206. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

175/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, ordainketa bakarreko laguntza ekonomiko batzuen oinarri arautzaileak onesten dituena 2021-2024 urteetarako, diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei eta beste familia mota batzuei etxebizitzak alokatzen laguntzeko. DDBN identifikazioa: 580176.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru agindu honen xedea da behar diren oinarriak ezartzea arautzeko nola banatuko diren diru-sarrera nahikorik ez izateagatik pilatuta (hots, familia unitateko kide guztiak etxebizitza partekatu bateko logela bakarrean) bizi diren familia gurasobakarrei eta beste familia mota batzuei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak, helburu dutenak familia horiei laguntzea etxebizitza duin batean bizitzen jar daitezen alokairu araubidean eta bertan bizitzen jarrai dezaten.

Laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Laguntza hauetarako zuzkidura osoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagokion gastuen partidan ezarriko da, aurreikusitako gastua baimenduta, baita laguntza bakoitzerako zenbateko zehatzak ere.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak ikusirik, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren 2021eko ekainaren 16ko Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bidez ematea baimentzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea ordainketa bakarreko laguntza ekonomiko batzuk emateko oinarri arautzaileak 2021-2024 urteetarako, hain zuzen, diru-sarrera nahikorik ez duten eta pilatuta bizi diren familia gurasobakarrei eta beste familia mota batzuei etxebizitzak alokatzen laguntzeko deialdiari dagozkionak. Oinarri horiek eranskinean jaso dira.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

3. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

4. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

1. ERANSKINA

Diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrek eta beste familia mota batzuek etxebizitzak alokatzeko laguntza ekonomikoen oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola banatuko diren banakako ebaluazioaren araubidean emanen diren ordainketa bakarreko laguntza ekonomiko batzuk, helburu dutenak diru-sarrera nahikorik ez duten eta pilatuta bizi diren familia gurasobakarrei eta beste familia mota batzuei laguntzea etxebizitza batean bizitzen jar daitezen alokairu araubidean eta bertan bizitzen jarrai dezaten.

Bigarrena.–Terminoen glosarioa.

Oinarri hauen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

1. Pilaketa: familia unitatea (familia gurasobakarra eta beste familia mota batzuk, oinarri honen 2. eta 3. ataletan zehaztuak) 2 pertsonakoa edo gehiagokoa izanik, logela bakarrean bizi beharra edukitzea.

2. Familia gurasobakarra: familia gurasobakartzat hartuko da halakotzat aitortua dagoena Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen arabera, haren bidez ezarri baitziren familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren titulua aitortu eta emateko baldintzak, eta titulua lortzeko prozedura arautu.

3. Foru agindu honen ondorioetarako, beste familia mota batzuk dira kide hauek osatuak diren familia unitateak: eskatzailea, ezkontza harreman baten ondorioz edo antzeko afektibotasun harreman baten ondorioz harekin bizi den pertsona, eta adingabeko seme-alabak, edo, mendekotasuna nahiz %33tik gorako desgaitasuna izanik, eskatzailearen kargura dauden seme-alabak.

Hirugarrena.–Onuradunak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira aurreko oinarrian definitu diren familia gurasobakarrak edo gurasobakartasun egoeran daudenak, diru-sarrera nahikorik ez izateagatik etxebizitza eskuratzeko zailtasun larriak badituzte eta pilatuta bizi badira.

Laguntza emateko, kontuan hartuko dira eskaeraren egunean indarrean den familia gurasobakarraren egiaztagirian agertzen diren seme-alabak.

2. Era berean, laguntza honen onuradun izanen dira aurreko oinarriaren hirugarren atalean definitu diren familiak, diru-sarrera nahikorik ez izateagatik etxebizitza eskuratzeko zailtasun larriak badituzte eta pilatuta bizi badira, honako inguruabar hauetan:

a) Onuradun izanen dira, bakar-bakarrik, adingabeko seme-alabak dituzten familia unitateak, edo mendekotasuna edo %33tik gorako desgaitasuna duten seme-alabak beren kargura dituztenak.

b) Seme-alabek eskatzailearekin bizi beharko dute. Hori dela eta, ulertzen da ikasketek, lanak, tratamendu medikoak, errehabilitazioak edo antzeko arrazoiek eragindako aldi baterako banantzeak (barneratzea dakarten kasuak barne, adingabearen erantzukizun penala arautzen duen araudiaren arabera) ez duela apurtzen gurasoarekiko edo tutoretza edo harrera duen pertsonarekiko bizikidetza.

c) Seme-alabek 18 urtetik beherakoak izan beharko dute. Adin muga hori 25 urtera luzatuko da, baldin eta: 1) Seme-alabak unibertsitateko ikasketak egiten ari badira, edo Lanbide Heziketakoak edo maila bereko beste irakaskuntza espezializatu batzuk; 2) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua badute.

