207. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 2a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

32/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 31koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatu eta hein batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 01:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan biltzen ahal zen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena zuten taldeak, aldatzen zen foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egoera jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko zirkulazioa mugatzea (baina ez galaraztea) asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunetan, udalerri jakin batzuetan, hots, 14 eta 7 egunean neurtutako intzidentzia metatuaren balioak muturreko arrisku egoeran zituzten udalerrietan (arrisku oso handia, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren dokumentuan).

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduaren bidez, abuztuaren 12ra arte luzatu zen (egun hori barne) ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Horrez gain, aldatu egin zen gaueko zirkulazioa mugatzeko neurria (egun eta ordu jakin batzuetan) aplikatzekoa zaien udalerrien zerrenda. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abuztuaren 4ko 113/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 29/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia, abuztuaren 19ra arte, egun hori barne, eta aldatu egin zen udalerrien zerrenda. Era berean, aldaketa puntual batzuk egin ziren kirolaren arloan, kirol instalazioen erabilerari dagokionez, eta zezen-ikuskizunen arloan. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2021eko abuztuaren 12ko 114/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 18ko 30/2021 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 40. atalaren indarraldia abuztuaren 26ra arte luzatu zen, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak horretarako baimena eman zuen, abuztuaren 18ko 115/2021 Autoaren bidez.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 24ko 31/2021 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 40. atalaren indarraldia berriz ere luzatu zen, irailaren 2ra arte, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak horretarako baimena eman zuen, abuztuaren 18ko 117/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, intzidentzia metatua jaisten ari da poliki-poliki, bai 14 egunekoa, bai 7 egunekoa. Izan ere, abuztuaren 29an, 100.000 biztanleko, 241,95 kasukoa eta 96,08 kasukoa da, hurrenez hurren, 2,52ko ratioarekin.

Autonomia erkidego guztien datuak harturik, 12 urte arteko taldekoen intzidentzia bosgarren tokira jaitsi da. Gainerako adin-tarteetan ere intzidentziaren postu erlatiboa jaisten ari da, gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta. Zirkulazio epidemikoaren intentsitateak behera jarraitzen du, hala erakusten baitu intzidentzien jaitsierak, azken aste honetan eguneko 90 kasu izan baitira batez beste.

Positibotasuna beherantz doa, eta %7,2koa da orain: antigenoen test azkarretan, %6,9koa, eta PCR probetan, %7,9koa. Arrisku maila, oro har, ertaina da oraindik. Izan ere, positibotasun tasa hori bosgarren uhin hau hasi aurretik geneukan %5aren gainetik dago, eta hori da, hain zuzen, berreskuratu nahi den egoera.

Gaixo akutuek okupatzen dituzten oheen kopurua ere beherantz doa poliki, eta ospitaleraturik dauden pazienteen batez besteko adina 63 urtekoa da. Gaixo akutuen ospitaleratze berrien kopurua beherantz doa, bai ohe arruntetan, bai ZIUetan, baina oraindik ere zainketa kritikoetarako 25 ohe daude COVID-19 gaixoek okupatuak.

Azken bi asteotan zentro soziosanitarioetan gertatutako agerraldien ondorioz, hildakoen kopurua egonkor mantentzen da.

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren %76,5ek dosi bat dauka jadanik, eta %70ek pauta osoa. 40 urtetik gorako pertsonen txertaketa prozesua osatzeko ahaleginari eutsi zaio: talde horretan, %90 baino gehiago dira pauta osoa hartu dutenak, 40 urtetik 49 urtera bitartekoen taldean izan ezik, non %86,6 baitira pauta osoa hartu dutenak. Aurrera doa, orobat, 30-39 urtekoen eta 20-29 urtekoen txertaketa (hurrenez hurren, %72,2k eta %62,8k pauta osoa hartu dute), eta 12-15 urtekoen taldean ia %71,1ek dosi bat hartu du, nahiz eta pauta osoa %24k baizik ez duen hartu.

