191. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1403/2021 EBAZPENA, 2021eko ekainaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko I+Geko Estatuko Planeko Ramón y Cajal Programaren gai lerroei atxikitako doktoretza aurreko 3 kontraturen 2021-2022 ikasturterako deialdia onetsi eta gastua baimentzen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2021eko maiatzaren 21ean egindako bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko I+Geko Estatuko Planeko Ramón y Cajal Programaren gai lerroei atxikitako doktoretza aurreko 3 kontraturen deialdia onestea erabaki zuen.

Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Ikusirik Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria.

Ikusirik Ikerketako errektoreordeak egindako doktoretza aurreko kontratuen deialdirako proposamena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskudantziak betez,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko I+Geko Estatuko Planeko Ramón y Cajal Programaren gai lerroei atxikitako doktoretza aurreko 3 kontraturen 2021-2022 ikasturterako deialdia onestea, ebazpen honen eranskineko oinarrien arabera, diru kopuru honekin:

–Kontratuaren lehen eta bigarren urteetan: 1.170,88 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren hirugarren urtean: 1.254,51 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren laugarren urtean: 1.568,14 euro gordineko 14 lansari.

Bigarrena.–Deialdiak osotara 272.258,88 euro-ko gastua sortuko du, betiere horretarako diru-hornidura nahikoa baldin badago aurrekontuetako partida hauetan:

2021:

330/30008465/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 1.366,02 euro.

330/30008465/16000 Gizarte Segurantza 348,61 euro.

330/30008466/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 1.366,02 euro.

330/30008466/16000 Gizarte Segurantza 348,61 euro.

330/30008467/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 1.366,02 euro.

330/30008467/16000 Gizarte Segurantza 348,61 euro.

2022:

330/30008465/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 16.392,26 euro.

330/30008465/16000 Gizarte Segurantza 4.183,31 euro.

330/30008466/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 16.392,26 euro.

330/30008466/16000 Gizarte Segurantza 4.183,31 euro.

330/30008467/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 16.392,26 euro.

330/30008467/16000 Gizarte Segurantza 4.183,31 euro.

2023:

320/3000/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 49.469,51 euro.

320/3000/16000 Gizarte Segurantza 12.624,62 euro.

2024:

320/3000/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 53.787,12 euro.

320/3000/16000 Gizarte Segurantza 13.726,47 euro.

2025:

320/3000/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 60.373,29 euro.

320/3000/16000 Gizarte Segurantza 15.407,26 euro.

Hirugarrena.–Aurreikuspenen arabera, 2021eko abenduaren 1ean hasiko dira kontratuak.

Laugarrena.–Aukera egonen da laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko, deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan zehaztutako baldintzetan.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, laguntzen zuzendariei, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntza Zerbitzuari, Gizarte Kontseiluari eta Kontu-hartzailetzari jakinaraztea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta, bere aurka eta bere oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko ekainaren 28an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuetarako 3 laguntzaren deialdia, Estatuko I+G Planeko Ramón y Cajal programaren gaikako ildoei atxikiak

1403/2021 Ebazpenaren eranskina

Ramón y Cajal kontratuak I+G+B Talentua eta Enplegagarritasuna Sustatzeko Estatuko Programaren barruan sartzen dira. Programa horren helburua da I+G zentroetan ibilbide nabarmena duten ikerlariak lanean hastea sustatzea. Horretarako, batetik, bost urteko iraupena duten laguntzak emanen dira lan-kontrataziorako, eta, bestetik, egiten den ikerketa-jarduera gauzatzeko finantzaketa gehigarria emanen da.

Ramón y Cajal Programaren 2018ko deialdiaren barruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 3 ikertzaile sartu zituen ikerketa-indartzeko edo ikerketa-lerro berriak abian jartzeko. Ramón y Cajal programako laguntzek diru-kopuru gehigarria ematen diote kontratatutako ikertzaile bakoitzari ikerketaren garapenarekin lotutako gastuetarako, eta horren barruan sartzen da aldi baterako langileak kontratatzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa bultzatu eta sustatzeko politikaren barruan, Ikerketa Batzordeak ikertzaile gazteen prestakuntza beharrezkotzat jo du beti lehentasunezko jarduera gisa. Zalantzarik gabe, orain arte erabilitako tresna eraginkorrena 1999az geroztik urtero egiten den deialdia da, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko laguntzak ematen dituena. Prestakuntza politika horrekin jarraituz, beharrezkotzat jotzen da ibilbide nabarmena duten ikertzaileek, Ramón y Cajal programaren barruan hautatutakoek, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatu ahal izatea garatzen ari diren ikerketa-ildoen barruan, Unibertsitatearen eta Ramón y Cajal laguntza horien diru-kopuru gehigarriaren arteko doktoretza aurreko prestakuntza-kontratu horien kostua kofinantzatuz.

