196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Ordenantza fiskal orokorra. Behin betiko onespena

Anueko Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen 2021erako ordenantza fiskal orokorra.

Erabaki hori 2021eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantza fiskalaren aldaketa behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2021eko uztailaren 29an.–Alkatea, Miguel Ángel Larrayoz Vidan.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da (1995eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta printzipio orokorrak ezartzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a. artikulua).

3. artikulua. Anueko Udalak onetsitako ordenantza fiskalek udal-mugarte osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri erakunde ezarlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. artikulua. Udal honek ordainarazten dituen tokiko tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, organo eskudunaren erantzunak dioenaren arabera bere zerga-betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta betetzen badira 2/1995 Foru Legearen 63.3 artikuluan adierazten diren baldintzak.

Interesdunek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legearen 63.4 artikulua).

5. artikulua. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek indarra izanen dute ordenantzetan bertan ezarritako epean. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga-harremanaren elementuak

Zerga-egitatea

6. artikulua. Zerga-egitatea izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zerga-egitatearen izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

7. artikulua. Ez da analogia onartuko zerga-egitatearen edo zerga-salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

Subjektu pasiboa

8. artikulua. a) Subjektu pasiboa pertsona fisiko edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularraren arabera, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadun nahiz zergadunaren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeinari ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz) zergapeko egintzari darion tributu-karga ezartzen baitio, bakarka edo beste batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga-betebeharraren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen ondare bereizi bat osatzen badute.

Zerga harremanaren aldaezintasuna

9. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Zerga-oinarria

10. artikulua. Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zerga-egitatea ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu-zorra kopuru finkotan zehazten denean.

b) Zerga-egitatearen kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu-zorra zehaztera iristeko.

c) Zerga-egitatearen balorazioa diru unitatetan, udal administrazioak kontuan hartutakoa. Kopuru horri (indarren dagoen araudiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, hala behar bada) tasa egokia aplikatuko zaio, tributu-zorra zehaztera iristeko.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zerga-egitateak jarraitutasunez gertatzen badira.

Likidazio-oinarria

11. artikulua. Likidazio oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daude.

Karga-tasa

12. artikulua. Karga-tasatzat hartuko dira likidazio-oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

Kuotaren zehaztapena

13. artikulua. Kuota honela zehaztuko da:

a) Dagokion ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Zerga-oinarriaren gainean aplikaturiko tarifen, ordenantza partikularretan ezarrita dauden horien arabera.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuz, dagokion ordenantzan finkatutako moduluen arabera.

Salbuespenak eta hobariak

14. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiak dituen edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu-zorra

15. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan sartzen da tributu-kuota eta, hala behar denean, kontzeptu hauek gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutze-interesa, legez ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamendu-errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean

16. artikulua. 1. Legeak tributu-zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, beste pertsona batzuk, solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresurik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

Premiamendu-errekargua bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari, baldin eta diru-sarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

17. artikulua. Betiere, tributu-zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleei bideratu ahal izateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesdunari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

18. artikulua. Administrazio-ekintza erantzule subsidiarioei bideratu ahal izateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusia eta gainerako erantzule solidarioak kobraezin deklaratzea, galarazi gabe deklarazio horren aurretik legezko kautela-neurriak hartzea.

19. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatu ahalko zaio horietako edonori.

Tributu-zorraren iraungipena

20. artikulua. Tributu-zorra arrazoi hauengatik iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

21. artikulua. Tributu-zorren ordainketa ordenantza honen 54.etik 57.era bitarteko artikuluek (biak barne) arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. artikulua. Ondoko eskubide eta ekintza hauek lau urteren buruan preskribituko dute:

a) Subjektu pasiboen alde:

–Tributu-zorra zehazteko Udal Administrazioak duen eskubidea, likidazio egokiaren bitartez, eta sortzapena egin zen egunetik hasita.

–Likidatutako tributu-zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketako epea akitzen den egunetik hasita.

–Zerga arloko arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko ekintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Administrazioaren alde, sarrera bidegabeak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik hasita.

23. artikulua. Aurreko artikuluaren a) apartatuak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

–Edozein ekintza administratibo egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dela, eta haren asmoa bada zerga-egitate bakoitzagatik sortutako ordainarazpena aitortzea, erregularizatzea, ikuskatzea, segurtatzea, egiaztatzea, likidatzea eta biltzea.

–Edozein motatako erreklamazio edo errekurtso aurkezten bada; udal administrazioari berari egozten ahal zaion errua dela medio, administrazio horrek ebazpenik ematen ez duenean hartarako ezarritako epearen barrenean, preskripzio epea berriz ere hasiko da kontatzen aipatu epe hori iragandakotzat jotzen den unetik aurrera.

–Subjektu pasiboak edozein jarduketa eginda tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko.

Aurreko artikuluaren b) apartatuaren kasuan, preskripzio epea eten eginen da diru-sarrera bidegabea itzultzeko subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fede-emailerengatik, edo udal administrazioak egiten duen edozein egintzagatik, bertan hori hala izan dela aitortzen bada.

24. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

25. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua delako ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

Gerora etorritako kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez badago, exekuzio-prozedura irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko exekuzio-tituluak luza daitezen kobraezin deklaratu ziren unean zeuden kobrantza egoera berean.

IV. KAPITULUA

Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

26. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak dira lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan sailkatzen eta zehatzen diren ekintzak.

27. artikulua. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egiteak eta ez-egiteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. artikulua. Legeetan arau-hauste gisa sailkaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. artikulua. Arau-hausteak arinak edo astunak izan daitezke, kontuan harturik ekintza edo omisioak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluak batzuez eta besteez ezartzen duen kontzeptuan sartzen diren.

Zehapenak

30. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak, 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. artikulua. 1. Arau-hauste soil bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,51 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste astunak kuotaren zenbatekoaren %50etik %150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Orobat, zilegi izanen da berandutze-interesak eskatzea borondatezko epea bukatzetik zerga-egoera bere onera ekartzen duen likidazioa egin arte iragandako denboraren arabera.

Zehapen prozedura

32. artikulua. Administrazio egintzak egin behar dituzten organoek zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte, interesdunari entzunaldia eman ondoren; administrazio egintza horietan tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak eginen dira eta, betiere, behar den espedientea ireki aurretik.

Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna

33. artikulua. 1. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzioz.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko zerga-betebeharrak jaraunsle edo legatu-hartzaileei transmitituko zaizkie, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik beste bati transmitituko.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Zerga-aitorpena

35. artikulua. a) Zerga-aitorpentzat hartuko da zerga-egitate baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zerga-egitatea biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga-aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren hartu-agiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Froga agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

36. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zerga-egitatea gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

37. artikulua. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du esan nahi kargaren jatorria onartu edo aitortzen denik.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta haiek handitzeko ere bai, eta orobat atzeman diren okerrak zuzentzeko, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko paragrafoak aipatzen dituen betebeharrak ez betetzea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. artikulua. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan adieraziko dira tributu kudeaketako izapideak egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago igaroko administrazio prozedura hasi eta hura bukatzen duen ebazpena eman arte; betiere, galarazten duten aparteko arrazoiak, behar bezala justifikatuak, ez badaude. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Toki-erakunde honek epeak betetzen ez baditu, ez da ondorioz administrazio ekintzaren iraungipena etorriko, baina interesdunek erreklamazioa aurkezteko baimena izanen dute.

3. Uneoro egiten ahal dira izapidetze akatsen kontrako erreklamazioak; bereziki, haien ondorioz prozedura gerarazi, jarritako epeak hautsi edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak egin ez direnean. Erreklamazioa baiesten bada, horretarako arrazoirik izanez gero, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplinazko espedientea irekitzea ekarriko du.

Egiaztapena eta ikerketa

39. artikulua. Toki entitate honek ikertuko ditu zerga-egitatea osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

40. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren beste aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

41. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zerga-egitatearekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

42. artikulua. Ikuskatze lanak subjektu pasiboentzat eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, komunikazio eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

Salaketa

43. artikulua. 1. Toki-erakundeen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributuen likidazioak.

44. artikulua. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikotzat hartuko dira:

–Zerga-egitatearen ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko apartatuan adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

45. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan, toki-erakunde honek egiaztatuko ditu zerga-aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu-oinarria handitzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. artikulua. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

c) Tributu-zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Subjektu pasiboei zuzenean egindako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza aipatu ez badute, salbu eta epe horretan behar bezalako protesta egin bada, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko.

Zergadunen erroldak

47. artikulua. Ordenantza partikularrean berean hala zehazten den kasuetan, udal administrazioak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

48. artikulua. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen gorabeheraren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. artikulua. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Diru-bilketa

Printzipio orokorrak

50. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa da toki entitatearen ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

51. artikulua. 1. Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko epean.

–Epe exekutiboan.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Epe exekutiboan, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere betebeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

52. artikulua. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

Tributu-zorren sailkapena, diru-bilketari begira.

53. artikulua. 1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek ezagututako zergadun zentsuetatik etortzeagatik, tributu-zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa igoeren aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

Ordainketa tokia

54. artikulua. Toki entitate honen aldeko zorrak Udalbatzaren kutxan ordainduko dira edo, bera titular dela, banku nahiz aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan.

Ordainketa epeak

55. artikulua. Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian-aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributuak, aurreko letran ezarritako epean, zein hiruhileko naturaletan ordaindu behar diren, haren lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zerga-egitatea gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barrenean.

Ordaintzeko modua

56. artikulua. 1. Zerga-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Indarra duen dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan toki entitateak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordainketa gutunaren bidez.

2. Aurreko atalean esanagatik ere, zilegi da tributu-zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea; horrela, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dute, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta aurrekontu eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratze hori zein zerga kontzeptutarako den.

Geroratzeak eta ordainketa zatikatuak.

57. artikulua. 1. Tributu-zorra likidatzean, toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu-zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.etik 92.era bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

58. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean udal ebazpenen aurka egiteko orokorrean ezarri diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita.

59. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesdunen eskubidea errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. artikulua. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela-eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat aurkezteko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesdunak ez badu udal diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi %25, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L2111860