Une honetan, populazioaren %70ek txertoaren estaldura osoa izatea lortu da, eta, hala, horri eta hartutako neurriei esker, transmisioa eta intzidentzia urratsez urrats jaistea lortzen ari da. Intzidentzia metatuari dagokionez finkaturiko helburua lortu da, hots, 100.000 biztanleko, 250 kasutik beherakoa izatea 14 egunean, eta 125 kasutik beherakoa 7 egunean. Hau da, arrisku oso handitik edo muturreko arriskutik arrisku handira igaro gara. ZIUetako okupazioari dagokionez, helburua da ZIUetan dauden pazienteen kopurua 20tik beherakoa izatea, baina oraindik ez da lortu.

Oraindik oso garrantzitsua da herritarrek prebentzio neurriak sendotzea: tarte fisikoa, maskara behar bezala erabiltzea, eskuen higienea, aireztapen egokia eta kontaktu mugatuak, bai eta txertaketaren eskaintzari erantzutea ere.

Intzidentzia urratsez urrats jaitsi da, eta urratsez urrats jaitsi da, orobat, gauez zirkulatzeko ordutegia murrizteko irizpideak betetzen zituzten udalerrien kopurua. Neurri hori malgutzea baloratzen ahal da, gainerako guztiak mantenduta, eta betiere monitorizatuz intzidentziak egungo joera jarraitzen duela, urratsez urrats jaitsiz, bosgarren uhinaren hasieran geneukan oinarrizko egoerara iritsi arte. Mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoian gaude oraindik, ikasturte hasieraren aurrean. Garai honetan jende gehiago etortzen da gure erkidegora, eta interakzio sozialeko zirkulu berriak sortzen dira.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenean adierazten da larrialdietan, ospitaleetan eta ZIUetan COVID-19 pandemiari loturiko jarduera beherantz doala, poliki baina modu progresiboan. Azkeneko astean, ospitaleratzeak 36ra jaitsi dira. Ekainaren 21eko astean gertaturiko ospitaleratzeak baino askoz gehiago dira oraindik, aste hartan 5 ospitaleratze izan baitziren. Dena dela, asteko ospitaleratzeak murriztu badira ere, oraindik 85 pertsona daude ospitaleratuak, eta 2021eko ekainaren bukaeran 20 zeuden: askoz gutxiago.

Azken astean, behera egin du, baita ere, ZIUetan dauden pertsonen kopuruak (31tik 25era jaitsi da). Horrek esan nahi du, abuztuaren 30ean, ospitaleetan dauden pertsona guztien %30 zainketa intentsiboetako unitateetan daudela artatuak. Zainketa intentsiboetako 76 ohe aktiboetatik 25etan SARS-CoV-2 birusak jotako pazienteak daude; hau da, %33tan. ZIUetako okupazioa arrisku handiko adierazlea da oraindik. Zainketa intentsiboetako unitateetako batez besteko egonaldiek iradokitzen digute aste batez edo bi astez ZIUak okupatuak izateko arriskua handia izanen dela, eta osasun sistemaren erantzun-gaitasuna arriskuan egonen dela. Azken honetan, ohi baino jende gutxiago ospitaleratzen ari da ZIUetan COVID-19az kanpoko patologiengatik, eta, horri esker, osasun sistema behar horietara egokitu ahal izan da ZIUko ohe aktiboen kopurua handitu behar izan gabe.

Pandemiak adin handiko kolektiboengan izan duen eraginak ekarri du SARS-CoV-2 birusak kutsatutako hildakoen kopurua handitzea ospitaleetan (11 hildako). Adierazle hori da, hain zuzen, espero den jaitsiera hasi ez duen bakarra, eta hori lortzea beharrezkoa da esateko Nafarroan bukatutzat jotzen dela COVID-19aren pandemiaren bosgarren olatua.

Delta aldaerak ospitaleratze kasu asko ekarri ditu, batez ere ZIUetan; horietako asko txertaturik ez dauden kolektibokoak dira, edo arrisku faktoreak dituztenak eta, horrenbestez, immunitate-erantzuna baldintzatua daukatenak.

