215. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

53E/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 30ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, kirol anitzeko programak sustatzeko 2021-2022 aldian. DDBN identifikazioa: 581575.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.e artikuluetan, helburu batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Bultzatzea eta begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren jendaurreko kirol-jarduerak pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzeko helburuarekin egin eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezen. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola adinean sustatuko da jostetarako edo lehiarako gorputz eta kirol jarduerarekin.

Helburu horiek izanik, eta adin goiztiarretan ariketa fisikoa modu egituratu eta antolatuan egin dezaten sustatzeko eta garatzeko zereginean bide berri bat sortzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) toki-erakundeek eskainitako eta antolatutako kirol anitzeko programak sustatu nahi ditu.

Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeak dira gehien eta ongien lantzen eta bultzatzen dutenak kirolaren eta ariketa fisikoaren garapena eta sustapena herritarren sektore guztietan, bi arrazoirengatik funtsean: herritarrengandik hurbil egoteagatik eta kasuan kasuko kirolaren, gizartearen eta kulturaren errealitatea ezagutzeagatik.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuak foru agindu honen bidez aurten ere toki-erakundeen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu duten ariketa fisiko-ludikoa zein jostetakoa sustatzea eta handitzea, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzako kirol anitzeko programak antolatuz eta garatuz.

Programa horiek 2021eko irailaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatuko dira.

Deialdi honek, 2021-2022 denboraldia hartzen baitu, urte anitzeko gasturako espediente bat osatzen du, 2022ko ekitaldia ukitzen duelako. Hori horrela, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak deialdiari dagokion urte anitzeko gastua baliozkotu du.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki-erakundeak diruz laguntzeko deialdia, 2021-2022 aldian Kirol anitzeko programak susta ditzaten.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4609-336100: Suspertu plana. Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak

2022

40000,00

4. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 30ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2021-2022an 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat kirol anitzeko programak susta ditzaten.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira zati batean ordaintzeko 2021eko irailaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitartean eskainitako eta gauzatutako kirol anitzeko programak antolatzeak, kontrolatzeak eta garatzeak sortutako defizitak.

2.–Helburua.

2.1. Programa hauen helburua da 6 eta 8 urte bitarteko umeek ariketa fisikoa modu antolatuan egin dezaten sustatzea, betiere ume-umetatik kirolean espezializatu gabe eta adin horietan ariketa fisikoa egiteko egokiagoak diren ereduak bultzatuz.

Horrenbestez, jarduerek modu integralean landuko dute garapen pertsonala, soziala eta motorra, osasunarentzat eta ongizatearentzat onuragarri diren aldetik, eta kontuan hartuta, betiere, lehia ez dela inoiz helburu izanen.

Horrez gain, balioetan oinarritutako hezkuntza ere sustatuko da antolatutako jarduera fisiko guztietan, eta, besteak beste, garrantzi berezia izanen dute joko garbiak, adiskidetasunak, hobera egin nahiak, inklusioak, integrazioak eta abarrek. Izan ere, balio horiek txiki-txikitatik transmititu eta erakutsiz gero, eguneroko bizitzara estrapolatu daitezke. Alderdi hau “Kirolaren balioak” izeneko ekintza planaren berariazko helburu batean dago jasota.

2.2. Jardueren eskaintza baterako hezkuntzaren parametroei jarraituz diseinatu eta antolatzen dela bermatu beharko du aurkezten den programak; hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzak, ohiko kirol edo jarduera fisiko femeninoen eta maskulinoen arteko estereotipoak hauts daitezen. Alderdi hau “Kirola eta emakumea” izeneko planarekin dago lotuta, kirolean hastea helburu duen jarduketa lerroaren barnean.

Aurkezten diren programek, aurreko puntuan zehaztutako helburuak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte.

3.–Erakunde onuradunak.

3.1. Honako hauek eskatzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratutako toki-erakundeek, baldin eta kirol anitzeko programak sustatzen badituzte 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira NKIren beste deialdi zehatzago batzuen xede diren edo haietan jasota dauden kirol anitzeko programak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4.–Erakunde onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat kirol anitzeko programak egiten dituzten toki-erakundeek.

4.2. Deialdi honen barnean sartzen dira kirol-jarduerak kapital osoa udalarena duen merkataritzako sozietate baten bidez antolatzen dituzten toki-erakundeak.

4.3. Erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean zenbait lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu bidezko harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (III. eranskina).

–Ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten erakundeak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa eta babes hori osoa edo partziala. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean (III. eranskina). (III. eranskina).

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea. (III. eranskina).

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuan –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua– ezartzen denez, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion toki-erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena ziurtagiri hori badutela eskola-umeei zuzendutako kirol anitzeko programez arduratzen diren eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek. (III. eranskina).

