203. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

82/2021 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira, 2021-2022 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen onarpen prozeduraren bigarren aldirako jarraibideak eta egutegia, eskola-egutegia eta ordutegi orokorra, bai eta ziklo horien antolaketa eta funtzionamendua ere.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 1. eta 2. artikuluetan ezartzen du Lanbide Heziketako sistemaren helburuetako bat dela funts publikoekin ordaintzen den prestakuntza-eskaintzak aukera ematea prestakuntza bizitza osoan zehar jasotzeko, betiere aurreikuspen eta egoera pertsonal eta profesional desberdinetara egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, horrela eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak.

Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak, zeinak hizpide baitu Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzea, 5. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketa ikasteko urrutiko modalitate bat, eta 26. artikuluan, berriz, urrutiko Lanbide Heziketarako plataforma bat sortuko dela, berrikuntzaren ildo estrategikoen barrenean.

Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduak Nafarroako hezkuntza sisteman urrutiko modalitatean online emanen den Lanbide Heziketaren ezarpena eta antolaketa arautzen ditu. Azkenik, 121/2020 Ebazpenak, azaroaren 2koak, martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzen ditu, LHko online modalitateari dagokionez (foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena).

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 4ko 60/2021 Ebazpenaren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen eskaintza eta onartua izateko prozeduraren jarraibideak eta egutegia, 2021-2022 ikasturterako. Ebazpen horretan xedatu denez, onarpen prozedura bi alditan gauzatzen da, eta lehen aldirako jarraibideak ezarri dira; beharrezkoa da orain onarpen prozedurako bigarren aldirako jarraibide guztiak ezartzea.

Horrenbestez, ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela, ezar daitezen urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko hezkuntza eskaintzaren onarpen prozeduraren bigarren aldirako jarraibideak bai eta egutegiari, ordutegiari, antolamenduari eta funtzionamenduari dagozkienak ere (eskaintza horren helburua da Lanbide Heziketako tituluak lortzea ikaskuntza-ingurune birtualen bidez, horiek helduen ezaugarrietara egokituta daudela).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2021-2022 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketa online modalitatean egin nahi duten pertsonak onartu eta matrikulatzeko prozeduraren bigarren aldirako jarraibideak eta egutegia. Ebazpen honen 1. eta 3. eranskinetan ageri dira.

2. Eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko berariazko jarraibideak onestea 2021-2021 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketa online modalitatean emanen duten ikastetxeetarako. Ebazpen honen 2. eranskinean ageri dira.

3. Berariazko jarraibideak onestea antolamendua eta funtzionamendua arautzeko 2021-2021 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketa online modalitatean emanen duten ikastetxeetarako. Ebazpen honen 4. eranskinean ageri dira.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

6. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 6an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko eskaintza eta ikastetxeak. Urrutiko Lanbide Heziketa online eginen duten ikasleak onartzeko
eta matrikulatzeko prozedurako bigarren aldirako jarraibideak.
2021-2022 ikasturtea

1.–Eskaintza.

1. 2021-2022 ikasturtean lanbide heziketa online egiteko eskaintza Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 4ko 60/2021 Ebazpenaren bidez ezarri zen; oraingo eskaintza osatuko dute ziklo eta modulu bakoitzean onarpen prozedurako lehen aldiari dagokion matrikula epea bukatuta bete gabe gelditzen diren ikaspostuek.

2. Onarpen prozesuko bigarren aldirako ikaspostu hutsak argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “Urrutiko Lanbide Heziketa online” izeneko tramiteen fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

Modulu bakoitzean eskainiko den ikaspostu hutsen kopurua izanen da aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenean ezarritako gehieneko kopuruaren eta lehen aldian matrikula bidez okupatu diren ikaspostuen kopuruaren arteko diferentzia.

2.–Betebeharrak.

Betebehar hauek bete beharko dira urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko eskaintzen diren moduluetan ikaspostua eskatzeko:

a) Frogatzea betetzen direla apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 5.1 eta 5.2 oinarrian eta 7.1 eta 7.2 oinarrian, hurrenez hurren, ezarritako sarrera baldintzak. Foru agindu horren bidez arautu zen erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartua izateko prozedura.

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

c) Lehen aldian parte hartu ez izana, edo aldi horretako modulu bakar batean tokirik lortu ez izana.

3.–Onartzeko irizpideak.

1. Urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko ikasketetan ikasleak onartzeko irizpideak, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarrita direnak, garatuz, lehentasun irizpide hauen arabera prestatuko da erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako modulu bakoitzean inskribatzeko eskatzen duten ikasleen lehentasun zerrenda:

–Lehenik: inskribatu nahi den ziklo bereko moduluren bat gainditua dutenak urrutiko modalitatean (online) 2020-2021 ikasturtean.

–Bigarrenik: inskribatu nahi den ziklo bereko moduluren bat gainditua dutenak, eskaintzaren edozein modalitatetan, baina ez 2020-2021 ikasturtean, ez eta urrutiko modalitatean (online) ere; edo eskatzen duten zikloko lanbide kualifikazioetako gaitasun-unitateren bat badutela frogatu dutenak.

–Hirugarrenik: inskribatu nahi den moduluei dagokien zikloarekin zerikusia duen lan esperientzia frogatzen dutenak; urtebetekoa gutxienez, lanaldi osoan, edo baliokidea, inskribatzeko epea bukatzen den egunean.

–Laugarrenik: inskribatu nahi den moduluei dagokien zikloarekin zerikusirik ez duen lan esperientzia frogatzen dutenak; urtebetekoa gutxienez, lanaldi osoan, edo baliokidea, inskribatzeko epea bukatzen den egunean.

–Bosgarrenik: lan esperientzia frogatzen ez dutenak, edo urtebetetik beherakoa dutenak lanaldi osoan, edo baliokidea, inskribatzeko epea bukatzen den egunean.

2. Sortzen diren bost talde horietan, lehentasun zerrenda irizpide hauei jarraikiz prestatuko da:

a) Honela ordenatuko da lehen taldea:

–Lehenik: zer ziklotarako egiten den eskaera, hura Nafarroan urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean egin duten ikasleak.

–Bigarrenik: zer ziklotarako egiten den eskaera, hura beste autonomia erkidego batean urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean egin duten ikasleak.

Honela ordenatuko dira bi talde horiek:

–Lehenik: kasuan kasuko zikloko tituluaren barruan gainditutako, aitortutako edo baliozkotutako modulu kopuruaren arabera eta/edo frogatutako gaitasun-unitate kopuruaren arabera, kopuru handienetik txikienera ordenatuta. Zenbatzearen ondorioetarako, balio berekotzat jotzen dira modulua eta gaitasun-unitatea.

–Bigarrenik: berdinketarik bada, online ikasten ari den zikloan gainditutako moduluen batez besteko nota hartuko da kontuan, handienetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

b) Honela ordenatuko da bigarren taldea:

–Lehenik: kasuan kasuko zikloko tituluaren barruan gainditutako, aitortutako edo baliozkotutako modulu kopuruaren arabera eta/edo frogatutako gaitasun-unitate kopuruaren arabera, kopuru handienetik txikienera ordenatuta. Zenbatzearen ondorioetarako, balio berekotzat jotzen dira modulua eta gaitasun-unitatea.

