198. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2924E/2021 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdia onesten baita langabeei zuzendutako lantegi-eskoletako programak gauzatzeko 2022., 2023. eta 2024. urteetan eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bakarrik. DDBN identifikazioa: 575506.

Enplegurako lanbide-heziketaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zaio eta esparru juridiko berri bat ezarri da hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza eskaintzetarako.

Lege horren 8. artikuluak aurreikusten du ikas-ekinezko prestakuntza, enplegu eta prestakuntzaren prozesu misto baten bitartez. Prozesu horrek aukera ematen dio langileari ikaskuntza formala lanpostuko lanbide praktikarekin batera uztartzeko, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bitartez.

Ekimen hau, eta hura osatzen duten ekintzak, lanbide kualifikazio eta gaitasunak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzera bideratuta daude, biztanleria aktiboari bizitza osoan prestatzen segitzeko aukera emateko, pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrak bateratuz.

Gizarteak botere publikoei eskatzen die egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzen eta langabezia murrizten lagunduko duten neurri eraginkorrak hartzea, batez ere, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzat.

Hortaz, beharrezkoa da 16 urte baino gehiagoko eta 30 urte baino gutxiagoko langabeen enplegagarritasuna handitzeko neurriak ezartzea, eta ikaskuntza eta kualifikazioa benetako lan batekin txandakatzea ikasbide moduan. Halaber, beharrezkoa da langabe horien garapen pertsonala eta soziala sustatzea, arreta integrala eskainiz, lan esperientzietan parte har dezatela lagunduz eta lan munduan sartzen lagunduz.

Prestakuntza eta enplegu programa horiek norgehiagokako araubidearekin bat banatuko diren dirulaguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate onuradunek beraiek gauzatu beharko dituzte.

Nafarroako Gobernuak 2021eko uztailaren 14an hartutako Erabakiaren bitartez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 7.280.000 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, 2022., 2023. eta 2024. urteetan langabeei zuzendutako lantegi-eskoletako programak finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzen deialdia langabeei zuzendutako lantegi-eskoletako programak gauzatzeko 2022., 2023. eta 2024. urteetan eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bakarrik.

2. Onestea deialdia arautzen duten oinarriak. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean daude.

3. Baimentzea 7.280.000 euroko gastua, 2021., 2022., 2023. eta 2024. urteetan lantegi-eskoletako programak finantzatzeko. Honako aurrekontu-egozpena izanen du:

–2.600.000 euro 2021eko ekitaldirako 950002-96200-4819-242200 aurrekontu partidaren kargura, “Lantegi-eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia sektoriala” izenekoa.

–1.820.000 euro 2022ko ekitaldirako 950002-96200-4819-242200 aurrekontu partidaren kargura, “Lantegi-eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia sektoriala” izenekoa, edo gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kontura, baldin eta xede horretarako krediturik badago.

–1.560.000 euro 2023ko ekitaldirako 950002-96200-4819-242200 aurrekontu partidaren kargura, “Lantegi-eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia sektoriala” izenekoa, edo gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kontura, baldin eta xede horretarako krediturik badago.

–1.300.000 euro 2024ko ekitaldirako 950002-96200-4819-242200 aurrekontu partidaren kargura, “Lantegi-eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia sektoriala” izenekoa, edo gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kontura, baldin eta xede horretarako krediturik badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko uztailaren 26an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Deialdi honen xedea da lantegi-eskolak sustatzen dituzten entitateei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Definizioa.

Lantegi-eskolak langabeen enplegagarritasuna hobetzea xede duten programak dira, eta horretarako ikaskuntza eta kualifikazioa jardun produktiboarekin tartekatzen dituzte, langabe horiek lan munduan txertatzea sustatzeko.

Horretarako, benetako lanak eta ekintza edo zerbitzu errealak garatuko dira, onura publikokoak edo gizarte interesekoak, eta horiek ahalbidetuko dute ikasle langileek benetako lan bat egitea ikasbide moduan.

3.–Hartzaileak.

Lantegi-eskolen hartzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherako gazteak izatea.

b) Langabezian egotea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren mendeko enplegu agentzietan enplegu eskatzaile gisa inskribatuak egotea eta langabezia txartela indarrean izatea.

c) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu bat formalizatzeko aplikatzekoa den araudian ezarritako betebeharrak betetzea.

d) Proiektuko prestakuntzaren xedea bada 2. Kualifikazio mailako profesionaltasun ziurtagiriak lortzea, ikasleen profila profesionaltasun ziurtagirietan ezarritako sarbide baldintzetara egokitzen dela bermatuko da.

Programan aurreikusten den ikasle kopurua gutxienez 15ekoa izanen da, eta gehienez 20koa.

4.–Entitate onuradunak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako programen sustatzaileak honako entitate hauek izanen dira:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien mendeko edo horiei parekatutako entitateak, titulartasun osoa toki entitate horiena bada eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude.

b) Nafarroako irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako entitateak edo zuzenbide publikoko beste korporazio batzuk.

2. Entitate onuradun guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

5.–Programaren iraupena.

Oinarri hauen babesean eginen diren lantegi-eskolek gutxienez 12 hilabete iraunen dute, eta 24 hilabete gehienez.