Hori guztia kontuan hartuz, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko laguntzen deialdi hau onestea proposatu du Ikerketa Batzordeak.

1.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko NUP-RYC doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko eskaera berriko 3 laguntzaren deialdia, 2021-2022 ikasturterako, deialdian dauden xedapenek arautuko dute. Laguntzak emateko, behar adinako aurrekontua egon behar da.

Deialdian laguntza hauek daude:

• Laguntza bat Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen arloan, Nanofotonikaren eta Optika Kuantikoaren esparruetan.

Laguntzaren zuzendaria: Iñigo Liberal.

• Laguntza bat Landare Fisiologiaren arloan, Nitrogeno Leguminoso-rizobioaren Sinbiosi Finkatzailearen Araudiaren esparruan.

Laguntzaren zuzendaria: Estíbaliz Larrainzar.

• Laguntza bat Biokimikaren eta Biologia Molekularraren arloan, Zelula Txikien Biriketako Minbiziaren Biologia Molekularraren esparruan.

Laguntzaren zuzendaria: Mirja Rotinen.

2.–Baldintzak.

2.1.–Izangaiek bete beharrekoak.

Eskatzaileek doktoretza aurreko laguntzaren gaiaren jakintza-arloari lotutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartuak egon behar dute laguntza eskatzeko epean.

NUPeko doktoretza-programa batean onartuak ez badaude, eskatua izan behar dute NUPeko doktoretza-programa baterako onarpena eskaerak aurkezteko epearen barnean, eta, gainera, baldintza hauetako bat bete beharko dute:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean sartzeko gaitzen duten aurretiazko ikasketak izatea.

b) 2020-2021 ikasturtean doktoretzarako sarbidea emanen duen master batean matrikulatua egotea. Izangaiak masterra 2020-2021 ikasturtean amaitzeko beharrezkoak diren kreditu guztietan matrikulatua egon behar du, Masterraren Amaierako Lanaren kredituetan ere bai. Kasu horretan, 2021eko urriaren 9a baino lehen amaitu beharko ditu masterreko ikasketak.

Laguntza esleitzeko hautatuak izanez gero, eskatzaileek 2021-2022 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean matrikula egin dutela egiaztatu beharko dute, laguntzen behin betiko esleipena argitaratzen denean ezartzen den epean.

Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskaera egiteko epea ixten den egunean doktoretza-tesi bat egiteko bestelako laguntza homologagarriak jaso dituztenek, 12 hilabete edo gehiagoko laguntzak izan badira.

Laguntza homologagarri baten onuraduna izan denari, laguntza 12 hilabete baino gutxiagokoa izan bada, hori baita deialdi honetan jasotako doktoretza aurreko kontratuaren eta bere luzapenen gehieneko iraupena, Zientziaren Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, laguntza horretatik murriztu eginen da kontratatua eduki duten denbora (hilabeteak eta egunak).

Murrizketa hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailea zenbat denbora egon den kontratatua deialdi honen babesean dagoen doktoretza aurreko kontratua formalizatzen den egunera arte.

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1.–Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuetan ezartzen den beste edozein (2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako estatutuak).

3.2.–Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoretza aurreko kontratuak.

3.3.–Kontratatutako langilea laguntza-zuzendari bakoitzaren ikerketa-talde eta -institutu berari esleituko zaio.

3.4.–Deialdi honetan jasotzen diren laguntzek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.5.–Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

• Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetako parte-hartze baimenduak, eta 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak (2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen aipatu legea).

• Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

• Ikerketako errektoreordearen arabera emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez dioten jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira, Iruñeko campusean (Arrosadia z.g.) zein Tuterakoan (Tarazonako etorbidea z.g.), astelehenetik ostiralera eta 08:30etik 14:30 arte, edo 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluaren b apartatuan eta hurrengoetan aipatzen diren bitarteetako edozeinen bidez.

Eskaera posta bulego batean aurkeztekotan, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea).

NUPen egoitza elektronikoan ere aurkezten ahal dira modu telematikoan, helbide honetan hain zuzen:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa?languageId=100001

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 1etik 15era bitarte izanen da, bi egunok barne. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren betebeharrak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Inprimaki normalizatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren prozeduren katalogotik jaisten ahalko dena.

