216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

207E/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 3koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, basogintzari, abeltzaintzari edo basa faunari kalte handiak egiten dizkieten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoak arautzen dituen xedapena.

ZIOEN AZALPENA

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako administrazio publikoek biodibertsitatea zainduko dutela neurriak hartuz basa fauna kontserbatzeko, batez ere autoktonoa, baita haren habitat naturalak ere, foru lege horretan ezarritakoarekin bat.

Foru lege horrekin bat, basa fauna eta haren habitatak babestu, kontserbatu eta hobetzeko, ekintza positiboak hartu behar dira, hura sustatu gogo dutenak, baita beste batzuk ere, basa fauna, haren kontserbazioa edo lehengoratzea mehatxatzen dituzten jarrerak eta jarduerak prebenitu eta desagertzekoak.

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak 7. artikuluan deklaratzen du Nafarroan basa fauna babestua dagoela, eta, beraz, basa fauna ukitzen duten edo uki dezaketen jarduerek debekuak eta mugak dituzte, zehaztuta daudenak haren 8. artikuluan eta 2/1993 Foru Legea osatzen edo garatzen duten xedapenetan.

Nolanahi ere, debeku eta muga horiek indarrik gabe gera daitezke ingurumen arloan eskumenak dituen departamentuak aldez aurretik baimena emanda, eta orobat, honi dagokionez, kalte handiak prebenitzeko beste espezie batzuei, nekazaritzari, abeltzaintzari, basoei, mendiei, ehizari, arrantzari eta uren kalitateari. Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9. artikuluak xedatzen duenez, baimen hori apartekoa izanen da eta denbora-muga izanen du. Aldez aurretik, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak txosten bat eskatuko dio eskatzaileari, frogatu dezan harrapaketa selektiboak ez dituela arriskuan jartzen espeziearen populazio maila, banaketa geografikoa edo ugalketa lana Nafarroa osoan.

Foru legeak ezartzen du ezen, administrazio baimen horren ordez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren xedapen orokorrak eman daitezkeela, animaliak harrapatu eta desagertzeko baldintzak eta moduak arautuko dituztenak, eta xedapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar direla.

Horretaz gain, bete beharko da Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa, non zehazten baita ezen, foru lege horren 9. artikuluan zerrendatutako salbuespeneko inguruabar eta baldintzetan, debekatuta dagoela animaliak harrapatu edo hiltzeko prozedura masiboak, baita selektiboak ez direnak ere, edo espezie bat leku batetik desagertzea ekar dezaketenak, edo espezie baten populazioen lasaitasuna larriki asaldatu dezaketenak. 27. artikuluko bigarren apartatuak ezartzen du debeku dela zenbait modu eta baliabide erabiltzea animaliak harrapatzeko, baimenik ezean. Ehiza da, berez, animaliak harrapatzeko moduetako bat.

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen ondoren, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea onetsi zen. Hark indarrik gabe utzi zituen Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ehizari buruz jasotako xedapenak.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak helburu du Nafarroako Foru Komunitateko ehiza eta arrantza baliabideen aprobetxamendua zaindu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea, jasangarritasun irizpideekin bat, eta zehazten duenez, ehiza antolatzeko plan bat indarrean duten ehiza-barruti edo ehiza kontrolatutako eremu deklaratutako lurretan baino ezin da ehiza egin.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 8. artikuluak zehazten du ehiza-espezieak direla debekualdiei buruzko urteroko xedapen orokorrean ehiza-espezie izendatutako basa animalien espezieak, subespezieak eta populazioak.

