204. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

120/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 27koa, zeinaren bidez eusten baitzaio betebehar saihetsezinagatiko baimenaren indarraldiari. Baimen hori aurreikusten da maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 6. apartatuko lehendabiziko hiru paragrafoetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, beren kargura baldin badituzte 14 urtetik beherako adingabeak, nahitaezko konfinamenduak edo ikastetxeen itxierak ukituta gelditzen direnerako.

Maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren bidez, arautu zen nola itzuli behar ziren, gutxinaka, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile publikoak aurrez aurre lan egitera lantokietan, Normaltasun berrirako trantsizio planaren esparruan.

Maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduan ezarritako antolamendurako neurrien artean, 6. apartatuan xedatu zen COVID-19a dela-eta betebehar saihetsezinagatiko baimena hartzen ahal zela, eta haren indarraldiak 2020ko ekainaren 19ra arte iraun zuen, 14 urtetik beherako adingabeak zaintzeko kasuan. Urriaren 1eko 105/2020 Foru Aginduaren bidez, baimen horren aplikazioa berreskuratu zen, 2020-2021 ikasturteko amaiera arte.

Ikusirik pandemiaren bilakaera nolakoa den, eta litekeena dela osasun neurriek agintzen segitzea adingabeen nahitaezko konfinamendua edo ikastetxeetako ikasgelak ixtea, bidezkoa da eustea COVID19a dela-eta betebehar saihetsezinagatiko baimenaren indarraldiari, maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduan arautu zena, 14 urtetik beherako adingabeak beren kargura dituzten enplegatu publikoentzat, nahitaezko konfinamenduak edo ikastetxeen itxierak ukituta gelditzen direnerako, dagokion ikasturtetik zehar, osasun krisiaren egoerak irauten duen bitartean.

Foru aginduaren edukia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen Mahai Orokorreko kide diren erakunde sindikalekin landu da.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimen honen indarraldiari eustea: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 6. apartatuko lehendabiziko hiru paragrafoetan aurreikusten den baimena, 14 urtetik beherako adingabeak beren kargura dituzten enplegatu publikoentzat, nahitaezko konfinamenduak edo ikastetxeen itxierak ukituta gelditzen direnerako. Foru agindu horretako gainerako apartatuetan aurreikusi bezala aplikatuko da, aplikazio-eremuari dagokionez izan ezik, barnean hartuko baititu ikastetxeetako langileak edo hari atxikitakoak, baldin eta baimena emanda behar bezala betetzen ahal badira zerbitzuaren beharrak. Baimenaren indarraldiari dagokion ikasturtetik zehar eutsiko zaio, horrelako neurriak beharrezkoak egin dituen COVID-19aren ondorioz sortu den egoera epidemiologikoak irauten duen bitartean.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ondorioak izanen ditu argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 27an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2113120