210. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

76E/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena 2021. urterako: “Irabaziasmorik gabeko elkarte eta entitateentzako dirulaguntzak, memoria kritiko eta inklusiboa garatzen laguntzeko foroak edo topaketak egin ditzaten”. DDBN identifikazioa: 579053.

271/2019 Foru Dekretuak, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa zehazten duenak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zeregin hauek esleitzen dizkio, besteak beste: bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatzeko politikak sustatu eta koordinatzea, giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarriturik betiere, eta memoria historikoari eta memoria hurbilari buruzko politika publikoak zehaztea. Orobat, aipatutako dekretuaren arabera, haren eskumena da onesten ahal diren eta, gaia dela eta, zuzendaritza nagusiaren eskumenen arloari dagozkion dirulaguntzen deialdiak proposatzea eta ebaztea.

Irabaziasmorik gabeko elkarte eta entitateek 2021. urtean memoria kritiko eta inklusiboa garatzen laguntzeko foroak edo topaketak egin ditzaten Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bultzatu duen dirulaguntzen deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen bidez bultzatu nahi da memoria kritiko eta inklusiboari buruz eztabaidatzea, eta haren inguruko analisiak, gogoetak eta proposamenak egitea.

Dirulaguntzaren xedea da irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateen parte-hartzea sustatzea eta lortzea, topaketak edo jardunaldiak antola ditzaten memoria kritiko eta inklusibo baten gaineko eztabaida bultzatzeko, eta haren inguruko analisiak, gogoetak eta proposamenak egiteko; hau da, indarkeria politikoak eta terrorismoak Nafarroako historia hurbilean eragindako giza eskubideen urraketa guztiekin kritikoa izanen den memoria, eta indarkeria horien biktima guztien aitortza bultzatuko duen memoria.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, memoria kritiko eta inklusiboa garatzen laguntzeko foroak edo topaketak egin ditzaten 2021. urtean.

Deialdiak bide ematen die erakunde interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea “Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta entitateentzako dirulaguntzen deialdia, memoria kritiko eta inklusiboa garatzen laguntzeko foroak edo topaketak egin ditzaten 2021ean”, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, foru agindu honi erantsita doazenak.

2. 21.066,74 euroko gastua onestea 2021eko Gastu Aurrekontuko partida honen kargura (nolanahi den, aldaketak egin litezke jasotzen diren eskaerak kontuan harturik):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002-B2100-4819-232504: Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko

2021

21.066,74

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 6an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE ETA ELKARTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, MEMORIA KRITIKO ETA INKLUSIBOA GARATZEN LAGUNTZEKO FOROAK EDO TOPAKETAK EGIN DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Dirulaguntzaren xedea da irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateen parte-hartzea sustatzea eta lortzea, topaketak edo jardunaldiak antola ditzaten memoria kritiko eta inklusibo baten gaineko eztabaida bultzatzeko, eta haren inguruko analisiak, gogoetak eta proposamenak egiteko; hau da, indarkeria politikoak eta terrorismoak Nafarroako historia hurbilean eragindako giza eskubideen urraketa guztiekin kritikoa izanen den memoria, eta indarkeria horien biktima guztien aitortza bultzatuko duen memoria.

Ildo horretan, laguntzak honelako jarduketak egiteko erabiliko dira:

–Jardunaldi bereziak, herritarren, aditu taldeen eta/edo indarkeriaren biktimen arteko topagune izanen direnak eta memoria arestian proposaturiko ikuspuntutik landuko dutenak.

–Urteko lan programak, zenbait jardunaldi edo lantegi egitea aurreikusten dutenak, eta aurrekoek bezala, memoria arestian proposaturiko ikuspuntutik landuko dutenak.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute bizikidetzaren aldeko ahalmen pedagogikoa eta soziala eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:

–Herritarren parte-hartzea sustatzea oro har, bai eta adituena eta indarkeria politikoaren eta terrorismoaren biktimena ere, kritikoa eta inklusiboa izanen den memoria eraikitze aldera.

–Agerian jartzea emakumeek memoria kritiko eta inklusiboaren eraikuntzan izan duten ikuspegia eta egin duten ekarpena.

–Herritarrak inplikatzea, batez ere belaunaldi gazteenak, memoria kritiko eta inklusiboa susta dezaten.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte legez eraturik eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan, edo erregelamenduz dagokionean, inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek.

