190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Ordenantza fiskala, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Ezkabarteko Udalak, 2021eko apirilaren 15ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

EZKABARTEKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko IV. kapitulua, 167. artikulutik 171. artikulura bitartekoak, biak barne (foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunak ditu hizpide).

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da eta haren zerga-egitatea da udal mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, lizentzia emateari buruzko txostena (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikulua) edo kontrola.

Salbuespenak

3. artikulua.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua, autonomia erkidegoak edo Nafarroako toki entitateak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatzen dituzten, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziozkoa.

Halaber, eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta etxebizitzen jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki entitateak, eta baldin eta, irabazi asmorik gabeko entitateei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

4. artikulua.

1. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan ala ez.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntza, instalazio edo obraren jabetzat hartuko da hura egitearen gastuak edo kostua ordaintzen dituena.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra subjektu pasibo zergadunak egiten ez duenean, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen, kasuko erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazioak aurkezten, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria, kuota eta sortzapena

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa da, eta holakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren exekuzio materialari dagokiona, proiektuan diren elementu guztiak barrenean hartuta, eta lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren helburu den eraikuntzari, instalazioari edo obrari dagokionez berezitasun edo nortasun propiorik ez badute. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, burutze materialaren kostuan sartzen ez badira.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2aren eta %5aren artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza, tarte horren barruan.

4. Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sorrarazten da, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

Udalak erabaki du zergaren kuotaren ehuneko 95erainoko hobari bat ezartzea, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako. Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea eta instalazioa autokontsumorako izatea.

Kudeaketa

7. artikulua.

Zerga kudeatzeko, Lizentziak emateko eta hirigintzako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen Ezkabarteko Udalaren ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraituko zaio. Ordenantza horretan jasota ez dagoen orotan, berriz, Nafarroako toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 171. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz indargabetzen edo aldatzen ez den bitartean.

Ezkabarten, 2021eko uztailaren 28an.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

Iragarkiaren kodea: L2111825