Programa guztiek 2022. urtean hasi beharko dute, eta 2024ko abuztuaren 31 baino lehen amaitu.

6.–Lantegi-eskolen edukia.

Programek jarduketa hauek bilduko dituzte:

6.1. Orientabidea:

Orientabide eta tutoretza ekintzak proiektu osoan zehar garatuko dira, honako helburu hauekin: erabiltzaileei berenenplegagarritasuna hobetzen laguntzea, horien lanbide-karrera sustatzea, eta horien kontratazioa erraztea edo autoenplegura orientatzea.

Orientabide zerbitzuak jarduera hauek biltzen ditu:

a) Banakako diagnostikoa eta profila egitea: arreta espezifikoa emanen zaio onuradunari bere abileziak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia egoera eta izan ditzakeen lanbide aukerak identifikatzeko, bai eta jarduera hau garatzen duen protokoloan garrantzitsutzat jotzen diren beste aldagai batzuk ere. Informazio hori pertsonaren profila egiteko eta enplegagarritasunaren arabera sailkatzeko erabiliko da.

b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatuaren diseinua: bidezkoa denean, pertsona laneratzeko egokien ikusten den prozesua prestatu eta hori modu fede-emailean jakinaraziko zaio, bere profil, premia eta itxaropenen arabera, irizpide tekniko eta estatistikoen bidez, proposatzen diren jarduketa nagusiak, egutegia eta egiaztapen eta jarraipen elementuak barne.

Ibilbide horrek, gutxienez, honako hauek izan beharko ditu:

1. Beren lanbide profilarena arabera, egokiak izaten ahal diren lanbide aukerak identifikatzea, Nafarroan, Espainian, Europar Batasunean eta nazioartean dituzten enplegu aukeren azterketa arrazoitutik abiatuta.

2. Erabiltzailearen profilaren arabera beharrezkoa bada, prestakuntza ibilbide bat identifikatzea, eta proposatzea egokiak diren prestakuntza ekintzak eta/edo lan esperientziaren edo prestakuntza ez-formalaren egiaztapena, erabiltzailearen gaitasunak eta lanbide kualifikazioa hobetzeko.

3. Identifikatzea erabiltzaileak, bere profilaren arabera, zer jarduketa egin beharko dituen enplegua modu aktiboan bilatzeko.

c) Aholkularitza eta laguntza tekniko osagarria, honako hauetarako:

1. Bere curriculuma definitzea, adierazteko zein den bere lanbide profila, bere lanbide gaitasunen arabera: informazioa eta aholkularitza pertsonala izanen dituzte onuradunek eta tresnak eta laguntza teknikak emanen zaizkie, beren curriculum pertsonalizatua egin dezaten.

2. Enplegu bilaketa aktiborako teknikak aplikatzea: informazioa emanen zaie, eta besteren konturako lana bilatzeko eskura dauden bitarteko, teknika eta tresnen oinarrizko erabilera irakatsiko zaie, telematikaren bideak eta sare sozialak barne.

d) Informazio eta aholkularitza osagarria, honako hauei buruz:

1. Lan merkatuaren eta enplegurako politika aktiboen gaineko datu edo gorabeherak, baldin eta pertsonek enplegua eskuratzeko dituzten aukerak areagotzeko baliagarriak izaten ahal badira.

2. Prestakuntza eskaintza eta programak, mugikortasuna errazteko, Europan prestakuntza egiteko eta kualifikazioak lortzeko: prestakuntza eskaintzari buruz pertsonei aholkularitza espezializatua emateko jarduketak hartuko ditu barnean.

3. Lan bitartekaritzako ekimenak. Orientatzaileak enplegu eskaintzak dituzten atari publiko eta pribatuen informazioa emanen du eta/edo onuraduna bideratzen ahalko du enplegu bulegoan kudeatzen diren eskaintzetara, baldin eta bere lan profilak horien baldintzak betetzen baditu.

e) Lan mugikortasuna kudeatzeko laguntza: informazioa, aholkularitza eta laguntza izanen dute pertsonen mugikortasun geografiko eta funtzionalari buruz (Espainian, Europan eta nazioartean), eskuratzen ahal dituzten enplegu eskaintza egokiak aprobetxa ditzaten.

Horren barnean, informazio orokorra emanen da Europar Batasunaren lurralde-eremuko lan inguruabar nabarmenei buruz, EURES sarean eskuratzen ahal den informazioa barne.

f) Beste alderdi batzuen garapena, hala nola gizarte eta komunikazio trebetasunak, motibazioa, erabakiak hartzea, eta arazo eta gatazkak konpontzea.

Horretarako, entitateek erabiliko dituzte gutxienez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientabideko langileek ezarritako tresnak (diagnostikoa eta ibilbidea), Orientasare/Silcoi web aplikazio informatikoaren bidez.

Era berean, onuradunari, programa osoan eta zeharka, ekintzailetza arloan orientabidea eta laguntza emanen zaizkio, eta ideia ekintzaileak sustatuko dira, eraginda edo parte hartzaileek eskatuta. Programaren memoriak jasoko du entitateak ekintzailetza sustatzeko aplikatu nahi duen lan metodologiari buruzko informazioa.