Diruz lagundutako programan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

5.–Deialdiaren zenbatekoa.

5.1. Deialdi honek 40.000 euroko diru-kopurua izanen du, guztira, aurrekontuko “Suspertu plana. Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura, edo 2022ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretan 2021eko irailaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitarte garatuko diren kirol anitzeko programetarako gaitutako partida ekonomikoaren kargura.

5.2. Edonola ere, dirulaguntza emateko baldintza izanen da dagokion ekitaldi ekonomikoan xede honetarako kreditu egoki eta aski egotea.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

a) Programa garatzeaz arduratzen diren kirol teknikarien edo monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren zerbitzu-kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

d) Programako jarduerak egiteari dagozkion gastuak.

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Parte-hartzaileen joan-etorriak.

g) Osasun arreta: anbulantziari eta osasun zerbitzu teknikoari dagozkien gastuak.

h) Programa garatzeko behar diren beste gastu batzuk.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua:

7.1. Dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko irailaren 21ean bukatuko.

7.2. Dirulaguntzetarako eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

7.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

7.4. Eranskin guztiak eskuragarri egonen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan eta http://www.deporte.navarra.es webgunean.

8.–Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Eskaeraren inprimakia (III. eranskina).

2. Kirol anitzeko programa: (IV. eranskina):

–1. fitxa. Jarduerak eta zabalkundea.

–2. fitxa. Aurrekontua.

Programaren zabalkunderako planari dagokionez, nabarmendu nahi da plan horrek bermatu beharko duela euskara komunikazio guztietan agertzen dela (paperak, inskripzio-orriak, kartelak, hedatzeko baliabideak, megafonia eta publizitate leloak), bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan Nafarroako bertako hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudiarekin eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuarekin, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko; halaber, hizkuntza inklusiboaren erabilera bermatu beharko du, Nafarroako emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea oinarri hartuta.

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena toki-erakundeak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, NKIri dagokion baimena ematea kontsulta egiteko.

4. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenagokoa, frogatzen duena toki-erakundeak eguneratuak dituela zerga betebeharrak, edo, hala badagokio, NKIri baimena ematea kontsulta egiteko.

9.–Eskaera zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

11.–Balorazio irizpideak.

Jarraian, balorazio irizpideak zehaztu dira, zein bere haztapenarekin, eta, hartara, lehentasun-hurrenkera bat ezartzen ahalko da, ondorengo apartatuen arabera: (Gehienez ere 40 puntu).

A) Kirol anitzeko planaren kalitatea:

A.1. Edukien aniztasuna: gehienez ere 10 puntu.

1 puntu garatutako eduki bakoitzeko.

A.2. Jardueren aniztasuna: gehienez ere 20 puntu.

1 puntu jarduera bakoitzeko.

A.3. Programarekin izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena. 2 puntu arte.

(Behar adina deskribatuz gero, 2 puntu; hein batean deskribatuz gero, 1 puntu; ez badira deskribatzen, punturik ez).

A.4. Berdintasunaren ikuspegia edo lehentasuna duten beste alderdi batzuk txertatzea (dibertsitate funtzionala duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak): 3 puntu arte.

–Gizarte-bazterketako arriskuan dauden familietako parte-hartzaileak: 1 puntu.

–Behar bereziak dituzten parte-hartzaileak: 1 puntu.

–Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak: 1 puntu.

B) Zabalkunderako planaren kalitatea: 3 puntu arte.

Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren deskribatzea: liburuxkak, iragarki-taulak, sare sozialak, toki-erakundearen webgunean argitaratuz eta abar.

(1 puntu: kirol anitzeko programa toki-erakundearen webgunean argitaratuta badago. 0,5 puntu: zabalkunderako beste ekintza batzuk).

C) Genero ikuspegia: 2 puntu arte.

Baloratuko da proiektua idaztean, hizkeraren erabilerari dagokionez, genero ikuspegia kontuan hartzea.

(2 puntu baldin eta testu osoan genero ikuspegia erabiltzen bada, puntu 1 batzuetan erabiltzen bada, eta 0 puntu erabiltzen ez bada).

Diruz laguntzen ahalko dira soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak. Azken postuan berdinketa izanez gero, jarduera fisikoen planaren kalitatean puntuazio handiena lortu duen eskaerari emanen zaio laguntza.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

12.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, hartara haien artean lehentasuna ezarriko baita 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

12.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 6.000 euro bitarte bideratzen ahalko du programa bakoitzarentzat, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

12.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, 11. oinarrian agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien puntuazio osoaren batura.

13.–Ebazpenak.

13.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki-erakunde onuradunei, gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

13.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren bat ezestea ere ebatzi beharko da.

13.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan argitaratuko dira.

13.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, administrazio berak emanak izan, nahiz beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

13.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

14.–Frogagiriak.