d) Legez eraturiko urtebetetik gorako familia-harreran dauden adingabeak eta eskatzailearen legezko tutoretzapean daudenak familia unitateko kide gisa kontatuko dira, ondorio guztietarako.

e) Eskatzailearen familia unitatea, Familia Ugarien Babesari buruzko azaroaren 18ko 40/203 Legearen arabera, familia ugari gisa aitortua badago, laguntza honen ondorioetarako, eskaeraren datan indarra duen familia ugariaren egiaztagirian agertzen diren semeak eta alabak hartuko dira kontuan.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, honako betebehar hauek bete beharko dira laguntza eskatzen den unean, eta hura kobratzen den bitartean mantendu:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen etxebizitza bat alokatzeko aurrekontratua edo kontratua izatea, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua. Eskabidea zein urteko deialditan aurkezten den, deialdi horrek hartzen duen aldiaren barruan sinatua egon beharko da diruz lagundu nahi den errentamendu kontratua.

2. Alokairuaren truke ordaindu beharreko errenta eguneratua 7.800 eurokoa edo txikiagoa izatea urtean. Ondorio horietarako, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa zehazteko ez dira kontuan hartuko maizterrak kontratuan bere gain hartzen dituen gainerako betebehar ekonomikoak, adibidez, erkidegoaren gastuak, zerbitzu eta hornidura gastuak, tasak eta zergak.

3. Laguntzaren onuradun diren pertsonen ohiko bizitoki iraunkorra izatea alokatutako edo alokatu beharreko etxebizitza.

4. Alokatutako etxebizitzan ohiko bizitoki iraunkorra duten edo izanen duten pertsonen diru-sarreren batura alokairuaren truke ordaindu beharreko urteko errenta baino handiagoa izatea, eta, orobat, familia unitate eskatzailearen diru-sarreren gehieneko muga baino txikiagoa (muga hori foru agindu honen zazpigarren oinarriaren 1. atalean ageri da), kontuan hartu gabe pertsona horiek errentamendu kontratuaren titularrak diren ala ez.

5. Laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren familia unitate eskatzaileko kide guztiak alokatutako etxebizitzan elkarrekin bizitzea.

6. Zenbaketan sartzen diren familia unitateko kide guztiak Nafarroako Foru Komunitateko herriren batean erroldatuak egotea urtebeteko antzinatasunarekin, gutxienez.

7. Familia unitate eskatzailea pilaketa egoeran egotea, oinarri hauen bigarren klausularen 1. puntuaren arabera.

Bosgarrena.–Laguntzen iraupena. Bigarren laguntza eta hurrengoak.

1. Lehenengo laguntza. Laguntza ekonomikoa hamabi hilabeterako emanen da, gehienez.

2. Bigarren laguntza eta hurrengoak. Laguntza lehenbiziko aldiz jasotzen duten familia gurasobakarrek aukera izanen dute hurrengo urteetako deialdietan ere laguntza ekonomikoa eskatzeko, gehienez 2024. urtera arte.

Deialdi bakoitzean, behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eta 4. oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte, salbu eta 7. puntuan adierazitakoa.

Urteko deialdi bakoitzean, laguntza ekonomikoa hamabi hilabeterako emanen da, gehienez.

Oro har, laguntzak 3 urtez emanen dira gehienez, elkarren segidako 3 deialditan parte hartuz gero, hau da, 2024. urtera arte gehienez.

3. Salbuespenez, laugarren urtean ere dirulaguntza jasotzeko eskaera aurkezten ahalko da, 4. oinarrian eskatutako betebeharrak betetzen badira, salbu eta 7. puntuan adierazitakoa. Kasu horretan, betiere, nahitaezkoa izanen da Etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeek txosten arrazoitua aurkeztea, baldin eta talde horiek kasuko familiarekin esku hartzen ari badira eta familiaren egoera zehatza ezagutzen badute, edo, Etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeak garatuak ez dauden eskualdeetan, kasuan kasuko eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuen txosten arrazoitua.

4. Apirilaren 14ko 153/2020 Foru Aginduaren bidez eta uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdietan etxebizitza alokatzeko laguntzaren bat jaso duten pertsonei, beste eskaera bat aurkezten badute eta 4. oinarrian eskatutako betebeharrak betetzen badituzte –salbu eta 7. puntuan adierazitakoa–, aplikatzen ahalko zaie bai 2. puntuan adierazitakoa, bai 3. puntuan jasotako salbuespen egoera.

Seigarrena.–Laguntzak emateko prozedura.