Ehiza-espezieak dira untxia (Oryctolagus cuniculus), basurdea (Sus scrofa), orkatza (Capreolus capreolus), oreina (Cervus elaphus), azeria (Vulpes vulpes), mika (Pica pica), belabeltza (Corvus corone), beletxikia (Corvus monedula) eta basahatea (Anas platyrhynchos), bat etorriz Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea garatu eta gauzatzeko erregelamenduan ezarritakoarekin (erregelamendua ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), baita debekualdiei buruzko urteroko foru aginduetan ezarritakoarekin ere. Ehiza arruntaren jarduerak nola edo hala kontrolatzen baditu ere espezie horiek, egiaztatu da zenbaitetan ez dela aski espezie horiek ondorio txarrik izan ez dezaten giza jarduera batzuen gainean edo beste ehiza-espezie batzuen gainean. Hori dela eta, beharrezkoa da aparteko neurriak hartzea.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, bat etorriz Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearekin, ezartzen du indarrik gabe uzten ahal direla bertan ezarritako debekuak, administrazio baimena eman ondoren, baldin eta 44. artikuluan jasotako inguruabarretako bat gertatzen bada, besteak beste, arriskurik badago ondorio kaltegarriak izateko pertsonen osasun edo segurtasunean, nekazaritzan edo basa faunen espezieetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta gauzatzeko Erregelamenduaren 37. artikuluak gehitzen du hauxe dela inguruabar justifikatu bat: abeltzaintzan edo baso-masetan duten eragina kontuan harturik, aipatu ondorio kaltegarriak sor daitezkeenean.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak salbuespeneko baimenetarako ezartzen du Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritako araubide bera. Hori dela eta, aurreikusten da baimen horien ordez xedapen orokorrak eman daitezkeela, animaliak harrapatu eta desagertzeko baldintzak eta baliabideak arautzen dituztenak.

Azken urteotan, foru aginduak eta ebazpenak eman dira, prozedura eta moduak ezarri dituztenak zenbait espeziek egindako kalteen aurrean salbuespenez jarduteko. Hala ere, lehenago adierazitakoaz gain, kontuan izanik frogatu dela ehiza ez dela aski ehiza-espezie batzuk kontrolatzeko, basurde populazioen hazkundea dela-eta eta espezie horren dentsitate handiei lotutako arriskuak direla-eta, hala nola errepideetako istripuak, nekazaritzako kalteak, gaixotasun zoonotikoak transmititzeko arriskuak (tuberkulosia, txerri-izurri afrikarra) edo beste basa espezie batzuekiko lehia, beharrezkoa da salbuespeneko baimen horiek berrikustea eta azpimarratzea espezie jakin batzuen populazioak kontrolatu beharra dagoela.

Populazioen kontrol hori egitearren Nafarroako udalerri batzuetan, batez ere Pirinioetako eskualdean, argitu behar da zer baldintza espezifikotan baimentzen den basurdea ehizatzea elurretan, bateragarria izan dadin populazio horiek neguan kontrolatzea egoera horretan animalia defendatzearekin eta kontrol ekintza horiek beste espezie batzuen gainean dituzten ondorioekin.

Adierazitakoarekin bat, berrikusi, eguneratu, sinplifikatu eta testu bakar batean bildu behar dira pertsonen osasunerako edo segurtasunerako, nekazaritza, basogintza, abeltzaintza edo basa faunarako kalte handiak sortzen dituzten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoak.

Foru agindu honek modu integralean heltzen dio kalteak kudeatzeko arazoari, eta gizarteari prebentzio tresna arinak eta eraginkorrak ematen dizkio, kontuan izanik zein den espeziea, zer metodo erabili behar den eta noiz edo non jardun behar den. Barnean hartzen ditu hedatzen ari diren ehiza modalitateak, hala nola falkoneria edo arku bidezko ehiza, ezaugarri desberdinak dituztenak su-armarekin egiten diren modalitate tradizionalen aldean. Horiek populazioak kudeatzeko bestelako bide bat dira, kutsadura akustikorik eta berun-kutsadurarik gabeak, aplikatzen ahal direnak leku edo urteko aro jakin batzuetan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak eta Nafarroako Kontseiluaren uztailaren 28ko 26/2021 Irizpenak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Xedapena onestea.

Eranskin gisa agertzen den xedapena onestea, pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, basogintzari, abeltzaintzari edo basa faunari kalte handiak egiten dizkieten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoak arautzen dituena.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzen diren xedapenak.

Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira:

–470/2007 Ebazpena, baldintza orokorrak ezartzen dituena lakioak erabiltzea baimentzeko azerien populazioak kontrolatzeko metodo gisa Nafarroako ehiza barrutietan, eta halako kasuetan jarduteko protokoloa onesten duena.

–566/2007 Foru Agindua, basurdea harrapatzea baimentzen duena basurdeen populazioak kontrolatzeko metodo gisa espezie horrek nekazaritzan kalteak egiteagatik arazo bat dagoen tokietan, eta horretarako baldintzak arautzen dituena.

