dela II. banaketa arearako proposamen honetan ezarri diren erabilera produktiboen proportzioa, eta erabilera horiek nahikoak direla, bai eremua garatzeko unean, baita etxebizitzak okupatu eta aurreikusi diren zuzkidurako nahiz hirugarren sektoreko jarduerak ireki ondotik ere.

Dokumentu honetan deskribatu eta justifikatu da zein konplexua den, funtzionalki, II. banaketa arearako proposatzen den jarduketa, hainbat erabilera uztartzen baitira, proposamenaren arabera: publikoak eta pribatuak, bizitegikoak eta bizitegikoak ez direnak, espazio libreak eta berdeguneak, eta bideak eta orube eraikigarriak. Horiek guztiak gauzatzekoak dira lurra modu efizientean okupatuta eta erabilerak modu funtzionalean konbinatuta.

Dokumentu honetan planteatzen den konplexutasun funtzional hori egokitzat jotzen da II. banaketa arearako eta, apartatu honetan egiaztatzen den moduan, ekonomikoki jasangarria da”.

• Araudiko fitxan alderdi batzuk sartzea, beharrezkoak direnak bermatzeko merkataritzako establezimendua egokia dela estetikoki zein funtzionalki.

“J” izeneko unitate morfologikoaren fitxa urbanistikoan zenbait zehaztapen jaso dira, bermatzeko ezen merkataritzako establezimendua egokia dela estetikoki zein funtzionalki.

Aurreko apartatuan adierazitako kontsiderazioek ez dute galarazten espedientea tramitatzen hastea, eta uste da dokumentuak badituela beharrezkoak diren zehaztapen nahiko, entzunaldia eman eta jendaurrean jartzeko tramiteak egiteko.

Kontsiderazio horiek balioetsiko dira, aurkezten diren alegazioekin batera, baldin horrelakorik aurkezten bada.

Jotzen da, horrenbestez, bete egin dela batzordearen txostenean adierazitako errekerimendua.

Hori dela eta, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2021eko ekainaren 18ko txostenarekin, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 20an eginiko txostenarekin eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoarekin, eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Tramitatzen hastea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, II. banaketa area berrantolatzeari buruzkoa. Sustatzailea Pamplona Distribución SA enpresa da.

2. Adieraztea ezen espedientea ebazten denean bete beharko dela bai erabaki honetan xedatutakoa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenetan eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa ere.

3. Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabetez, eta, aldi berean, aldaketak ukitzen dituen udalei entzunaldia emateko tramitea betetzea.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da:

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, Telekomunikazioetako eta Informazioaren Teknologietako Zuzendaritza Nagusira, Etxebizitza Zerbitzura, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalera, Babes Zibilerako Zerbitzura, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentura, Hezkuntzako IKT Azpiegituren Atalera eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, eta jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Burlatako Udalari eta enpresa sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2112989