Etxebizitza alokatzeko laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira; hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zazpigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntza hauen zenbatekoa urte bakoitzean deialdia eta baimendutako gastua onesten dituen foru aginduan ezartzen dena izanen da. Dena den, ezin izanen da honako zenbateko hauek baino txikiagoa izan:

a) Bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREMa halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %60, eta urtean gehienez 4.680 euro etxebizitzako.

b) Hiru pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREMa halako 2,5 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %70, eta urtean gehienez 5.460 euro etxebizitzako.

c) Lau pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREMa halako 2,75 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %80, eta urtean gehienez 6.240 euro etxebizitzako.

2. Laguntza eskatzen duen familia unitatearen errenta kalkulatzeko, kontuan hartuko da laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren pertsona guztien errentaren gaineko zergaren aitorpenetan adierazitako likidazio-oinarrien eta errenta salbuetsien batura; zehazki, aurkezpen epea mugaeguneratuta duen azken aldiari dagozkion aitorpenak hartuko dira kontuan.

Zortzigarrena.–Familia unitate eskatzaileko kideen zenbaketa.

1. Familia unitateko kideen kopurua zenbatzeko, kontuan hartuko dira, bakarrik, familia gurasobakarraren tituluan edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren tituluan sartuta dauden pertsonak, edo familia ugariaren egiaztagirian daudenak, egiaztatuak dauden kasuetan.

2. Familia gurasobakarraren edo familia ugariaren egiaztagiririk ez badago, familia unitateko kideen kopurua zenbatzeko, eskaera egiterakoan bizikide gisa egiaztatzen direnak hartuko dira kontuan.

3. Oinarri hauen ondorioetarako, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duen seme edo alaba bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.

Bederatzigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira, behar bezala beteak, eskatzaileak eta, hala badagokio, bere ordezkariak ere sinatuak, eskatzen den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko deialdia onesteko eta gastua baimentzeko foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta kasuan kasuko ekitaldiko azaroaren 2an bukatuko.

3. Laguntza-eskaera eta dokumentazio atxikia, ahal izatera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen fitxaren bidez (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Dokumentazioa telematikoki tramitatzen bada, eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, zeinek bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaera posta bulegoen bitartez tramitatzen bada, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko da.

4. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez kobratzeko inprimakiak Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren bulegoetan, gizarte zerbitzu oinarrizkoetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan eskura daitezke, baita www.nafarroa.eus Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez ere.

5. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskaera, eta hura aurkeztearekin baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen beste edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.

Familia unitatean 18 eta 25 urte bitarteko kiderik badago, haien berariazko baimena beharko da aurreko paragrafoan aipatutako informazioa lortzeko.

6. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Hamargarrena.–Dokumentazioa.

1. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Familia gurasobakarraren titulua edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren titulua.

b) Familia ugariaren tituluaren fotokopia, hala badagokio.

c) Familia unitateko kideen indarreko NANaren edo AIZren fotokopia, baldin eta familia gurasobakar gisa eta/edo familia ugari gisa aitortua ez badago.

d) Familia liburuaren fotokopia edo kideak familia unitateko partaide direla frogatzen duen antzeko agiriarena, baldin eta familia gurasobakar gisa eta/edo familia ugari gisa aitortua ez badago.

e) Harrera-egoeran edo tutoretzapean diren 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia unitatearen parte badira, lan bizitzaren ziurtagiria eta diru-sarreren frogagiria, lan egiten badute, edo bestela, aitorpen bat, adierazten duena ez dutela lanik egiten edo, aparteko pagak barne, IPREM adierazletik gorako diru-sarrerarik ez dutela jasotzen.

f) Harrera-egoeran edo tutoretzapean diren 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia unitatearen parte badira, ikasten ari direla justifikatzen duen matrikularen fotokopia aurkeztu beharko da (ikasketa arautuak: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitatea eta abar; kurtsoaren egutegia eta ordutegia).

g) Familia unitatean %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten pertsonak izanez gero, eta aitorpen hori Nafarroatik kanpoko beste autonomia erkidego batean egin bada, desgaitasunaren aitorpenaren fotokopia.

h) Familia unitateko kide guztiak elkarrekin bizi direla frogatzen duen erroldatze eta/edo bizikidetza ziurtagiria, gehienez ere bi hilabete lehenago luzatua.

i) Eskatzaileak seme-alabaren bat baldin badu harrera-egoeran edo legezko tutoretzapean, harrera-familiarentzako harrera eratzen duen ebazpenaren fotokopia, eta/edo legezko tutoretzaren dokumentazio judiziala.

j) Onuradunak sinatutako idazkia, non baimena ematen duen laguntza etxebizitzaren errentatzaileari ordaintzeko.

