200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

796E/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena “Pentsu konposatuen lantegia Tafallan” izeneko proiektuari buruz. Navarpienso SL da sustatzailea.

2021eko martxoaren 15ean Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraz dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatuarekin bat.

Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2.b) taldean jasotzen denetakoa da, eta, beraz, hari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura aplikatu behar zaio.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.

Horrela, kontsulta egin zaie Erriberriko Udalari, Tafallako Udalari eta Mairagako Mankomunitateari, ulertzen baita, lantegia industria-lurzoruan eta zerbitzuak (hornidura eta saneamenduak batez ere) La Nava industrialderako baimendutako zerbitzuetara loturik egitea proposatzen denez, ez dela beharrezkoa administrazio edo erakunde eta interesdun gehiagori kontsulta egitea. Tramite honetan ez da ez oharrik, ez erantzunik jaso.

Proiektuaren deskribapena:

Egin asmo den jarduketa da La Nava industrialdeko F kaleko 1. eta 1-A zenbakietan (Tafallako 5. poligonoko 410. eta 418. lurzatietan) pentsu lantegi bat jartzea, egunean 1.152 tona pentsu fabrikatzeko, astean 5 egunez. Hau da, 284.544 tona urteko. Fabrikaziorako prozesuek eta energia-efizientziak antolaera bertikala izatea eskatzen dute, eta ondorioz, lantegiaren eraikinek altuera handia behar dute.

Asmoa da oinarrian 871,08 m²-ko egitura metalikoa, eta sestra gainean 44,7 metro eta sestra azpian 7,8 metro izanen dituen lantegi eraikin bat eraikitzea, plataforma ezberdinen gainean instalatzeko prozesu eta zerbitzuetarako behar diren ekipamendu eta instalazioak. Bertan egongo dira lehengaiak eta produktu erdilanduak eta bukatuak biltegiratzeko gelaxkak ere.

Eraikin nagusiaren aldamenean, ontziratutako produktuak eta lantegirako ordezko eta zerbitzuetarako materialak biltegiratzeko nabe bat egongo da. Honek ere metalezko oinarria izanen du, eta bertan eraikiko dira energia zerbitzuetarako gela, kontrol zerbitzuetarako gela, harrera eta bidalketarako bulegoa, laborategia eta zerbitzu gelak langileentzat. Bukatzeko, pentsu-garraiorako kamioiak desinfektatzeko eraikin bat eraikiko da.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Kontuan hartuta proposamena Tafallako La Nava industrialdeko lurzoru urbanizagarrian egitea planteatzen dela, eta kontuan hartuta pentsu lantegiaren zuzkidurak eta zerbitzuak industrialdeko gainerako jarduerekin partekatuko direla, espero daitezkeen eraginik aipagarrienak jarduerak berak sortzen dituenak dira: emisioak, isurketak, hondakinak, baliabideen kontsumoa, etab.; ingurumen baimen integratuaren bidez kontrolatuko dira horiek.

Hori horrela, proposamenak ez dakar ingurumen balioa duen ingurune naturalaren okupaziorik edo haren elementuen galerarik, ez eta elementu horien gaineko zeharkako beste inpakturik ere.

Bukatzeko, lantegi berriaren eraikinen neurria kontuan hartuta, eragin bisuala izanen du paisaian Tafalla eta Erriberri inguruko zenbait lekutatik begiratuz gero.

Kontsulten emaitzak kontuan izanik, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez jakinarazi du proiektuak ez duela eragin kaltegarri esanguratsurik izanen ingurumenean.

Paisaiaren gainean izanen duen eraginari dagokionez, (neurri zuzentzaileak ezartzeko aukerarik ematen ez duen eragina da, izan ere neurri –altuera– handiko eraikin bat sartzen baitu ikuspegian), Atal honek jakinarazten du eragin esanguratsu hori leundu egingo dela batez ere industriakoa den esparru batean kokatuko delako lantegia, eta inguruan izanen dituen beste bolumen erregular batzuk ere neurri handikoak direlako, tramitean dagoen proiektu honek adinako altuerarik ez badute ere. Hori horrela, Atal hau bat dator proposamenarekin, baldin eta ingurumen baimen integratuan proposatzen diren emisio, isurketa, hondakin, baliabideen kontsumo eta abar kontrolatzeko baldintzak kontuan hartzen badira, eta baldin eta indarrean den legeriari jarraikiz obra egitean sortzen diren hondakinen kudeaketa egokia egiten bada, lantegi berria eraikitzeko zulatze lanen ondorioz soberan gelditzen diren lur naturalena batez ere.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz. Beraz, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik “Pentsu konposatuen lantegia Tafallan” izeneko proiektuaren exekuzioak, ustiapenak eta proiektua bertan behera uzteak ekar ditzakeen ingurumen eraginak aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak erabaki du, kontsulten emaitzak aintzat hartuta, eta 21/2013 legearen III. eranskinean ondorio horietarako jasotzen diren irizpideen arabera, ez dela beharrezkoa proiektu honetarako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. “Pentsu konposatuen lantegia Tafallan” izeneko proiektuak, zeina Navarpienso SLk sustatu baitu, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez dela hari buruzko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Hala ere, ezinbestekoa izanen da proiektuak ingurumen baimen integratuan ezartzen diren baldintzak betetzea, eta indarrean den legeriari jarraikiz, obra egitean sortzen diren hondakinen kudeaketa egokia egitea, lantegi berria eraikitzeko zulatze lanen ondorioz soberan gelditzen diren lur naturalena batez ere.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Tafallako Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2112010