190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Udalaren Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharteko Udalaren Erregelamendu Organikoa. Hasierako onespen hori 2021eko 137.Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 14an. Testu osoa bidali da, argitara dadin. 1021/2021 espedientea.

Uharten, 2021eko uztailaren 27an.–Jarduneko alkatea, Edorta Beltzunegi López.

UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da arautzea Uharteko Udalaren kide anitzeko organoen baliabide elektronikoen bidezko funtzionamendua, babes harturik uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 73.2 artikulua (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 41.1, 46.3 eta 69.2 artikuluak (lege horrek arautzen dituen Toki Araubidearen oinarriak).

2. artikulua. Kide anitzeko organoen bilkurak ezohiko egoeretan.

Udaleko kide anitzeko organoen bilkurek urruneko funtzionamendua izaten ahalko dute, baliabide elektronikoen bitartez, gertatzen badira Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1085 Legearen 46.3 artikuluan aurreikusitako ezohiko inguruabarrak.

Horretarako, manu horretan xedatutakoari jarraituz, jasota utzi beharko du alkateak edo buruak –edo indarreko arauekin bat etorriz deialdiaren ondorioetarako modu baliagarrian ordezten duen pertsonak– honako ezohiko egoera hauetakoren bat gertatu dela:

–Ezinbesteko kasuak.

–Arrisku kolektibo larria.

–Hondamendi publikoak.

3. artikulua. Bilkurak egiteko modua eta parte-hartzaileak identifikatzeko sistema.

Kide anitzeko organoen bilkurak urrutitik egiteko baliabide elektronikoei dagokienez, bideokonferentziak izanen du lehentasuna. Kide anitzeko organoen bilkurak baliabide elektroniko eta telematikoen bitartez urrutitik modu baliagarrian eratu eta egite aldera, parte-hartzaileek Espainian egon beharko dute, eta haien nortasuna egiaztatu. Horretarako, zerbitzu informatikoak une bakoitzean zehazten duen sistemaren bidez eginen dira bilkurak, kontuan hartuta beharrezkotzat jotzen diren bermeak idazkariak egoki bete ditzan fede publikoko funtzioak eta behar bezala garatu dadin bilkura, bat etorriz indarrean dagoen araudiarekin.

4. artikulua. Bilkuraren nondik norakoa.

Bilkura hasteko ordua jarrita, bilkuran parte hartuko duten kideek hamar minutu lehenago prest egon beharko dute, Idazkaritzak bilkura egiteko behar adinako quoruma dagoela egiazta dezan. Quorumari bilkura osoan zehar eutsi beharko zaio, eta, hortaz, Idazkaritzak kideen nortasunaren fede eman beharko du. Alkateak, quoruma dagoela egiaztatu ondoren, hasiera emanen zaio bilkurari.

Alkateak hartuko du hitza puntu bakoitzari heltzean, mintzaldien txandak antolatuz eta hitza emanez argi eta garbi hala eskatzen duten zinegotziei, eztabaida normaltasunez egite aldera, bat etorriz osoko bilkurak egitea arautzeko arau orokorrekin.

Bilkura osoan zehar parte-hartzaileen arteko komunikazioa denbora errealean bermatu beharko da; hala, bilkuren izaera publikoa edo sekretua bermatzeko behar diren baliabideak bideratu beharko dira, kasu bakoitzean legez dagokion gisan.

Bilkuran zehar parte-hartzaileren baten komunikazioa eteten bada hutsegite teknikoen ondorioz, udaletxeko bilkuren aretoa utzi izan balu bezala hartuko da. Hala ere, bi egoera gertatzen ahalko dira:

1. Deskonexio puntuala.

Konexiorik eza puntuala baldin bada, galdu eta une bat geroago berreskuratzen delarik, idazkariak egoera hori aktan jasoko du eta adieraziko du bilkuratik birtualki zein ordutan atera den eta berriz ere zein ordutan bueltatu den. Hala, hainbat egoera sortzen ahalko dira, kontuan izanda deskonexioa zein une zehatzetan gertatu den:

a) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai bati heldu ondoren, eta bozketa hasi eta gero berreskuratu bada, parte-hartzaileak ezin izanen du bozkatu; hortaz, boto hori abstentzio modura hartuko da. Gainera, aktan jasoko da bozketa egin ondoren itzuli dela bilkurara.

b) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai bati heldu ondoren, eta bozketa bukatuta berreskuratu bada, parte-hartzailearen botoa abstentzio modura hartuko da baita ere.

