213. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

33/2021 FORU AGINDUA, irailaren 8koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez hein batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua. Horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 01:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan biltzen ahal zen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena zuten taldeak, aldatzen zen foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egoera jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko zirkulazioa mugatzea (baina ez galaraztea) asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunetan, udalerri jakin batzuetan, hots, 14 eta 7 egunean neurtutako intzidentzia metatuaren balioak muturreko arrisku egoeran zituzten udalerrietan (arrisku oso handia, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren dokumentuan).

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduaren bidez, abuztuaren 12ra arte luzatu zen (egun hori barne) ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia. Horrez gain, aldatu egin zen gaueko zirkulazioa mugatzeko neurria (egun eta ordu jakin batzuetan) aplikatzekoa zaien udalerrien zerrenda. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abuztuaren 4ko 113/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 29/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia, abuztuaren 19ra arte, egun hori barne, eta aldatu egin zen udalerrien zerrenda. Era berean, aldaketa puntual batzuk egin ziren kirolaren arloan, kirol instalazioen erabilerari dagokionez, eta zezen-ikuskizunen arloan. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2021eko abuztuaren 12ko 114/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 18ko 30/2021 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia abuztuaren 26ra arte luzatu zen, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak horretarako baimena eman zuen, abuztuaren 18ko 115/2021 Autoaren bidez.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 24ko 31/2021 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuko 40. puntuaren indarraldia berriz ere luzatu zen, irailaren 2ra arte, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak horretarako baimena eman zuen, abuztuaren 25eko 117/2021 Autoaren bidez.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 31ko 32/2021 Foru Aginduaren bidez, neurriok irailaren 16ra arte luzatu ziren, eta hein batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua (horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz). Aldaketa horren helburua zen 40. puntua indarrik gabe uztea. Puntu hura honi buruzkoa zen: gaueko mugikortasuna murriztea zenbait egunetan eta ordutan, intzidentzia metatuaren arrisku handia edo oso handia zuten udalerrietan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, irailaren 5ean, 14 eguneko intzidentzia metatua jaitsi egin da (192,47 kasu 100.000 biztanleko), eta 7 egunekoa egonkortu egin da (94,57 kasu berri 100.000 biztanleko). Biak arrisku maila altuan daude; ratioa 2,04ra jaitsi da.

12 urtera arteko taldeko intzidentzia bigarren altuena da autonomia-erkidegoetan, eta 80 urtetik gorakoen intzidentziak ere gora egin du.

Oinarrizko ugaltze indizea ere (Rt) igo egin da, eta 0,89koa da.

Positibotasuna % 7,2an mantentzen da, % 6,3rekin antigenoen test azkarretan, eta % 7,7 PCR probetan. Arrisku maila, oro har, ertaina da oraindik, uhin hau hasi aurretik geneukan % 5aren gainetik.

Gaixo akutuek okupatzen dituzten oheen kopurua ere beherantz doa poliki, eta ospitaleraturik dauden pazienteen batez besteko adina 63 urtekoa da. Gaixo akutuen ospitaleratze berrien kopurua beherantz doa, arrisku baxuan baita, eta ZIUetan ospitaleratuen kopurua ere beherantz doa, baina oraindik ere zainketa kritikoetarako 24 ohe daude COVID-19 gaixoek okupatuak (arrisku altua).

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren % 77,3k dosi bat dauka jadanik, eta % 73,4k pauta osoa. 40 urtetik gorako pertsonen txertaketa prozesua osatzeko ahaleginari eutsi zaio: talde horretan, % 90 baino gehiago dira pauta osoa hartu dutenak, 40 urtetik 49 urtera bitartekoen taldean izan ezik, non % 86,6 baitira pauta osoa hartu dutenak. Aurrera doa, orobat, 30-39 urtekoen eta 20-29 urtekoen txertaketa (hurrenez hurren, % 72,2k dosi bat hartu dute, eta % 69k pauta osoa hartu dute), eta 12-15 urtekoen taldean % 75ek dosi bat hartu dute, eta % 49k pauta osoa.

Lortu beharreko helburuei dagokienez, aste honetan biztanleriaren txertaketa-estaldura osoaren % 70 gainditu da, eta 14 eta 7 egunetako intzidentzia metatuak arrisku handiko mailan jarraitzen du, baina 7 egunetako intzidentzia egonkortu egin da. ZIUetako okupazioari dagokionez, helburua da ZIUetan dauden pazienteen kopurua 20tik beherakoa izatea, baina oraindik ez da lortu (24 ohe baitaude beteta).

