192. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

170/2021 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko egunak finkatzen dituena.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urriaren 8an emandako 544/2020 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe hori bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 685/2020 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioa ezetsi zen. Onespen horrek berekin dakar erabilera publikoa eta lurrak okupatu beharra deklaratzea.

Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, Baztango Udalarekin ezarritako lankidetza araubidearen arabera, Nafarroako Gobernuari eskatu dio proiektua presakotzat deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren eta hurrengoen ondorioetarako, eta, horretarako, txosten bat aurkeztu du, justifikatzen duena egin nahi den desjabetze-prozeduraren tramitazioa.

Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, presakotzat deklaratu zen proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren, eta hala eman zen argitara 2021eko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 22koan.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan aitortutako eskudantziekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Baztango Udaleko alkateari, desjabetzearen onuraduna den aldetik, dei egitea, 2021eko abuztuaren 31n ager daitezen aipatutako udaletxean, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera, eta, hala badagokio, baita ordaintzekoak eta behin betiko okupaziokoak ere.

2. Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman dezakete, nork bere kontura.

3. Sagrario Melón Vital andrea eta Pedro Gracia Araiz jauna izendatzea Administrazioaren ordezkari, bietako edozeinek sina ditzan okupazioaren aurreko edo okupazioko aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak.

4. Íñigo García jauna Administrazioko peritu izendatzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Baztango Udalaren iragarki-taulan argitaratzea, bai eta dagokion iragarkia ere. Iragarkia Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratuko da.

6. Ebazpen hau ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 4an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2112157