–567/2007 Foru Agindua, untxia harrapatzea baimentzen duena untxien populazioak kontrolatzeko metodo gisa espezie horrek nekazaritzan kalteak egiteagatik arazo bat dagoen tokietan, eta horretarako baldintzak arautzen dituena.

–530/2009 Foru Agindua, baldintza orokorrak ezartzen dituena Nafarroako ehiza esparruetan untxiak harrapatzeko, untxiek eragiten dituzten kalteak kontrolatzeko metodo gisa, eta jarduketa protokoloa onesten duena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 3an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ERANSKINA

Pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, basogintzari, abeltzaintzari edo basa faunari kalte handiak sortzen dizkieten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoak arautzen dituen xedapena

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Xedapen honek helburu du pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, basogintzari, abeltzaintzari edo basa faunari kalte handiak sortzen dizkieten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoak ezartzea.

Xedapen hau Foru Komunitateko lurralde osoan da aplikatu beharrekoa, salbu eta lurralde baten titularrek edo jabeek uko egin edo egiten badiote berariaz lurralde hori inguruko ehiza-barrutian sartzeari.

2. artikulua. Definizioak.

Xedapen honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

1. Sustatzailea:

–Ehiza-barrutiaren kudeaketaz arduratzen dena, ehiza-espezieak ehiza-barrutietan ukituta daudenean.

–Hesitutako azpiegituraren pertsona titularra (errepideen sarea, burdinbideen sarea, azpiegitura hidraulikoak, parke fotovoltaikoak, besteak beste).

–Ukitutako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiaren pertsona titularra edo errentaria, ehiza-espezieek kalteak egiten dituztenean inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreetan.

–Toki-erakundea, bere esparruko geografikoko eremu libreetan zenbait nekazari eta/edo abeltzain batzuen eskaerak biltzen dituenean eta haiek ordezkatuz aritzen denean.

–Nafarroako Gobernua, Nafarroako Gobernuaren ehiza-barrutietan eta beste barrutiei berariaz lagata ez dauden bere jabetzako finketan.

2. Kaltea: pertsona fisiko edo juridiko batek xedapen honetan araututako fauna espezieen ekintzen edo presentziaren ondorioz pairatzen dituen bidegabeak, okerrak edo galerak, haren ondasunak ukitzen dituztenak. Kaltetzat hartuko da, orobat, basa flora eta fauna autoktonoek pairatzen duten okerra, dela zuzenean (predazioa, habitat lehia edo lehia trofikoa), dela zeharka (gaixotasunak hedatzeko bektorea, hibridazio genetikoa).

3. Kaltearen prebentzioa: xedapen honetan aurreikusitako neurrietako edozein hartzea, helburua izanik dentsitatea murriztea pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, abeltzaintzari edo basa faunari arriskua edo kaltea sortzen dieten populazioen artean.

4. Ehiza administrazioa: Nafarroako Gobernuko behar den departamentuan ehiza arloan eskumenak dituen administrazio organoa.

5. Kalteak prebenitzeko programa: ehiza administrazioak ofizioz prestaturiko agiri teknikoa, helburu duena estrategia bat ezartzea ehiza-espezie jakin baten kalteak prebenitu eta kontrolatzeko.

6. Hesitutako azpiegitura: segurtasun, zaintza edo bestelako arrazoiak direla-eta perimetroko edo luzetarako itxitura daukan azpiegitura oro, ehiza-barrutian egon ala ez, hesi edo pezoi baten bidez mugatzen duena jendea eta/edo animaliak sartzea.

7. Falkoneria-hegaztia: falkoniformeen eta strigiformeen ordenetako hegazti harrapari guztiak, egunekoak zein gauekoak izan, gatibu gordetzen direnak ehizan baliatzeko. Hegazti hori inskribatuta egonen da Nafarroako Falkoneria-hegaztien Erregistroan, eta ehizan erabili ahal izateko, irrati-telemetria bidezko bilaketa sistema bat eduki behar du.

8. Inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreak: jarraipen fisikorik ez izateagatik ehiza-barrutitik kanpo uzten diren eremuak, nahiz eta eremuen titularrek berariaz ez adierazi inguruko ehiza-barrutitik baztertzeko asmorik.

3. artikulua. Espezieak eta kontrol metodoak.