–Bigarrenik: puntu-berdinketarik bada, zikloan sartzeko erabilitako baldintzari buruzko ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

c) Honela ordenatuko da hirugarren taldea:

–Lehenik: zikloarekin loturiko eta frogatutako lan esperientziaren arabera, egunetan kontatua, lan esperientzia handienetik txikienera ordenatuta. Onarpen eta orientazioko batzordearen eskumena da lan esperientzia hori zehaztea.

–Bigarrenik: puntu-berdinketarik bada, zikloan sartzeko erabilitako baldintzari buruzko ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

d) Honela ordenatuko da laugarren taldea:

–Lehenik: frogatutako lan esperientziaren arabera, egunetan kontatua, lan esperientzia handienetik txikienera ordenatuta. Onarpen eta orientazioko batzordearen eskumena da lan esperientzia hori zehaztea.

–Bigarrenik: puntu-berdinketarik bada, zikloan sartzeko erabilitako baldintzari buruzko ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

e) Honela ordenatuko da bosgarren taldea:

–Lehenik: zikloan sartzeko erabilitako baldintzari buruzko ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

4.–Ikaspostuak gordetzea.

1. Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan xedatutakoa garatuz, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira desgaitasuna frogatzen duten ikasleentzat. Orobat, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izatea frogatzen duten ikasleentzat.

2. Bigarren aldian onarpenerako lehen aldian bete ez diren ikaspostuak gordeko zaizkie.

3. Modulu batean gordeta dauden ikaspostu libreak baino pertsona gehiagok frogatzen badute desgaitasuna, edo modulu batean gordeta dauden ikaspostuak baino goi mailako edo goi errendimenduko kirolari gehiago badaude, honako irizpide hauek erabiliko dira erreserbako ikaspostuen adjudikazioa ebazteko:

a) Ikaspostua gordetzea desgaitasuna izateagatik: sartzeko nota altuenaren arabera esleituko da.

b) Ikaspostua gordetzea goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik: esleituko da Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 11ko 41/2021 Ebazpenaren I. eranskinean jasotakoaren arabera (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria, 2.b) apartatua).

4. Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetzeko, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Bigarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

5. Ikasle jakin horientzat erreserbatutako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

5.–Onarpen prozesua. Bigarren aldia.

1. Epe bakar bat dago, epe arrunta, urrutiko Lanbide Heziketako irakaskuntzak online egiteko onartua izateko prozesurako, bi alditan antolatuta: lehen eta bigarren aldiak. Ikasturtearen gainerako zatia epetik kanpokotzat jotzen da.

2. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen direnek parte hartuko dute onarpen prozesuaren epe arrunteko bigarren aldian. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Onarpen prozesuko epe arrunteko bigarren aldian onartutakoen behin betiko zerrendari dagokion matrikulazio epea bukatuta, inguruabar hauen ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatutakoei ofizioz baja emateagatik; hala gertatuko da baldin eta ez badute ikasturtea hasten 15 eguneko epean, ebazpen honetan urrutiko Lanbide Heziketaren modalitatean eskolak ematen hasteko ezarritako egunetik hasita.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

6.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, heziketa ziklo bakar bateko moduluetarako; eskaera hori egokituko zaie Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko fitxan inskribatzeko agertzen diren ereduei. Honako helbide honetan daude ereduak:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

2. Inskribatzeko eskabidea aurkezteko epea 2021eko irailaren 1etik 7ra bitartekoa da (14:00ak arte).

Zer heziketa ziklo eta modulu aukeratu diren, horiek ematen dituen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da izena emateko eskabidea.

Ikastetxeek eskabide-orriaren fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Izena emateko eskaera ondoko hauen bidez aurkezten ahal da:

a) Educa-Ataria bidezko erregistro telematikoa, aukeratutako zikloa eta moduluak eskaintzen dituen ikastetxeari zuzendua, eta, horretarako, erabiliko da Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko fitxaren esteka, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

b) Aurrez aurre, aukeratutako zikloa eta moduluak ematen dituen ikastetxean.

2021-2022 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, inskripzio orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2021-2022 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onartze prozesurako.

Aipatu tramite fitxan onarpen prozesurako jarraibideak dituzten agiriak izanen dira. Gainditutako moduluak baliozkotzeko edo aitortzeko eskaerei buruzko informazioa ere egonen da, ikaspostua lortu eta zikloan matrikulatu diren ikasleentzat.

3. Gehienez ere 6 modulu eskatzen ahal dira inskribatzeko inprimakian. Inskripzioa ez eskatzeko gomendatzen da honako egoera honetan dauden moduluetan: horien baliozkotzea Estatuko oinarrizko araudian ezarrita egonda, Nafarroako araudiaren arabera baliozkotu edo aitortzen ahal direnak.

4. Ezin da urrutiko LHren online modalitaterako eskaintzen diren zikloetatik batean baino gehiagotan inskribatu, ez eta ikastetxe batean baino gehiagotan ere. Inskripzio-eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

5. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, urrutiko LHren online modalitatean sartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek.

7.–Inskripzio eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Erantsi beharreko dokumentazioa:

a) Onarpen prozesuan aurkezten diren ikasle guztientzat:

–Izena emateko eskabide bakar bat, gehienez ere sei modulu hautatuz.

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Erantzukizunpeko adierazpena, hurrengo apartatuan ezarritako bateraezintasun-egoeraren batean ez egoteari buruzkoa, ebazpen honen 7. eranskinaren eredua erabiliz.

b) Urrutiko LHren online modalitatean eskatutako zikloko moduluetan matrikulaturik egon ez diren ikasleen kasuan:

–Eskatutako zikloan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Eskatutako zikloari dagokion sarrera-nota frogatzen duen dokumentazioa.

c) Aukeran:

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak gordetzeko ezarritako bi bideetako bat erabiliz, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dira, eranskin honen 8. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, inskripzioaren xedeko moduluei dagokien zikloko moduluak gainditu izana frogatzeko dokumentazioa. Modulu horiek Nafarroan gainditu badira eta hori Educa kudeaketa sisteman agertzen bada, ez da frogagiririk aurkeztu beharko, ofizioz egiaztatuko baita.

–Hala badagokio, inskripzioaren xedeko moduluei dagokien Lanbide Heziketako titulu berean sartutako gaitasun-unitateak gainditu dituela frogatzen duen dokumentazioa.

–Hala badagokio, lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 9. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

8.–Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Hemen jasotzen da desgaitasuna frogatzeagatik gordetako ikaspostu bat nahi dutenek aurkeztu beharreko dokumentazioa: maiatzaren 11ko 41/2021 Ebazpena, 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituena, I. eranskina (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria).

2. Hemen jasotzen da goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik gordetako ikaspostu bat nahi dutenek aurkeztu beharreko dokumentazioa: maiatzaren 11ko 41/2021 Ebazpena, Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituena, I. eranskina (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria).

3. Gordetako ikaspostu horiek eskatzen dituztenek 2021eko irailaren 7ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte egiaztagiri horiek, inskribatzeko gainerako agiriekin batera, inskripzio-eskabidea aurkezten duten ikastetxean.

9.–Lan esperientzia frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Beren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, informazio osagarria eskatzen ahalko du urrutiko LHren online modalitateko zikloko onarpen eta orientazio batzordeak.