Txosten teknikoak ikusita, eta egoera epidemiologikoaren bilakaera hobetzen ari dela eta kutsatzeen eta ospitaleratzeen jaitsierari buruzko helburuak betetzen ari direla ikusita, murrizketa neurriak zuhurtziaz malgutzen jarraitu behar da, osasun publikoaren babesaren eta bizitza ekonomiko eta sozialaren arteko orekari eusteko. Hori horrela, foru agindu honetan edukiera handitu da, bai barnealdean bai kanpoan, kulturaren eta kirolaren sektoreetan, eta gimnasioen eta kirol-jarduera fisikoen erabilerari buruzko beste gai espezifiko batzuk malgutu dira.

Beste alde batetik, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Agindua aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eta unibertsitateetan COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoeran maskarak erabiltzeari buruzkoa, Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikasleek ikastetxeko aire zabaleko espazioetan maskara erabiltzeko duten betebeharra ezabatze aldera, eta araudiaren koherentzia zaintzeko; izan ere, adin horretako ikasleek ez dute ikasgela barruan maskara eramateko obligaziorik.

Neurri horiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

1.–Lehenengo apartatuaren 13.1 puntua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“13.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

13.1. Autoeskola, irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren % 75, edo pertsonen arteko segurtasun tartea bermatzen bada (1,2 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean).”

2.–Apartatu horren 14.3 puntua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“14.––Liburutegiak eta artxiboak.

14.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira. Jarduerak egitean, parte-hartzaileak bizikidetza egonkorreko taldetan antolatuko dira, eta gehienez ere 20 parte-hartzaile onartuko dira, 12 urtetik beherakoak badira, eta 25 parte-hartzaile, 12 urtetik gorakoak badira. Bizikidetza egonkorreko talde bakoitzeko, begirale bat egonen da jarduera gainbegiratzen.”

3.–Lehenengo apartatuaren 15. puntua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“15.–Kirol-jarduerak.

15.1. Kirol-jardueretarako, barnealdean zein kanpoaldean, partaideen kopuruak Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ezarriko dira.

15.2. Baimenduta dago saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea, baldin eta pertsonen artean bi metroko segurtasun-tartea bermatzen bada. Ikusteko moduko toki batean adierazi beharko da erabiltzaileen artean 2 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharra.

Baimenduta dago aldagelak eta dutxak erabiltzea. Erabilera kolektiboko dutxak edukiaren % 50 errespetatuta erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dira erabili alboko dutxak. Azken neurri hori ez da aplikatuko baimendutako lehiaketetan.

15.3. Gimnasioetan aukerakoa izanen da aurretiko hitzordua. Jarduera egitean, pertsonako 12 m²-ko tartea izanen da, mugikortasun handiko jarduerak badira, eta 3 m²-koa, mugikortasun txikikoak badira.

Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea kirol jarduerak egin bitartean eta instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan.

15.4. Kirol lehiaketak eta ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta baimendutako gehieneko edukieraren % 60 gainditzen ez bada, kanpo eremuetan, eta % 40, barne eremuetan, eta 2021eko irailaren 1ean onartutako Lurraldeen Arteko Akordioan ezarritako baldintzekin.

Nolanahi ere, kirol lehiaketa eta ekitaldietan debeku da jatea, edatea, erretzea edo antzeko produktuak hartzea. Maskararen araudi orokorraren arabera erabili beharko da maskara.

15.5. Kirol-instalazioen barnealdea 23:00etatik aurrera erabiltzen ahalko da lehiaketak eta entrenamenduak egiteko, baldin eta horretarako baimena ematen badu instalazioaren titularrak.”

4.–Lehenengo apartatuaren 16. puntua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“16.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan, eta bestelako jarduera fisikoak aire zabaleko espazioetan.

16.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitean, pertsonako 12 m²-ko tartea izanen da, mugikortasun handiko jarduerak badira, eta 3 m²-koa, mugikortasun txikikoak badira.

16.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol jarduerak egin bitartean ere, intentsitate txikikoak badira ere.

16.3. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean egiten diren kirol jarduera fisikoak salbuetsirik daude 16.1. puntuan xedatutakotik.”

5.–Aipatutako foru aginduaren lehen apartatuaren 19.3 puntua aldatzea eta 19.4 puntua kentzea. Hona hemen testu berria:

“19.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

19.3. Bisita edo jarduera gidatuak, barnealdean zein kanpoaldean, gehienez ere 25 pertsonako taldeetan eginen dira.”

6.–Lehenengo apartatuaren 20. puntua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“20.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

20.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren % 75. Elkarren ondoko eserlekuen kasuan, antolatzaileak egoera hori berariaz jakinarazi beharko du, modu publikoan.

