201. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 01:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan biltzen ahal zen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena zuten taldeak, aldatzen zen foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egun jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko zirkulazioa mugatzea (baina ez galaraztea) asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunetan, udalerri jakin batzuetan, hots, 14 eta 7 egunean neurtutako intzidentzia metatuaren balioak muturreko arrisku egoeran zituzten udalerrietan (arrisku oso handia, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren dokumentuan).

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Azkenik, abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduaren bidez, abuztuaren 12ra arte luzatu zen (egun hori barne) ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Horrez gain, aldatu ere egin zen gaueko zirkulazioa mugatzeko neurria (egun eta ordu jakin batzuetan) aplikatzekoa zaien udalerrien zerrenda. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abuztuaren 4ko 113/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 29/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia, abuztuaren 19ra arte, egun hori barne, eta aldatu egin zen udalerrien zerrenda. Era berean, aldaketa puntual batzuk egin ziren kirolaren arloan, kirol instalazioen erabilerari dagokionez, eta zezen-ikuskizunen arloan. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2021eko abuztuaren 12ko 114/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 18ko 30/2021 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen atalaren 40. puntuko indarraldia abuztuaren 26ra arte luzatu zen, egun hori barne, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimena eman zuen, abuztuaren 18ko 115/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2021eko abuztuaren 23ko txostenaren arabera, 7 egunean metatutako intzidentzia-tasa behera doa poliki-poliki. Abuztuaren 22an, 144,96 kasu berrikoa da 100.000 biztanleko, eta horrek esan nahi du oraindik ere arrisku oso handian edo muturreko arriskuan gaudela (125 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko). Ratioa 2,51koa da. 12 urte arteko taldeko intzidentzia Estatuko altuenetako bat da oraindik. Aldiz, intzidentziaren postu erlatiboa, gainerako adin-tarteetan, eta gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuz, jaisten doa. Intentsitate ertaineko zirkulazio epidemikoko egoeran jarraitzen dugu, eta intzidentziek, poliki-poliki, beherantz jarraitzen dute. Azken astean, intzidentzia150 kasu/egun baino gutxiago izan da, batez beste.

Positibotasuna gutxituz doa, eta %9,4ra iristen da, %10,6 izanik antigenoen test azkarretan eta %8,8 PCRn. Arrisku-maila, oro har, ertaina da, bosgarren olatu hau hasi aurretik nahi zen %5etik gora, hala ere.

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren %75,2k dosi bat dauka jadanik, eta %67,3k pauta osoa. Ahalegin handia egiten ari da 60-69 urte bitartekoen txertaketa osatzeko: dagoeneko, %95,4k dosi bat jarrita dauka, eta %93,3k pauta osoa. Adin-tarte horrek arrisku handia du koronabirusak eragindako infekzioa dela-eta konplikazioak izateko. Aurrera doa, orobat, 30-39 urtekoen eta 20-29 urtekoen txertaketa (hurrenez hurren, %69,2k eta %52k pauta osoa hartu dute), eta 12-15 urtekoen taldean ia %64,7k dosi bat hartu du, pauta osoa %15ek baizik hartu ez duen arren.

Une honetan, epe laburreko helburua da 14 eta 7 egunerako intzidentzia metatua jaistea, 100.000 biztanleko 250 eta 125 kasutik behera uzteko, hurrenez hurren, arrisku-maila oso handia edo muturrekoa atzean uzteko. ZIUetako okupazioari dagokionez, oso garrantzitsua da ZIUn dauden pazienteen kopurua 20tik beherakoa izatea.

Horiek horrela, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da gaur egungo neurri murriztaile horiei guztiei eustea, barnean dela gauez zirkulatzeko ordutegia mugatzea 01:00etik 06:00etara, intzidentzia metatua arrisku handikoa den udalerrietan, intzidentziak gaur egungo beheranzko joerari jarrai diezaion, bosgarren uhina hasi aurreko oinarrizko egoerara iritsi arte, ospitaleen okupazioa jaisteko. Neurri horietariko edozein kentzeak, abuztua bezalako hilabete batean, berekin ekar dezake oreka hori eta beheranzko joera haustea; izan ere, mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoia dugu hilabete hau, hilabete honetan izaten baitira jaiegun eta oporraldi gehienak. Bestalde, komenigarria da ahalik eta baldintzarik onenetan iristea heldu den ikasturtearen hasierara.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenaren arabera, ospitaleratzeen jaitsiera kasuen jaitsiera baino astiroago doa, eta horregatik ospitale sistemaren gaineko presioa lehen bezain altua da. Horrek esan nahi du infekzio gutxiago gertatzen ari direla, baina arrisku handiagoko kolektiboetan, eta afekzioa larriagoa dela; eta horren ondorioz, ospitaleratzeak beharrezkoak dira. Abuztuaren 23an, ospitaleratuak dauden 92 pertsonatatik 31 zainketa intentsiboetako unitateetan artatzen ari dira, hau da ospitaleratutako hirutik bat. Zainketa intentsiboetako 76 ohe aktiboetatik, 31tan SARS-CoV-2k eragindako pazienteak daude, arrisku oso handiaren adierazlea den %40tik gora. Zainketa intentsiboetako unitateetako batez besteko egonaldiak adierazten digu 2-3 astez ZIU okupatzeko arriskua handia izanen dela, eta osasun-sistemaren erantzun-gaitasuna arriskuan jarriko dela.

