200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Lizentzien etendura lurzoru urbanizaezinean, eguzki-planta fotovoltaikoen instalazioetarako, instalazio fotovoltaikoetarako oro har, eta instalazio eolikoetarako (haize-sorgailuak)

Itzako Udalak, 2021eko abuztuaren 20an egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik udal zerbitzu teknikoek egindako txosten tekniko eta juridikoak, hizpide dutenak eguzki-planta fotovoltaikoak eta instalazio eolikoak arautzea Itzako udal planeamenduan.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Udalak, hirigintza planak hasiera batez onesteko eskumena duen administrazioa den aldetik, ahalmena du urtebetez eteteko partzelazio, eraikitze, eraiste edo bestelako erabileretarako lizentziak, horien eraketa edo berritzea aztertzearren.

Kontuan hartuz Nafarroako Gobernuko Sustapeneko kontseilariaren urriaren 10eko 58/2012 Foru Aginduaren bidez onetsitako Udal Planean (araudia 2002ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 23an) ez dagoela araututa bateragarria ote den edo ez bertako lurzoru urbanizaezinean jartzea energia berriztagarrien plantak/instalazioak (fotovoltaikoak edo antzekoak) eta energia eolikokoak. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak. Beraz, lizentzien etendura da Udalak eskura duen figura juridikoa arretaz aztertzeko horrelako instalazioak eta horiek jartzeko (edo ez jartzeko) baldintzak, arauak aldatuz.

Bozketa eginik, aldeko zortzi botorekin, erabakitzen da:

1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluarekin bat, dekretatzea eten egiten direla Itzako lurzoru urbanizaezinean azpiegitura eta instalazio fotovoltaiko eta eoliko berriak ezartzeko edo exekutatzeko lizentziak, salbu lehendik dauden eraikinen estalkietan eta autokontsumorako direnak, zenbait alderdi aztertu nahi dira-eta: lurraldea, ingurumen, etnografia, konektibitate ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten eragina eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinaren barnean, eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako, hain zuzen, aldaketa bat izapidetu beharko da Planean.

2. Ezartzea etendurak iraunen duela Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denboran, aldaketa hori aztertzeko, eratzeko eta izapidetzeko behar den epean, alegia, gehienez urtebetez (goian adierazitako testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita lurzoru urbanizaezina egoki arautzea. Epe horretan hasierako onespena ematen bazaio planari, etendura mantenduko da planeamenduko determinazio berrien ondorioz hirigintza-antolamendua aldatzen duten eremuetan, eta etendura horren ondorioak behin betiko iraungiko dira bi urte pasatzen direnean planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik. Baldin hasierako onespena urtebeteko epea pasa ondoren gertatzen bada, hasierako onespen horretatik heldu den etendurak ere gehienez urtebeteko iraupena izanen du.

3. Agintzea lizentziak emateko prozeduraren etendura, eta erabaki hau jakinaraztea, hartu baino lehenago lizentzia eskaera egina duten guztiei.

4. Erabaki hau Itzako Udalerriko kontzejuei jakinaraztea, izan ditzan 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.5 artikuluan ezarritako ondorioak, eta xedatzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Itzan, 2021eko abuztuaren 20an.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

Iragarkiaren kodea: L2112809