Xedapen honetan espezie bakoitzerako jasotako metodoak dira pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, basogintzari, abeltzaintzari edo basa faunari kalte handiak egiten dizkieten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoak.

Salbuespeneko baimenak eman daitezke xedapen honetan jasotako espezieetarako eta kontrol metodoetarako.

4. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena eta baimena kontrol metodoak erabiltzeko.

Xedapen honen aplikazio-eremuan, kontrol metodoak erabiltzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat edo ehiza administrazioaren baimena aurkeztu beharko da, xedapen honetan ezarritako moduan.

II. KAPITULUA

Kontrol metodoak espezieen arabera

1. ATALA

Untxia

5. artikulua. Untxia (Oryctolagus cuniculus) ehiza-barrutietan kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza-barrutiek kalteak prebenitzeko programa bat daukatenean, programa horretan ezarritakoa beteko dute. Kalteak prebenitzeko programa bat onesteak berekin dakar bertan jasotako kontrol metodoak baimentzen direla.

2. Kalteak prebenitzeko programa bat ez duten ehiza-barrutietan, ehiza administrazioaren baimena beharko da kontrol metodo hauek erabiltzeko:

a) Populazioak armen, falkoneriaren eta arkuaren bidez kontrolatzea ehiza erreserba edo babeslekuetan.

b) Kaiola prezintatuak paratzea.

c) Gauez ehizatzea ibilgailutik fokua eta eskopeta izanik.

Fokua eta eskopeta izanik ibilgailutik gauez ehizatzeko, nahitaezkoa izanen da Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean duen Ordezkaritzak baimena ematea.

3. Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke kontrol metodo hauek baldintza hauetan erabiltzeko:

a) Hudoa eta sareak eta/edo eskopetak, zakurra edukita edo ez.

b) Salto-ehizan edo itxaronaldian eskopetarekin, Debekualdiei buruzko Foru Aginduan aurreikusitako epez kanpo. Martxoaren 1etik abuztuaren 15era, debeku da zakurrak erabiltzea.

c) Ehiza erreserba edo babeslekuetan ehizatzea, kalteak prebenitzeko programa duten ehiza-barrutietan, kasuan kasuko planean baimendutako metodoak erabiliz.

d) Falkoneria, hudoaren laguntzarekin edo gabe.

e) Arkua.

6. artikulua. Kalteak prebenitzeko programa onestea untxia (Oryctolagus cuniculus) ehiza-barrutietan kontrolatzeko.

1. Urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, ehiza administrazioak ezarriko du, ebazpen baten bidez, zer ehiza-barrutik izanen duten kalteak prebenitzeko programa bat.

2. Ofizioz sar daiteke ehiza-barruti bat haren kilometroko ugaritasun indizea 3ko balioa gainditzen badu edo, hori gainditu gabe, ehiza-barrutiaren kudeaketaren arduradunak arrazoiak emanez eskatzen badu hura sartzea eta hori onartzen badu ehiza administrazioak.

3. Urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, ehiza administrazioak kasuan kasuko kalteak prebenitzeko programak prestatuko ditu eta, programa horiek onesteko ebazpenean, zehaztuko da zer azaleratan eginen den untxiaren kontrola eta zer metodo erabiliko den ekainaren 30era arte.

4. Esku hartzen duten eragileek parte hartuko dute programaren prestaketan, eta ehiza-barrutiaren titularraren sinadura eta kudeaketaren arduradunarena beharko dira. Hala hitzartu denetan, gutxienez nekazarien ordezkari batek ere sinatzen ahalko du. Ehiza-barrutiaren titularrak kalteak prebenitzeko programaren edukia jakinarazi beharko die udalerriko nekazariei.

5. Kalteak prebenitzeko programak, gutxienez, honako hau izan beharko du: ehiza-barrutiaren zonifikazio bat, kalteen prebentzioan jarduteko lehentasunaren arabera; jarduteko programa bat, metodo bakoitzerako egunak zehaztuko dituena; eta hileroko laginketen diseinu bat.

6. Kudeaketaren arduradunak laginketak eginen ditu, kalteak prebenitzeko programan zehaztutako maiztasunarekin, abuztutik otsailera arte. Kudeaketaren arduradunak zentsuen eta harrapaketen emaitzak emanen dizkio ehiza-barrutiaren titularrari, eta hark informazio hori igorri beharko dio ehiza administrazioari.