Frogagiriak kirol anitzeko programa bukatutakoan aurkeztuko dira, 2022ko ekainaren 14ra arte, programa hasten denetik 2022ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuengatik, edo kasuan kasuko programa bukatzen den egunera arte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez; agiriak bereizita eta beren izenarekin behar bezala identifikatuta aurkeztu beharko dira.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Programaren memoria (V. eranskina).

2. Talde bakoitzaren fitxa (VI. eranskina. 1. fitxa).

3. Ordaindutako fakturen zerrenda, gastu guztiena. (VI. eranskina. 2. fitxa).

4. Emaitzen kontua: idazkariaren ziurtagiria, Udalburuak edo Alkateak ontzat emana, egiaztatuko duena gastuak izan direla eta horiek ordaindu izana, eta diruz lagundutako programari loturiko diru-sarrera eta gastu guztiak zerrenda batean xehatuko dituena. (VI. eranskina. 3. fitxa).

Toki-erakundearen langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki-erakundeak frogatu beharko du PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

5. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (VII. eranskina).

Aurkeztutako frogagiriak aski ez badira edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

15.–Dirulaguntzaren ordainketa.

15.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta toki-erakundeak behin aurkeztu dituela 14. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, ordaintzeko ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

15.2. Hala ere, programa 2021eko irailaren 1ean hasi eta 2022ko maiatzaren 31n bukatzea programatu duten toki-erakundeek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute; ordainketa horretan esleitutako diru zenbatekoaren %50 ordainduko da gehienez. Konturako ordainketa hori egiteko, kontuan hartuko da diruz lagundutako jardueratik gauzatu den zatian izandako gastu arrunten eta langileria gastuen zerrenda.

15.3. Konturako ordainketa hori ordaindu ahal izateko, toki-erakundeak ordainketa horretarako eskabide bat aurkeztu beharko du erregistroan, 2022ko otsailaren 1etik 5era bitartean, baldin eta programa etenik gabe gauzatu baldin bada 2021eko irailaren 1etik 2022ko urtarrilaren 21era arte.

15.4. Konturako ordainketaren eskaerarekin batera, programaren memoria aurkeztuko du, eta bertan adieraziko ditu aldi horretan egindako jarduerak, epeak eta parte-hartzaileen kopurua, sexuaren arabera banatuta.

Horiez gain, egindako gastuen zerrenda ere erantsiko da, haien fakturekin batera. (VI. eranskina. 2. eta 3. fitxak).

15.5. Ezin izanen dute konturako ordainketa jaso 15.2, 15.3, 15.4, 17. eta 18. ataletan ezarritakoa betetzen ez duten erakundeek.

15.6. Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NKIk ordaindu beharreko edo erakundeak itzuli beharreko zenbatekoa, toki-erakunde bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

15.7. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio NKIk toki-erakunde bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

17.–Bete beharrekoak.

17.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, onartuko dituzte Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak eta haiek egin daitezen lagunduko.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

17.3. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla ari betetzen zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (III. eranskina).

17.4. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

17.5. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan errespetatzera osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta datozen hilabeteetan ezar daitezkeenak ere.

17.6. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.7. Hartutako dirulaguntzak itzultzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan.

17.8. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

17.9. Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuan –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua– ezartzen denez, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik; horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Diruz lagundutako programetan parte hartzen duten toki-erakundeek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Toki-erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

18.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen baldin horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

18.3. Kontratistek toki-erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki-erakunde onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki-erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

19.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

19.2. Deialdi honen prozeduraren barnean egiten diren komunikazioak eta errekerimenduak telematikoki eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20.–Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak berekin ekarriko du dirulaguntza galtzea, jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz– eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea, galarazi gabe antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

20.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

21.–Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen VIII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

22.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki-erakundeek, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

23.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Kirol anitzeko programaren ezaugarriak

1. Programaren helburu orokorrak:

–Ahalmen fisikoak garatzea oinarrizko abilezia motorren bidez, betiere txiki-txikitatik espezializazioa lortzeko asmorik gabe eta umearen garapen integrala lortze aldera.

–Balio eta abilezia sozialak eskuratzea, zeinetan errespetua, joko garbia, inklusioa, adiskidetasuna, hobera egin nahia eta berdintasuna oso garrantzitsuak izanen baitira eta aintzat hartuko baitira modu batera edo bestera.

–Jarduera fisikoarekin lotutako ohitura osasungarriak barneratzea, eta ariketa fisikoa jolasarekin eta esperientzia atseginekin lotzea, hartara bizitza guztian zehar aktibo egoteko jarrerak hartuko baitituzte.

–6 eta 8 urte bitarteko eskola-umeek ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.

–Kirola egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboetako 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat programan parte hartzea eskuragarriagoa eta errazagoa izan dadin lortzea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).

