195. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 19a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

30/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 17koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 1:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan biltzen ahal zen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena zuten taldeak, aldatzen zen foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egun jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko zirkulazioa mugatzea (baina ez galaraztea) asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunetan, udalerri jakin batzuetan, hots, 14 eta 7 egunean neurtutako intzidentzia metatuaren balioak muturreko arrisku egoeran zituzten udalerrietan (arrisku oso handia, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren dokumentuan).

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Azkenik, abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduaren bidez, abuztuaren 12ra arte luzatu zen (egun hori barne) ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Horrez gain, aldatu ere egin zen gaueko zirkulazioa mugatzeko neurria (egun eta ordu jakin batzuetan) aplikatzekoa zaien udalerrien zerrenda. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abuztuaren 4ko 113/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 29/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz luzatu zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia, abuztuaren 19ra arte, egun hori barne, eta aldatu egin zen udalerrien zerrenda. Era berean, aldaketa puntual batzuk egin ziren kirolaren arloan, kirol instalazioen erabilerari dagokionez, eta zezen-ikuskizunen arloan. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2021eko abuztuaren 12ko 114/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2021eko abuztuaren 16ko txostenaren arabera, 7 egunean metatutako intzidentzia-tasa behera doa poliki-poliki. Abuztuaren 15ean, 213,8 kasu berrikoa da 100.000 biztanleko, eta horrek esan nahi du oraindik ere arrisku oso handian edo muturreko arriskuan gaudela (125 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko). Ratioa 2,28koa da. 12 urte bitartekoen eta 12-29 urtekoen intzidentzia-tasak Estatuko altuenen artean daude oraindik ere. Intentsitate ertaineko zirkulazio epidemikoko egoeran jarraitzen dugu, eta intzidentziek, poliki-poliki, beherantz jarraitzen dute. Azken astean, 200 kasu/egun izan ditugu batez beste.

14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia-tasa metatu orokorrei eta 64 urtetik gorakoen datuei erreparatuta, Nafarroak arrisku oso handian edo muturreko arriskuan jarraitzen du, baita azken 7 egunean infekzio aktibo positiboko identifikazio proben ehunekoari erreparatuta ere. Ospitaleetako okupazioari dagokionez, Nafarroa arrisku baxuan/ertainean dago paziente akutuak kontuan hartuta, eta arrisku handian ZIUko datuei erreparatuz gero, okupazioa %15etik gorakoa baita (%22,21ekoa). Hortaz, alerta mailaren araberako sailkapena aplikatuta, Nafarroa 3. alerta mailan dago, hau da, alerta maila altuan.

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren %73,2k dosi bat dauka jadanik, eta %65,1ek pauta osoa. Ahalegin handia egiten ari da 60-69 urte bitartekoen txertaketa osatzeko: dagoeneko, %94,9k dosi bat jarrita dauka, eta %92,6k pauta osoa. Adin-tarte horrek arrisku handia du koronabirusak eragindako infekzioa dela-eta konplikazioak izateko. Aurrera doa, orobat, 30-39 urtekoen eta 20-29 urtekoen txertaketa (hurrenez hurren, %65,7k eta %42k pauta osoa hartu dute), eta 12-15 urtekoen taldean ia %50ek dosi bat hartu du.

Hartu diren hiru neurri garrantzitsuenei esker (hau da, ostalaritzako jarduera eta bestelako jarduera batzuk murriztea, 01:00ean itxita; gaueko ordutegia 01:00etik 06:00etara mugatzea asteburuetan, jaiegun orokorretan eta udalerri bakoitzeko jaiegunetan; eta gehienez ere 10 lagun elkartu ahal izatea eremu publikoan), modu sinergikoan eragiten baitute, eta txertaketa osoarekin batera, zeinak erakutsi baitu eraginkortasun eta inpaktu handia duela kasu larrien prebentzioan, oreka bat lortzen ari da, intzidentzia poliki baina progresiboki jaistea eragiten ari dena.

