202. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

253E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, ofizioz berrikusten duena Artaxoako udal-mugartean ongarriak eta konposatu nitrogenatuak fabrikatzeko eta saltzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Ecofert Sansoain SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 11ko 6E/2016 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 22ko 73E/2021 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019ko abuztuaren 6an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko teknikariek ikuskapena egin zuten instalazioan. Zenbait hutsune atzeman zituzten instalazioaren funtzionamenduan, eta ondorioz, beharrezkoa da ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikustea.

Zehazki, egiaztatu zen gaika bildutako materia organikoaren hondakinetan plastiko eta gai desegoki ugari dagoela; horrek zaildu egiten du prozesatzea, bahetze-lana areagotzera behartzen du, konposta egiteko balio ez duten hondakin gehiago sortzen du, eta, plastiko, material hegalari, ontzi eta bestelako hondakinen kantitate handia egoteak askotariko arazoak sortzen ditu.

Hondakin horiek aurretratamendua beharko luketen arren, kudeatzailearen ardura da baldintzak betetzen ez dituzten eta kudeaketa prozesuan arazoak sortzen ahal dituzten hondakinak baztertzea; hortaz, bidezkoa da muga batzuk ezartzea gai honi dagokionez.

Funtzionamendurako baldintza berriak bat datoz instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4. artikuluaren e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

Ebazten dut:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Artaxoako udal-mugartean dagoen ongarriak eta konposatu nitrogenatuak fabrikatzeko eta saltzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Ecofert Sansoain SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau Ecofert Sansoain SLri eta Artaxoako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2112438