200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182E/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: autokontsumorako 94 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Egabarrengo hondakin-uren araztegian, San Adriango udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2020ko ekainaren 4an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektuko jarduketaren xedea da eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea, San Adriango hondakin-uren araztegiaren esparruko lurzoruan, autokontsumorako, soberakinik gabe.

Proiektuaren xede den hondakin-uren araztegia San Adriango 2. poligonoko 1034. lurzatian dago, “Los Barrancos” alderdian, San Adriango herrigunetik 180 metro ekialdera, Ega eta Ebro ibaien elkargunetik hurbil. Muga hauek ditu: ekialdean eta iparraldean Ega ibaia, ibaiaren polizia-eremuan; 120 metro iparraldera, NA-134 errepidea; eta 120 metro mendebaldera, NA-6531 errepidea. Hondakin-uren araztegiaren hegoaldeko eremuan lehorreko laborantza ureztatuak daude, eta bertan, ureztatzeko zenbait erreten. Horietako bat, kanalizatua eta landaretzarik gabekoa, hondakin-uren araztegiaren hegoaldeko perimetroaren paretik doa, jarduketa eremutik hurbil, eta gero ibaira isurtzen da, ureztalur batzuetatik pasatutakoan, 300 bat metrora.

Proiektuko instalazio fotovoltaikoa jarriko da hondakin-uren araztegiaren esparru hesituaren hegoaldeko muturrean, eta 900 m²-ko azalera okupatuko du. Eremu hori balastoz estali, eta 17 panel jarriko dira (16 modulu panel bakoitzeko). Guztira, 380 Wp-ko 272 modulu fotovoltaiko jarriko dira, hiru inbertsoretara banaturik, eta potentzia 94 kW-koa izanen da. Inbertsore bakoitzetik zuzenean injektatuko da energia instalazioko kaxa elektriko orokorrera.

Panelen kokalekuak malda leun-moderatua du, aipatu den hegoaldeko erretenerantz erortzen dena. Panelak 4 errenkadatan jarriko dira, malda osoa harturik, eta goiko eta beheko errenkaden arteko aldea, garaieran, 2 metro izanen da. Egiturak zoruan txertatzeko, hondeaketa-putzu hormigoiztatuak baliatuko dira. Jarduketa eremuak NA-134 errepidetik izanen du sarbidea, hondakin-uren araztegiaren sarreratik bertatik. Sarbide-pista horren segidan, hondakin-uren araztegiaren sarrera iraganik, bide bat dago, Ega ibaiaren eskuinaldeko ertzarekiko paraleloan doana eta bat egiten duena GR 99 Ebroko Bide Naturala deritzon ibilbide luzearekin. Instalazioa jartzeko, esparruko hegoaldean dagoen landaretza apaingarri guztia kentzeko asmoa dago, alegia, 37 bat altzifre zuhaitz eta tuia zuhaixka batzuk.

Amiamoko zurien (Ciconia ciconia) habi aktibo baten berri eman da, araztegiaren esparruko ipar-ekialdeko muturrean dagoen argindar zutoinaren goialdean, panelak egonen diren tokitik 85 metrora, egitura horrek ez baitu loturarik izapidetzen ari den proiektuarekin. Ingurumen ukipenen azterlanak gomendatzen du habi hori kendu, eta inguruetako toki egokiago batera lekualdatzeko; aurretiaz, baimena eskatu beharko zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman du 2021eko uztailaren 15ean.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren determinazioak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: autokontsumorako 94 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Egabarrengo hondakin-uren araztegian, San Adriango udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Hondakin-uren araztegirako dagoen sarbidea baino ez da erabiliko obrak egiteko sarbidetzat.

–Behar diren neurriak hartuko dira inolako materialik ez isurtzeko hondakin-uren araztegiaren hegoaldeko erreten perimetralera. Arreta berezia jarriko da gai kutsatzaileak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa isurtzeak fauna piszikolaren berehalako heriotza dakar.

–Beteko dira ingurumen ukipenen azterlanean jasotako neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko neurriak.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren material soberakinak edo hondakinak haien izaeraren arabera egoki den eran kudeatu beharko dira, bat etorriz indarrean dagoen hondakinei buruzko araudiarekin.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaretza naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea eta abar), abisua eman behar bazaio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Lizarrako 2. Koordinazio Unitatearekin jarri beharko da harremanetan (telefonoa: 686504345; helbide elektronikoa: gmaestellasur@navarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, hondakin-uren araztegiaren osagarri den eguzki-instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, araztegiari loturik dagoena eta hari zerbitzua ematen diona, instalazioan bertan kontsumi dadin sorturiko energia guztia, soberakinik gabe eta energiarik isuri gabe sare elektrikora, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honek ezarritako determinazioekin bat.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean jarri nahi diren beste jarduera batzuk lotzea, baldin zerbitzuaren xede den hondakin-uren araztegiaz apartekoak badira.

–Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen baldintza eta neurriak, ingurune naturalaren ukipenari, ingurumen balioak babesteari eta jarduketa paisaian eta ingurumenean integratzeari dagokienez (ibilguak, ezpondak, maldak, altxonbideak...).

–Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Baliabide Atmosferiko eta Hidrikoen Kontrol Sareen Bulegoak emaniko uholde arriskuari buruzko txostenean jasotakoaren arabera:

  • Nafarroako Lurralde Antolamenduko Planen PN4 eranskinean, “Arrisku naturalak izateagatik babestu beharreko lurzorua”, ezarritako irizpideen arabera, jarduketa uholde arrisku handiko eremu batean dago, non araztegiak baimendurik baitaude, baldin eta drainatze, defentsa eta babes neurriak badituzte. Plaken diseinua ikusirik, haien sostengu-egitura ez da oztopo korronte erregimenerako. Horrez gain, kalte handiena izan dezakeen plaka-zatia 500 urteko errepikatze-denborako uholdearen gainetik dago, eta horrek kalteak minimizatzen ditu uholdea gertatuz gero.
  • Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9bis eta 14bis artikuluak aplikatuz (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua), egiaztatu da dagoen araztegi baten hobekuntza dela instalazioa, ez dituela areagotzen lehendik dauden instalazioen gaineko kalteak, ez eta uholde arriskua ere haien ingurunean edo uretan behera.
  • Aurrekoa oinarri hartuta, jarduketaren aldeko txostena ematen da, honako baldintza hauekin:

a. Instalazioa urpean gera daitekeenez plakaren euskarriaren aldean, sustatzaileak bermatu behar du egitura uholde bati aurre egiteko modukoa dela.

b. Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora erantzukizunpeko adierazpen bat bidali beharko du, uholde arriskua duten eremuetako jarduketei dagokiona, aplikatuz 9bis.3 eta 14bis.3 artikuluak. Helbide honetan dago aipatu adierazpena:

http://www.chebro.es/dph/documents/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf.

  • Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ez du bere gain hartzen etorkizunean lurzatiaren uholde arriskuagatik sor litezkeen kalteen erantzukizunik. Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen jarduerak, bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, halaber, zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.
  • Aurreko guztiak ez du baztertzen behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharra, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituztenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarengandik, uren arloko legediarekin bat.

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legedian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, izanen ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, San Adriango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Lizarrako 2. Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2112013