7. artikulua. Inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreetan untxia (Oryctolagus cuniculus) kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da kontrol metodo hauek erabiltzeko:

a) Hudoa eta sareak eta/edo eskopeta, zakurra edukita edo ez. Martxoaren 1etik abuztuaren 15era, debeku da zakurrak erabiltzea. Kasu guztietan, ehizazain batek erabiliko du eskopeta.

b) Kaiola prezintatua.

2. Erantzukizunpeko adierazpenaren prozedura erraztuaren bidez, baimendu daiteke hudoa eta sareak erabiltzea su-armarik gabe, falkoneria (hudoaren laguntzarekin edo gabe) edo arku bidezko ehiza.

8. artikulua. Untxia (Oryctolagus cuniculus) hesitutako azpiegituretan kontrolatzeko metodoak.

1. Hesitutako azpiegiturek kalteak prebenitzeko programa bat daukatenean, programa horretan ezarritakoa beteko dute. Kalteak prebenitzeko programa bat onesteak berekin dakar bertan jasotako kontrol metodoak baimentzen direla.

2. Ehiza administrazioaren baimena beharko da xedapen honetan aurreikusitako eta bidearen titularrak edo enpresa kontzesiodunak proposatutako beste edozein kontrol metodo erabiltzeko.

2. ATALA

Basurdea (Sus scrofa)

9. artikulua. Basurdea (Sus scrofa) ehiza-barrutietan kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da leku hauetan uxaldiak egiteko, eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita, zakurren laguntzarekin edo gabe:

a) Ehiza erreserba eta babeslekuetan, urteko edozein sasoitan. Debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako ehiza-sasoian, ez da baimena beharko ehiza antolatzeko planean basurdea ehizatzeko gaitutako ehiza babeslekuetan.

b) Ehiza-barrutietan Debekualdiei buruzko Foru Aginduan aurreikusitako epe baliodunetik kanpo.

2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da zelatan edo gaueko itxaronaldietan erriflez, eskopetaz eta/edo arkuz ehizatzeko kontrol metodoa erabiltzeko, ehiza-sasoitik kanpo edo ehiza erreserbetan, baldintza hauek betetzen badira:

a) Segurtasun arrazoiengatik, armari atxikitako linterna edo foku bat erabiltzen ahalko da, baina tiro egin edo gezia jaurti baino lehentxeago baizik ezin da piztu.

b) Ehiza antolatzeko planak modalitate hori aurreikusten ez badu, edo kalteen eremua ez bada onetsitako postuena, erantzukizunpeko adierazpenean jaso beharko da kaltetutako eremuaren kokalekua.

c) Itxaroteko puntuak goraturik egonen dira, bermatzeko jaurtigaiak edo geziak lurrean bukatzen duela.

d) Pertsona bat baino ezin da egon postu bakoitzean.

e) Postu bat baino gehiago paratzen ahalko dira ukitutako eremuetan, baina ehiztari guztiak batera sartu eta aterako dira. Elkarrengatik berrehun eta berrogeita hamar metrora egonen dira gutxienez, errifle eta eskopeten kasuan, eta berrogeita hamar metrora arkuen kasuan.

10. artikulua. Basurdea (Sus scrofa) ehiza-barrutietan elur egunetan kontrolatzeko metodoak.

1. Xedapen honen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez baimentzen da basurdearen populazioak kontrolatzea uxaldiaren modalitatearekin elur egunetan, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Uxalekuak azaleraren %25 baino gehiago izatea elurrik gabe.

b) Elur arrastoen sakonera, batez beste, 15 cm-koa izatea uxaldi horretan. Sakonera hori ezin da inon 30 cm-tik gorakoa izan.

c) Elurrik aurreikusita ez egotea uxaldia hasi eta hurrengo 24 orduan, Meteorologiaren Estatuko Agentziaren iragarpenen arabera.

2. Elur egunetarako aurreko apartatuan ezarritako baldintzak bete ezean, ehiza administrazioaren baimena beharko da ilunsentiko eta gaueko itxaronaldiak egiteko eta eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita uxaldiak egiteko, zakurren laguntzarekin edo gabe.

11. artikulua. Inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreetan basurdea (Sus scrofa) kontrolatzeko metodoak.