Proiektuaren azken partean, orientabideak bereziki ardatz hauek izanen ditu: onuradunak laneratzea eta enpresetan lanean hastean laguntzea. Horretarako, entitate onuradunek laneratzeko banakako jarduketa plana eginen dute.

6.2. Prestakuntza:

a) Laguntza prestakuntza:

Behar duten proiektuek beren prestakuntza programetan gehienez ere 100 ordu sartzen ahalko dituzte 1. mailako ziurtagirientzat, eta 50 ordu 2. mailako ziurtagirientzat. Ordu horiek profesionaltasunaren ziurtagiriaren jarraipena egiten laguntzeko edo oinarrizko prestakuntzarako baliatuko dira. Programatutako laguntza prestakuntza behar duten hartzaileentzako errefortzua izanen da, bizitza aktiboan sartu edo beren ikasketak segitu ahal izateko.

b) Prestakuntza trebetasun teknikoetan:

Lantegi-eskola guztiek izanen dute, gutxienez, profesionaltasun ziurtagiri oso bat, 1. edo 2. mailakoa.

Entitate onuradunak moduluka identifikatuko du ziurtagiri horien programazioa, ikasle berriak sartzea eta dagokien modulu akreditazioa egitea ahalbidetzeko.

Era berean, bete beharko ditu bai profesionaltasun ziurtagiri bakoitza arautzen duten errege dekretuetan xedatutako betebeharrak, bai urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituzten xedapenak.

Horretarako, proiektua diruz laguntzeko eskatu baino lehen, entitateak akreditatuta egon beharko du kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiria emateko.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezkoak diren tramiteak eginen ditu ziurtagirien egiaztatze partzial edo osoak erregistratu eta prestatzeko.

Halaber, lantegi-eskolek prestakuntza teknikoa programatzen ahalko dute, profesionaltasunaren egiaztagiria osatzeko.

c) Prestakuntza osagarria:

Honako ekintza hauek gauzatu beharko dira:

–Laneko arriskuen prebentziorako ikastaro bat, behar diren edukiak eta trinkotasuna dituena, Laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak arautuaren arabera. Entitateak laneko arriskuen prebentzio arloko prestakuntza duen profesionaltasun ziurtagiri bat programatu badu, ikastaroa osorik edo partez konpentsatu ahal izanen da.

–Gutxienez 4 orduko jardunaldi bat genero berdintasunari buruz, sektoreari lotuta.

–Gutxienez 40 prestakuntza ordu digitalizatze eta alfabetatze informatikoan.

Entitateak, proiektuak iraun bitartean, 6.2 oinarrian deskribatutako prestakuntza ekintzak programatu beharko ditu.

Proiektuko prestakuntzaren programazioa zehatz azalduko da eskaerari gehitutako memorian.

Entitateak, prestakuntza bukatu ondoren, “Ebaluazio akta” emanen dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, non, ikasleek prestakuntza unitate/moduluetan lortutako emaitzak jasoko baitira. Aktarekin batera, profesionaltasun ziurtagiri berriak osorik edo partez akreditatzeko eskabideak (ikasleek beteta) aurkeztuko ditu. Halaber, entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dizkio profesionaltasunaren ziurtagiriarekin lotuta ez dauden edukiaren emaitzak, eta ikasleari dagokion aprobetxamendu ziurtagiria edo diploma emanen dio.

6.3. Lantegi-eskoletan benetako lana egitea:

Lantegi-eskola guztietan funtsezko osagaia izanen da benetako lana, obra edo zerbitzu errealak egitea, onura publiko edo sozialekoa. Horrek eta parte-hartzaileek jasotzen duten lanerako prestakuntza teoriko-praktikoak bermatzen dute ikasitako lanbidean modu egokian aritzeko trebakuntza, eta horien ondorengo laneratzea errazten du, bai besteen kontura lan eginaz, bai enpresa edo ekonomia sozialaren arloko proiektuak sortuz.

Orientatzaileak momentu oro zainduko du lana, eta hura arduratuko da irizpideak ezartzeaz eta balizko akatsak zuzentzeaz. Onuradunek gizarte ekintzan egiten duten lanak segitu behar du onartutako proiektuaren prestakuntza plangintzak eskatzen duen erritmoa.

7.–Programen garapena.

7.1. Lantegi-eskolaren programak bi etapa izanen ditu:

A.–Lehenengo etapa: orientabidea eta prestakuntza hastea.

a.1. Etapa honek gutxienez hilabete eta erdi iraunen du.

a.2. Etapa honetan ikasleek lan orientabidearen zereginetako zati handi bat eginen dute. Gainera, onuradunak 6.2.a oinarrian deskribatutako laguntza prestakuntza eta 6.2.c oinarrian deskribatutako prestakuntza osagarriak programatu beharko ditu.

B.–Bigarren etapa: orientatzea, ikas-ekinezko prestakuntza benetako lanarekin, eta laneratzean laguntzea:

b.1. Etapa hau profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntzarekin hasiko da. Programako etapa honetan, onuradunak ikas-ekinezko prestakuntza osatuko du proiektuan aurreikusitako benetako lana egitearekin. Orientatze lanaren alderdian laneratzeko ekintzak nabarmenduko dira bereziki.

b.2. Ikasle-langileek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, aplikatzekoa den araudian eta oinarri hauetan aurreikusitakoarekin bat.