2. Urrutiko LHren online modalitateko zikloko onarpen eta orientazio batzordeak gainbegiratuko du aurkezten den lan esperientzia. Batzorde horrek lan esperientziaren gaineko frogagiriak aztertuko ditu, honako hauek egiaztatzeko:

–Aurkezten den lan esperientziak zenbateko zerikusia duen inskripzioaren xedeko zikloarekin.

–Inskripzioaren xedeko zikloarekin zerikusia duten lanetan zenbat lanegun egin dituen lanaldi osoan, eta zenbat lanegun egin dituen lanaldi osoan zikloarekin zerikusirik ez duten lanetan.

–Informazio hori eramatea onarpena barematzeko prozesua kudeatzen duen aplikazio informatikora.

10.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

11.–Sarrerako nota.

Eskatutako ikasketei eta zikloari dagokien sarrera nota frogatzeko, beteko da Nafarroan zikloetan onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarrian adierazitakoa. Teknikariaren titulua izan edo Prestakuntzako Ikastaroa edo Sarrerako Ikastaroa egina dutenentzat, sarrerako nota izanen da erdi mailako zikloan lortutako batez besteko nota.

12.–Beste hezkuntza sistema batzuetatik etorritako pertsona helduak.

Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, eskabidearekin batera, ikasketen homologazioari buruzko baldintzapeko agiria edo behin betiko egiaztagiria aurkeztu beharko dute ikastetxean, batez besteko nota erakutsiko duena. Batez besteko notarik frogatu ezean, ikaslea bere taldeko azkeneko tokira eramanen da.

Dokumentazio hori 2021eko irailaren 7ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko da.

13.–Zozketa.

2021-2022 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2021eko maiatzean egin zen.

14.–Onarpena.

Ikaslea modulu batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan (eta 40 egin arte gelditzen diren ikaspostuetako batean tokia badu), epe arrunteko lehen aldiko ikaspostuak bete ondoren, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostua esleitzen dionean, bat etorriz uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

15.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren pertsonen zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek, kasuan kasuko zikloko moduluetarako prestatuko direnak, jendaurrean jarriko dira LHko zikloak online ematen dituzten ikastetxeetan eta Nafarroako Gobernuko Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko tramite-fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

2. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren ikasleen behin-behineko zerrenda 2021eko irailaren 13an argitaratuko da.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskribatzeko eskabidea, hango zuzendaritzari igorri beharko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, dokumentazioa aurkeztean edo erregistratzean egindako akatsak zuzentzeko, 2021eko irailaren 13tik 15era bitarte (14:00ak arte).

4. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren ikasleen behin betiko zerrenda 2021eko irailaren 17an argitaratuko da, onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den toki beretan.

5. Onartzen direnek 2021eko irailaren 20tik 23ra bitarte egin beharko dute matrikula, ikaspostua lortzen duten ikastetxean bertan eta egokitzen zaizkien moduluetan.

6. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

7. Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko zikloetan matrikula eginda ere, kurtsoa hasten denetik 15 eguneko epean ikasle-jardueretan hasten ez diren ikasleei baja emanen die ofizioz ikastetxeak, non eta ez dagoen bidezko arrazoiren bat, eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

8. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

16.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Zer ikasketatan egiten den matrikula, horri buruzko datuak: maila (erdi maila, goi maila), heziketa zikloa, lanbide moduluak, hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

2. Honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–NANaren, AIZren, ikasle txartelaren edo horien baliokide baten fotokopia.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko da, hurrengo apartatuan ezarritako bateraezintasun-egoeraren batean ez egoteari buruzkoa, ebazpen honen 7. eranskinaren eredua erabiliz.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatu dokumentazioan agertzen direnekin.

Atzerritarrek eskubidea dute Espainiakoen baldintza beretan egiteko irakaskuntza hauek, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

–Behar bezala justifikatutako kasuetan, eskatzaileei Osasun Txartelaren fotokopia eskatzen ahalko zaie.

–Egindako osasun azterketen txostena, ikasleak desgaitasun bat, gaixotasun bat edo beste osasun arazoren bat baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekoa.

–Ikaspostua lortu den ikastetxean eskatzen zaion beste edozein dokumentazio.

3. Matrikulazioa egiteko eskatuko den dokumentazioa ikusgai jarriko da ikastetxearen iragarki-taulan eta webgunean.

4. Matrikula eginda, 2022ko maiatzean egitekoa den amaierako ebaluazioko deialdi arrunt baterako eskubidea izanen da.

17.–Onarpen prozesutik baztertzea eta matrikula bertan behera uztea.

1. Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

2. Onarpen eta orientazio batzordeak, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.3 artikuluan xedatzen duen moduan, eraginik gabe uzten ahalko du ikaslearen matrikula baldin eta ikasturteko lehen hamabostaldian kurtsoa hasten ez badu, bere matrikulari dagokion moduluetan, urrutiko LHren online modalitateko eskolak hasteko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, matrikularekin loturik dagoen deialdia ez da erabilitzat hartuko.

3. Ikasleak eskatuz gero, ikastetxeko zuzendaritzak baliorik gabe uzten ahalko du modulu bateko matrikula, baldin eta ikasturtea hasten denetik hilabete bat igaro baino lehen eskatzen bada, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horretan, matrikularekin loturik dagoen deialdia ez da erabilitzat hartuko.

18.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen prozesuaren epe arrunta bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Ikasturtearen hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, ikasle-jardueretan hasten ez direnei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak behin betiko itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

19.–Jaiegunak.

Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Egun bereziren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen dio ikastetxeak.

20.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

1. 2021-2022 ikasturtean Nafarroan urrutiko LHko heziketa ziklo batean online modalitatean matrikulatuta dauden ikasleak Nafarroan Batxilergoko ikasketetan ere matrikulatuta egon daitezke aldi berean, baldin eta, sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

2. 2021-2022 ikasturtean modalitate honetako matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

–2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan. Salbuespena da aurreko paragrafoan aipatutako kasua.

–2021-2022 ikasturtean matrikulatuta egotearekin, edozein eskaintza modalitatetan eta edozein autonomia-erkidegotan.

–2021-2022 ikasturtean matrikulatzearekin Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probetan.

–2021ean eta 2022an lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura batean parte hartzearekin, prestakuntzarekin lotutako gaitasun unitateetan. Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko tramite-fitxan daude egoera hauen bateragarritasunari buruzko orientabideak: Lanbide Heziketa online egiteko moduluetan matrikulatzea eta lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozeduretan parte hartzea. Helbide honetan dago fitxa hori:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

–Matrikulatuta dagoen moduluetako gaitasun-unitateei lotutako enplegurako prestakuntza-ikastaroak egitearekin.

Nafarroan Lanbide Heziketako irakaskuntzetan urrutiko modalitatean (online) eta, aldi berean, lehen aipatutako kasuetan matrikulatu edo parte hartuz gero, ofizioz deuseztatuko da dagokion moduluaren matrikula.

21.–Moduluak baliozkotzeko eta gainditutako moduluak aitortzeko prozedura.

1. Hori ezarrita dago martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 27. artikuluan. Foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena.

2. Moduluren bat ikasteko onartzen diren pertsonek, matrikula egin ondoren, honako hauek eskatzen ahalko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari:

a) Moduluak baliozkotzeko, aplikatzekoa den oinarrizko araudian aipatutako kasuen arabera.

b) Gainditutako moduluak aitortzeko, araudi indardunean ezarritakoaren arabera.