Ehiza administrazioaren baimena beharko da kontrol metodo hauek erabiltzeko:

a) Uxaldiak eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita, zakurren laguntzarekin edo gabe.

b) Zelatak edo gaueko itxaronaldiak erriflea, eskopeta eta/edo arkua edukita. 9.2 artikuluan (a, c, d eta e letrak) jasotzen diren baldintza berak aplikatuko dira.

3. ATALA

Orkatza (Capreolus capreolus) eta oreina (Cervus elaphus)

12. artikulua. Orkatza (Capreolus capreolus) eta oreina (Cervus elaphus) kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da metodo hauek erabiltzeko eremu libreetan, ehiza-barrutietan ehiza-sasoitik kanpo, eta erreserba eta babeslekuetan Debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako epean, salbu eta ehiza antolatzeko planaren arabera espezie horiek ehizatzeko gaitutako babeslekuetan:

a) Uxaldiak eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita, zakurren laguntzarekin edo gabe.

b) Zelatak eta bakarkako zelatak, su-arma edo arkua edukita.

2. Propio emandako zigilua jarri beharko da, sexua edo adina kontuan izan gabe, animalia akabatu bezain laster, eta jarrita egonen da animalia garraiatzean.

4. ATALA

Azeria (Vulpes vulpes)

13. artikulua. Azeria (Vulpes vulpes) ehiza-barrutietan kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da kontrol metodo hauek erabiltzeko:

a) Itxaronaldiak abata digitala, eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita. Ehizazainak baino ezin du abata erabili.

b) Uxaldiak eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita, zakurren laguntzarekin edo gabe, baldin eta ehiza erreserban edo babeslekuan bada, edo ehiza-sasoitik kanpo.

c) Taldeko ehiza eskopetarekin, zakurren laguntzarekin edo gabe, ehiza-sasoitik kanpo.

d) Gaueko ehiza ibilgailutik fokua eta su-arma izanik. Ehizazainak eginen du kontrola.

Fokua eta su-arma izanik ibilgailutik gauez ehizatzeko, nahitaezkoa izanen da Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean duen Ordezkaritzak baimena ematea.

2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkez daiteke kontrol metodo hauek baldintza hauetan erabiltzeko:

a) Itxaronaldiak gordelekuetan (ehiza-sasoitik kanpo) eta/edo abeltzaintzako ustiategietan (urte osoan), eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita. Itxaronaldiaren lekuaren koordenatuak zehaztuko dira.

b) Kaiola prezintatuak. Kaiolak, zeinak Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak emanen baititu, esku hartzeko epea bukatutakoan itzuli beharko dira. Kaiolaren lekuaren koordenatuak zehaztuko dira.

14. artikulua. Inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreetan azeria (Vulpes vulpes) kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da uxaldiak egiteko, eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita, zakurren laguntzarekin edo gabe, eta taldeko ehiza egiteko, eskopeta edukita, zakurren laguntzarekin edo gabe.

2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkez daiteke kontrol metodo hauek baldintza hauetan erabiltzeko:

a) Itxaronaldiak gordelekuetan eta/edo abeltzaintzako ustiategietan (urte osoan), eskopeta, erriflea eta/edo arkua edukita. Zehaztu beharko da katastroko zer erreferentzia (poligonoa eta lurzatia) duen itxaronaldiaren lekuak.

b) Kaiola prezintatuak. Kaiolak, zeinak Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak emanen baititu, esku hartzeko epea bukatutakoan itzuli beharko dira. Kaiolaren lekuaren koordenatuak zehaztuko dira.

5. ATALA

Mika (Pica pica), belabeltza (Corvus corone), beletxikia (Corvus monedula)

15. artikulua. Mika (Pica pica), belabeltza (Corvus corone) eta beletxikia (Corvus monedula) ehiza-barrutietan kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da itxaronaldiak eskopeta edukita egitea, kaiola prezintatuak eta falkoneria kontrol metodo gisa erabiltzeko ehiza erreserba edo babeslekuan.