–Udaleko kirol instalazioak eta baliabideak erabiltzea oinarrizko ariketa fisikoa sustatzeko gune gisa, hartara kiroldegiaren eta auzoaren arteko lotura soziala sortuko baita, eta horrek asoziazionismo nukleo bat sortzea ekar lezake.

2. Berariazko helburuak:

–Hautemate eta motrizitate abileziak eta oinarrizko abilezia motorrak aplikatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren askotariko beharkizun errazetara egokituz, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatuz eta kontrolatuz, eta tentsio eta erlaxazio egoerak desberdinduz, baita oreka eta desoreka egoerak ere.

–Motrizitate abilezia eskuratzea. Horretarako, ezinbestekoa da abilezia motorrak, emozioak, sentimenduak eta jarrerak behar bezala baliatzea planteatutako egoeretan parte hartzen dutenengan.

–Motrizitate aldetik zer potentzial duten jakitea eta oinarrizko gaitasun motorrak garatzea.

–Abilezia sozialak eta komunikazio abileziak bereganatzea, bai eta errespetu, joko garbi, adiskidetasun, hobera egin nahi eta berdintasunaren aldeko jarrerak ere, talde rolak hartuz.

–Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, erritmo egitura sinpleak, keinuak dituzten kantuak, dramatizazioak eta jolas sinbolikoak erabiliz.

–Laguntzeko, enpatizatzeko eta lankidetzan aritzeko jarrerak eta ohiturak hartzea, baita autonomia pertsonalari eta erantzukizunari lotutakoak ere.

–Higiene ohiturak finkatzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko.

–Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta.

3. COVID-19arekin lotutako segurtasun-neurriak.

Programan sartutako jarduera guztiek izan beharko dituzte osasun eta kirol agintariek COVID-19ari buruz ezarritako baldintzak eta neurriak.

4. Edukiak.

Esperimentazioa eta norberaren motrizitate aukerak areagotzen dituzten edukiak sartu beharko dira, proposaturiko jarduera fisiko eta kirol jarduera gehienetan lantzen diren abileziak baliatzekoak, hala nola batetik bestera mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, baloia edo pilota jotzea, etab.

–Motrizitate jolasak eta jolas tradizionalak.

–Kirol aurreko jolasak.

–Lankidetza-jolasak eta -erronkak.

–Ordezko jokoak.

–Gorputz adierazpenarekin lotutako jarduerak.

–Zenbait modalitateren arteko nahasketa berritzaileak.

–Izaera ludikoko erakustaldiak eta/edo topaketak. Ahal bada, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen dituen Kirol Anitzeko Jardunaldiekin batera koordinatuta.

4. Programaren iraupena eta datak.

4.1. Programa 2021eko irailaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitarte egin beharko da.

4.2. Programaren iraupena 7 hilabetekoa izanen da gutxienez.

4.3. Talde bakoitzak astean 2 saio izan beharko ditu gutxienez, bakoitza 50 minutukoa.

5. Taldeen ezaugarriak, eta parte-hartzaileen eta monitoreen adinak.

5.1. 6 ume beharko dira gutxienez taldea osatzeko; hala ere, ohiz kanpoko kasuak baloratu eginen dira.

5.2. Parte hartzeko adinak 6tik 8 urtera bitartekoa da.

5.3. Monitoreek prestakuntza eta esperientzia izan behar dute nahitaez zuzentzen duten jarduerari dagokionez. (Hasierako dokumentazioan frogatuko da).

Toki-erakunde batek 5.1 eta 5.2 apartatuetan ezarritako mugak betetzen ez dituen talderen bat aurkezten badu, txosten bat egin beharko dio NKIri zergatiak arrazoituz. Kirolaren Zuzendariordetzak aztertuko du txosten hori, eta hark erabakiko du sartzeko oniritzia ematen dion ala ez.

6. Kirol anitzeko topaketak.

6.1. Topaketek helburutzat izanen dute parte-hartzaileen arteko bizikidetza sustatzea eta denek ongi pasatzea dena delako jarduera eginez.

6.2. 6 eta 8 urte bitarteko umeenetzako kirol anitzeko programa bat duten toki-erakundeen arteko topaketak antolatzen ahalko dira.

Topaketa horiek antolatzen dituen toki-erakundeak bere kirol anitzeko programan sartzen ahalko ditu, eta deialdi honetako dirulaguntza jasotzen ahalko du.

6.3. Kirol anitzeko programa baduten toki-erakundeek Nafarroako Kirol Jokoetako kirol anitzeko jarduerak antolatzen laguntzen ahalko dute.

7. Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

7.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

7.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere.

8. Baimenak.

Deialdi honetako erakunde onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9. Osasun laguntza.

Toki-erakunde onuradunek istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute.

Iragarkiaren kodea: F2113181