3. Moduluak baliozkotzeko eta gainditutako moduluak aitortzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, eskaeraren xedeko moduluak zein diren, horien heziketa zikloari dagokion kurtsoaren hasieratik kontatzen hasita.

4. Ikastetxearen zuzendaritzak ebatziko ditu moduluak baliozkotzeko eta gainditutako moduluak aitortzeko eskaerak, baldin eta horretarako eskumena badu. Horren berri eman behar die ikasleei eta horien espedienteetan erregistratu behar du, orohar, 2021eko urriaren 30erako beranduenez, dagokion kalifikazioarekin batera.

5. Moduluak baliozkotzearen aldeko ebazpenak eragina izanen du ikasleak modulu horien matrikulazioa egiten duenean. Erregistratuta geldituko da ikaslearen ikasketa-espedientean, ebaluazio aktetan eta ikasketen ziurtagirian.

Moduluak baliozkotzearen aldeko ebazpena jaso baina horietarako matrikula egiten ez duten ikasleen kasuan, baliozkotzearen aldeko ebazpenak ez du inongo ondoriorik sortuko ikaslearen ikasketa-espedientean.

6. Gainditutako moduluak aitortzearen aldeko ebazpenak eragina izateko, ez da beharrezkoa izanen modulu horiei dagokien matrikula egitea. Gainditutako moduluen kalifikazioa ikaslearen ikasketa-espedientean jasoko da.

22.–Lantokiko Prestakuntzan (LP) inskribatzea eta matrikulatzea.

1. Lantokiko Prestakuntza moduluan inskribatu eta matrikulatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, heziketa zikloko gainerako modulu guztiak urrutiko online modalitatean gainditu dituzten ikasleak. Salbuespena da goi mailako zikloen Proiektua modulua.

Era berean, 2021-2022 ikasturtean matrikulatu ondoren, heziketa zikloko lanbide modulu guztiak (salbu eta Proiektua modulua goi mailako zikloetan) gainditzeko moduan dauden ikasleek Lantokiko Prestakuntza eta Proiektua moduluan matrikulatzeko eskaera baldintzatua egiten ahalko dute goi mailako zikloen kasuan, betiere bi baldintza hauek batera betetzen badira:

a) Ikasleak betetzea LP modulua egitetik salbuesteko baldintzak.

b) LP modulua eta Proiektua aurreikusita egotea dagokion ikasturteko heziketa zikloaren eskaintzan urrutiko online modalitaterako.

Lantokiko Prestakuntza modulua egitetik salbuestearen alde ebazten bada, ikasleak modulu horretan eta Proiektua moduluan matrikulatzen ahalko dira, goi mailako heziketa zikloen kasuan.

Kasu horretan, Lantokiko Prestakuntza modulua eta Proiektua modulua ez dira kontuan hartuko ikas daitekeen gehieneko modulu kopururako (sei modulu).

Salbuespen hori ikaslearen alde erabat ebazten ez bada edo zikloaren modulu guztiak gainditzen ez baditu, Lantokiko Prestakuntza eta/edo Proiektua moduluan egindako matrikula baliorik gabe geldituko da, baina deialdia ez da galduko.

23.–Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea.

1. Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean matrikulatuta dauden ikasleek ikastetxeko zuzendaritzari eska diezaiokete Lantokiko Prestakuntza modulua eta/edo Proiektua osorik edo zati batean egitetik salbuesteko, baldin eta frogatzen badute 2021-2022 ikasturtean zikloaren modulu guztiak gainditzeko moduan daudela (Lantokiko Prestakuntza modulua eta/edo Proiektua izan ezik) eta zikloarekin lotutako lan esperientzia badutela, gutxienez lanaldi osoko urtebeteko lanarekin parekagarria dena. Kasu horretan, zuzendaritzak erabakiko du ea lan esperientzia horrekin frogatzen den eskatzaileak bereganatu dituela moduluari lotutako ikaskuntzaren emaitzak.

2. Ikasle horiek Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko eskaera (ebazpen honen 5. eranskineko eredua) aurkezten ahalko dute matrikulatuta dauden ikastetxeko idazkaritzan, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, ikastetxeko zuzendaritzari zuzendua.

Salbuesteko eskaerak ebazpen honen 3. eranskinean azaltzen diren datetan aurkeztu beharko dira:

–2021eko urriaren 1etik 29ra.

–2022ko apirilaren 18tik 22ra.

Ikastetxeko zuzendaritzak ebazpen honen 6. eranskinean ageri den eredua erabiliko du ikasleari jakinarazteko bere salbuespen eskaeraren gainean hartutako ebazpena.

5. eta 6. eranskinetako ereduak matrikulatutako ikasleen eta interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatearen tramite-fitxan.

23.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

24.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

25.–Komunikazio bideak.

–Urrutiko LH online modalitatean ematen duten ikastetxeak.

–Gurasoei eta ikasleei informazioa eta aholkuak ematea. Telefonoa: 848 426 617.

–Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat. Telefonoa: 848 426 977.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoa: 848 423 232-848 428 981

–Faxa: 848 426987.

–Helbide elektronikoa: dpto-fponlinelh@educacion.navarra.es

2. ERANSKINA

Urrutiko LHren online modalitatearen eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibide berariazkoak 2021-2022 ikasturterako

1.–Ikasturteko egutegia.

1. Urrutiko LHren online modalitateko zikloak ematen dituzten ikastetxeetan, 2021-2021 ikasturtea hasiko da 2021eko irailaren 1ean, eta bukatuko da 2022eko ekainaren 30ean.

2. Egutegiak bete behar dituen ezaugarriak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 48/2021 Ebazpenaren eranskineko 1. jarraibidean jasotakoak dira, salbu eta jarraian aipatzen diren hauek (aipatu ebazpenaren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko):

a) Eskola egunen kopurua urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean: eskolen hasieratik, 2021eko irailaren 28tik, ikasturtearen bukaera arte, 2022ko maiatzaren 31ra bitartekoak.

Ikaslea soilik LP moduluan edo Proiektua moduluan matrikulatuta badago, eskola-egun kopurua aipatu moduluak egiteko beharrezkoa den kopurua izanen da.

b) Lehenengo eskola eguna 2021eko irailaren 28a izanen da, eta azkena, berriz, 2022ko maiatzaren 31.

c) Ebaluazio partzialaren eta amaierako ebaluazioaren datak finkatzerakoan, honakoak hartu behar dira kontuan:

–Ebaluazio partzialeko azken saioko ebaluazio probak eta jarduerak eginen dira ebaluazio partzialeko azken saioa maiatzean egitea ahalbidetzen duten egunetan, kontuan hartuta 2022ko maiatzaren 18a dela azken eguna ikasleei jakinarazteko ebaluazio partzialeko azken saioan gainditu diren moduluen edo gainditu gabe gelditu diren moduluen berri.

–Gainditu diren eta gainditu ez diren moduluen berri emateko azken egunaren biharamunetik hasi eta eskolak amaitzeko finkatutako azken egunera bitarteko egunak erabiliko dira berreskurapen programa eta jarduerak aurrera eramateko, hain zuzen, egun horietan ikasleek aukera izan dezaten “gainditu gabe” kalifikazioa lortu duten moduluetan izandako zailtasunak gainditzeko eta amaierako ebaluazioa egokiago prestatzeko.