2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkez daiteke kontrol metodo hauek baldintza hauetan erabiltzeko:

a) Itxaronaldiak eskopeta edukita. Mikarako, otsailaren 1etik martxoaren 31ra arte bakarrik.

b) Miketarako kaiola prezintatuak, martxoaren 1etik apirilaren 15era arte. Kaiolak, zeinak Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak emanen baititu, esku hartzeko epea bukatutakoan itzuli beharko dira. Kaiolaren lekuaren koordenatuak zehaztuko dira. Kaiola 1 emanen da 2.000 ha-tik 3.000 ha-ra bitarteko ehiza-barrutietarako, 2 kaiola 3.000 ha-tik 5.000ra bitartekoetarako, eta 3 kaiola 5.000 ha-tik gorakoetarako. Kaiolen kopuru hori handitzen ahalko da dentsitate handiko kasu justifikatuetan. Kaiolak egunero berrikusi beharko dira.

c) Falkoneria.

16. artikulua. Inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreetan mika (Pica pica), belabeltza (Corvus corone) eta beletxikia (Corvus monedula) kontrolatzeko metodoak.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkez daiteke kontrol metodo hauek baldintza hauetan erabiltzeko:

a) Itxaronaldiak eskopeta edukita. Belabeltzak siloko fardoetan eta artoan egiten dituen kalteetarako bakarrik.

b) Falkoneria.

6. ATALA

Basahatea (Anas platyrhynchos)

17. artikulua. Basahatea (Anas platyrhynchos) ehiza-barrutietan kontrolatzeko metodoak.

1. Ehiza administrazioaren baimena beharko da itxaronaldiak eskopeta edukita egitea kontrol metodo gisa erabiltzeko ehiza erreserba edo babeslekuan.

2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da ehiza erreserba edo babesleku ez diren eremuetan, itxaronaldiak eskopeta edukita egitea kontrol metodo gisa erabiltzeko, arroz soroetan eta inguruetan, baldintza hauek betetzen badira:

a) Arroza jaiotzen denetik sustraitzen den arte (apirilaren 1etik ekainaren 30era), eta ontzen denetik biltzen den arte (irailaren 1etik urriaren 31ra).

b) Intereseko beste hegazti batzuk badaude (limikolen habiak, besteak beste), ezin da tirorik egin leku horietatik 200 metrora baino hurbilago egonda.

c) Postuak ez badaude jasota ehiza antolatzeko planean, jardunaren lurzatia zehaztu beharko da.

18. artikulua. Inguruko ehiza-barrutitik berariaz baztertuta ez dauden eremu libreetan basahatea (Anas platyrhynchos) kontrolatzeko metodoak.

Ehiza administrazioaren baimena beharko da itxaronaldiak eskopeta edukita egitea kontrol metodo gisa erabiltzeko, baldintza hauek betetzen badira:

a) Arroza jaiotzen denetik sustraitzen den arte (apirilaren 1etik ekainaren 30era), eta ontzen denetik biltzen den arte (irailaren 1etik urriaren 31ra).

b) Intereseko beste hegazti batzuk badaude (limikolen habiak, besteak beste), ezin da tirorik egin leku horietatik 200 metrora baino hurbilago egonda.

c) Kasu horretan eta postuak kokatzeko, jardunaren lurzatia zehaztu beharko da.

III. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena eta baimena

19. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena kalteak kontrolatzeko.

Tramite hauek bete beharko dira erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz baimentzen ahal diren eta xedapen honetan aurreikusten diren kasuetan:

1. Sustatzaileak hau dena jakinaraziko dio kasuan kasuko Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari: kaltea non egin den edo non dagoen horren arriskua, esku hartzen du(t)en espeziea(k) eta, kasua bada, ehizazainarekin edo ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak (izen-abizenak eta telefonoa), egiaztapena bertan egiteko.

2. Jakinarazpena jasota, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak “in situ” egiaztatuko du kaltea edo horren arriskua, eta behar den gelaxka beteko du erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan.

3. Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak erantzukizunpeko adierazpena igorriko dio ehiza administrazioari.

20. artikulua. Kalteak kontrolatzeko baimena.

Tramite hauek bete beharko dira ehiza administrazioaren baimena behar duten eta xedapen honetan aurreikusten diren kasuetan:

1. Sustatzaileak hau dena jakinaraziko dio Basozainak / Ingurumena Zaintzeko Atalari: kasuan kasuko barrutia, kaltea non egin den edo non dagoen horren arriskua, esku hartzen du(t)en espeziea(k) eta, kasua bada, ehizazainarekin edo ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak (izen-abizenak eta telefonoa), egiaztapena bertan egiteko.

2. Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak akta eginen du, non hau dena jasoko baita: sustatzailearen datuak, zer kasu zehatzetarako eskatzen den esku hartzea, kaltea zer espeziek egin duen, kaltearen garrantzia, non egin den eta eskatu den metodoa.

3. Sustatzaileak edo ordezkariak akta sinatuko du eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak ehiza administrazioari igorriko dio.

4. Entzunaldia eginen da, baldin eta ebazpena eskatzailearen kalterako izatekoa bada soilik.

5. Ebazpena, hogeita hamar egun naturaleko epean eman beharrekoa, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak tokian bertan kalteak edo kalteen arriskua egiaztatu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota, administrazioaren isiltasunez ezetsitzat joko da eskaera hori.

Ehiza administrazioak mugak ezar ditzake harrapaketa kopuruan eta populazioak kontrolatzeko egunetan, kontuan izanik nolakoa den berariaz ukitutako ingurunea.

21. artikulua. Baimenen eta erantzukizunpeko adierazpenen baldintza orokorrak.

Honako hauek dira pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari, basogintzari, abeltzaintzari edo basa faunari kalte handiak sortzen dizkieten ehiza-espezieak kontrolatzeko metodoek bete beharreko baldintza orokorrak:

a) Sustatzaileak Nafarroako ehizazain bat eduki beharko du bere jardunean ari dela.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten denean, kontrol neurriak hartzeko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak adierazpena bete eta biharamunetik hasita.

c) Sustatzaileak edo kontrola egiten dutenek baimenaren edo erantzukizunpeko adierazpen kopia bat eraman behar dute neurriak gauzatu eta animaliak garraiatu bitartean.

d) Sustatzailea izanen da neurria behar bezala gauzatzearen erantzulea, baita baimenaren ondoriozko pertsona eta jarduketa guztiena ere.

e) “In situ” hil beharko dira baimenaren xedeko animaliak, salbu eta traslokazio proiektuetan aurreikusitako neurrietan, zeinak aldez aurretik baimendu beharko baititu ehiza administrazioak.

f) Eremu libreetan, debeku da sustatzaileak edo populazioen kontrola egin behar duen arduradunak kostu bidez lagatzea baimena hirugarrenei.

g) Hilabeteko epean gehienez, kontrol metodoak gauzatzeko emandako epea bukatzen denetik hasita, horren arduradunak memoria fitxa bat aurkeztu behar du ehiza administrazioan, non jasoko baitira emaitzak eta gertatu diren gorabehera guztiak.

h) Falkoneriaren modalitatean, irrati telemetria bidezko bilaketa sistema bat eduki behar dute hegaztiek.

i) Ehiza larriaren uxaldietan, taldeak gutxienez ere 4 ehiztarikoak izanen dira paradetan.

j) Ehiza larriaren segurtasunari dagokionez, bete beharko da erregelamendu bidez ehiza arloan xedatutakoa: 50. artikulua, “Segurtasunari buruzko berariazko arauak mendi-ehizaldietan eta uxaldietan”, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen erregelamendukoa.

k) Kontrola egiten dutenek indarrean edukiko dute Nafarroako ehiza lizentzia edo aldi baterako ehiza baimena, edo Nafarroako ehizazainaren akreditazioa izanen dute. Armak erabiliz gero, halaber, erantzukizun zibileko aseguru bat izanen dute, estaliko duena sor litzaketen kalteen ordainak emateko betebeharra.

l) Kontrol metodoan kaiolak erabili behar direnean, nahitaezkoa izanen da egunero berrikustea. Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalak emanen ditu kaiolak, Nafarroako Gobernuaren zigilua izanen dutenak.

m) Animaliak hiltzean, ez zaie justifikaziorik gabeko sufrimendurik edo minik eginen.

n) Sustatzaileak edo ordezkariak, jarduna egin behar duenean, abisua eman beharko die Nafarroako Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Brigadari, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Foruzaingoak eta segurtasun kidegoek eta indarrek basa faunako animaliak uxatu, harrapatu edo su-armekin hiltzen dituztenean, haien egoeragatik arrisku larrikoak direlako pertsonen segurtasunerako, jarduketaren txosten bat igorri beharko zaio ehiza administrazioari.

ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena ehiza faunaren kalteak prebenitu eta kontrolatzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2112032