Adin handiagoko kolektiboen eraginak SARS-CoV-2k kutsatutako hildakoen kopurua handitu du ospitaleetan, 9raino. Nahiz eta txertorik hartu ez duen biztanleriaren ehunekoa gero eta txikiagoa izan, kolektibo horrek arrisku esanguratsua du SARS-CoV-2k eragindako infekzio larria izateko, zainketa intentsiboetako unitateetan artatzeko modukoa. Txertorik hartu ez izanak, ukitutakoen adina handiagoa izateak eta Delta aldaerak (zeina baita atzemandako kasuen %97tan agertzen dena) ekarri dute ospitaleratzeak behar dituzten pertsonen proportzioa handiagoa izatea, eta zainketa intentsiboetako unitateetan tratatu behar izatearen probabilitatea handia izatea.

Birusaren hedapenean eragin handia duten gertakarien errepikapenak gertatzen dira oraindik ere, eremu soziosanitarioan, sozialean edo lanekoan. Hurrengo asteak mugikortasun handiko eta arrisku handiko aldiak dira oraindik, jaiegunei eta bestelako ospakizunei lotuak, baita sasoiari loturiko lan-jarduerei ere.

Birusak mundu mailan duen zirkulazio maila ikusita, txertoek edo aldez aurreko infekzioak ematen duten babesa hondatzen ahal duen aldaera bat agertzea arrisku erreala da.

Eboluzioan eta aurreikuspenetan hobetu da, baina hobekuntza horretarako baldintza da neurriak indarrean jarraitzea komunitatean, eta jendeak neurriak betetzea. Hori horrela, kasuen jaitsiera nabarmenagoa gertatzen ez den artean, eta osasun sistemaren gaineko presioa arintzen ez den artean (ZIUetan, batez ere), beharrezkoa da prebentzio neurri komunitarioei eustea, batez ere arriskurik handieneko kolektibo, testuinguru eta inguruetan. Horrela lortuko dugu txertaketak erdiestea biztanleria guztia babesteko atalase-maila, zeina, ikusirik Delta aldaeraren kutsakortasuna, gorantz berraztertzen ari baita.

Txosten teknikoak ikusirik, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da gaueko ordutegiaren muga mantentzea, 01:00etik 06:00etara, ezarritako irizpideak betetzen dituzten udalerrietan, intzidentzia orokorrak gaur egungo beheranzko joerari jarrai diezaion, bosgarren olatua hasi aurreko oinarrizko egoerara iritsi arte. Neurrietariko edozein kentzeak, abuztua bezalako hilabete batean, berekin ekar dezake oreka hori eta hasitako beheranzko joera haustea; izan ere, mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoian gaude, hilabete honetan izaten baitira jaiegun eta oporraldi gehienak.

Gainera, neurri hori mantendu beharra dago, batez ere, garai honetan mugikortasun eta interakzio sozial handia dagoelako, eta Nafarroan, oro har, intzidentzia-tasa altuak daudelako, eta horrek ondorioak dituelako ospitaleetan.

Egiaztatu denez, kutsatzeak eta agerraldi superkutsatzaileak eragin ditzakeen interakzio sozialari eusteko neurririk eraginkorrena izan da kasu jakin batzuetan gaueko zirkulazioa murriztea, eta, horrekin batera, ostalaritzako ordutegiak mugatzea eta eremu publikoan elkar daitezkeen taldeak murriztea.