Kasu horretan, amaierako ebaluazioari dagozkion ebaluazio probak eta jarduerak maiatzean eginen dira, kontuan izanda 2022ko maiatzaren 31 azken eguna dela ikasleei amaierako ebaluazioari dagozkion kalifikazioak emateko.

3. Urrutiko LHren online modalitatean irakasle dabiltzanek kurtsoa antolatzeko erabiliko dute irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko denbora, ikasle sartu nahi duten helduen lan esperientzia aztertzen laguntzea barne, baita ikasturtean zehar emanen dituzten moduluen materialak berrikusi, akatsak zuzendu eta eguneratzeko ere. Material horiek Nafarroako LHren online modalitatearen Moodle plataforman daude.

4. Eskolak bukatzen direnetik 2022ko ekainaren 30a arte, honako hauek eginen dira: kurtsoaren berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, modulu bakoitzaren memoria didaktikoak, departamentuen memoriak, ikasturte bukaerako memoria, orientazioa, erreklamazioak eta ikasleei arreta ematea, eta moduluak eguneratzea ikasturtean atzemandako beharren arabera, baita beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eta hurrengo ikasturtearen antolamenduarekin lotutako jarduerak ere.

Urrutiko LHren online modalitatearen zikloetako koordinatzaileek ikasturte bukaerako memoriaren kopia bat igorriko dute Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura 2022ko uztailaren 1a baino lehen.

5. Oro har, ebaluazio bilerak eta klaustroak ezin izanen dira eskola orduetan egin.

2.–Ordutegi orokorra.

1. Ikaskuntza-ingurune birtualean ari diren irakasleen lanaldia, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan eginen da, astelehenetik ostiralera.

2. LHren online modalitatean ematen diren zikloetako irakasle taldeak, kurtsoa ikasgela birtualean hasi baino lehen argitaratu beharko ditu, horretarako dagoen gunean, ikasturtean zehar eginen diren jarduera presentzial guztien programazioa eta egutegia.

3. Egutegia eta ordutegi orokorra, behin onartu eta gero, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko zuzendariaren ardura izanen da horiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio betetzen diren ikuskatzea eta kontrolatzea.

4. Ikastetxe bakoitzaren egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan jarri beharko dira ikusgai, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimenik ematen.

5. Jarraibide hauetan finkatu gabeko alderdi guztietan, jarraituko zaio Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak maiatzaren 14an emandako 48/2021 Ebazpenean orokorrean xedatutakoari, haren bidez onetsi baitziren 2021-2022 ikasturtean eskola-egutegia prestatzeko jarraibideak.

3.–Salbuespenak.

Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark aztertu eta onar edo bazter ditzan.

4.–Tramitazioa.

Lanbide Heziketaren online modalitatearen egutegia ikastetxeak proposatutako eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartutako egutegian sartuko da, bat etorriz Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 48/2021 Ebazpenaren eranskinaren 4. jarraibidean ezarritakoarekin (ebazpen horren bidez onetsi dira 2021-2022 ikasturtean eskola-egutegia prestatzeko jarraibideak).

3. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketa online eginen duten ikasleak onartzeko
eta matrikulatzeko prozesuaren egutegia. 2021-2022 ikasturtea. Bigarren aldia

EPE ARRUNTA:

BIGARREN ALDIA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Inskribatzeko eskaerak jasotzea. (Inskribatzeko epea)

2021eko irailaren 1a

2021eko irailaren 7a (14:00ak arte)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea.

2021eko irailaren 13a

Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea.

2021eko irailaren 13a

2021eko irailaren 15a (14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea.

2021eko irailaren 17a

Ikaspostua lortu duten ikasle onartuen matrikulazioa ikastetxean

2021eko irailaren 20a

2021eko irailaren 23a

IKASPOSTU HUTSEN ESLEIPENA

Ikaspostu hutsak dituzten moduluetan, onartuen zerrendan agertu arren ikasposturik eskuratu ez duten ikasleentzat.

2021eko irailaren 24a

2021eko urriaren 1a

BALIOZKOTZEEN ETA AITORPENEN ESKAERA

Ikaslea matrikulatu den ikastetxean.

2021eko urriaren 1a

2021eko urriaren 29a

LANTOKIKO PRESTAKUNTZA MODULUTIK SALBUETSIA IZATEKO ESKAERA

Lantokiko Prestakuntzan sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleentzat bakarrik.

2021eko urriaren 1a

2021eko urriaren 29a

2022ko apirilaren 18a

2022ko apirilaren 22a

DATA GARRANTZITSUAK

Informazio bilera

Ikastetxe bakoitzak finkatu beharrekoa, 2021eko irailaren 29a baino lehen

Kurtsoko eskolen hasiera

2021eko irailaren 28a

Eskolen bukaera

2022ko maiatzaren 31

Hasierako ebaluazioa

2021eko urria

Azken ebaluazio partziala

Azken eguna: 2022ko maiatzaren 18a

Berreskurapen programa garatzea

Amaierako ebaluazio saioaren aurreko egunera arte

Amaierako ebaluazioa (ikasleei kalifikazioak ematea)

Azken eguna: 2022ko maiatzaren 31

4. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko zikloak ematen dituzten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibide berariazkoak. 2021-2022 ikasturtea

1.–Irakaskuntzak antolatzeko jarraibideak.

1.1. Antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak.

LHko zikloak urrutiko online modalitatean ematen dituzten ikastetxeek, jarraibide hauetan jasota ez dauden alderdi guztiei dagokienez, men egin beharko diote Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolamendua eta funtzionamendua 2021-2022 ikasturtean arautzeko emandako ebazpenean orokorrean ezarritakoari.

1.2. Urrutiko LHren online modalitatearen ezaugarriak.

1. Urrutiko LHren online modaliteko zikloak egiten dira konbinatuz, alde batetik, ikaskuntza-ingurune birtual batean ikasleek eta irakasleek egiten dituzten lan saioak, eta bestetik, ikastetxean bertan egiten diren eskola-saio presentzialak, ikasleentzat nahitaez bertaratzekoak direnak.

Modalitate honetan, lanbide moduluen garapena banakako eta taldekako tutoretza saioetan oinarritzen da. Saio horiek lanbide modulu bakoitzeko irakasleek gidatuko dituzte zuzenean.

2. Ikaskuntza-ingurune birtualean egiten diren lanak eta saioak, besteak beste, honako irakaskuntza lan hauekin bat etor daitezke:

–Banakako tutoretza lanak, non lanbide modulu bakoitzeko irakasleek ikaskuntza prozesuari buruzko orientazio eta dinamizazio lanak, galderak erantzun eta sostengu emateko lanak eginen baitituzte, ikasleak modu autonomoan ikasi ahal izan dezan ikaskuntza-ingurune birtualean eskuragarri dauden material didaktikoak erabiliz.

–Ikasleen arteko elkarlanerako interakzioak eta ikaskuntza kolaboratiboa sustatzeko eta bultzatzeko ekintzak.

–Taldekako tutoretza lanak, saio presentzialekin batera ikasleei aukera emateko modulu bakoitzaren ikaskuntza-helburuak lor ditzaten.