c) Deskonexioa gertatu bada bozketa hasi eta gero, eta bilkurako parte-hartzaileak bozkatu badu, ulertu behar da botoa baliagarria dela; ez badu bozkatu, abstentzio modura hartuko da.

d) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai bati heldu ondoren eta beste zenbait gai landu ondoren berreskuratu bada, deskonexioa gertatu den puntuan bilkurako parte-hartzailearen botoa abstentzio modura hartuko da. Deskonektatuta egon den puntuetan parte-hartzaileak ez du bozkatuko, eta boto hori ez da zenbatuko; besterik gabe, bilkuratik kanpo egonen da, eta bozketaren emaitza izanen da bertaratuen aldeko botoen, aurkako botoen eta abstentzioen emaitza.

e) Konexioa berreskuratzean, bilkura une horretan lantzen ari den puntuan sartuko da parte-hartzailea. Oraindik bozketa ez bada hasi, normaltasunez bozkatzen ahalko du. Bozketa hasi bada, parte-hartzaileak ezin izanen du bozkatu, baina abstentzio modura hartuko da; aktan jasota utziko da bozketa egin ondoren sartu dela bilkurara.

2. Behin betiko deskonexioa.

Deskonexioa behin betikoa izanez gero, ulertuko da bilkura behin betiko utzi dela. Kasu horretan, honako egoera hauek sortzen ahalko dira:

a) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai jakin bat lantzen hasi ondoren eta ez bada berreskuratzen, halaxe jasoko da aktan. Puntu horren bozketari dagokionez, abstentzio modura hartuko da. Gainerako gaietan bozketa ez da zenbatuko.

b) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai bat bukatu eta gero, baina hurrengoa lantzen hasi aurretik, eta ez bada berreskuratzen, aktan jasoko da baita ere, eta une horretatik aurrera ez da zenbatuko.

5. artikulua. Botoa emateko sistema.

Bilkuretako erabakiei buruzko botoaren zentzua bermatu ahal izateko, eta akats teknikorik gerta ez dadin, banaka bozkatzeko sistema erabiltzearen alde eginen da; horretarako, alkateak bertaratutako kide bakoitzari galdetuko dio zer bozkatuko duen (alde, aurka edo abstentzioa); hala, idazkariak egiaztatu eginen du bertaratutako kide bakoitzak esandakoaren egiazkotasuna, eta jasota utziko du.

Bozketa prozesu guztian zehar bermatu egin beharko da botoa egiazkoa dela eta kideek bozkatzeko askatasuna dutela.

6. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko bilkuraren akta.

Bilkura modu horretan zergatik egin den justifikatu beharko da, horrela egitea eragin duen inguruabarra aipatuz.

Idazkariak akta egin beharko du, eta, gutxienez, honako datu hauek izan beharko ditu (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 18.1 artikuluan araututakoa):

–Parte-hartzaileak.

–Bilkuraren gai-zerrenda.

–Bilkura noiz eta non egin den.

–Eztabaiden puntu nagusiak.

–Hartutako erabakien edukia.

Aktari honako hauek gehitu beharko zaizkio:

–Bilkuraren grabazio fitxategia.

–Fitxategiaren egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzeko idazkariaren ziurtagiria.

–Beste dokumentu batzuk, euskarri elektronikoan.

Fitxategi horiek gordetzean bermatu beharko da fitxategien osotasuna, egiazkotasuna eta horietara sarbidea izatea.

7. artikulua. Bilkuren izaera publikoa.

Bilkuren izaera publikoa betetze aldera, bilkurak streaming bidez eskaintzen ahalko zaizkie herritarrei Udalaren egoitza elektronikoaren eta udalerriko sare sozialen bitartez.

8. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Bilkurak grabatu eta artxibatzea eta osoko bilkurak eskaintzea datu pertsonalen tratamendutzat hartuko da, datuak babesteko araudiaren ondorioetarako.

Udalak tratamenduaren deskribapena ere jasoko du Udalaren webguneko gardentasun atarian argitaratutako jarduera erregistroan.

Baliabide elektronikoen bitartez bilkura egin aurretik parte-hartzaileei jakinaraziko zaizkie Datuak babesteko Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan aipatutako gai guztiak, bereziki arlo horretan dagozkien eskubideen inguruan.

9. artikulua. Eskubide ekonomikoak.

Udalbatzako kide guztiek, alde batera utzita kide anitzeko organoen bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egiten diren, badute eskubidea kudeaketa arloko erantzukizunak izanik dedikazio esklusiboa aitortu ez zaien Udalbatzako kideek jaso beharreko dietak eta kalte-ordainak jasotzeko.

Iragarkiaren kodea: L2111681