Horretarako erabiliko den kontratu mota egokiena prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua izanen da, honako hauek ezartzen dutenari jarraikiz: Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 11.2 artikulua (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa), eta azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretua, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua garatzen duena eta lanbide heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituena.

Ikasle-langileekin sinatutako lan-kontratuen iraupena ezin izanen da proiektuarena baino luzeagoa izan.

7.2. Onuradunak sartzea eta ordeztea.

Lantegi-eskolaren programa guztiek hasi beharko dute gutxienez proiektuan ezarritako pertsonen %75ekin.

Uzteak gertatzen badira, beste pertsona batzuek hartu ahal izanen dituzte hutsik gelditu diren lekuak. Proiektuak iraun bitartean onuradunak edozein unetan hasten ahal dira, profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza ematen ari denean izan ezik. Kasu horretan, ordezte hori prestakuntza modulu bakoitzeko lehen bost eskola egunetan onartuko da, baldin eta modulu horren iraupenaren ehuneko %25 gainditu ez bada.

Pertsonek prestakuntza ekintzetara joan beharko dute, eta horiek probetxuz segitu.

Entitate onuradunak ikastaroan parte hartzeak dituen betebeharren berri eman beharko die parte-hartzaileei. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru huts egite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Entitate onuradunaren funtzionamendu araudian agertzen ahal den beste edozein.

8.–Bekak.

8.1. Lantegi-eskolaren lehenengo etapan ikasleek bertaratzeagatik dauden bekak jasotzen ahalko dituzte.

8.2. Beken zenbatekoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman beharreko dirulaguntza osoaren parte izanen da.

Entitate onuradunak eskaeran adieraziko du zenbat diru aurreikusita daukan beketarako bideratzea, eta beken kudeaketaz arduratuko da, bai eta bekak ordaintzeaz ere, onuradunen kontu korrontean sartuta.

Entitate onuradunak xedatuko du zein kasutan emanen den beka.

Ez dagokio bekarik jasotzea pertsona lanean ari den egunetan, ezta lantegi-eskolara joan ez den eskola egunetan ere.

9.–Laneratzea.

Programek bermatu beharko dute programan parte hartu eta ebaluatzen ahal direnen %25 laneratuko direla, gutxienez. Pertsona bat ebaluatu ahal izateko, gutxienez programak irauten duen denboraren %50 egin beharko du. Entitate onuradunek laneratzeko konpromiso gehigarri bat hartzen ahalko dute; hori konkurrentzia prozeduran baloratuko da, eta egiaztatu beharreko ehunekoaren parte izanen da. Ehuneko hori aplikatu ondoren dezimalak ateratzen badira, gertuen dagoen zenbaki osoaren arabera borobilduko da, gorantz edo beherantz, eta digitua 5 bada, goiko zenbaki osoaren arabera borobilduko da.

Laneratutako pertsonak egiaztatzeko, ebaluatzen ahal diren pertsonak soilik hartuko dira kontuan, eta honako dokumentazio honek balioko du:

–Lan kontratuak, gutxienez 3 hilabeteko guztizko iraupenekoak, lanaldi osoa bada, edo horren baliokidea, lanaldi partziala bada, baldin eta proiektuak iraun bitartean eta hura amaitu ondorengo 9 hilabeteetan kontratu hori lanaldi erdikoa baino txikiagoa ez bada.

–Altak langile autonomoen araubide berezian, eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetez, aurreko apartatuan zehaztutako epealdian.

Halaber, parte-hartzaileak lantegi-eskolan amaitu eta 9 hilabeteko epean hezkuntza sistemara itzultzen badira, horiek ere laneratuen artean kontuan hartuko dira.

Laneratzearen ondorioetarako, bazter utzi beharko da administrazio publikoan sartzeko edozein bide, funtzionario, estatutupeko langile edo lan edo administrazio kontratatu.

Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa da, laneratze epea amaitzen denetik hasita.

10.–Instalazioak, ekipamenduak eta prestakuntza materiala.

10.1. Onetsitako proiektuaren memoriarekin bat, entitate onuradunak edo proiektuaren garapenean laguntzen duten beste erakunde edo entitate batzuek jarri beharko dute proiektua ongi funtzionatzeko beharko den oinarrizko ekipamendua: ikasgelak, lantegiak, altzariak, makinak eta abar...

10.2. Proiekturako erabiltzen diren ikasgelak, lantegiak eta gainerako gelak entitate sustatzailearen jabetzakoak ez badira, eskaera egitean egiaztatu beharko da erabiltzen ahal direla.

Era berean, entitateek lokalak akreditatuta izan beharko dituzte, profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza hasi baino lehen.

10.3. Proiektuko memorian adierazitako gainerako oinarrizko ekipamendua prest egonen da erabiltzeko, proiektua behar bezala garatzeko beharrezkoa den unean.

11.–Parte hartzaileen hautaketa.

11.1. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, proiektua gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurrehautaketa bat eginen du.

Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adierazi beharko dizkiote proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudeatzeko.

Enplegu agentziak zundaketa bat egiten badu, bilaketa esparrua hautaketa egiten den enplegu agentziaren eragin eremua izanen da Zabalkunde iragarkiak interesdunek izena emateko epea, erak eta baliabideak zehaztuko ditu.

Sartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaerek ezarritako ikaspostuen kopurua gainditzen badute, enplegu agentziak aurrehautaketa bat eginen du, honako irizpideen eta lehentasun-ordenaren arabera:

a) Errenta bermatua jasotzen dutenak, gizarteratze eskubidea gauzatzeko.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientabideko langileek edo gizarte zerbitzuek bideratutako pertsonak.

c) Enplegagarritasun ibilbideak edo enplegurako ibilbide pertsonalizatuak dituztenak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo orientabiderako dauzkan entitate laguntzaileek eginak.

d) Lehentasuna emanen zaie lantegi-eskolen azken programan parte hartu ez zuten pertsonei. Programa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 8ko 41E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Hautaketan, emakumeen eta gizonen kopurua parekatzeko ahalegina eginen da. Nolanahi ere, identifikatutako helburu profesionalak eta proiektuarenak bat etorri beharko dira.

Entitate onuradunek enplegu agentziari hautagai zerrenda bat aurkezten ahalko diote, aurrehautatuak izan daitezen, eta jarduketa eremuan proiektuaren hartzaileekin lan egiten duten beste entitate batzuetatik deribazio bideak ezarrita izaten ahalko dituzte.

Aurrehautaketa egin ondoren, enplegu agentziak entitate onuradunari igorriko dizkio aurrehautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak, hautaketa egin dezan.

Entitate onuradunak parte hartzaileen eta ordezkoen zerrenda eta hautatzeko irizpideak behar bezala justifikatuta igorriko dizkio enplegu agentziari.

Enplegu agentziak, bere eskumenen arabera, deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete ote diren egiaztatuko du.

Halaber, entitate onuradunak parte-hartzaileen altekin eta bajekin lotutako intzidentzien berri eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, horiek gertatzen diren momentuan.

11.2. Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak bete beharko dituzte hasten diren egunean.

12.–Zuzendaritzako, orientabideko, irakaskuntzako eta laguntza langileak.

12.1. Entitate onuradunak kontratatuko ditu zuzendaritzako, orientabideko, irakaskuntzako eta laguntza langileak, proiektuan adierazitako profilaren arabera. Entitate onuraduna arduratuko da hautaketaz.

12.2. Programak iraun bitartean, langileen gutxieneko ratioa honako hau izanen da: %50eko lanaldia orientabidean, %50ekoa zuzendaritzan eta %50ekoa administrazioan.

12.3. Orientzatzaileek psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademikoa izan behar dute. Aurrekoa gorabehera, zilegi izanen da diruz laguntzea aipatutakoez bestelako unibertsitate titulu bat duten entitateko orientatzaileak, baldin eta frogatzen badute gutxienez 24 hilabeteko esperientzia dutela lanbide orientabide profesionalean eta/edo prospekzio eta bitartekotza lanetan.

12.4. Entitate onuradunak bere langileak sartu ahal izanen ditu proiektuan, baldin eta titulazio edo esperientzia baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, dokumentu bat sinatu beharko dute, langile horien eginbehar eta dedikazioekin.

13.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

13.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

13.2. Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

13.3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horren aurka berariaz egonez gero, dagokion dokumentazio aurkeztu beharko da.

14.–Aurkeztu beharreko agiriak.

14.1. Eskaera eta proiektuaren memoria eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Entitate onuraduna elkarte edo fundazioa bada, erregistratutako eskritura publikoa eta irabazi asmorik gabeko entitatea dela frogatzen dituzten estatutuak aurkeztuko ditu.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzearen adierazpena.

c) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen adierazpena.

d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita proiektuan zehaztutako prestakuntza emateko giza baliabide nahiko badituela.

e) Kasua bada, deialdiaren 15.g eta 15.h oinarrietan xedatutakoa frogatzen duen dokumentazioa.

f) Beste edozein dokumentu edo informazio gehigarri, uste bada beharrezkoa dela espedientea ebazten denerako.

Administrazioari lehendik aurkeztu zaizkion agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, baldin eta adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

14.2. Entitate eskatzaileek eskaera bat aurkeztu beharko dute antolatu nahi duten lantegi-eskola bakoitzeko.

14.3. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idatzia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioa edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

15.–Balorazio irizpideak.

Eskaeren balorazioan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

A.–Deialdia argitaratu zen eguneko enplegu agentzian jasotako langabezia-tasa.

Garatu beharreko proiektuaren enplegu agentziaren lurralde esparruan izandako langabezia-tasa: 20 puntura arte.

Izandako langabezia-tasa honela kalkulatzen da: enplegu zerbitzu publikoetan une jakin batean egon den eskari kopurua alderatzen da urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean bizi diren 16-30 urteko pertsonekin.

X = deialdia argitaratu zen eguneko Nafarroako langabezia-tasa, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen artean.

Y = proiektua garatuko den lurralde esparruko langabezia-tasa, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen artean.