3. Ikastetxean egiten diren saio presentzialak, besteak beste, honako irakaskuntza lan hauekin bat etor daitezke:

–Metodologia aktiboen bidezko lan ekintzak: proposatzen den proiektuaren arabera, saio horiek modulu bakar bat edo gehiago lantzeko izan daitezke.

–Praktika presentzialak egiteko saioak: saio hauen helburua da ikasleek kasuan kasuko lanbide moduluaren ikaskuntza-emaitzei lotutako lantegi praktiko bat egitea.

–Ikasleak egin beharreko ikaskuntza autonomoaren prozesuari sostengu emateko saioak, ikaslea gai izan dadin lanbide moduluaren heziketa helburuak bere kasa gainditzeko. Ikaskuntza-ingurune birtualean egiten diren taldekako tutoretza lanen osagarri dira.

–Ebaluazio proben saio presentzialak. Gutxienez ere bat eginen da kurtso bukaeran.

4. Tutoretza lana prestakuntza prozesuaren osagai garrantzitsuenetako bat da, eta heziketa zikloan aritzen diren irakasle taldeko irakasle guztiek egin beharko dute. Tutoretza lan horren bidez, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena eginen da, eta ikaslearen motibazioa eta ikasleen arteko elkarlana sustatuko dira.

1.3. Urrutiko LHren online modalitatearen antolaketa eta curriculuma.

1. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloen antolaketari esker, ikasleak bere prestakuntza ibilbidea eraikitzen ahalko du, eskaintza modularra egiten baita, kontuan harturik ziklo bakoitzerako izena emateko inprimakian adierazitako ibilbidea.

2. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloen curriculumari dagokionez, kasuan kasuko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma onesten dituen foru dekretuak Nafarroarako ezartzen duen berbera izanen da.

3. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren lanbide moduluen programazio didaktikoetan, behar diren egokitzapenak eginen dira eta alderdi pedagogiko egokiak finkatuko dira, eranskin honen 1.4 jarraibidean xedatutakoarekin bat. Moduluaren programazioan ebaluazio partzialaren eta amaierako ebaluazioaren datak ezarri behar dira. Ikasleei jakinarazi behar zaizkie ikasturtearen hasierako bileran.

1.4. Alderdi pedagogikoak.

1. Nafarroan, urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloen antolaketaren eta garapenaren funtsean dagoen eredu pedagogikoa ikaskuntza-ingurune birtualetan egiten den tutoretza lanean eta ikaslearen lan autonomoan oinarritzen da, saio presentzialekin batera, uztailaren 19ko 122/200 Foru Aginduaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Ikaskuntza-ingurune birtualean egiten diren lanetan eta saioetan eta ikastetxeetako saio presentzialetan eranskin honen 1.2 jarraibidean ezarritakoa bete beharko da.

3. Lanbide modulu batean matrikulatzen den ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, modulu horren irakaskuntzaz eta tutoretza lanaz arduratuko dena. Gainera, ziklo bateko lanbide moduluetan matrikulatzen diren ikasleen talde bakoitzak zikloko irakasle koordinatzaile bat izanen du.

4. Irakasle-tutoreak prestatuko du modulu bakoitzaren programazio didaktikoa, zeinak bilduko baititu, besteak beste, lan multzo bakoitzaren hasiera eta amaiera datak, bai eta ikasleek bete beharreko jarduerak aurkezteko datak ere. Informazio hori ikasleen eskura egon beharko da eskolak hasteko adierazitako egunerako.

Irakasle-tutoreak egiaztatu beharko du ikaskuntza birtualerako Moodle plataforman erabilgarri daudela, eta akatsik gabe, ikasleen eskura jarritako elementuak, lan multzo eta unitate guztietakoak. Irakasle-tutoreak akatsen bat atzemanez gero, berak zuzentzerik ez duena, haren berri emanen dio zikloko koordinatzaileari, hark Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren plataformako administratzaileari jakinarazteko.

5. Dituzten ezaugarriak direla kausa ikastetxean saio presentzialak egitea beharrezkoa duten moduluetako irakasle-tutoreek, ebaluazio saio presentzialez gainera, saio presentzial horiek ere antolatuko dituzte. Saio presentzial horien programazioa eta egutegia moduluaren programazio didaktikoan jasoko dira, ikaskuntza-ingurune birtualean. Informazio hori ikasleen eskura egon beharko da kurtsoa hasteko adierazitako egunerako. Saio presentzialen programazioan zerbait aldatuz gero, modulu bakoitzeko irakasle-tutoreak garaiz jakinarazi beharko die ikasleei ikaskuntzarako plataforma birtualaren bidez.

Ezin izanen dira bi modulu desberdinetako saio presentzialak ordu berean programatu, non saio horiek ez dauden programatuta ukitutako moduluetako ikasleentzat. Salbuespen gisa, saio horiek ordu berean programatzen ahalko dira baldin eta moduluak elkarren osagarri badira, hau da, beharrezkoa bada bietako bat ikasi izana bestea ikasi ahal izateko.

6. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesu osoan zehar egin beharreko jarduera guztiak, hala ikaskuntzarako ingurune birtualean nola modu presentzialean egindakoak, ebaluaziokoak barne, lanbide moduluaren programazioan jasota egon beharko dute, eta hura online LHren Plataforman. Informazio hori kurtsoa hasteko adierazitako egunerako egon beharko da eskuragarri.

Informazio hori antolatuko da halako moduan non ikasleak aukera izanen duen ikusteko, besteak beste, bere ikaskuntza prozesuaren emaitzak, bere kalifikazioak, bidalitako lanak eta irakasle-tutoreak egin dizkion oharrak.

Ez da inoiz ere posta elektroniko partikularra erabiliko lanak igortzeko eta zuzentzeko, ez eta LHren online modalitateko Moodle plataformatik kanpoko bestelako tresnarik ere.

7. Ikasleek kurtso hasieratik izanen dituzte eskuragarri matrikulatuta dauden lanbide moduluko material guztiak. Jarduerak irakasle-tutore bakoitzak ezarritako datetan egin beharko dira.

1.5. Ebaluazioa.

1. Urrutiko LHren online modalitateko ikasleen ebaluazioari, kalifikazioari, ziurtapenei eta titulazioari buruzko guztian, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren azaroaren 2ko 121/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, izan ere, foru agindu horren bidez garatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena arautzen duen martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren zenbait alderdi. Ebazpen horretan zehaztuta ez dagoen guztirako, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloen ebaluazioa arautzen duen martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren irakaskuntzek ohiko modalitate orokorrean ematen diren irakaskuntzen ondorio akademiko berberak izanen dituzte.

3. Irakasle-tutorea arduratuko da ematen duen moduluari dagokion kalifikazio-liburua antolatzeaz eta kudeatzeaz ikasgela birtualean. Kalifikazio-liburuan zehaztuko dira ebaluazio elementuak, programazio didaktikoan planteatutako ponderazioaren arabera. Ikasleek kontsulta ditzakete urrutiko LHren plataforman elementu ebaluagarrietan lortutako kalifikazioak.

4. Urrian irakasle taldeak hasierako ebaluazio saio bat eginen du urrutiko lanbide heziketaren modalitatean matrikulatutako ikasleen jatorria aztertzeko, baita moduluak egin behar dituzten ikasleen kopurua eta onartutako aitorpenak eta baliozkotzeak dituztenen kopurua ere jakiteko. Saio horretan, besteak beste, ikasturtearen hasieran antzemandako arazoak eta horien konponbideak bateratuko dira, eta plataforman komunikatzeko jarraibideak zehaztuko dira.

