206. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORTES

Deialdia, zerbitzu osagarrietako langilearen lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren abuztuaren 16ko 322/2021 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, lekualdatze-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu osagarrietako langilearen lanpostu bat, Cortesko Udalaren zerbitzukoa.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cortesen, 2021eko abuztuaren 16an.–Alkatea, Fernando Sierra Estoduto.

OINARRIAK

DEIALDIA, LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN ZERBITZU OSAGARRIETAKO LANGILEAREN LANPOSTU BAT, CORTESKO UDALAREN ZERBITZUKOA

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu osagarrietako langilearen lanpostu bat. Hemezortzi zenbakia du Cortesko Udalaren plantilla organikoan, eta Cortesko Udalaren atezaintzan du destinoa.

1.2. Lanpostuak ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.3. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Herritarrei harrera eta arreta ematea udaletxera joaten direnean, baita behar duten informazioa eta orientazioa ere.

–Honako hauen oinarrizko zaintza, kontrola eta mantentze-lanak egitea: udaletxeko eraikina, argiak eta konponketa elektriko txikiak, iturgintzakoak eta arotzeria. Bestela, gremioei abisatzea, mantentze-lan horiek egin ditzaten. Zaintzea eta kontrolatzea udal bulegoetako klimatizazioa, berokuntza, alarmak eta su-itzalgailuak.

–Ikastetxeko, institutuko eta gazteluko alarmen arreta nagusia.

–Kultur etxearen, frontoiaren eta erretiratuen ekitaldi-aretoaren irekiera eta itxiera kontrolatzea (antolaketa, baimena, frogagiriarekin, eta Alkatetzari posta elektronikoz jakinaraztea), ikastaroak eta jarduerak egiteko zerrendak egitea: ikus-entzunezko baliabideak, baliabide materialak, aulkiak, mahaiak eta abar, jarduerak egiteko beharrezkoak direnak. Udal-instalazio guztietako giltzak kontrolatzea eta zaintzea; kontsultategia, emaileen autobusa, udal-parkea eta abar ireki eta ixtea.

–Udalaren material inbentariatua kontrolatzea, zenbatzea, ematea eta jasotzea, eta Alkatetzari posta elektronikoz jakinaraztea.

–Jaietan, ikuskizunetan, herri-bazkarietan, kontrolatzea bertaratutakoak (bankuetan txartelak banatu eta jasotzea) eta beharrezko hornidura materialak eta bitartekoak (platerak, edalontziak, zabor-poltsak, zozketa-zerrendak, trofeoak, plakak, urdaiazpikoak, opariak...). Soinu-ekipoak muntatzea, instalatzea eta biltzea. Suziriak, trakak jaurtitzea, su artifizialak eta suak zaintzea, zezen-festetan laguntzea (behiak, etab.), eta entzierroak antolatzea, koordinatzea eta garatzea.

–Muntaketa, instalazioa eta biltzea, soinu-, mikrofonia- eta proiekzio-ekipoen ardura urte osoan.

–Posta eta beste jakinarazpen eta komunikazio batzuk jaso eta banatzea. Prentsa biltzea eta banatzea Udalaren zentroetan. Kontribuzioak eskura banatzea (errolda, lekukoaren sinadura jasota eta errolda-bajetarako sinadurarekin baliozkotzea). Pregoiak idaztea eta komunikatzea (udal-megafonia). Ahots publikoa enkanteetan. Iragarki-taulen, lehiaketen, kartelen, deialdien eta abarren mantentze-lanak eta eguneratzea garraiobideen, autobusen eta trenen ordutegiak.

–Udaletxerako eta dorretxerako banderak kontrolatzea, mantentzea eta birjartzea.

–Zirkulazioa, semaforoak eta zebra-bideak kontrolatzea ikastetxe publikoaren sarrera eta irteeretan. Ondoko hauek kontrolatzea: trafikoa, kaleak eta aparkalekuak, prozesioak eta lasterketak (laguntza seinaleak jarriz), oinezkoentzako guneak eta bizilagunen txartelak (txartelak ematea eta zerrenda kontrolatzea).

–Obrak zaintzea eta kontrolatzea eta bide publikoa okupatzea (zerrenda egitea eta bulegoetara pasatzea ondoren kobratzeko), eta gorabeheren parteak egitea, estolderiarenak, argiteriarenak, bide publikoaren gaineko tamaina handiko objektuenak (idatzizko txosten eta argazkiak pintadenak, orubeenak, kalteenak, lizentziarik gabeko obrenak, hiri-hondakin solidoenak, etab.), eta dagokion zerbitzuari jakinaraztea. Bide publikoko pasabideak, olanak eta terrazak berrikustea (lehendik daudenak eta berriak, pasabide-plakak, lerro horiak, etab.). Hondakinak, isurketak eta zakurren gorotzak kontrolatzea. Izurriteak eta arratizidak kontrolatzea (auzotarrei ematea).

