205. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30/2021 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdia egiten duena Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko, eta deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 578615.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko (aurrerantzean, NGI) Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak txosten bat prestatu du, non proposatzen baita onets dadila deialdi hau egiten duen ebazpena: “Gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko I. edizioa”, Gradu Amaierako Lanaren (GAL) eta Master Amaierako Lanaren (MAL) kategorietan, eta haren oinarri arautzaileak onets daitezela.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak adierazten duenez, “gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, betiere lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako”. Halaber, helburu batzuk ezartzen ditu gazteen ikerketak sustatzeko eta sostengu aktiboa emateko.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa eta onesten baitira haren estatutuak, ezartzen du 18 d) eta e) artikuluetan Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari dagokiola, besteak beste, “gazteriarekin lotutako ikerlanak, azterlanak eta txostenak koordinatu eta egitea” eta “editatzea gazteriaren arloan interesekoak diren argitalpenak”.

Deialdi hau lotuta dago, halaber, 2021-2023 Gazteriaren III. Foru Planean aurreikusitako ekintza batekin: gazteriari buruzko gizarte zientzien ikerkuntza sustatzea.

Gazteriaren eta haien inguruko errealitateen gaineko azterketak eta ikerketak sustatzeko asmoz, hainbat sari emateko deialdiak antolatzea planteatu da, unibertsitate ikasketen amaierako lanak aurkezteko, Gradu Amaierako Lana (GAL) eta Master Amaierako Lana (MAL) kategorietan, haien edukietan jasoz gero gazteriaren inguruko gaiak, Giza eta Gizarte Zientzien jakintza esparruan.

Sari horiek Europako Gazte Txartelari lotzen zaizkio, horren helburua baita, besteak beste, gazteen behar eta nahiei erantzutea hezkuntzan, prestakuntzan eta kulturan, besteak beste, xedea izanik gazteen garapena sustatzea, haien partaidetza eta garapen intelektuala sustatuz.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko I. edizioaren deialdia egitea Gradu Amaierako Lanaren (GAL) eta Master Amaierako Lanaren (MAL) kategorietan, eta haren oinarri arautzaileak eta eskaeraren inprimakia onestea, ebazpen honi erantsi zaizkionak.

2. Sariak emateko, guztira 4.000,00 euroko gastua baimentzea, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko 090002 09120 4809 232102 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 19an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko I. edizioaren oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko I. edizioaren deialdirako.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2. Hartzaileak.

Deialdi honetan parte har dezakete 14 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek, biak barne, Nafarroan bizi badira, Nafarroako Europako Gazte Txartelaren titularrak badira eta unibertsitateko ikasketen amaierako lana egina badute (Graduaren Amaierako Lana edo Masterraren Amaierako Lana) Nafarroan gazteriaren arloan, Giza eta Gizarte Zientzien jakintza esparruan.

3. Betebeharrak.

Betebehar hauek konplitu behar dituzte aurkezten diren lanek:

–Nafarroan erroldatutako ikasleek eginak izan behar dira, kontuan hartu gabe zer unibertsitatetan egin diren ikasketak.

–GAL edo MAL bati eskatutako baldintza guztiak bete behar dituzte, eta fakultatean edo zentroan dagokien ebaluazioa gainditu.

–7,00 edo hori baino handiagoa izan behar da graduaren edo masterraren amaierako lanaren ebaluazioan lortzen den puntuazioa.

–2019-2020 edo 2020-2021 ikasturteetan aurkeztua eta defendatua egon behar da unibertsitateko ikasketen amaierako lana.

4. Gaiak.

Behar den fidagarritasun akademikoarekin, lanek ezagutza aipagarriak ekarri beharko dituzte Nafarroako gazteriari buruz, Giza eta Gizarte Zientzien jakintza esparruan, hainbat diziplinatan: soziologia, hezkuntza, psikologia, ekonomia, zuzenbidea, gizarte lana, komunikazioa...

Ikerketa aberasteko, deialdi ireki bat egiten da, gaiak askotarikoak izan daitezkeelako, baldin eta lotura badute 2020-2023 Gazteriaren Foru Estrategian biltzen diren egiturazko eta/edo zeharkako ardatzetan jasotako esparruetako batekin (https://www.juventudnavarra.es/eu/gazteriaren-foru-estrategia-2020-2023).

5. Eskaera: non, noiz eta dokumentazioa.

Interesdunek hemen aurkez dezakete inskripzio eskaera, II. eranskineko eskaera inprimakiaren araberakoa izanen dena: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren erregistroko edozein bulegotan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Lanak Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizialetako batean idatzita egonen dira, eta beste sariketa batzuetan saririk jaso gabeak izanen dira.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, zeina 2. eranskinean zehaztutako ereduaren araberakoa izanen baita:

–NANaren fotokopia.

–Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

–Unibertsitateko ikasketen amaierako lana egina izatea frogatzen duen titulazioa, oinarri hauen 2. puntuan zehazten den bezala.

–Lortutako kalifikazioa 7,00 edo handiagoa dela frogatzen duen agiria.

–Unibertsitatean gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzirik aurkeztutako unibertsitateko ikasketen amaierako lanaren kopia.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, zazpi egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko.

6. Epaimahaia eta balorazio irizpideak.

Epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Josu Laguardia Hontañón, NGIko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

–Ordezkoa: Jesús Beitia López, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Buruordea: Benito Daniel Goñi Lara, NGIko Gazteen Behatokiko soziologoa.

–Ordezkoa: Rosa Oteiza Ugarte, Gazte Mugikortasunerako Bulegoko burua.

–Epaimahaiko idazkaria: Camino Pérez Larumbe, Gazteriaren Etxeen Bulegoko burua, epaimahaiaren eztabaidei buruzko oharrak hartuko dituena eta hizpidea izanen duena, baina botorik ez.

–Ordezkoa: Juan Arcón Alzorriz, Gazteentzako Prestakuntza eta Argibide Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Raquel Ezquerra Sales, NGIko gazteriako teknikaria.

–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoko burua.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak jasotzen ahal du Nafarroan kokatutako unibertsitateen aholkularitza eta laguntza (NUP, UNA eta UHUN).

Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:

Kalitate teknikoa; Nafarroako gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lan onenen programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:

1. Kalitate teknikoa eta zorroztasun kontzeptuala eta metodologikoa:

a. Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduera esparrua): 10 puntu gehienez.

b. Planteamenduarekin koherentzia: 10 puntu gehienez.

c. Azalpen argiak: 5 puntu gehienez.

d. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu gehienez.

e. Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala: 10 puntu gehienez.

Lehen apartatu honen totala: 50 puntu gehienez.

2. Ikasketaren gaiaren garrantzia: ikasketaren xedeak gazteen bizitzan izan dezakeen eragina, emaitzei eta onurei dagokienez: 10 puntu gehienez.

3. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 eta Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuetan jasotako edozein esparrurekin: 10 puntu gehienez.

(Foru estrategia horretan jasotzen diren esparruak edo arloak honako hauek dira: asoziazionismoa, gizarte inklusioa, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde garapena, hizkuntza politika, aisialdia eta astialdia, hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, enplegu eta lan munduan sartzea, osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren jasangarritasuna).

4. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

5. Programazioa berritzailea eta jatorrizkoa izatea. 10 puntu gehienez.

6. Ondorioak eta gomendioak: zehatzak, egokiak eta berritzaileak aztertutako kasuaren testuingururako. 10 puntu gehienez.

7. Sariak.

Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten lanak aukeratuko ditu: bi onenak (GALaren lehenengo saria eta MALaren lehenengo saria), eta bi bigarrenak (GALaren akzesita eta MALaren akzesita); eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:

Lan kategoria bakoitzean (GAL eta MAL) egindako lanik onena eta akzesit bat aitortuko dituzte sariek, banaketa eta zenbateko hauekin:

–GALaren lehen saria: egiaztapen diploma eta 1.500 euro.

–GALaren akzesita: egiaztapen diploma eta 500 euro.

–MALaren lehen saria: egiaztapen diploma eta 1.500 euro.

–MALaren akzesita: egiaztapen diploma eta 500 euro.

Sarien ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZren Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko.

8. Ebazpena.

Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak gehienez lau lan irabazle aukeratuko ditu (GAL edo MAL), eta berea izanen du saria eman gabe uzteko eskubidea, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei, eta, halaber, aipamen berezi bat ematekoa.

Epaimahaiaren erabakia loteslea izanen da. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Halaber, epaimahaiaren erabakia webgunearen eta sare sozialen bidez jakinaraziko da. Horrekin batera, sariak emateko jendaurreko ekitaldia noiz eta non eginen den zehaztuko da. Saria jasotzen duten lanak Gazteriaren webgunean argitaratuko dira: https://www.juventudnavarra.es/eu.

9. Datuen babesa.

Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabideetan.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten eskumenak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, aurkaratzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko, eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

10. Antolaketaren ardura.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Era berean, ahalmena du sortzen diren gorabeheren gainean erabakiak hartzeko, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.

Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagioagatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

11. Kontaktua.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña.

848 423900.

juventud@navarra.es.

www.juventudnavarra.es/eu.

II. ERANSKINA

Eskaera-orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2112104