Beharrezkoa da 14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatuak jaistea, hurrenez hurren 250 eta 125 kasutik beherakoak izan daitezen 100.000 biztanleko, eta, horrela, arrisku oso handia edo muturreko arriskua atzean uzteko. Gainera, infekzio aktiboko identifikazio proba positiboen ehunekoa %10etik beherakoa izatea lortu behar da, arrisku handia atzean uzteko. ZIUetako okupazioari dagokionez, oso garrantzitsua da ZIUn dauden pazienteen kopurua 20tik beherakoa izatea.

Horiek horrela, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da gaur egungo neurri murriztaile horiei guztiei eustea, barnean dela gauez zirkulatzeko ordutegia mugatzea 01:00etik 06:00etara, intzidentziak gaur egungo beheranzko joerari jarrai diezaion, bosgarren uhina hasi aurreko oinarrizko egoerara iritsi arte. Neurri horietariko edozein kentzeak, abuztua bezalako hilabete batean, berekin ekar dezake oreka hori eta beheranzko joera haustea; izan ere, mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoia dugu hilabete hau, hilabete honetan izaten baitira jaiegun eta oporraldi gehienak. Bestalde, komenigarria da ahalik eta baldintzarik onenetan iristea heldu den ikasturtearen hasierara.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenaren arabera, ZIUetako presioa gora doa infektatutako pertsonen adin-profila aldatu delako eta, horrez gainera, bosgarren olatu honetan gehiago direlako, behin ospitaleraturik, ZIUn sartu beharra duten pazienteak, aurreko olatuetako datuekin alderatuta. Ugaltze hori laugarren olatuan ere sumatu zen, alfa aldaeraren eskutik, eta delta aldaerarekin ere gertatu da, txertoak ematen duen babesa gorabehera.

ZIUko unitateen okupazioak gora segitzen du (abuztuaren 16an, 26 ohe zeuden okupatuak), eta maila altuan jarraituko du zenbait astez, kontuan harturik unitate horietako pazienteen batez besteko egonaldiak. Oso garrantzitsua da gogoraraztea ezen, 30 ohe betez gero, arrisku oso handira igaroko ginatekeela. Gainera, ZIUetan, COVID-19az besteko laguntza behar duten ohiko pazienteak artatzen dira, eta mota bateko eta besteko istripuak izaten dituztenak, horiek ere ugaltzen baitira mugikortasuna eta kirol eta natur jarduerak ugaltzearekin batera. ZIUetan ohe gehiago jarri behar izanez gero, ospitaleetan COVID-19ari loturik ez dauden laguntza-jarduerak desprogramatu beharko dira, eta atseden beharra daukaten osasungintzako langileen oporrak bertan behera utzi. Hori horrela, Osasuneko zuzendari nagusiaren txostenean adierazi bezala, gaur egun kezkagarriena da ZIUetan dagoen presio asistentziala. Bosgarren olatuan bete-betean gaudela presio horren balorazio zehatza egitea zaila bada ere, aurreratu daiteke, intzidentziarekin alderatuta, espero baino handiagoa izaten ari dela, batez ere txertoen estaldura kontuan harturik.

Hurrengo asteak mugikortasun handiko eta arrisku handiko aldiak dira oraindik, jaiegunei eta bestelako ospakizunei lotuak. Testuinguru horretan, Nafarroako Ospitalegunearen txostenean adierazten da ezen, kasuen jaitsiera nabarmen bat gertatu arte eta osasun sistema jasaten ari den presioa lasaitu arte, beharrezkoa dela prebentzio komunitariorako neurriak mantentzea, batez ere arrisku handieneko kolektibo, testuinguru eta inguruneetan. Denbora irabazi behar da txertaketa-prozesua biztanleria babesteko moduko atalase batera irits dadin. Une honetan, delta aldaeraren kutsagarritasuna ikusirik, atalase hori igotzea aztertzen ari dira.

