190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Barne erregelamendua, arautzen duena herritarrak joatea osoko bilkuretara eta batzordeen bileretara. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea barne erregelamendu bat, arautzen duena herritarrak joatea osoko bilkuretara eta batzordeen bileretara.

Hasierako onespen hori 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 8an, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Hura behin betiko onetsita, bidezko da haren testu osoa argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin.

Lekunberrin, 2021eko uztailaren 21ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

UDAL ERREGELAMENDUA, ARAUTZEN DUENA HERRITARRAK JOATEA OSOKO BILKURETARA ETA BATZORDEETARA

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honetan jasotako arauen xedea da arautzea moduak, bitartekoak eta prozedurak Lekunberriko bizilagunak, elkarteak eta herritarren erakundeak joan daitezen osoko bilkuretara eta horien aurreko informazio batzordeetara eta haietan parte har dezaten.

2. artikulua. Helburuak.

Lekunberriko Udalak, erregelamendu honen bidez, ondoko helburuak lortu nahi ditu:

1. Hobetzea osoko bilkuretan eta horien aurreko informazio batzordeetan bizilagunek parte hartzeko duten eskubideen erabilera.

2. Bizilagunek eta entitateek udal kudeaketan parte har dezaten sustatzea eta horretarako bideak jartzea, ukatu gabe Udaleko ordezkaritza organoek erabakiak hartzeko duten ahalmena.

3. Erraztea eta sustatzea parte hartzeko eta komunikaziorako bideak eta moduak sor daitezen herritarren eta udalerrian diren eztabaidetarako kide anitzeko organoen artean.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Erregelamendu hau Lekunberriko Udal Erroldan inskribaturik dauden bizilagun guztiei aplikatuko zaie, bai eta herritarren elkarteei ere, egoitza soziala Lekunberrin badute. Halaber, informazioari dagokionez, aplikagarria izanen da aurreko apartatuan aipatu ez diren herritarrentzat, Udalarentzat interesekoak diren gaien gainean eskaerak modu arrazoituan egiten badituzte.

4. artikulua. Informazioa izateko eskubidea.

Udalak informazio publikorako eskubidea bermatzen die Lekunberriko bizilagunei, eta eskubide horren edukia eta irismena izanen dira aurreikusirik daudenak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean.

5. artikulua. Hedabideak.

1. Erabakiak, arauak eta, oro har, Udalaren jarduketak ahalik eta modu errazenean eta egokienean zabalduko dira, herritarrek ezagut ditzaten.

Udalak bere kudeaketaren berri emanen die herritarrei honako hauen bidez: Udalaren egoitza elektronikoa eta gardentasun ataria, komunikabideak eta sare sozialetako hedabideak, webgunea, argitalpenak, liburuxkak eta bandoen argitalpena; kartelak, publizitate-hesiak, iragarki-taulak eta informazio-panelak jartzea; informazio-ekitaldiak antolatzea eta beharrezkotzat jotzen diren bestelako bitartekoak. Gainera, bizilagun eta erakundeen iritzia jakiteko egin ditzake informazio kanpainak, eztabaidak, batzarrak, bilerak, kontsultak, inkestak eta iritzi zundaketak.

6. artikulua. Osoko bilkuren deialdiak.

Osoko bilkuren deialdiak jendaurrean jarriko dira Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun atarian eta iragarki-taulan, eta sare sozialetako hedabideen bidez ere argitaratu daitezke.

7. artikulua. Parte-hartzea osoko bilkuraren aurreko informazio batzordean.

1. Osoko bilkuraren aurreko informazio batzordea ez da jendaurrekoa. Hala ere, herritarren elkarte edo erakundeen ordezkariak eta norbanakoak joan daitezke azken horien bilkuretara, baldin informazio batzordeko gehiengoak aldez aurretik baimentzen edo gonbidatzen baditu.

Helburu sozialekin zerikusia duen gairen bat azaldu nahi izanez gero informazio batzordearen aurrean, idatziz eskatu beharko diote batzordeburuari, bost egun lehenago, eta parte-hartzearen helburua eta xedea adierazi beharko dituzte.

Batzordeak eta, egoki denean, batzordeburuak baimendurik, bizilagunak edo elkarteak bere iritzia eman dezake, gehienez ere bi ordezkariren bitartez, aurretik adierazten zaion denboran.

2. Nolanahi ere, parte-hartze horrek ez ditu deustan ukatuko osoko bilkuraren aurreko informazio batzordekideei dagozkien erabakitzeko ahalmenak, aplikatzeko araudiari jarraikiz.

8. artikulua. Udalaren jarduketen gaineko informazioa.

Bizilagunek, elkarteek eta herritarren erakundeek idatziz eta arrazoituta eska dezakete informazio publikoa udal jarduketei eta horien aurrekariei buruz, bai eta, oro har, informazio publikoa ere udal zerbitzu eta jarduera guztiei buruz, eta Udalaren erabakien gaineko kopiak eta informazioa eskuratu ditzakete, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin.

9. artikulua. Informazioaren teknologiak.

Lekunberriko Udalak informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera interaktiboa sustatuko du, bizilagunekiko harremanak eta parte-hartzea errazteko, agiriak aurkezteko, administrazio tramiteak egiteko, baita herritarrei inkestak eta kontsultak egiteko ere, haiek arautzen dituen foru legearen esparruan.

10. artikulua. Galdera txanda osoko bilkuran.

1. Lekunberriko bizilagunek, beren kabuz, edo herritarren elkarte edo erakundeen ordezkariek, Alkatetzari galderak egiten ahalko dizkiote herriaren intereseko gai zehatzen gainean, behin bilkura buruturik, gai-zerrendatik at.

2. Udalarentzat interesekoa den gairen bat azaldu nahi izanez gero, idatziz eskatu beharko diote alkate udalburuari, bost egun lehenago, eta parte-hartzearen helburua eta xedea adierazi beharko dituzte, baita egin nahi diren galderak ere.

3. Alkateak edozein udalkideri ahalmena eman diezaioke galdera horiei erantzuteko, edo berak erantzun dezake planteatutako gaiei buruz. Gaiaren konplexutasun teknikoak hala eskatzen duenean edo txosten teknikoak eskatu behar direnean, alkateak bere gain hartuko du planteatutako gaiei idatziz erantzuteko ahalmena, bilkura egin eta hurrengo hamar egunen barrenean.

4. Bilkura bakoitzean bitan mintzatzeko aukera izanen da; Eztabaida Alkatetzak kudeatu eta zuzenduko du.

5. Informazio eskaera izanez gero, erantzuna idatziz eman beharko da 10 egun balioduneko epean. Horrek ez du galaraziko osoko bilkuran berehalako erantzuna ematea.

11. artikulua. Indarrean jartzea.

Herritarrek parte hartzeko erregelamendu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2111408