Lortu nahi den laguntza zein den jasoko da inprimakian.

Eskaera bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu beharko da Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

d) Ikasketen ziurtagiriaren fotokopia, doktoretzarako sarbidea ematen dieten ikasketena eta, masterraren kasuan, aldez aurreko ikasketena. Horietan, lortutako kalifikazioak eta noiz lortu diren zehaztuko dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

e) Doktoretzan sartzeko ikasketen eta, masterra bada, aurreko ikasketetako promozioaren batez besteko notaren ziurtagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

f) Doktoretza-ikasketak egiteko sarbidea ematen duen tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina hala dela adierazi beharko dute idazki batean. Idazki horretan, zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen identifikatu behar dute.

Masterra 2020-2021 ikasturtean amaitu duten ikasleen kasuan aurreko ikasturteko promozioaren batezbestekoa onartuko da 2020-2021 ikasturtekoa egiaztatzen ez bada.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eska daiteke:

http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano/catalogo/gestion-titulos/estudios-universitarios/titulos-extranjeros/equivalencia-notas-medias.html

Ziurtagiri horiek ez badira aipatutako edukiarekin eta adierazitako epean aurkezten, kalifikazioak ez dira kontuan hartuko. 0 punturekin baloratuko dira.

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

6.–Izangaien hautaketa.

Hautapen batzorde hauek hautatuko dituzte izangaiak:

6.1.–Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen arloari atxikitako laguntza:

Iñigo Liberal Olleta.

Iñigo Ederra Urzainqui.

Juan Carlos Iriate Galarregui.

6.2.–Landare Fisiologiaren arloari atxikitako laguntza:

Estíbaliz Larrainzar Rodriguez.

Cesar Arrese-Igor Sánchez.

Pedro M. Aparicio Tejo.

6.3.–Biokimikaren eta Biologia Molekularraren arloari atxikitako laguntza:

Ignacio Encío Martínez.

Miguel Barajas Velez.

Mirja Rotinen Díaz.

7.–Hautaketa-irizpideak.

Atal honetan ezarritakoari jarraikiz hautatuko dira izangaiak, laguntza bakoitzeko hautaketa batzordearen bidez:

a) Izangaiak doktoretza-programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espedientearen batezbestekoa: 7 puntu gehienez ere.

Batez besteko nota ponderatua honela kalkulatuko da:

Nota ponderatua =

IN + 5 +DN

2

Non IN ikaslearen batez besteko nota den eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati bere arloan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots: DN=5(IN-NT)/Dmax.

Aurkeztutako espediente onena zein den kalkulatzeko, prozedura bera jarraitu behar da, baina kasu horretan Dmax arlo guztietan onartutako izangai guztien IN-NT desbideratzerik altuena izanen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Laguntza Akademikorako eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den ponderazio formula.

Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa aurkeztea aipatutako ponderazio formula aplikatzeko. Promozioko batez besteko notaren (NT) ziurtagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei lortu nahi duten laguntzako eskatzaileei aplikatutako notarik altuena aplikatuko zaie promozioko batez besteko nota gisa.

Masterreko ikasketen kasuan, doktoretza-programan sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko ikasketen batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira laguntza bakoitzean. 7 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Laguntza eskatzeko inprimakian doktoretzako ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den adieraziko da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da ikasketa-espedientearen batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Ʃ (irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)

titulazioaren kreditu kopurua guztira

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei “Gainditua” kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

Ohorezko matrikula 10.

Bikain 9,25.

Oso ongi 7,75.

Nahikoa 5,75.

Eskatzaileek espediente akademikoaren batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, laguntza ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.

b) Banakako elkarrizketa, ezagutzen eta gaitasunen egokitasunari buruz: 3 puntu gehienez ere.

Elkarrizketa Hautapen Batzordeak eginen du, gehienez ere ordubeteko iraupena izanen du eta bertan baloratuko dira izangaiek beren curriculum vitae-an alegatutako ezagutzak eta gaitasunak, eskatutako laguntzaren xede diren ikerketa-lerro eta -gaiekin lotutakoak:

• Laguntza bat Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen arloan, Nanofotonikaren eta Optika Kuantikoaren esparruetan.

• Laguntza bat Landare Fisiologiaren arloan, Nitrogeno Leguminoso-rizobioaren Sinbiosi Finkatzailearen Araudiaren esparruan.