Aurreko guztia ikusirik, beharrezkotzat jotzen da 2021eko abuztuaren 26ra arte luzatzea (egun hori barne) gaueko zirkulazioa murrizten duen neurria. Neurri hori aplikatuko da ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren (geroago aldatu zenaren) 40. puntuko irizpideak betetzen dituzten udalerrietan. Izan ere, argi geratu da neurri egokia dela, eraginkorra delako. Neurri hori hartu zenetik, beherantz egin dute kutsatzeek eta ospitaleratzeek, nahiz eta ZIUetan goranzko joera dagoen, Nafarroako Ospitalegunearen txostenean adierazi bezala, eta horrek eragin handia du ospitaleetan.

Txosten teknikoak ikusirik, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da gaueko ordutegiaren muga mantentzea, 01:00etik 06:00etara, ezarritako irizpideak betetzen dituzten udalerrietan, intzidentzia orokorrak gaur egungo beheranzko joerari jarrai diezaion, bosgarren olatua hasi aurreko oinarrizko egoerara iritsi arte. Neurrietariko edozein kentzeak, abuztua bezalako hilabete batean, berekin ekar dezake oreka hori eta hasitako beheranzko joera haustea; izan ere, mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoian gaude, hilabete honetan izaten baitira jaiegun eta oporraldi gehienak.

Gainera, neurri hori mantendu beharra dago, batez ere, garai honetan mugikortasun eta interakzio sozial handia dagoelako, eta Nafarroan, oro har, intzidentzia-tasa altuak daudelako, eta horrek ondorioak dituelako ospitaleetan.

Egiaztatu denez, kutsatzeak eta agerraldi superkutsatzaileak eragin ditzakeen interakzio sozialari eusteko neurririk eraginkorrena izan da kasu jakin batzuetan gaueko zirkulazioa murriztea, eta, horrekin batera, ostalaritzako ordutegiak mugatzea eta eremu publikoan elkar daitezkeen taldeak murriztea.

Orain luzatzen den erabakia neurrizkoa da; izan ere, modu selektiboan aplikatzen da, hots, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuko baldintzak betetzen dituzten udalerrietan baizik ez da aplikatzen, egun eta ordutegi jakin batzuetan, behin egiaztaturik lehenago hartutako neurriak ez direla aski agerraldiei eusteko, eta zirkulazioa murrizteko neurria eraginkorra izan dela aurreko beste olatu batzuetan. Foru aginduaren eranskinean jasotako udalerri horiek arrisku oso handiko intzidentzia metatuak dituzte, behera egin beharko luketenak muturreko arriskutik aterako badira, eta, gainera, departamentuak emandako datuen arabera, oraindik ez dute behar adinako txertaketa estaldurarik, zeina, orain, delta aldaerarekin, %80 eta %90 bitartekoa baita. Gainera, heldu den astean, herri horietatik hemezortzitan herriko “ez-festen” garaia da, eta hori arrisku-faktore gehigarri bat da kutsatzeak ugaltzeko, batez ere gazteen artean, kolektibo hori baita une honetan txertaketaren estaldura txikiena duena (20-29 urtekoen taldean, %42k hartua du pauta osoa, eta 12-19 urtekoen taldean, %9,3k).

Neurria indarrean mantentzearekin, gainera, jarduera ekonomikoaren interesak eta pandemiaren kontrola uztartu nahi dira; izan ere, neurri honek jarduera ekonomikoa egunez irekita egotea ahalbidetzen du, gau berandura arte, eta horrela saihesten da gizartean eta ekonomian eragin handiagoa izanen luketen beste neurri murriztaileago batzuk hartzea.