5. Horrez gainera, azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenean ezarritako ebaluazio partzialeko saioak egin beharko dira.

Lanbide modulu bakoitzean ikasleei jarritako kalifikazio partzialak urrutiko Lanbide Heziketaren plataforman erregistratu beharko dira, baita EDUCA kudeaketa akademikorako sisteman ere. Erregistroa eskuratu eta hurrengo 3 egunetan egin beharko da.

Horrez gain, ebaluazio partzialeko saio horietan, zikloa koordinatzeko zereginekin lotutako lanak eginen dira, hauei buruzkoak: ikasleen bilakaera aztertzea, baita kurtsoan zehar plataforman proposatutako materialekin eta jarduerekin gertatu diren arazoak ere, eta konponbideak proposatuko dira. Saio horien helburua da baloratzea proposatutako lan motak, prozedurak eta urrutiko LHren plataforman irakasleak eta ikasleak egiten ari diren jarduerak, hobetzeko irizpide komunak hartzeko asmoz.

6. Ebaluazio partzialeko saio bakoitzerako, ebaluazio jarduera presentzialak ezartzen ahalko dira. Lanbide modulu bakoitzerako, amaierako ebaluazio jarduera presentzialak ezarri beharko dira. Amaierako ebaluazio jarduera horiek nahitaezkoak dira ikasle guztientzat. Presentzialak izanen dira eta ikastetxean bertan eginen dira, azken kalifikazioak ebazpen honexetan adierazitako egunetan ematea posible eginen duten egunetan, ikastetxe bakoitzean ezarritako kontingentzia planaren arabera.

1.6. Programazio didaktikoa. Irakaskuntza plana. Gida didaktikoak.

1. Lanbide Heziketa online modalitatean irakasten duten irakasleek, kurtsoa hasi baino lehen, kasuan kasuko modulu(ar)en programazioa jarri beharko dute plataforman. Programazio horrek bildu beharko ditu ebazpen honen oinarrietan adierazitako gaiak eta, halaber, aplikatzekoa den legerian ezarritakoak.

2. Irakasleek lanbide moduluaren irakaskuntza plan bat jarri beharko dute ikasleen eskura, Moodle plataforman kurtsoaren amaierako saiorako ezarritako eguna baino lehen jarriz.

3. Irakaskuntza planak atal hauek jasoko ditu gutxienez:

–Lanbide moduluaren aurkezpena: Lanbide moduluaren deskribapena, bai eta heziketa zikloko curriculumaren gainerako lanbide moduluekin duen harremanarena ere.

–Lanbide moduluari esker lortzen diren gaitasunak (profesionalak, pertsonalak eta sozialak) eta lanbide moduluarekin lotuta dauden gaitasun unitateak, baldin badaude.

–Lanbide moduluaren edukiak.

–Metodologia eta tutore lana.

–Ebaluazio prozesua.

–Irakaskuntza-ikaskuntza jardueren egutegia. Ikaskuntza-ingurune birtualeko jarduerak, Moodle plataforma. Jarduera presentzialak.

–Ikaskuntzarako baliabideak eta materiala. Gomendatutako webgrafia eta bibliografia.

Gida didaktiko hau Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak zehazten dituen jarraibideekin eta ereduarekin bat eginen da.

4. Irakasleek, ikasleek kurtsoa hasi aurretik, egin edo eguneratu beharko dute kurtsoan bete beharreko jardueren gida didaktikoa online LHren Moodle plataformaren bidez.

1.7. Material didaktikoak.

1. Modalitate honetan irakasten duten irakasleek Nafarroako online LHren Moodle plataforman dauden berariazko material didaktikoak eta jardueren proposamenak erabiliko dituzte.

2. Horiez gainera, irakasleek material lagungarria prestatzen ahalko dute curriculum-edukien alderdi jakin batzuk eguneratu, zabaldu edo hobetzeko. Irakasleek materiala prestatuz gero, irizpide hauek erabili beharko dira:

a) Kurtsoko egitura mantendu beharko da.

b) Materiala norberak sortutakoa izan beharko da, eta/edo hezkuntza helburuetarako libreki erabiltzeko lizentziarekin.

3. Hauxe da material lagungarri horiek online LHren plataforman dagokion moduluan argitaratzeko baimena lortzeko prozedura:

–Irakasleek materialen kopia bat eman beharko diote online heziketa zikloaren koordinatzaileari.

–Online heziketa zikloaren koordinatzaileak Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalera igorriko ditu materialak, hark azter ditzan, atal horrek ezartzen duenarekin bat.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak, materialak aztertu ondoren, erabakiko du ontzat hartzen duen ala ez online LHren plataforman argitaratzea. Erabakia online heziketa zikloaren koordinatzaileari jakinaraziko dio, horrek, bere aldetik, behar diren irakasleei jakinarazteko.

4. Lanbide moduluaren irakasleak zuzendu beharko ditu irakasleek plataformako materialean atzematen dituzten akatsak, hala nola ongi ez dabiltzan estekak, bideo zaharkituak, araudi aldatua....

Akatsak edukietan baldin badaude (scrom eta/edo inprimitzeko bertsioa), irakasleak koordinatzaileari jakinaraziko dio, eta horrek eskatuko dizkie jatorriko artxiboak (.elp) online LHren Moodle plataformaren administratzaileei. Ikastetxean artxibo horiek aldatu eta zuzendutako material berriak sortu ondoren, zikloaren koordinatzaileak online LHren Moodle plataformaren administratzaileei bidaliko dizkie, plataformara igo ditzaten eta bertan gordeta gera daitezen hurrengo kurtsoetarako.

5. Online heziketa zikloaren koordinatzailearen eginkizuna da, besteak beste, sustatzea online modalitateko irakasleek plataformarako material didaktiko berriak presta ditzatela, bai eta dauden edukiak egokitzea eta eguneratzea ere.

1.8. Hasierako saio presentziala.

1. Heziketa ziklo bakoitzerako, ikastetxe bakoitzak saio presentzial bat eginen du kurtsoko eskolak hasi aurretik; saio horretara joatea borondatezkoa da ikasleentzat, eta matrikula egiteko unean adieraziko da zer egunetan eta ordutan izanen den, baita ikastetxearen webgunearen bitartez ere. Saio hori modu telematikoan edo mistoan egiten ahalko da.

2. Online heziketa zikloko koordinatzaileak gidatuko du saioa, online zikloan aritzen diren irakasle taldeko gainerako irakasleekin eta, gutxienez, zuzendaritza taldeko ordezkari batekin.

3. Hasierako saioaren helburua da kurtsoa hasi aurretik ikasleen zalantzak argitzea eta argibideak ematea alderdi hauen gainean: zikloaren egutegia, jarduera presentzialak, tutoretza orduak, proba presentzialak, metodologia, ebaluazioaren ezaugarriak, moduluen baliozkotze-aitorpenak eta salbuesteak egiteko aukerak eta, oro har, kurtsoaren funtzionamendu orokorra. Hasierako saio honen funtsezko zati bat ikaskuntza-plataforma birtualaren funtzionamenduari buruzko argibideak emateko izanen da.