1.000 eta 2.400 pertsonen arteko edukiera duten esparruetarako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da. Horretan konpromiso hauek hartuko dituzte: CO2 neurgailu bat izanen dutela, CO2 kontzentrazioa inoiz ez dela izanen 800 ppm-tik gorakoa eta uneoro maskararen erabilera bermatuko dela. Erantzukizunpeko adierazpen hori declaraciones.cultura@navarra.es helbidera igorri beharko dute, esparruko titularraren idazki baten bidez.

20.2. 20.1 puntuko ikuskizunak edo jarduerak barnealdean egiten direnean, debeku da jatea eta edatea.

Hala ere, zinema aretoetan baimentzen ahalko da jatea eta edatea. Hori baimentzea erabakitzen duten aretoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren % 60.

b) Gutxienez bi besaulkiko tartea gorde beharko da bizikidetza unitateen artean.

c) CO2 neurgailua izan behar da aretoan, eta CO2 kontzentrazioa inoiz ez da izanen 800 ppm-tik gorakoa.

d) Kartelak toki nabarmenean jarri beharko dituzte, maskara uneoro nahitaezkoa dela oroitarazteko, jateko eta edateko unean izan ezik.

e) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartu beharko dira, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik puntu honen baldintzak betetzen direla. Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es.

Ikuskizunetarako kafetegiko lizentzia duten establezimenduek hauetako bat aukeratzen ahal dute:

a) Ekitaldiak edo ikuskizunak janaririk eta edaririk gabe egitea. Kasu horretan, baimentzen den edukiera baimendutako gehieneko edukieraren % 75 izanen da, foru agindu honen 20.1 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

b) Jaten eta edaten bada ekitaldiak edo ikuskizunak diren bitartean, bete beharko dituzte 3. puntuan ostalaritza eta jatetxe jarduerarako ezarritako neurriak. Hurrenez hurren, horren 3.1.1 edo 3.1.2 puntuetan jasotako modalitateetako bat aukeratzen ahal dute. Kasu horietan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik hautatutako aukeraren baldintzak betetzeko konpromisoa (3.1.1eko aukera edo 3.1.2koa). Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es.

20.4. 1.000 pertsona baino gutxiagorentzako edukiera duten aire zabaleko ekitaldietan jaten eta edaten ahalko da, baldin eta kultur ekitaldien antolatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat igortzen badute, ekitaldia egin baino zazpi egun baliodun lehenagoko epean, Kultura eta Kirol Departamentura (helbide honetara: declaraciones.cultura@navarra.es), Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren IV. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz.”

7.–20.bis artikulua gehitzen da. Hona hemen testua:

“20.bis.–Jarduerak esparru handietan.

2.400 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duten esparru itxietan edukiera gehienez ere % 40koa izanen da.

5.000 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duten aire zabaleko esparruetan edukiera gehienez ere % 60koa izanen da.

Oro har, ekitaldian galarazita dago jatekoak eta edatekoak saltzea eta kontsumitzea. Era berean, galarazita dago tabakoa edo antzeko produktuak kontsumitzea, barnealdean zein kanpoaldean.”

8.–Lehenengo apartatuari 21.bis puntua eransten zaio. Hona hemen testua:

“21.bis.–Izaera fisikoa duten kultura arloko entsegu eta jarduerak.

Baimenduta dago kultura arloko jardueretarako izaera fisikoa duten entseguak egitea, pertsonako 12 m²-ko tartea bada, mugikortasun handiko jardueretan, eta 3 m²-koa, mugikortasun txikikoetan. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta entseatu bitartean ere, intentsitate txikiko modalitateak badira ere.”

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduaren 3.b.3 puntua aldatzen da. Foru agindu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako hainbat prebentzio neurri ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetan.

Hona hemen testu berria:

“3. Maskararen erabilera ikasleentzat.

b) Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikasleentzat.

3.–Nahitaez erabili beharko dute ikastetxeko espazio komunetan ikasgeletatik kanpo, baita sarreretan eta irteeretan ere. Ez da nahitaezkoa izanen ikasleak aire zabaleko eremuetan daudenean, ezta ikastetxeko eremu barruan diren jolas-orduetan ere.”

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua aldatzen duten neurriek indarra izanen dute 2021eko irailaren 10etik irailaren 16ra arte, biak barne. Azken egun horretan amaituko da orain aldatu den Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren indarraldia.

Laugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari jakinarazteko; eta igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko irailaren 10ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2113461