200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Bideokamerak instalatu eta erabiltzeko baimena, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko

Faltzesko Udalak, Datuak Babesteko Udal Planaren barnean (472/2021 espedientea), baimendu du irudiak erreproduzitzeko ahalmena duten bideokamerak instalatu eta erabiltzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, Alkatetzaren abuztuaren 5eko 250/2021 Ebazpenaren bidez.

Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 96. artikuluan ezarritako ondorioetarako, agintzen da ebazpen horren testua osorik argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aurrekariak:

Faltzesko herrigunearen barnean ibilgailuen zirkulazio handia dago. Udalaren aburuz, egoera hori dela eta, batzuetan zirkulatzen den abiadura eta zenbait kaleren estutasuna ere aintzat harturik, ez dira nahikoak erregulatzeko eta kontrol presentziala egiteko ohiko moduak; hala bada, beharrezkoa da laguntza teknologikoa gehitzea trafikoa zaindu, kontrolatu eta erregulatzeko eginkizunetarako. Horregatik, Faltzesko Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

Inguruabar juridikoak:

Lehenbizikoa.–Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez: “Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa erregulatzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bidez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz xedaturik dagoena Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua Arautzeko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (gaur egun DBLO) eta Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan, lege honetan haiek erabiltzeko ezarritako printzipioei jarraikiz”.

Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko erregelamendua, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea):

–4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira bideokamerak eta irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko.

–Trafikoa erregulatzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera.

–Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak jasoko du zer bide publikotan edo bide tartetan hartuko diren irudiak, oro har identifikatuta, zer neurri ezarriko diren grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta zer organo arduratuko den haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake ezarri nahi den sistemak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauek betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Horiek horrela, eta indarrean dagoen araudiak ematen dizkidan eskudantziak baliatuz, ebazten dut:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzeko ahalmena duten bideokamerak instalatu eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez, hain zuzen ere, honako toki hauetan:

HELBIDEA

KOKALEKUA

KOPURUA

Cruz plaza, 2 (ospitalearen parean)

Bide publikoa

Bi

Ramón y Cajal kalea (gizarte-etxea)

Eraikina (fatxada)

Bi

Progreso kalea, 8 (museo-etxea)

Bide publikoa

Bat

Mota kalea (udal igerilekuen perimetroa)

Instalazioen itxitura

Hiru

Caballeros kalea, 3

Fatxada/semaforoa

Bat

Kale Nagusia-San Jose kalea (bidegurutzea)

Eraikinaren fatxada

Bat

Foru plaza, 11 (udaletxea)

Eraikinaren fatxada

Bi

Kale Nagusia-Jesús Elorz kalea (bidegurutzea)

Fatxada (semaforoa)

Bat

Echarri kalea (Foru plazako sarrera)

Fatxada (semaforoa)

Bat

Kale Nagusia, 19

Fatxada

Bat

“Doña Alvara Álvarez” ikastetxe publikoa

Ikastetxearen perimetroa

Bi

Mota kalea, 14 (ikastetxe publikoaren parean)

Bide publikoa

Bi

Fausta Elorz kalea, 18 (kirol anitzetarako eraikina)

Bide publikoa

Bat

Salvador etorbidea, 112 (udal biltegia)

Eraikinaren fatxada

Bat

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko badela bideozaintza sistema bat trafikoa kontrolatzeko helburuarekin.

Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, bai eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian ere: https://falces.sedelectronica.es/transparency.

Tratamenduaren jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Faltzesko Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu-jarduna. Tratamendu jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatzen ahal da.

Datuen babeserako ordezkaria. Faltzesko Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean. Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpd@falces.org helbide elektronikoan edo posta bidez, udaletxearen helbidean (Foru plaza 11, 31370 Faltzes).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisia eginen du, behar diren neurri teknikoak eta antolaketa neurriak ezartzeko; irudien segurtasuna bermatzeko; suntsitzea, galtzea edo ezustean edo bidegabeki aldatzea saihesteko; edo baimenik gabe sartu edo jakinaraztea ekiditeko.

Hirugarrena.–Alkatea edo berak eskuordetza emaniko pertsona arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Argitalpena. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Bosgarrena.–Indarra hartzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Seigarrena.–Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta errekurtso hauek aurkezten ahalko dira haren aurka:

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Aldez aurretik, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hala ere, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela

Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita.

Faltzesen, 2021eko abuztuaren 5ean.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

Iragarkiaren kodea: L2112291