Neurri horiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Beraz, bidezkoa da 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuaren indarraldia luzatzea eta, horrenbestez, jendearen zirkulazio askatasuna mugatzea gauez eta foru agindu honen eranskinean agertzen diren udalerrietan, goian adierazi denaren ildotik.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea 2021eko abuztuaren 26ra arte, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren eta gerora egin zaizkion aldaketen indarraldia, baldintza berberetan. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den udalerrien zerrenda, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 29/2021 Foru Aginduaren bidez sartu zena. Udalerri horiek dira foru agindu honetan ezarritako irizpideak betetzen dituztenak, eta, beraz, gaueko zirkulazioa foru agindu honen 40. puntuan ezarri bezala murrizteko neurria udalerri horietan aplikatuko da.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; eta igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2021eko abuztuaren 20ko 00:00etan hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINA
COVID-19ak eragindako muturreko
arrisku-egoeran dauden udalerrien zerrenda,
abuztuaren 17an eguneratua

UDALERRIA

14 EGUNEAN METATUTAKO INTZIDENTZIA

7 EGUNEAN METATUTAKO INTZIDENTZIA

Abaigar

3614,457

3614,457

Aberin

835,654

835,654

Ablitas

282,144

161,225

Altsasu

671,772

255,273

Andosilla

802,041

328,107

Arakil

535,905

214,362

Arantza

2345,058

1340,033

Arbizu

271,739

181,159

Areso

358,422

358,422

Arguedas

264,084

264,084

Azagra

1561,28

728,597

Bakaiku

828,729

552,486

Barañain

381,206

198,029

Barillas

1869,158

1401,869

Baztan

874,373

244,31

Bera

695,931

562,098

Berriobeiti

509,922

220,507

Berriozar

402,839

182,236

Betelu

2732,24

546,448

Burlata

377,042

214,704

Cascante

1475,155

439,958

Kaseda

513,347

205,338

Castejón

504,443

360,317

Cintruénigo

569,404

328,988

Ziritza

1290,322

1290,322

Deikaztelu

496,688

331,125

Ergoiena

268,817

268,817

Espartza Zaraitzu

1351,351

1351,351

Lizarra

716,871

202,751

Etxalar

1107,011

615,006

Etxarri Aranatz

563,834

443,012

Etxauri

461,538

307,692

Faltzes

302,375

259,179

Fitero

1889,607

745,897

Fontellas

401,606

200,803

Fustiñana

963,855

843,373

Garinoain

801,603

601,202

Goizueta

284,09

284,09

Uharte

492,888

267,567

Irurtzun

358,262

223,914

Ituren

391,389

195,694

Iturmendi

2233,25

992,555

Larraun

1261,829

841,219

Lekunberri

846,354

716,145

Lerin

1043,478

347,826

Lesaka

328,347

218,898

Ledea

1369,863

684,931

Lodosa

415,282

207,641

Los Arcos

264,55

176,366

Martzilla

909,727

524,842

Mélida

682,128

409,276

Metauten

347,222

347,222

Miranda Arga

1787,842

595,947

Monteagudo

732,6

549,45

Murchante

481,463

337,024

Olaibar

793,65

264,55

Olazti

2149,093

335,795

Orkoien

394,38

197,19

Iruña

380,356

157,2

Gares

1091,549

704,225

Zare

2255,639

1503,759

Saldias

1639,344

819,672

San Adrián

1033,057

190,718

San Martin Unx

510,204

510,204

Sartaguda

380,228

152,091

Sesma

257,731

257,731

Sorlada

5263,157

5263,157

Sunbilla

444,444

148,148

Tebas-Muru Artederreta

660,066

330,033

Torres del Río

2380,952

2380,952

Tutera

788,791

319,929

Uharte Arakil

372,67

248,447

Ultzama

665,456

241,984

Urdazubi

286,532

286,532

Eguesibar

430,708

137,258

Valtierra

373,134

207,296

Viana

784,034

522,689

Atarrabia

254,802

127,401

Zizur Nagusia

436,417

221,565

Zugarramurdi

913,242

913,242

Zuñiga

3669,724

3669,724

Iragarkiaren kodea: F2112635