–Azokako postuak kontrolatzea, postuak banatzea, lizentziak berritzea eta ordainketak kontrolatzea (batzuetan, tokiz aldatzea jaiengatik, etab., esku-dirutan kobratzea eta ondoren Udalaren kontuan sartzea).

–Udal igerilekuetako abonuak ematea (ordainketen kontrola, etab.).

–Udalaren baskularen zaintza, mantentze-lanak eta kontrola, eta txartel berriak ematea hori erabiltzeko, bai eta daudenak kargatzea eta bulegoetara eramatea ere, kontrola egiteko.

–Garbiketako materialak kontrolatzea eta banatzea garbiketa zerbitzuko langileei.

–Objektu galduen bulegoa.

–112ren deiak jasotzea dagokion baliabidea bidaltzeko, eta koordinatzea guardia zibilarekin, foruzaingoarekin, polizia nazionalarekin eta CNIrekin, pertsonak kontrolatzeko (horrek epaitegietara joatea dakar, lekuko gisa jarduteko). Urruntze aginduen eta komunitatearentzako ordezko lanen kontrola.

–Bertan egotea osoko bilkuretan.

–Administrazioaren ordezkaria eta laguntzailea (hauteskundeak).

–Eta, oro har, aipatutakoen gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta bere gain utzitakoak.

1.4. Lekualdatzen diren langileek, plantilla organikoan ezarritako lansariak jasoko dituzte, indarra duten xedapenen arabera.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Cortesko Udaleko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea eginkizunak betetzeko.

e) B motako gidabaimena edukitzea.

Zilegi izanen dute deialdian parte hartzea, lanpostu erreserbarik gabe, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan dauden langile finkoek, baldin eta arestian eskatutako baldintzak betetzeaz gain, gutxienez urtebetez egon badira egoera administratibo horretan. Lanpostua hautatzen dutenak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betiko adjudikatuko zaie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cortesko Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Cortesko Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera (II. eranskina), izangaiek honako dokumentazioaren jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatuko dituzte behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina).

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

c) B1 gidabaimenaren edo baliokidearen kopia sinplea.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak ebazpena emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Fernando Sierra Estoduto, Cortesko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Antonio Alba Baya, Cortesko Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: Ana Ruiz Reinaldos, Cortesko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Juan Pablo Huerta Lasheras, Cortesko Udaleko zerbitzu osagarrietako funtzionarioa.

Epaimahaikidea: Francisco Javier Catalán Ibáñez, Cortesko Udaleko Uren Zerbitzuko funtzionarioa.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

Epaimahaikidea: Julio José Alcega Catarecha, Cortesko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Luis Morales Cerdán, Cortesko Udaleko langileen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria edo hark eskuordetzen duena.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan litezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Deialdiko 3. oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabiliz. Salbuespen bakarra Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

6.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

6.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

6.4. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenaren alde eginez ebatziko da.

6.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

6.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan parte-hartzaileek lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

7.1. Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta izangaien zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan.

8.–Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, lanpostua adjudikatuko dio puntuazioaren arabera hala dagokion lehiatzaileari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

8.2. Izangaiak esleipenaren ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du esleitutako lanpostuaz, eta deia egiten duen organoak jabetza hartzeko data zehatz bat ezar dezake ebazpen horretan.

9.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen kontra, oinarrien kontra eta bere aplikaziotik sortzen diren egintzen kontra, ondoko errekurtso hauek aurkez daitezke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Cortesko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko, lotuko zaio Lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 8. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, hura garatu eta betearazteko asmoz.

Lekualdatze-lehiaketa hau irekia dago D mailako lanpostuak betetzen dituzten langile finkoek parte har dezaten, lanpostu hutsa maila horretakoa baita; lekualdatze-lehiaketa berezi hauek gora egiteko lehiaketak arautzen dituzten arauei jarraikiz egiten dira, eta gehienez ere berrogei puntuko eskala barnean, honela banaturik:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (30 puntu gehienez).

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen zaio, urte bakoitzeko, deialdia argitaratzen den egunean onartutako antzinatasunari.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (10 puntu gehienez).

Prestakuntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren apartatuen balorazioa proportzionala izan beharko da, kontuan harturik nola egokitzen zaien deialdiko xede diren lanpostuen izaerara eta ezaugarrietara.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).

Oharrak A) apartaturako:

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena;

b) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen iraupena. Lanaldi partzialean egindakoetan, egoki den zatia kenduko da.

Aurreko inguruabarren ordez, balora daitezke egindako zerbitzuak, kontuan hartuz deialdia argitaratzen den egunerako aitortutako antzinatasuna soilik.

2.–Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3.–Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.–Langilea egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

Oharrak B.1.) apartaturako:

a) Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

b) Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

c) Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

d) Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

e) Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

Iragarkiaren kodea: L2112606