• Laguntza bat Biokimikaren eta Biologia Molekularraren arloan, Zelula Txikien Biriketako Minbiziaren Biologia Molekularraren esparruan.

8.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

8.1.–Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean, tramitera onartutako eta eskatutako laguntzarako ezarritako eskakizunen bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko da, Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan 5 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.

8.2.–Hautapen batzordeek aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko dituzte, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko diote tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.3.–Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena onartuko dira Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta gehienez ere 5 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.4.–Hautapen batzordeek erreklamazioak ebatziko dituzte, eta puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsi, eta behar den proposamena bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, deialdi honetako laguntzen behin betiko puntuazioak eta esleipenak onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.5.–Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa?languageId=100001

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

9.–Doktoretza aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

9.1.–Laguntzaren xedea doktoretza aurreko kontratu bat gauzatzea izanen da, doktoretza-tesi bat egiteko. Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutu edo defendatu duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, laguntza ukatzea ekarriko du horrek.

9.2.–Kontratuaren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean onartuak izateko aukera ematen dien titulua dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berritzaile baten barnean. Kontratudun horiek prestakuntzan dauden doktoretza aurreko ikertzaileak izanen dira.

Prestakuntzan dagoen doktoretza aurreko ikertzaileak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen dute idatziz kontratua, lehenbizikoa langilea baita eta bigarrena enplegatzailea. Ikertzailea doktoretza-programan onartu dutela adierazten duen dokumentua erantsi behar zaio kontratuari, programaren ardura duen unitateak, edo, bestela, doktoretzako edo graduondoko eskolak emandako dokumentua alegia. Kontratuek eta luzapenek lau urte iraunen dute gehienez.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, hiru urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezkoa izanen da urtero doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordeak aldeko txostena egitea, edo, bestela, doktoretza-eskolak, ikertzaileak programan irauten duen bitartean. Hiru urteko iraupen hori laburragoa izanen da aurretik doktoretza aurreko laguntza paretsuko bat izan duten onuradunen kasuan, baldin eta laguntza hori kontratatuak egon diren bitartean jaso baldin badute. Doktoretza-tesia eta doktoretza-programako matrikula arduraldi osokoak izanen dira.

Kontratuko hirugarren urtea bukatzean doktoretza-tesia defendatu ez duten kontratatuek zilegi izanen dute doktoretza aurreko kontratuaren berriztapena eskatzea, urtebeterako gehienez, Unibertsitateak horretarako ezartzen dituen epeetan.

Laugarren urtea hasi baino lehen beren doktoretza-tesia nazioarteko aipamenarekin defendatu duten kontratatuek zilegi izanen dute Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako lan kontratua egin diezaietela eskatzea, Unibertsitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztutako eskabidearen bidez, doktoretza-tesia defendatu eta onartu ondoko bost egun baliodunetan. Kontratu hori arautzeko, 9. oinarrian xedatutakoa hartuko da kontuan.

9.3.–Laguntza emateko aldia honako kasu hauetan bukatuko da:

–Laguntza emateko gehieneko epea betetzen denean, luzapen guztiak barne.

–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzen denean edo doktoretza-programan matrikulatuta ez egotean.

–Doktoregaiak doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren aurkako txostena jasotzen badu.

–Doktoregaiak doktoretza-tesia defendatzen duenean.

9.4.–Doktoretza aurreko kontratuak 4 urteko iraupena du gehienez ere, eta bitarte horretan laguntzen zenbatekoak ez du gaindituko 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa.

–Kontratuaren lehen eta bigarren urteetan: 1.170,88 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren hirugarren urtean: 1.254,51 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren laugarren urtean: 1.568,14 euro gordineko 14 lansari

Hileroko kopuru horretatik nahitaezko kotizazioari dagokion kuota kenduko da, eta Unibertsitateak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak, lege indardunetan ezarritako moduan.

9.5.–Lansarietan egon litezkeen aldaketak errektorearen ebazpen baten bidez onetsi beharko dira.

10.–Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratuaren baldintzak.

10.1.–Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratuak arduraldi osoko behin-behineko lan kontratuak izanen dira, urtebeteko iraupena izanen dute gehienez eta ezinen dira luzatu. Laguntza hori aurrekontuak ezarritako mugen arabera emanen da, betiere aldi horretarako lan programa bat eta eginen diren jarduerak aurkezten badira eta doktore titulua emateko tasak ordaindu badira.

Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratatuek aukera izanen dute sail bateko irakasle lanetan aritzeko, urtean 80 orduz gehienez, betiere laguntzaren zuzendaria eta sailaren zuzendaria ados badaude.

10.2.–Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako doktoretza ondoko kontratuen urteko zuzkidura 1.600 euroko 14 lansari izanen da. Hileroko kopuru horretatik onuradunek kotizatu behar duten kuota kenduko da, eta Unibertsitateak Gizarte Segurantzako dagozkion enpresa-kuotak bere gain hartuko ditu, lege indardunetan ezarritako moduan.

10.3.–Lansarietan egon litezkeen aldaketak errektorearen ebazpen baten bidez onetsi beharko dira.

11.–Onuradunen betebeharrak.

11.1.–Onuradunak laguntza onartzeak deialdi honetan ezarritako arauak onartzea dakar berekin, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

11.2.–Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez badira, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean sinatzen ez bada.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, laguntzaren zuzendariaren oniritziarekin, sarrera atzeratzeko baimena ematen ahal du, horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean. Bateraezintasun egoerak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen lanean hasteko eguna atzeratzeko.

Ikertzaileren batek lan-baimena ematen duen bizileku-baimena eskuratu behar badu, 4 hilabeteraino luzatzen ahal da jardunean hasteko epea.

b) Esleituriko ikerketa-taldean eta -institutuan beren lana aprobetxamenduz egitea.

c) Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badute.

d) Egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak bidali beharko dizkio laguntzaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari.

e) Doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordearen urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.

f) Urtero, eskatzen zaien epean, lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua aurkeztea.

g) Laguntzak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan aipatzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Estatu Planeko Ramón y Cajal programak finantzatu dituela.

h) Ikerketa-emaitza guztiak sarbide irekian jartzea, NUPen Academia-e biltegi instituzionalean gordez argitaratutako artikulu guztien kopia bat edo argitaratzeko onartu den azkeneko bertsioaren kopia bat (postprint bertsioarena), artikulua argitaratzen denetik sei hilabetera beranduenez ere. Ahal dela, halaber, ikerketan sortutako datuak ikerketako datuen biltegi batean gordeko dira.

Hona hemen gai horri buruzko xehetasun gehiago:

https://www.unavarra.es/biblioteca/ikerketarako-laguntza/sarbide-irekia?languageId=100001

i) Laguntzaren aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztu beharko da, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera. Doktoretza-tesiaren defentsa eta onarpena egiaztatzeak txostena aurkeztea ordezkatuko du.

j) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik hiru urteko epean.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.

11.3.–Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, emandako laguntza ukatzea eta baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

11.4.–Erdietsitako laguntzari uko egiten diotenek laguntzaren zuzendariaren sinadura daukan idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.

Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dituzte kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak eta uko egiteak, laguntzak emateko behin betiko ebazpenean onetsitako balorazioan ezarritako ordenaren arabera betiere.

11.5.–Laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote laguntzaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie, lortzen lagundu duten emaitzen gainekoak, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan betiere.

12.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte laguntzen onuradunek.

13.–Laguntzak etetea.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako egoeretan eten eginen da kontratuaren denboraren konputua: arrisku handiko haurdunaldia, amatasuna, adopzioa edo harrera, arriskua bularra ematean, aitatasuna eta aldi baterako ezgaitasuna bi hilabetez jarraian. Kasu horietan, kontratua luzatzeko eskatzen ahalko da, kontratuaren konputua eteteko arrazoiak iraun duen denboran. Luzapen hori egiteko beharrezkoa izanen da behar adinako aurrekontua egotea. Eskaera Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.

14.–Irakaslanetako lankidetzak.

14.1.–Laguntza hauen onuradunek baimena eskatzen ahal dute unibertsitateko sail batean irakaskuntza-lanetan laguntzeko, prestakuntzarako xedez, betiere laguntzaren zuzendaria eta ukitutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu hartzen ahal ditu lankidetza horrek, eta gehienez ere 180 ordu doktoretza aurreko kontratuak gehienez irauten ahal duen lau urteetan; eta, kasua bada, urtean 80 ordu Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratuaren urtean.

14.2.–2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatu prozeduran ezarritakoaren arabera.

15.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa.

Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta oinarri juridikoa, berriz, interes publikokoa izatea, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluaren arabera. Ikertzaile gazteei prestakuntza emanen zaie prestakuntzaldian dauden ikertzaileentzako laguntzen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer laguntza esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

16.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan ere.

17.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2111988