191. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Udalaren Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2021eko apirilaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa.

Aldaketa horren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2021eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 3an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2021eko uztailaren 22an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

TESTU ALDATUA

7. artikulua.

Aurreko ikasturtean ohorezko matrikula atera duten ikasleek eskubidea izanen dute kuotak %40 merkeagoak izateko. Ikasturte bakoitzean 10 matrikula izanen dira, gehienez.

2. epigrafea.–Beherapenak eta horiek aplikatzeko arauak.

Tarifen sailean adierazten diren prezioei hobariak aplikatuko zaizkie zenbait inguruabarretan laguntzeko. Hobari horiek hiru kuoten gainean baizik ez dira aplikatuko, inoiz ez matrikularen gainean, eta Eguesibarren erroldaturiko ikasleei baizik ez zaizkie aplikatuko.

Ikasle bakar batek beherapen mota bakarraren onura izaten ahalko du. Ikasle batek beherapen mota bat baino gehiago lortzen ahal baditu, ikaslearentzat onuragarriena dena bakarrik aplikatuko da.

Une horretan Eguesibarko Udalean indarrean dagoen Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako tarifa hobaridunak aplikatuko dira.

Dokumentazioa, aurkezteko modua eta epea.

Dokumentazioari dagokionez, aurkeztu beharko da Eguesibarko Udalean indarrean dagoen Ordenantza fiskal orokorrean adierazitakoa.

Tarifa horien onuradun izateko, dokumentazioa aurkeztuko da horretarako iragarritako matrikulazio epean. Udal ordenantzan jasotzen diren hobarien onuradun izateko eskaerek, aipatu epetik kanpo eskatzen direnean, soilik edukiko dituzte ondorioak eskatu diren egunetik aurrera.

Behar den dokumentazioa Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, Eguesibarko Udaletxean (Garajonay karrika, 1, 31621 Sarriguren).

Aurreko tarifen aplikazioaren ondorioetarako, per capita errentaren (PCE) tarteak eta errenta konputagarria kalkulatzeko, zerga-oinarritzat hartuko da 507, 529, 8810, eta 8808 laukitxoen batura ken 708 laukitxoa, tasak indarra hartu aurreko urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, hura Nafarroako Foru Komunitatekoa denean, edo laukitxo baliokideena, Estatuaren gainerakoari dagokionean. Zenbateko hori familia-unitateko kideen artean zatituko da.

Familia-unitateko kideen artean norbaitek %33ko desgaitasuna edo handiagoa badu, beste kide bat bezala konputatuko da PCEaren zehaztapenean.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena nahitaez egin beharra ez dutenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta/edo sarreraren aitzineko urtean familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak. Konpentsaziozko pentsioak ordaintzen dituenak zerga-oinarritik murriztu ahal izanen du.

Ordenantza honetako a, b, c, d, e eta f apartatuetan ezarritako tarifak aplikatzeko, erroldatutzat hartuko dira adingabeak, baldin eta bereizketaren edo dibortzioaren ondorioz gurasoetako bat Eguesibarren erroldaturik badago. Egoera hori frogatu beharko da ezkontzaz kanpoko haurraren behin betiko neurriekin edo bereizketaren eta dibortzioaren epaiarekin.

Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arinak dira ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak ez betetzea, arau-hauste astunen kalifikazioa ez dutelarik.

2.–Arau-hauste astunak dira:

Tarifa osorik edo partez ez ordaintzea horretarako ezarritako epeetan.

Salbuespenak, ez dagozkion tarifak edo bidegabeko itzulketak baliatzea edo lortzea bidegabeki.

3.–Arau-hausteak honela zehatuko dira:

Arinak, 60eurotik 150 eurora bitarteko isunarekin.

Astunak, 151 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin.

Aplikatu beharreko zehapen prozedura ezarrita dago Ordenantza fiskal orokorraren 32. artikuluan.

Era berean, ikastaroa egiteko ezarri ziren tasak ez ordaintzeak ekarriko du ikaspostua galtzea.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo ezeztatu arte.

Iragarkiaren kodea: L2111508