196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

179E/2021 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ukatzen baitzaio “Andosilla I” eguzki parke fotovoltaikoaren proiektuari, Carcarko udal-mugarteko 4. poligonoko 774. lurzatian. Compactaciones y Nivelaciones Pardo SLk sustatu du proiektua.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Compactaciones y Nivelaciones Pardo SL da sustatzailea, eta Carcarren gauzatu nahi du proiektua. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko “I” kategorian sartzen direnetakoa da. Beraz, ingurumen-ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektua eguzki parke fotovoltaiko bat instalatzean datza; guztira 998,76 kWp-eko potentzia izanen du eta 2,9 hektarea hartuko ditu. Horretarako, 2.436 eguzki-modulu fotovoltaiko erabiliko dira, euskarri-egituren gainean (eguzki-jarraitzaileak) instalatuko direnak. Modulu horiek bi ardatz nagusi izanen dituzte, erdian egonen den biraketa-unitate batekiko simetrikoak, eta ipar-hego norantzan jarrita egonen dira. Eguzki-jarraitzaileen konfigurazioari dagokionez, bi ilara dauzkate (bat ardatz bakoitzeko), eta 60 modulu fotovoltaiko ilara bakoitzeko. Egiturari eusteko, lurrean 1,50 m-ko sakoneran sartutako zutabeak jarriko dira.

Sei inbertsore erabiliko dira modulu multzoek hornitutako korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko; korronte hori 13,2 kV-ekoa izanen da transformazio zentroan. Sortutako energia ateratzeko linea honelakoa izanen da: lehenbiziko tartean, lur azpitik joanen da 96,60 m-an; bigarren tarte batean, airetik, 212 m-an; eta azkenik, lur azpitik berriz ere 170 m-an, konpainia banatzaileak emandako konexio-punturaino (konexio-puntu hori dago Carcarko transformazio eta banaketako azpiestazioko 13,2 kV-eko Cárcar-Cárcar lineako 112. euskarrian), teleaginteko ebakitze zentro baten bidez.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren kontrako txostena dago, zeina eman baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Honako hau adierazten da txosten horretan: “Proiektuko eguzki parkea instalatzeko aukeratu den lurzatia honela dago sailkatuta Carcarko udal planean: gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, natura aldetik ustiatzeko balioa duena, nekazaritza eta abeltzaintzakoa”. Carcarko udal planean energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak aurreikusten badira ere, lurzoru urbanizaezinaren kategoria horri dagokionez, haren babes araubideak (Berariazko araudiaren III. titulua, II. kapitulua, 2.4 apartatua) ez ditu berariaz jasotzen baimendutako edo baimentzen ahal diren jardueren artean. Hori horrela, debekatuta daude kokaleku honetan.”

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ukatzea “Andosilla I” eguzki parke fotovoltaikoaren proiektuari, Carcarko udal-mugarteko 4. poligonoko 774. lurzatian. Compactaciones y Nivelaciones Pardo SLk sustatu du proiektua. Baimena ukatzen da ingurumen-ukipenetarako baimenak barne hartzen duelako lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atalak kontrako txostena eman duelako.

2. Ebazpen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Carcarko Udalera, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko uztailaren 20an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2112002