1.9. Nafarroako online LH modalitatearen kalitatea.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusia 2021-2022 ikasturtean hasiko da Nafarroako online LH modalitatearen kalitate adierazle batzuk sustatzen eta egokitzen, online LH prestakuntza garatu, kudeaketa eta emateko prozesu guztiak aintzat hartuz. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak zuzentzen du lan hori.

Kalitate adierazleen ezarpena arlo hauetan hasiko da, besteak beste:

–Online LH modalitatearen informazioa eta antolaketa.

–Online LHren ikasleentzako orientabideak.

–Edukien kalitatea.

–Online LHren metodologiaren diseinua.

–Ikaskuntzarako ingurune birtualaren bitartekoen diseinua.

–Sistema teknologikoaren diseinua.

–Online LH modalitateko ebaluazio sistema.

Koordinazio bileretan, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak emanen du 2021-2022 ikasturterako lan gidalerro eta arloen berri.

2.–Irakasleentzako jarraibideak.

2.1. Irakasleak.

1. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloetan irakatsiko duten irakasleak kasuan kasuko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma arautzen dituzten foru dekretuetan ezarritakoak izanen dira.

2. Lanbide modulu bakoitzean irakasleek urrutiko LHren online modalitateko ikasleei arreta emateko eta irakasle lanetan bete beharreko ordu kopurua modalitate presentzialerako orokorrean finkatutako bera izanen da, betiere kontuan hartuta, online modalitatean, oro har, 40 lagunek osatzen dutela modulu bakoitzeko ikasle taldea. Moduluren batean berrogei ikasle baino gutxiago matrikulatuz gero, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du irakasleek esleiturik daukaten ordu kopurua egokitzea.

2.2. Irakasleen ordutegia.

1. Irakasleei urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatearen eremuan eginkizunak betetzeko esleitzen zaizkien orduak beren eskola-ordutegiaren parte izanen dira, eta, horrenbestez, nahitaezkoa izanen dute ordu horietan ikastetxean egotea, eta EDUCA hezkuntza kudeaketarako programan jasoko dira.

2. Irakasleek modulu bakoitzean dituzten eskola-orduak ikasgela birtualean zuzeneko irakaslana egiteko orduak eta modu presentzialean zuzeneko irakaslana egiteko orduak izanen dira, eta eranskin honen 1.2 jarraibidean adierazitako ekintzetan erabiliko dira. Saio presentzialetan egin beharreko ekintzetatik bat bederen ikasleentzako banakako tutore lanetarako erabiliko da. Saio horietara joatea borondatezkoa izanen da ikasleentzat. Saio horren ordutegia ikasgela birtualean argitaratu beharko da, eta kurtsoaren hasierako saioan ikasleei jakinarazi beharko zaie.

3. Hezkuntza Departamentuak erabakitzen badu gutxieneko matrikula kopurura (15 lagun) iritsi ez den modulu bat ematea, modulu horretaz arduratzen den irakasle taldeari esleituriko ordu kopurua egokitzen ahalko da matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera.

2.3. Ordutegi osagarria: koordinazio saioetarako erreserba.

Urrutiko LHren online modalitateko irakasleen lanaldian ordu batzuk erreserbatu beharko dira honako lan hauetarako:

–Irakasle taldeek koordinazio horizontaleko saioak egiteko, ebaluazio saioez gain.

Saio horietan, ikasleei arreta emateko eta haien jarraipena egiteko irizpideak zehaztu eta bateratuko dira, eta, orobat, materialak sortu eta hobetzeko, kurtsoen formatuaren gainean edo online zikloa garatu eta antolatzeko garrantzitsua den beste edozein alderdiri buruz. Online heziketa zikloaren koordinatzaileak gidatuko ditu saio horiek. Hari dagokio, halaber, bilera horien akta egitea eta zikloko azken memoria prestatzea, Nafarroako online Lanbide Heziketaren plataforman utzi beharko dena.

–Irakasle taldeak koordinazio saioak egiteko, proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzaren metodologia aplikatzearren.

Prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasle taldeak koordinatzeko saio horietarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, ikastetxeko zuzendariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.

2.4. Urrutiko LHren online modaliteko irakasleen jarduna kurtsoaren hasieratik eskolak hasi bitartean.

Ikasleek kurtsoa hasi arte, urrutiko LHren online modalitateko irakasleek murriztuta dituzten eskola-orduak lan hauetarako erabiliko dituzte, moduluko programazioa egiteaz gain:

–Ikaslegaiek aurkeztutako lan esperientzia frogatzen duten agiriak eta beste edozein dokumentazio aztertzeaz arduratzen den batzordean parte hartzea, eta hartutako erabakiak eta zehaztapenak erregistratzea onarpena kudeatzen duen aplikazio informatikoan.

–Lanbide moduluaren irakaskuntza plana eta jardueren gida didaktikoak prestatzea.

2.5. Urrutiko LHren online modalitateko irakasleei sostengu emateko neurriak.

1. Hezkuntza Departamentuak irakasleentzako prestakuntza jardueren eskaintza bat eginen du, ikastetxeek egiten duten eskariaren araberakoa eta urrutiko LHren online modalitate honen beharren araberakoa.

2. Irakasleen etengabeko prestakuntzarako jarduera hauen helburua izanen da irakaslana hobetzea urrutiko LHren online modalitatean, betiere ikasleen errendimendua hobetzeko eta haien garapen pertsonalean eta sozialean laguntzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak, gainera, hezkuntza arloko ikerketa, esperimentazioa eta berrikuntza bultzatuko ditu, batez ere urrutiko LHren online modalitatera egokitutako curriculum-materiala garatzeari dagokionez.

4. Hezkuntza Departamentuak, azkenik, curriculuma garatzeko materialak prestatzea sustatuko du, irakasleei laguntzekoak, bereziki LHren online modalitate honetarako direnak. Horretarako, online LH plataformaren administratzaileek irakasleak matrikulatuko dituzte plataforma horretan egonen den ikastaro honetan: “Online LHko irakasleentzako laguntza ikastaroa”. Ikastaro horretan edukien akatsak aldatzen laguntzeko materiala egonen da, eta online irakaskuntzarako prestakuntza.

2.6. Ikastetxeen eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren arteko koordinazioa.

1. Online heziketa zikloaren koordinatzaileari eta ikastetxeko zuzendariari edo hark eskuordetutako zuzendaritza taldeko kideari dagokie Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekin hitz egin eta komunikatzea, urrutiko LHren online modalitatean heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxe guztiak koordinatzearren.

2. Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Ataleko langileek eta, aurreko apartatuan azaldu bezala, ikastetxe bakoitzeko irakasleek osatuko dute Urrutiko LHren online modalitatearen koordinazio taldea. Taldea zuzentzea Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalaren eskumena izanen da.

3. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak koordinazio taldearen aldian behingo bileretarako deiak eginen ditu, besteak beste, urrutiko LHren online modalitatearen antolaketarako eta funtzionamendurako irizpide orokorrak ezartzeko eta modalitate horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

5. eranskina.–Lantokiko prestakuntza modulutik salbuesteko eskaera.

6. eranskina.–Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko eskaeraren ebazpena.

7. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroako Lanbide Heziketako online modalitatean matrikulatzearekin bateraezintasun-egoerarik ez izateari buruzkoa. 2021-2022 ikasturtea.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2112269