k) Laguntza errentatzaileari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

l) Familia unitateari helburu bererako ematen ahal zaizkion laguntza ekonomiko gehiago ez jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

m) Erabiltzen ari den eta eskatutako laguntza ekonomikoaren xede den etxebizitzaren alokairu kontratua edo aurrekontratua, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua. Etxebizitzaren katastro erreferentzia edo onesten diren prozedura telematikoen bidez eskuratutako katastro ziurtagiri elektronikoa agertu beharko du, edo entitate edo zerbitzu arduradunak horretarako emandako ziurtagiri edo beste frogagiri bat.

n) Etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeek egindako txosten soziala, edo, etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeak garatuak ez dauden eskualdeetan, kasuan kasuko eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuek egindakoa, non egiaztatuko baita familia unitate eskatzailea pilatuta bizi dela.

2. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuak egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, baldin eta horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute. Salbuespenez, administrazio publikoarentzat ezinezkoa bada aipatutako dokumentuak eskuratzea, interesdunari eskatzen ahalko dio berriz aurkez ditzala.

Hamaikagarrena.–Antolaketa eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalari esleitu zaizkio oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Hamabigarrena.–Ebaztea.

1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena eman ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak arrazoibidezko ebazpena emanen du eta eskatzaileari jakinaraziko dio, eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

2. Dirulaguntza ematen duen ebazpenean onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa jasoko dira.

3. Hiru hilabeteko epean ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Hamahirugarrena.–Ordainketa.

1. Laguntza ekonomikoa ordainketa bakarrean ordainduko da, laguntza emateko ebazpenarekin batera baimenduko dena. Nolanahi ere, laguntza ordaintzeko beharrezkoa izanen da bi alderdiek sinatutako errentamendu kontratua aurkeztea.

2. Onuradunak sinatutako baimena eman ondoren, laguntza alokairu kontratuan agertzen den errentatzailearen kontu korronteko zenbakian ordainduko da; zenbaki hori transferentzia bidez ordaintzeko aurkeztu den eskaeran adierazitakoa izanen da.

Hamalaugarrena.–Diru-itzulketak.

1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, errentatzaileak jasotako diru kopuruak itzuli beharko ditu, osorik edo partez, eta dirulaguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Kontratua bukatu baino lehen hutsaltzen bada, errentatzaileak itzuli beharko du kontsumitu ez den aldiagatik ordaindutako zenbatekoa.

3. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.

5. Administrazioa ez da inola ere behartua egonen laguntzaren onuraduna eta etxebizitzaren maizterra denak errentatzaileari hilero ordaintzen ez dizkion zenbatekoak ordaintzera, ezta bestelako gastu edo kalte-ordainak ordaintzera ere.

Hamabosgarrena.–Laguntzaren aldaketa.

Laguntza emateko kontuan hartu diren familia unitatearen, familia errentaren edo beste inguruabar batzuen baldintzetan egondako edozein aldaketak laguntza aldatzea ekartzen ahalko du berekin, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.

Hamaseigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Lagundutako alokairuaren xedeko etxebizitzan benetan bizitzea laguntzak hartzen duen aldian, gutxienez.

Dena den, arrazoi justifikatuak direla-eta, onuradunek etxebizitza uzten badute, inguruabar horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari 30 egun baliodun lehenago, gutxienez, behar diren ondorioak izan ditzan.

b) Beren etxebizitzaren alokairuaren truke ordaindu behar duten urteko errentatik diruz laguntzen ez den ehunekoa ordaintzea, eta ordainketa hori egin izana justifikatzea sei hilean behin, bankuko frogagiriaren bidez.

c) Laguntzak jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri ematea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.

d) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egiten dituen kontrol jarduketak onartzea, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak ematea.

e) Onartutako laguntzak itzultzea, 17. oinarrian ezarri bezala, laguntza oinarritu zuen jarduera betetzen ez bada edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan.

f) Laguntzaren xede den alokairu kontratua sinatzea hilabeteko epean, laguntza emateko ebazpena ematen denetik zenbatuta.

2. Gainera, laguntzaren onuradunak behartuak daude, laguntza ematen den lehenengo urtetik aurrera, etxebizitzaren esparruan gizarteratzeko lagun-egite prozesu batean hastera edo jarraitzera, etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeen bidez edo kasuan kasuko eskualdeari dagozkion oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez. Prozesu hori behar den txostenaren bidez justifikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Bazterketak eta laguntzen bateragarritasunaren araubidea.

Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk helburu bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin.

Hemezortzigarrena.–Publizitate araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatea babestearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hemeretzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honetako aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hogeigarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna (Eskubide Sozialetako kontseilariaren ordez sinatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 9ko 44/2021 Foru Dekretuarekin bat).

Iragarkiaren kodea: F2112769