Y-X 0,2 bada, edo handiagoa: 2 puntu.

Y-X 0,4 bada, edo handiagoa: 4 puntu.

Y-X 0,8 bada, edo handiagoa: 6 puntu.

Y-X 1 bada, edo handiagoa: 8 puntu.

Y-X 1,2 bada, edo handiagoa: 10 puntu.

Y-X 1,4 bada, edo handiagoa: 12 puntu.

Y-X 1,6 bada, edo handiagoa: 14 puntu.

Y-X 1,8 bada, edo handiagoa: 16 puntu.

Y-X 2 bada, edo handiagoa: 18 puntu.

Y-X handiagoa bada 2,1 baino: 20 puntu.

B.–Enplegurako aukerak: 25 puntu gehienez.

Laneratze konpromisoak: 25 puntura arte.

Entitate onuraduna laneratzera konprometitu den ikasleen ehunekoa balioetsiko da, 9. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, eta oinarri horretan eskatutako gutxieneko ehunekoa gainditzen bada.

0,33 puntu emanen dira eskatutakoaren gainetik dagoen laneratze konpromisoaren ehunekoaren puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

C.–Beken programazioa: 10 puntu.

Entitate onuradunak proiektuan hartzaileei bekak ordaintzea sartzen badu, 10 puntu.

D.–Programa egokitzea: 45 puntu bitarte.

Egiaztagiaren prestakuntza eskaintza egokitzea, kontuan hartuta oinarri hauetako I. eranskinean aurreikusitako lehentasunezko prestakuntza ekintzen sailkapena.

–Programan sartutako prestakuntza oso lehentasun handikoa bada: 20 puntu.

–Lehentasun handikoa bada: 15 puntu.

Proiektuak II. eranskinean zerrendatutako espezialitateak sartzen baditu.

–Programan sartutako prestakuntza lehentasun oso handikoa bada: 15 puntu.

–Lehentasun handikoa bada: 10 puntu.

–Lehentasun ertainekoa bada: 5 puntu.

Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S3) arlo ekonomikoekin bat badator. 10 puntu.

E.–Zonifikazioa: 20 puntu.

10 puntu emanen dira deialdian aurkeztutako proiektua herri horretako bakarra bada.

10 puntu emanen dira proiektua Iruñerritik (III. eranskina) edo Tuteratik kanpo garatzen bada.

F.–Aurreko proiektuen balorazioa: 10 puntu bitarte.

Balioetsiko da lantegi-eskoletako azken deialdiko parte-hartzaileei Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako inkestetan entitate eskatzailek lortutako asebetetze mailaren puntuazioa.

–Entitate eskatzaileak batez beste 6 eta 8 puntu bitartean lortu badu: 5 puntu.

–Entitate eskatzaileak batez beste 8 puntu baino gehiago lortu baditu: 10 puntu.

2020ko ekitaldian aipatutako inkesta ez duten entitateei atal horretan lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaie.

G.–Entitate onuradunak kalitateko ziurtagiriak izatea (EFQM, ISO, SGSI, kudeaketa aurreratuaren eredua edo baliokideak): 5 puntu.

H.–Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea: 5 puntu.

–Berdintasun plana: 5 puntu emanen zaizkie programei, baldin entitate onuradunak berdintasun plan bat indarrean badu, edo estatutuetan edo xede sozialetan berdintasuna sustatzea jasotzen badu; edo zuzendaritza batzordean sexu oreka badu; edo langile ordezkariak baditu berdintasun arloan; edo ofizialki jasota badu gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean laguntzen duen entitatea dela.

I.–Proiektuaren hasiera: 10 puntu.

10 puntu emanen zaizkie 2022ko otsailaren 28a baino lehen hasten diren proiektuei.

Gutxienez 75 puntu izan behar dira dirulaguntza jaso ahal izateko.

16.–Dirulaguntza emateko prozedura.

16.1. Norgehiagokakoa izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.

16.2. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 15. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

16.3. Berdinketa izanez gero, laneratzearen aldetik konpromiso handiena dituzten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

16.4. Entitate onuradunen batek uko eginen badio dirulaguntzari, organo emaileak erabakitzen ahalko du, deialdi berria egiteko beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea. Hori, proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta onuradunek laguntzari uko egitearen ondorioz aski kreditu erabilgarri bada gutxienez ere ukatutako eskaeretako bati erantzuteko.

17.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.

17.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna.

17.2. Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusi ondoren eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

17.3. Balorazio Batzordea kide anitzeko organo bat da, eskaerak ebaluatzeko ardura du, eta bere ebazpena loteslea da. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko du batzorde hori, ebazpen bidez.

17.4. Balorazio Batzordearen ebaluazioa ikusirik, instrukzio organoak ebazpenaren proposamen arrazoitua prestatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

18.–Ebazpena eta jakinarazpena.

18.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpen arrazoitua, eta horren bidez eman edo ukatuko da eskatutako dirulaguntza. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

18.2. Laguntza emateko ebazpena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21.2 artikuluaren arabera arrazoituko da, eta honakoak jasoko ditu gutxienez:

a) Aurkeztutako entitateen zerrenda.

b) Onartutako eta ukatutako proiektuen zerrenda, beren puntuazioa adierazita, bai eta onartu ez direnak ere.

c) Onartu den proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza.

d) Guztira emandako diru kopurua.