Birusak mundu osoan duen zirkulazio maila ikusita, txertoek edo aldez aurreko infekzioak ematen duten babesa hondatzen ahal duen aldaera bat agertzea arrisku erreala da.

Heriotza tasa izan ezik, gainerako adierazleek erakusten dute bosgarren olatua beherantz doala Nafarroan. Dena dela, adierazle horiek ekainaren bukaeran genituenekin alderatuta, alde handia dago oraindik, bai kutsatutako pertsonen kopuruari dagokionez, bai ospitaleetako ohe arruntetako eta ZIUetako ospitaleratze kasuei dagokienez, bai heriotzei dagokienez, baita SARS-CoV-2 birusak kutsatutako pazienteek ospitaleetan okupatzen dituzten oheen kopuruari dagokionez ere.

Hurrengo asteetan, uda bukaera heldu zaigu. Ikasgeletara itzultzeko prozesuari aurre egin behar zaio, baina, oraingoan, txertoen babesa dugu. Hala ere, ez dakigu nola jokatuko duen delta aldaerak, kutsatzeko ahalmen handiagoa baitauka bigarren olatuan nagusi ziren aldaerek baino. Kontuan harturik 12 urtetik beherako kolektiboa txertatu gabe dagoela eta unibertsitateetako ikasleak ikasgeletara itzuliko direla, errepika liteke ekainean 17 eta 20 urte bitarteko gazteen kutsapenaren ondorioz gertatu zena, eta zaurgarriagoak diren beste kolektibo batzuetara hedatu.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da babes komunitariorako neurriei eustea, bosgarren olatuak berriz gora egitea ekiditeko eta, udazkenean, seigarren olatua etor ez dadin.

Txosten teknikoek ondorioztatzen dute ezen, intzidentzia metatuak, ospitaleratzeek eta ZIUetako ospitaleratzeek behera egin badute ere, Nafarroa arrisku handiko fasean dagoela oraindik, beheranzko joerarekin bai, baina 25 pertsona daude oraindik ZIUetan ospitaleraturik (arrisku handia). Une honetan, kutsatuen jaitsiera horri eutsi behar zaio, presio asistentziala ere arintzeko, bai ospitaleetan, bai ZIUetan. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak mantentzea, egin zaizkion aldaketa guztiak barne, salbu eta foru agindu horren lehenengo ataleko 40. puntuaren indarraldiari dagokiona (gaueko mugikortasuna murriztea), zeina indarrik gabe uzten baita.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean adierazten den bezala, intzidentzia metatuari dagokionez finkaturiko helburua lortu da, hots, 100.000 biztanleko, 250 kasutik beherakoa izatea 14 egunean, eta 125 kasutik beherakoa 7 egunean. Hau da, arrisku oso handitik edo muturreko arriskutik arrisku handira igaro gara. Alabaina, lortu gabe dago oraindik ZIUetako pazienteen kopurua 20tik behera jaisteko helburua. Ildo horretan, pertsonen oinarrizko eskubideak ahalik eta gutxien ukitzeko asmoari jarraikiz, bidezkoa da indarrik gabe uztea eskubideak gehien murriztu dituen neurria, kutsatzeak murrizteko eraginkorra izan dena, hots, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehenengo ataleko 40. puntuan jasotakoa, baina gainerako neurri guztiek bere horretan jarraituko dute, kutsatzeen jaitsiera sendotzearren, eta betiere monitorizatuz intzidentziak behera jarraitzen duela urratsez urrats, harik eta bosgarren uhinaren hasieran genuen oinarrizko egoerara itzuli arte, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean adierazi bezala.

Neurri horiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea 2021eko irailaren 16ra arte, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua eta hari egin zaizkion aldaketa guztiak, baldintza berberetan, salbu eta foru aginduaren lehen ataleko 40. puntuan xedatutakoa. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntua (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz). Puntu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez txertatu zen 22/2021 Foru Aginduan, eta, gero, zenbait aldaketa egin zitzaizkion Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko irailaren 3tik irailaren 16ra arte, bi egun horiek barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; eta igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko irailaren 3an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 31n.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2113191