Aurkezten diren erakundeek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera, I. eranskinean jaso baitira. Eredu horiek entitateen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogoko fitxan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Irabazi-asmorik-gabeko-elkarte-eta-entitateentzako-dirulaguntzak-memoria-kritiko-eta-inklusiboa-garatzen-laguntzeko-foroak-edo-topaketak-egiteko?back=true&pageBackId=5722676

Eskaerak aipatutako fitxaren bidez (“Tramitatu” botoia) aurkeztuko dira edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen erregistro elektronikoaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, destinoko atala: 10007859.

Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak erakunde interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), erakundearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio hau erantsita:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzeko ziurtagiriak, edo beste frogagiriren bat.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

e) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.

f) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoera batean ere ez dagoela dioena.

g) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizuneko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.

h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

A) Proiektuaren zehaztapena eta jarduerak abian jartzeko plana: 30 puntu arte.

–Proiektuaren zehaztapen maila: 20 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 10 puntu arte.

B) Berariazko helburuen hedadura, eragina eta espero diren emaitzak: 30 puntu arte.

–Berariazko helburuen hedadura eta justifikazioa: 15 puntu arte.

–Eraginaren kalitatea eta espero diren emaitzak: 15 puntu arte.

C) Jende mota desberdinen inplikazioa eta aurreikusita dagoen parte-hartzea: 30 puntu arte.

–Parte-hartzearen aurreikuspena: puntu 1 emanen da 10 pertsonako. Gehienez ere 10 puntu.

–Jende mota ezberdinak parte hartzea aurreikusten bada (toki entitateko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 10 puntu arte.

–Herritarren eta adituen taldeetan emakumeen eta gizonen parte-hartzea parekidea bada: 5 puntu arte.

–Irisgarritasun fisiko eta sentsorialerako neurriak aplikatzea: 5 puntu arte.

D) Aurrekontuaren eragimena: 10 puntu arte.

8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren % 100 artekoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izan daitekeela. Entitate bakoitzak deialdi honen babesean laguntzea eskatzen dituen jarduera guztiak jaso beharko dira proiektuan.

Laguntzaren kalkulurako aurrekontuan aurreikusita dagoen diru zenbatekoa gaindituz gero, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko lortutako puntuazioaren arabera:

TARTEAK

PORTZENTAJEA %

60 eta 64 artean

65

65 eta 69 artean

70

70 eta 74 artean

75

75 eta 79 artean

80

80 eta 84 artean

85

85 eta 89 artean

90

90 eta 94 artean

95

95 eta 100 artean

100

Aurreko irizpidea aplikatu ondoren aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin beharko da, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 21.066,74 euro ditu 2021eko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura hain zuzen:

• 11.896,74 euro, B20002 B2100 4819 232502 partidaren kargura: “Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jarduerak egiteko”.

• 9.170,00 euro “Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko” izeneko B20002 B2100 4819 232504 partidaren kargura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Instrukzio organoak irizten baldin badu gasturen bat ezin zaiela egotzi dirulaguntzaren xedeari eta helburuari, diruz lagungarri ez den gastutzat hartzen ahalko du.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.

Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagunduriko jardueraren zabalkunde gastuetatik kontuan hartuko dena ez da izanen jardueraren aurrekontuaren % 20 baino handiagoa.

Toki erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Atariaren webguneko “Laguntzak eta bekak” atalean argitaratuko da, 5.1 oinarrian adierazitako fitxan.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Laguntza ordainduko da, jarduerak egin ahala, horiek justifikatu eta deskribatu ondoren, eta egutegi honen arabera:

–Jarduera guztiak abuztuaren 31 baino lehen, egun hori barne, amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, 2021eko irailaren 7a izanik aurkezteko azken eguna.

–Jarduera guztiak abuztuaren 31ren ondoren amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, 2021eko abenduaren 9a izanik aurkezteko azken eguna.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Kontu horrekin batera, kasuan kasuko frogagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak. Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako datak baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduketa bakoitzaren gauzapenari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, erakunde onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein erakunde onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza eman eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen VI. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat; izan ere, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu.

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Dirulaguntza ordaindu baino lehen, entitate onuradunek gardentasunaren gainean ezarritako informazio betebehar eta xedapenak bete beharko dituzte, hain zuzen, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoak. Horretarako, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen betebeharrei buruzko agiria bete beharko dute, VI. eranskinean dagoena. Foru dekretu honen 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, 7. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen dira.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.

15.–Baldintzak aldatzea.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek zilegi izanen dute dirulaguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio organoak % 10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, betiere horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Diru-sarreren eta gastuen justifikazio kontuaren eredua.

V. eranskina.–Ebaluazio memoriaren eredua.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitarte (DOC).

VI. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2112284