191. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira 2021-2022 urteetarako urte anitzeko laguntzen deialdiko soldata diruz lagungarrien gehieneko mugak, Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoitz ditzaten.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren uztailaren 13ko 44E/2021 Ebazpenaren bidez, 2021-2022 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdia onetsi zen, Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoitz ditzaten (ebazpen hori 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29koan).

Deialdia egin zen aplikatzeko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 22koan). Foru agindu horretan oinarriak onesten dira Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak ematean aplikatu beharreko prozedura ezartzeko.

124E/2021 Foru Aginduaren 4.5 oinarrian adierazten da oinarri hauen babesean onetsitako deialdietan diruz laguntzen ahalko diren soldaten gehieneko mugak ezarriko direla. Hala ere, aipatu 44E/2021 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian ez da alderdi hori zehaztu; beraz, baldintza hau gehitu beharra dago 2021-2022 urte anitzeko deialdian.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zuzentzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren uztailaren 13ko 44E/2021 Ebazpenean atzemandako akatsa, eta baldintza bat gehiago sartzea I. eranskinean:

“6. Soldata diruz lagungarrien gehieneko muga.

Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezin izanen dira izan ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Programako arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 3.750 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.000 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.500 euro.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea tokiko LTD lizentzia duten Nafarroako telebistei.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 10ean.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria, David Chivite Pérez. (196/2019 Foru Agindua, abenduaren 18koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana).

Iragarkiaren kodea: F2112342