18.3. Entitate onuradun interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute eskaerari buruzko berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

19.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

19.1. Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batuketatik aterako da:

a) Orientatzeko, laguntzeko, kudeatzeko eta koordinatzeko dirulaguntza.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza.

c) Bekak.

d) Langile-ikasleen soldaten kostuari aurre egiteko dirulaguntza.

19.2. Orientatzeko, laguntzeko, kudeatzeko eta koordinatzeko dirulaguntza:

4.375,42 euroko dirulaguntza emanen da programak irauten duen hilabete bakoitzeko, edo, bestela, horren parte proportzionala.

Entitate onuradunak bere programan hala aurreikusiz gero, diruz lagungarria izanen da entitate onuradunak zuzendaritzako langileak kontratatzea proiektua hasi baino 15 egun lehenago eta proiektua amaitu eta 15 egun geroago. Kasu horretan, 716,76 euroko zenbateko finkoko dirulaguntza bat emanen da epealdi osoagatik, edo 358,38 euro, kontratua 15 egunerako bada.

19.3. Prestakuntzarako dirulaguntza:

Emanen den zenbatekoa proiektuan aurreikusitako orduen batuketaren emaitza izanen da, bider dagokion modulua eta bider aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, honako taula honen arabera:

PRESTAKUNTZA MOTA

EUROAK ORDUKO

DIRUZ LAGUNGARRIAK DIREN ORDUAK GEHIENEZ ERE

Profesionaltasun ziurtagiria

Lanbide arloaren taularen arabera

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) dagokion fitxan adierazten direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria osatzen duen prestakuntza teknikoa

Lanbide arloaren taularen arabera

100 ordu

Laguntza prestakuntza

8 euro

50 ordu

Prestakuntza osagarria

8 euro

104 ordu

LANBIDE ARLOAREN ARABERAKO MODULUEN TAULA

LANBIDE ARLOA

EUROAK ORDUKO

ADMINISTRAZIOA ETA KUDEAKETA

7,62

GORPUTZ ETA KIROL JARDUERAK

8,23

NEKAZARITZA

8

ARTE GRAFIKOAK

7,83

MERKATARITZA ETA MARKETINA

7,69

ELEKTRIZITATEA ETA ELEKTRONIKA

9,32

FABRIKAZIO MEKANIKOA

8,22

OSTALARITZA ETA TURISMOA

7,72

INFORMATIKA ETA TELEKOMUNIKAZIOAK

8,05

INSTALAZIOA ETA MANTENTZE LANAK

9,18

IRUDI PERTSONALA

8,08

IRUDIA ETA SOINUA

7,95

ELIKAGAIEN INDUSTRIAK

7,94

ZURGINTZA, ALTZARIGINTZA ETA KORTXOA

8,28

KIMIKA

8,72

OSASUNGINTZA

7,72

SEGURTASUNA ETA INGURUMENA

7,94

ZERBITZU SOZIOKULTURALAK ETA KOMUNITATEARENTZAKO ZERBITZUAK

7,38

IBILGAILUEN GARRAIOA ETA MANTENTZE LANAK

8,05

6.2.b puntuan adierazitako prestakuntzari dagokionez (prestakuntza gaitasun teknikoetan), aurreko taulan jasotako lanbide arloetako ezeini ez badagokio, modulua 8 eurokoa izanen da parte hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko.

19.4. Bekak:

Entitate onuradunak hala aurreikusita badu, diruz laguntzeko zenbatekoari eragiketa honen emaitza gehituko zaio: 9 euro x aurreikusitako bekadun egunak x ikasle kopurua.

19.5. Ikasle-langileen soldaten kostuei aurre egiteko dirulaguntza.

Prestakuntzaren bigarren etapan, dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da urtero ezartzen den lanbide arteko gutxieneko soldataren %75. Diruz lagunduko dira, orobat, enplegatzailearen kargura ordaindutako Gizarte Segurantzaren, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta Lanbide Prestakuntzaren kuota guztiak, kontratu horietarako araudi berariazkoan ezarritakoak.

Legez edo erregelamendu bidez ezarritako derrigorrezko oporrak benetan egindako ordu gisa zenbatuko dira dirulaguntza finkatzearen ondorioetarako.

20.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

20.1. Azken justifikazioaren aurretik, entitateak konturako ordainketa bat eskatuko du, bidezkoa bada, 2022ko eta 2023ko azaroaren 30a baino lehen, eta txosten tekniko bat aurkeztuko du, non exekuzioa azalduko baitu, hasieratik edo azken konturako ordainketatik urte horretako azaroaren 15a arte. Txosten horrek balioko du proiektuaren likidazio partziala egiteko.

Konturako ordainketen kopuru osoa ez da izanen emandako dirulaguntzaren %60 baino handiagoa.

20.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, proiektua amaitu eta biharamunetik gehienez hilabeteko epean, eta gehienez 2024ko irailaren 30a baino lehen, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko memoria tekniko bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena eta prestakuntza arloan egindako lana zehaztu. Halaber, orientatze, laguntza eta laneratze jarduerak Orientasare tresnaren bidez justifikatu beharko dira.

2. Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Prestakuntza burutu duten ikasleen kopurua (deialdi honen 20.3 oinarriaren arabera).

b) Ikasleei justifikatutako aldian egindako ordainketen justifikazioa, hala beketan nola lansari eta soldatetan.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

20.3. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazteko, prestakuntza amaitu duten ikasleak kontuan hartuko dira, eta bukatu dutela ondorioztatuko da gutxienez prestakuntza ekintza osoaren ehuneko 75ean parte hartu badute. Prestakuntza ekintza proiektuan zehar emandako prestakuntza ordu guztien batura dela ulertuko da. Gainera, pertsona batzuek prestakuntza ekintza utzi behar izan badute lana aurkitu dutelako, beka bat jaso dutelako, edo lanekoak ez diren praktikak egiteko, eta gutxienez prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute, prestakuntza ekintza amaitu dutela ondorioztatuko da. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa pertsona horrek prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten dituen egunera arte.

21.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen zenbatekoa inoiz ere ezinen da izan, bakar batean edo beste batzuekin batera, proiektua egiteak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.

22.–Onuradunen betebeharrak.

22.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek bete beharko dituzte:

a) Programa hasi eta ondorengo 5 egunetan, proiektuaren xede den jarduera hasi delako jakinarazpena igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin: emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

c) Diruz lagundutako langileen lan kontratuak aurkeztea.

d) Proiektua hastean, proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi zehatza aurkeztea.

e) Lehenbailehen jakinaraztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari parte hartzaileen artean izan diren altak eta bajak.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza eta orientatze jardueratan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, estatukoek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete direla.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

j) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

k) Jarduketak SISPE/Silcoi web/Orientasare/IRISen grabatzea.

l) Parte hartzaile bakoitzari egin duen aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat ematea, deialdi honetan adierazi bezala. Programan parte hartu ondoren, onuradunek entitate onuradunak emandako ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri horretan adieraziko da zenbat ordu iraun duen parte hartzeak, eta lortutako prestakuntza teorikoaren eta praktikoaren ebaluazioa eta egindako prestakuntza moduluak jasoko dira.

m) Istripu aseguruko poliza bat izenpetzea, proiektuak hasi baino lehen. Poliza hori gauzapen aldiari, egin asmo diren jarduketei eta eguneroko ordutegiari egokituko zaizkie. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, programa gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute proiektua hasi istripu aseguruko poliza sinatu ez bada. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza, istripuagatik.

–Ezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta Ezintasun handia, istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.

22.2. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

23.–Azpikontratazioa.

Irailaren 9ko 30/2015 Legearen 14. artikuluan ezartzen den bezala, entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontratatu esleitu zaien formakuntza jarduera.

Entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako orientatze jardueren %20, gehienez.

Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Ezinen dira azpikontratatu zuzendaritzako lanak eta laguntza administratibokoak.

24.–Onetsiriko proiektuen aldaketak.

24.1. Proiektuak edo dirulaguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio aldaketak, eta baimendu beharko ditu.

24.2. Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Aldaketa horiek, alabaina, ezin izanen dute aldatu hasierako balorazioan emandako puntuazioa. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

24.3. Funtsezkotzat jotzen diren aldaketen kasuan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

25.–Jarraipena eta ebaluazioa.

25.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren zeregin guztiak eginen ditu proiektuen jarraipen eta ebaluaziorako. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsultaren bitartez, proiektuetan parte hartu dutenak laneratu direla egiaztatuko da.

25.2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.

25.3. Programa profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta badago, entitate onuraduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kalitatearen Jarraipenerako Planari lotuko zaio. Izan ere, planaren xedea da prestakuntza ekintzen garapenean kalitate maila onargarriak ziurtatzea, aurreikusitako lanbide gaitasunak eskuratzen direla bermatzeko.

26.–Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea. Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

27.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Halaber, organo kudeatzaileak programetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

28.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

28.1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

28.2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

28.3. Dirulaguntza erabiltzen bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezartzen ahal den zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo proiektuen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

Ezin izanen da aldaketarik egin proiektuak emateko baldintzetan edo dirulaguntzak emateko aintzat hartutako baldintzetan, baldin eta aldaketa horiek kontratazio konpromisoei eragiten badiete, salbu eta behar bezala frogatutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartutako ezinbesteko kasuetan.

28.4. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, “esanguratsutzat” joko da onetsitako proiektuaren %75 betetzea.

28.5. Proiektuan ezarritako laneratzeko konpromisoa betetzen ez bada, %5 itzuli beharko da proiektuan adierazitako ehunekoaren %20ra arte betetzen ez denean; %10, ehuneko hori %21etik %50era arte betetzen ez denean; %15, %51tik %75era arte betetzen ez denean, eta %20, ehuneko hori gaindituz gero.

28.6. Aurreko apartatuetan ezarritakoaz gain, proiektuan ezarritako laneratze konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako proiektuan bete ez dituen kontzeptuengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

28.7. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

29.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

30.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2111653