Orain luzatzen den erabakia neurrizkoa da; izan ere, modu selektiboan aplikatzen da, hots, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuko baldintzak betetzen dituzten udalerrietan baizik ez da aplikatzen, egun eta ordutegi jakin batzuetan, behin egiaztaturik lehenago hartutako neurriak ez direla aski agerraldiei eusteko, eta zirkulazioa murrizteko neurria eraginkorra izan dela aurreko beste olatu batzuetan. Foru aginduaren eranskinean jasotako udalerri horiek arrisku oso handiko intzidentzia metatuak dituzte, behera egin beharko luketenak muturreko arriskutik aterako badira, eta, gainera, departamentuak emandako datuen arabera, oraindik ez dute behar adinako txertaketa estaldurarik, zeina, orain, Delta aldaerarekin, %80 eta %90 bitartekoa baita. Gainera, heldu den astean, herri horietatik hamabitan herriko “ez-festen” garaia da, eta hori arrisku-faktore gehigarri bat da kutsatzeak ugaltzeko, batez ere gazteen artean, kolektibo hori baita une honetan txertaketaren estaldura txikiena duena.

Neurria indarrean mantentzearekin, gainera, jarduera ekonomikoaren interesak eta pandemiaren kontrola uztartu nahi dira; izan ere, neurri honek jarduera ekonomikoa egunez irekita egotea ahalbidetzen du, gau berandura arte, eta horrela saihesten da gizartean eta ekonomian eragin handiagoa izanen luketen beste neurri murriztaileago batzuk hartzea.

Neurri horiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Beraz, bidezkoa da 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuaren indarraldia luzatzea eta, horrenbestez, jendearen zirkulazio askatasuna mugatzea gauez eta foru agindu honen eranskinean agertzen diren udalerrietan, goian adierazi denaren ildotik.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea 2021eko irailaren 2ra arte, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren eta gerora egin zaizkion aldaketen indarraldia, baldintza berberetan. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den udalerrien zerrenda, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 18ko 30/2021 Foru Aginduaren bidez sartu zena. Udalerri horiek dira foru agindu honetan ezarritako irizpideak betetzen dituztenak, eta, beraz, gaueko zirkulazioa foru agindu honen 40. puntuan ezarri bezala murrizteko neurria udalerri horietan aplikatuko da.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; eta igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2021eko abuztuaren 27ko 00:00etan hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 24an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINA

COVID-19ak eragindako muturreko arrisku-egoeran dauden udalerrien zerrenda, abuztuaren 23an eguneratua

UDALERRIA

14 EGUNEAN METATUTAKO INTZIDENTZIA

7 EGUNEAN METATUTAKO INTZIDENTZIA

Aberin

1.392,757

557,103

Altsasu

470,240

214,967

Andosilla

510,390

182,282

Añorbe

860,585

688,468

Arano

862,068

862,068

Arantza

1.507,537

167,504

Arguedas

572,183

308,098

Armañantzas

1.886,792

1.886,792

Azagra

1.066,874

338,277

Barillas

1.869,158

467,289

Bera

776,231

214,132

Berriozar

345,290

172,645

Betelu

1.092,896

546,448

Burlata

413,699

198,994

Cadreita

509,164

458,248

Cárcar

374,181

280,636

Cascante

957,556

491,718

Corella

263,455

213,273

Lizarra

369,297

166,545

Etxarri Aranatz

724,929

281,917

Ezkabarte

387,811

332,409

Faltzes

431,965

172,786

Fustiñana

1.044,176

200,803

Goizueta

1.278,409

994,318

Girgillao

1.282,051

1.282,051

Uharte

478,805

211,237

Iturmendi

1.488,833

496,277

Lekunberri

976,562

260,416

Lesaka

364,830

145,932

Lodosa

394,518

186,877

Irunberri

455,235

227,617

Luzaide

607,902

303,951

Mélida

545,702

136,425

Milagro

322,014

204,918

Murchante

601,829

264,805

Murieta

597,014

597,014

Oiz

775,193

775,193

Olaibar

529,100

264,550

Pitillas

826,446

826,446

Gares

915,492

211,267

Ribaforada

320,000

186,666

Jaitz

1.834,862

1.834,862

San Adrián

365,543

174,825

San Martin Unx

1.275,510

765,306

Sorlada

7.017,543

1.754,385

Sunbilla

296,296

148,148

Tebas-Muru Artederreta

495,049

165,016

Torres del Río

3.174,603

793,650

Tutera

515,748

195,818

Eguesibar

265,051

127,792

Viana

688,999

166,310

Atarrabia

254,802

127,401

Zizur Nagusia

389,418

161,138

Zugarramurdi

1.826,484

913,242

Iragarkiaren kodea: F2112881